EGIAZKO LAGUNAK ZORITXARRETAN AGERI

  • Euskararen batasuna zela eta ez zela hainbat adierazpen eta iritzi jaso zituen Z. ARGIAk, beti ere Euskal Jaiez, sagardoz eta nazioarteko gaiez inguraturik.

2000ko irailaren 17an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
ZERUKO ARGIA 1970.eko irailaren 13an kaleratu zenerako, Franco Donostiara etorria zen eta Felipe de Ugarte hiriko alkateak zein Juan María de Araluce Villar Gipuzkoako Diputazioko lehendakariak hiritargo osoari eskatutako ongietorri zinez beroa eskaini zitzaion bertan... garaiko egunkariek ziotenez, bederen. Bejonzeiola! Handik egun gutxitara, hilaren 19an zehazki, jaso behar zuen ezustekoa gainditzeko balioko ote zion. Izan ere, Munduko Pilota Txapelketa inauguratzera joan eta, ez zitzaion, bada, euskaldun bat, Joseba Elosegi jelkidea, bere buruari su eman eta ia-ia gainera etorri?


EUSKALDUNEN LAGUNA

Francoren gorabeherak ez ziren, ordea, garai hartako ZERUKO ARGIAren kezka nagusiak (itxuraz behintzat, zentsuraren begia luzea zen-eta). "Donostiako Euskal Jaietan" nahiago zuen harek murgildu, nahiz era berean triste agertu, baina "François Mauriac hil zaigu"lako. Antza denez, gure aldizkariaren orduko arduradunek asko maite zuten idazle frantziarra, haien ustez "irurogei urte ontan, izan dugun nobelista eta idazlerik onenetakoa, dudarik gabe", eta horixe adierazten zuten azalean. Editorialean, berriz, "euskaldunen lagun andi bat" izan zela azpimarratzen zuten: "Euskalerriaren alde oso garbi jokatu zan beti. Egiazko lagunak zoritxarretan ezagutzen dira. Mauriac ahalegindu zan bihotzez gure erriaren eta gizonen alde. Gutxi bezala irten zan Euskalerriaren alde" eta hori "goitik behera frantziarra izanik, euskaldunak eta Euskalerria maite" zituelako. "Gure estu-aldietan alde jarri zitzaigun eta ez negar egiteko, arpegia aurrez aurre emateko baizik", zioten gero.
Haatik, editorial horren egileak ere izango zuen halako susmo txarren bat, alegia bere irakurleen artean izan zitekeela, agian, idazle frantziarra hain suharki maitatuko ez zuen lagunik edo, eta badaezpada, edo defentsarik onena norberak eraso egitea dela gogoratuaz, hauxe ere bazioen: "Askok esango dute De Gaulle-ren morroi utsa zala. Egia. Baiña irakur dezagun aipatutako bere azkeneko idaz-lanean De Gaulle berari ere esan zizkionak, ain zuzen Euskalerriaren arazoa gogoratuaz. Etzan nolanahiko gizona"...


AGARDOTEGIAK LASAIGARRI

Ohartuko zinetenez, idazlea saiatzen zen euskara batua osatu ahal izateko ordurarte emandako arauak betetzen. Horretan ere ez zetozen denak bat berarekin, baina, aste hartan eta editorial horren inguruan ageri ziren artikuluak ikusita, kostako zitzaion inori antzematea aurkakorik izan bazela ere. Hauexek irakur zitezkeen orrialdean: "Itz ederrak", Baztarrika Danielek "askatasuna, demokrazia, beartsuak, berdintasuna, gogorkeririk-eza" eta antzeko hitz borobilen esanahiaz egindako lana; "Orixe eta batua", Letamendiak izenpetzen zuen gogoeta (ikus Hemeroteka); "Batasuna behar", zehazten ez zituen zenbait pertsonen izenean Patxi Altunak izenpetzen zuen "Baionako zina" (ikus Hemeroteka)... eta irakurle azkarraren errezeloa piztuarazi zezakeen lana, Gaztañaga'k osatutako "Kezkak. Sagardotegiko afaria. Kezka artean arnas-bide" hain zuzen ere. Oso lan fina, garaian nahikoa ezezagunak ei ziren sagardotegietako ohiturei eskainia. "Gaurko jendeok ba dugu entzute. Askoz geiagorik ez, ordea, geienok. Ez ditugu ezagutzen beren giroan eta beren xaltxan. Nik neronek, sagardo-errikoa izanik jaiotzez, ez nuen askorik ezagutzen" zioen pasarte batean. Gero, ezjakintasun horri konponbidea ematen saiatzen zen, eta ez nolanahi! "Dakianak ba daki. Leiar edo kristalezko edontziak (gaur ulerkorrago danez, basoak), aal bezain zabalak, zenbat-eta leiar meegoa, obe: teillatutik jarioka jetxi oi dan ixtilla edo ituzuraren antzera, upeletik darion sagardoa artzeko gertu. Ikustekoa da, xarra-xarra edontzian egiten duan zurrunbillo apartsua. Askoz obea, berriz, aoan uzten duan ozkirri atsegina". Baina "edatea, beste gabe, ez da ezer. Geienaz ere, egarria iltzea; sagardotegietan afari egitea, esate baterako, ori da gauza berezia eta bitxia. (...) Eta danok zutik. Ori da arritzekoa, asteko beintzat. Bestela, izan ere, nola ibilli sagardoketan? Geunden bezela zutik, jan aurrena arrautz-opilla; gero aragi errea. Eta ez nola-nai: erre-ala jan, jan-ala erre. Bukatzeko, gazta-jana. Eta sagardoa? Or dago koxka! Au da, ba, gauzarik bereziena. Antxe zutik, elkar-izketan eta berriketan, jan arrautz-opilla eta aragia; eta, aldizka, danok bana-banaka upel-ingurura. Atera txotxa edo ziria eta...".
Jarraitzen zuen, noski, baina ezin, bada, lana bere osotasunean hemen jaso. Hala ere, zuzenean euskara batuaren inguruan deus esaten ez zuen arren... uhmmm! Nago Gaztañaga jauna ezagutzen zuenak urrutitik hartuko ziola usaina sagardotegien laudorio haren atzean egon zitekeenari... izenburu berezi hura irakurri bezain laister, apika: "Kezkak. Sagardotegiko afaria. Kezka artean arnas-bide"!

Tupamaroak direla-ta
Tupamaroak direla-ta
Alejandro Oyarzabal, 1970-IX-13
Azken bolara honetan etengabe ari zaizkigu bai prentsa, bai telebista ta bai gure irratiak Tupamaroen arrapaketei buruz eta abar.
Baina, gehienetan gertatu ohi den bezala berri ta albiste hauen planteamenduak ez dira behar bezala agertzen, nor bere interesak bai dagoz tartean, ta betiko kapitalist interesak, bereziki. (...) Tupamaroen ekintzak Uruguayko giro berezian begiratu behar dira. Aldez aurretik esan behar da 500 familia direla Uruguay guztiko lurraldeetatik irugarren sail baten jabe baino ere gehiago. Feudo aroko erakundeak dira heurenak. Burokrazia, berriz, geroz eta handiagoa da, Estadua ohi bezala, erakunde horren sostengarri delarik. Eta hirugarren ekonomi sektore gehientsuena USA-tarren mende arkitzen da. (...) Gauzak horrela, Tupamaroen ekintza guztiek erreboluzioa egitera jotzen dute. Tupamaro mubimenduaren sortzailea, Raul Sendic, nekazari langileen gidari zen legegizon sozialista da, 1963-gn. urtean "Nazio askatasunaren mubimendua" bezala ekiten zutelarik. (...) Tupamaroek sozialismua sartu nahi dute, bai, baina erreboluzio hau indarbidez aterako dutelakoan dagoz. (...) Mubimendu honek jende asko eraman du espetxeetara, baina geroz eta indartsugo irauten du bere ekintza lanean herria sustraikako iraultzara bideratu asmoz.

Nere Bordatxotik
Nere Bordatxotik
Basarri, 1970-IX-13
Ortega berak, zein da jakintsua, batean au idatzi zuan: "Ser vasco, sin más, es una renuncia nativa a la expresión verbal". Erderari dagokionez, izan diteke ori. Ortega bera, zein da jakintsua, tontorik andienaren pare agertuko zan euskeraz. (...)

Orixe eta Batasuna
Orixe eta Batasuna
Letamendia, 1970-IX-13
Lehengo batean semaforo bat pasatzeko zai nengoela aspaldiko lagun bat ondoratu zitzaidan. Errotik eta betidanik euskaltzalea da bera hitzez eta bizitzez. Konturatu gabe (ex abundantia cordis...) batasunaz hasi ginen hizketan eta luzaz aritu ere semaforoaren keinu gorri-berdei jaramonik egin gabe. Eta gauza askoren artean hau esaten zidan: "egungo eguneko H eta batasun izurri hau 'halakoek' asmatu ditek. Batasuna nahi izanez gero Orixeren euskera erabili besterik ez genukean".
(...) Orixek aipatzen duen bidea zalantzarik gabe ederrena da: euskera bere bitxitasun guztiekin gordetzeko idazleek (eta irakurleek, adituko badute) euskalki eta euskalkiño guztiak ikastea. Baina gauza bat da ederrena izatea eta beste bat posible izatea. Berak, bai, txikitatik ederki zekien euskeraz, eta bizitza osoa horretara emana zedukan. Baina, damurik, zenbatek egin dezake hori? Ez, noski, fabrikan hamar ordutan ari direnek, ezta ikastolako umeek, ez euskaldun berriek ere.
Bide bat behar dugu euskeraz eta euskaldunentzat idatzi nahi dugunean (euskeraz eta euskaldunentzat diot, eta ez osintxueraz osintxuarrentzat). Horretarako zein deklinabide, zein idazkera eta zein hitzetaz baliatu behar dugun jakin behar dugu. Eta hau nork erabaki behar duen? Euskalkiak ezagutzen dituztenek, noski, eta ez beste inork! Orixe gure artean balego berari galdegingo nioke. Nolanahi ere den, hauxe da Arantzazun egin zena. Konforme ez daudenek eskaini dezatela beste bide bat, mesedez, baina bide bat! (eta hobea, noski). Badakit greziatarrek ez zutela Arantzazun bildu beharrik izan. Baina Grezian patxadaz egin zitzaketean gauzak; garai hartan dialektoz bazen ere ehunetik ehun grezieraz ari zen, eta inguruko hizkuntzak ere batugabeak ziren, prestijio gutxiagokoak eta telebisiorik ez zedukaten.

Batasuna Behar
Batasuna Behar
Patxi Altuna, 1970-IX-13
Guk Baionan egin genduen eta gero beste zenbait lagunek Eibarren egin zuen zinaren (juramentuaren) berri jakin nahirik ari zait galdezka zenbait jende. "Zer arraio zinatu zenduten? Jakin ahal daiteke?". Bai, horixe! Hona hiru pundutan esana:
1. "Batasunaren Kutxa" delako liburuan agertzen den Euskaraz baliatuko ginela, argitaratzen zen egunetik bertatik. 2. Inork zenbait xehetasunetan zuzen irizten ez bazion, edo han agertzen zen zerbaitekin bat ez bazetorren, berak zeritzan gisara erabaki zezakeala; baina orduan pundu horiei buruz berak zuen iritzia Kutxariei adierazi beharko ziela. 3. Oraindanik hasi eta datorren urteko azken egun arte biltzen genituen iritzi guztiak, Kutxako edozein punduri zegozkanak, hartu eta Mitxelena jaunari eskuratuko genizkiola; harek, orduan, bere ustezko Euskara Batua eskainiko -eskaini beharko- zigula; guk guztiok harrezkero harek eskaintzen zigun Euskara Batuaz baliatuko ginela.
Zin hori egin genduen eta betetzen ari gara. Beste biderik ez genduen ikusten, egunen batean izan nahi dugun -izango dugun- Euskara Batura urrats sendoa emateko.


Azkenak
Bizkaiko Golkoa ia bi aldiz azkarrago ari da berotzen munduko batez bestekoa baino

Naturklima fundazioak kaleratutako Itsasoko eta kostako txostena-k argitara eman ditu klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den ondorioak: Bizkaiko Golkoko uren tenperatuta 0,22 gradu igo da hamarkada bakoitzean, 1981tik 2023ra, munduko uren tenperaturen batez besteko... [+]


Protesta egingo dute Los 40 Summer Live jaialdiaren aurka, Zarautzen

Beste urte batez Los 40 Summer Live jaialdia ospatuko dute Zarautzen, eta horren kontra agertu dira herriko hainbat eragile, haien ustez, garrantzi handiagoa ematen zaiolako ekitaldi horri herriko jaiei baino: "Argi erakusten du gure herrian zeinentzat dauden erraztasunak... [+]


Azterketa %90ek suspenditu dute eta Zupiriak esan du: “Ertzain izateko ikasi egin behar da”

3.600 pertsona aurkeztu dira ertzain edo udaltzain izateko lan eskaintza publikoko deialdira, eta 2.800 hautagaiek ez dute proba psikosoziala edota atal teorikoa gainditu. Segurtasun sailburuak defendatu egin du Polizia izateko "exijentzia maila".


CAF-Elhuyar sariak etetea erabaki dute, “baldintza egokirik” ez daudela arrazoituta

Zientzia-dibulgazioa saritzeko erreferentziazko sariak izan dira CAF-Elhuyarrekoak. Antolatzaileek 31. edizioa martxan zegoela etetea erabaki dute, "sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako".


Nila Heredia
“Evo Moralesek ingurune toxikoa du, eta ezinbestekotzat jo du bere burua”

Boliviako ezkerreko militante historikoa da Nila Heredia, bi aldiz Evo Moralesen Osasun ministro izandakoa. Abuztuan hauteskunde orokorrak izango dituzte, eta herrialdearen egoera politikoa aztertu du elkarrizketa honetan.


Guggenheim Urdaibai Stop plataformak museoaren proiektua bertan behera uzteko eskatu die instituzioei

Joan den astean aurkeztu ziren proiektuaren inguruko entzuketa prozesuaren emaitzak, eta Guggenheim Urdaibai egitearen kontrako iritziak gailendu ziren. Busturialdearen beharrei "arduraz" erantzutea exijitu die plataformak, eta proiektuaren inguruko informazio eta... [+]


Indarkeria matxista gisa ikertzen ari dira 78 urteko emakumearen hilketa, Zizur Nagusian

Emakumea hilda aurkitu dute bere etxean. Senarrak, 85 urteko gizonak, emakumearen heriotzaren berri eman du, Polizia bertaratu denean diskurtso inkoherentea zuela ohartu eta atxilotu egin dute. 


Konfrontaziora pasatzeko garaia da

Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu


2025-07-30 | Sukar Horia
Dominatzaile pobreak

Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez bada ere. Moroak dira behe-laino... [+]


Barkamena inprimatzen eta saltzen

Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi  Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina... [+]


Migrazioei buruzko jarrerak gurean

Diskurtso erreakzionarioen gorakadaz ari gara azken urteetan. Dela migrazioei buruz, dela feminismoa, euskara eta abarri buruz. Testuinguru horretan, garrantzitsua iruditzen zait jarrera erreakzionarioak edota migrazioei buruzkoak aztertzeko ez gelditzea titularretan, eta gaiari... [+]


Euskarak Euskal Herria behar du

Euskararen balizko etorkizunari buruzko ikerketa bat ezagutzera eman da berriki, eta zalaparta eragin du bertan irudikatzen den paisaia beltzak. Asaldamendu hori auzitan jarriz abiatuko dut nire ekarpena. Zergatik da harrigarria datu hori? Zein mundutan bizi gara, gure egoeran... [+]


Ergelkeria

Liburuak hasi, utzi… begietatik garunera nagi doaz esaldiak, eta itzali ezin dudan tik-tak bat entzuten dut. Ikus-entzunezkoak pikatzen ari naiz.

Entzun dut burpee, eta Llados, eta body count, eta nahi duzulako zara pobrea, eta Milei, eta Thiel, eta unibertsitatea... [+]


2025-07-30 | Inma Errea Cleix
Kaka

Uda honetako erronka omen sare sozialetan: kaka egitea igerileku publikoetan. Ohikoak dira jokabide zikinak sare horietan, eta batzuek beren gorotz fisikoa libratzea, ororen begi-bistan eta eskura, honezkero gaina hartu digun zikinkeria digital erraldoia hezurmamitzea besterik... [+]


Eguneraketa berriak daude