ISTERIKOEN HISTORIA


2000ko uztailaren 16an
Erramunek, zuretzat irakurle, eskutitz behazuntsu hau idatzi dit: Bazen garaia, kostata baina ados jarri dira hirurehun akademiko. Ez edozein, Españako Historia Akademiakoak eurak. Azterketa zorrotz, zehatz eta objetiboena egin ostean, zera bota dute: Ikastoletan "arrazakeria" eta "bazterketa" bultzatzen da eta historiaren faltsutzea eguneroko bizitzan islatzen da Euskal Herrian, eta gainera -galdegiten dute- zer dakite historiaz edo zein bertsio dute hartaz, "kale barroca" praktikatzen duten hauek; aldi berean -diote- historiaren faltsutzea ideia abertzaleen mesedetan da.
Ez dago dudarik, ikastoletako ikasleak ez ditugu zuzen hezi. Ezingo lirateke ari "kale barroca" egiten, baldin eta balekite, gotikoan bobedetan forma izarratuak nabarmentzen zirela, bihurgunez betetako lerroak, sugarren irudiak sortuz eta, balizko sugar horretan erretzen duela gotikoak bere indar sortzailea. Gainera zerraldoen gaineko irudia ere hildakoaren antzekoa egiten ahalegintzen ziren. Hau dena balekite, logikoena da, "kale gotica" praktikatzea. Garbi azaldu ote zaie, adibidez, Clavijoko batailan Ramiro lehenaren garaian, Santiago zaldi zurian kristauei agertu zitzaiela eta bere ezpataren indarrez "Santiago y cierra España" gudu-oihu-jario, arerio denak garbitu zituela eta orduan bihurtu zela Santiago Apostolua "Santiago moro hiltzaile", geroztik eta gaur arte Españako Patroi delarik, demokratikoki hautatua, noski? Hau jakinik, norbait xenofobo edo arrazista izan ote zitekeen? Ez ziren bada El Ejido eta Aitor Zabaletaren kasuan ikastolakumeok joango Murcia eta Madrilera, hangoen bizkarrera disimuluan astakeria hauek botatzeagatik?
Beno, eta ez hori bakarrik, nola joango lirateke, umeok, ikastolara euskaraz ikastera Unamunok esana balekite: "Nire odoleko anaiok, ikasazue oinez borrokatzen, jaitsi zaitezte mando amorratu eta burugogor (euskara) horretatik, zeinak bere mando ibileretara zaramatzaten eta ez nire eta zuenetara... Ikasazue hizkuntza kultuan (espainola) arrazoitzen, gure gurasoen mintzo zaharra bazterturik".
Zertan ari zarete ideia abertzaleen aldeko borrokan, ez al duzue irakurri Areilzak 1937an bota zuen hitzaldia? "Garbi gera bedi, Bilbo armaz menderatu dugula. Ez hitzarmenik eta ez esker onik. Irabazleak eta galtzaileak daude, horixe baietz! España bakar, handi eta libreak irabazi du... Betirako mazpildu dugu Euskadi zeritzon amets gaiztoa, Prietoren aldeko sozialistek eta bizkaitar artaburuek sortua. Bizkaia berriro ere Españako zati bat gehiago da, garaipen militarrari esker".
Ez da hor amaitzen dena, español bakezale eta aldi berean katolikoek, garbiketa hau egiteko erabili metodoa azaltzen digute: "Gerra, bozketa armatua da. 1936ko otsaileko hauteskundeetako borroka fina, enfrentamentu militarraren bitartez, bi zatitan banatutako herri baten hil ala biziko borroka bihurtu zen: espirituala izan zen matxinatu zirenen borroka, ordenua, gizartearen bakea, zibilizazio tradizionala eta Aberria, eta gizartearen zati nabarmen batean erlijioaren defentsarako. Beste aldekoena berriz, marxista, komunista, anarkista, Españako zibilizazio zaharra ordezkatu nahi izan zuena".
Ez duzue esango testu argiak ez direnik ezta? Badira gehiago ere, nola amets daiteke Errepublika eta Franquismoa gorrotatzea, Gabriel Arias Salgado, Francoren ministroak esana entzunik: "... esku ditut estatistiken datuak, eskoletan esku bakarrez praktikatzen diren bizioez. Datu hauek Errepublika garaikoekin parekatuz, asko jaitsi dira, ikaragarri". Zer duzue honen kontra?
Gainera jakingo nuke gustura, ikastoletan, zergatik ez den betetzen Kultura eta Irakaskuntza komisioan erabakitakoa: "eskola guztietan Amabirjinaren irudi bat jarriko da eta lehentasuna izango du, denetan españolena den, Ama Sortzez Garbiarenak...".
Eta beste hau, Moscardó generalak bere semearekin egindako elkarrizketaz, zer diozue? Bera nahikoa ikastoletan antzerki tailerrak sortzeko eta dagokion ministeritzak diruz lagundurik gainera! Begira:
"Milizia buruak: Esaten dizudana egia dela jakin dezazun, orain jarriko da telefonoan.
Luis: Aita
Moscardó: Zer duzu ene seme?
Luis: Ezer ez; esaten dute Alcazarra ez bada errenditzen fusilatu egingo nautela.
Moscardó: Eskain iezaiozu zure arima Jainkoari, gora Kristo Gure Errege esan eta hil zaitez abertzale fin.
Luis: Musu handi bat, aita.
Moscardó: Agur seme, musu handi bat".
Nik, ikastolako hezitzaile-ohi honek, aitortzen dut ez ditudala sekula testu hauek eta antzekoak erabili nire ikasleen españoltasuna sakontzeko. Beraz, zigorrik gogorrena merezi dut eta prest nago, zuek akademiko jakintsuok, ezartzen didazuena betetzeko. Gainera, neure buruari egiten ari naizen autoflajelazioa dela eta, asteburu honetan hirurehun katuren kongresu historikoan parte hartu dut, zoragarria! Denak berdez jantzita, bisera txuria eta flekilo arroxa, seriotasun gehiago emateagatik, ez besterik. Bertan, zehaztasun osoz, datuz gainez eta azterketa zientifikoaren bidez erabaki dugu, zuek akademikook "facha" nazkagarri batzuk zaretela.
Zuen arrazoitze logiko eta arrunta bezain jainkotiarrari esker, jo dezagun autobus bat antolatu duzuela eta erabiltzaile guztiak istripuan hil direla. Beraz, zuek heriotzaren apologia egiten ari zarete eta ideologia faszistan "gora heriotza" denez lemarik garrantzitsuenetakoa, bada horixe, facha nazkagarri batzuk zaretela.
Dena den, bitartekari-mezulari izendatu nindutenez, hurrengo katuen kongresurako gonbidapena zuri eta zure akademiari luzatzeko agindua jaso nuen. Gehien kezkatzen dituen gaia honako hau da eta zuen laguntzaz errazago argitzea espero dute: Estatuko Jefeari sinetsi behar al diogu zera dionean: "jende asko dago elkarte horretaz aprobetxatzen dena beren negozioetarako eta beren buruak medratzeko. Betiko tripaberoak dira eta beti existitu dutenak. Martxoko katua bezala, eguzkiak gehien berotzen duen leihoan daude eta zaila da eliminatzea".
Eztabaida guztiz interesgarria izan daitekeela uste dut eta komunikabide guztietan lehen orrian ager daitekeena.
Betiko sentimentuekin, har itzazu nire desiorik sutsuenak, oraingo ikerketa garrantzitsu honetan hain bikain lagundu dizuen Jainko Onak, babes, argi eta gida zaitzaten, nola zu zerori hala akademiakideak, Españaren eraikuntza kristau, aurreratu eta loriatsua burutzen, zeina amesten baituzue eta nik neronek ere amestuko dudan gaurdanik


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude