"BATZUETAN HITZ EGIN BEHAR EZ IZATEA ALDARRIKATU NAHI DUT"

  • Idazle lekeitiarrak gaztetatik idatzi du, naturala zaio, poesia idaztea norberaren jarrerarekin bat baitator. "Azalaren kodea" hizkera sinbolikoa eta anbiguotasunaren askatasunean idatzitako lana da, poesia biluzia, lau kapitulutan: Oharrak, Orbainak, Tatuajeak eta Kontrazeinuak.

2000ko uztailaren 16an
Zein sentipenekin idazten duzu zuk poesia XXI. mendeko hastapenetan gaudela kontuan hartuta?
Nik uste dut jendeari orokorrean atzera egiten diola poesiak: "Ni ez naiz gai poesia irakurtzeko" edo "Ez dut jakingo interpretatzen" edo halakoak entzuten ditut. Poesia hitza entzuterakoan halako errespetua edo beldur antzekoa, pixka bat gugandik aparte edo aldare batean, beste mundu batean legokeen gauza bat balitz legez. Alde horretatik, nik uste dut liburu honetan badagoela ahalegin bat poema batzuei neurri batean narratibotasun bat eta soiltasun bat emateko, nire esperientzia bat modu ulerterrazean adierazteko. Adierazten dudan horretan edertasuna bilatzen dut, baina edertasun horrekin batera intentsitatea ere bai, traszendentzia edo mezu gogoangarri bat baino gehiago, poemaren indarra. Nik poema idaztean zirrara bat nabaritu badut, zuk poema irakurtzean zirrara hori nabaritzea nahi dut, irakurlea txunditzea.

Liburuaren aurkezpenean esan zenuen zeure buruari egindako erradiografia modukoa dela.
Egia da, eta gainera mundu guztia dabil horixe esaten: liburu ausarta dela, normalean gaur eguneko poesian ez dela hain agerian geratzen Ni poetikoa. Nire buruaren erradiografia bat da, baina kaleidoskopio batez egina, eta orduan kaleidoskopioaren pantaila zirkularrean agertzen diren figuratxo horiek dira nire nitasunaren atal ezberdinak: esperientziak edo ametsak, neure bizikizunak. Alde horretatik biluztea da, liburuan agertzen den guztia egia delako, eta neure esperientzia bat delako. Izan daitezke benetan bizi izandako esperientziak edo buruan dauden esperientziak. Nahiz eta batzuek objektiboki gauzatuak ez izan, besteak bezain errealak dira, oroitzapen zaharrak, fantasiak... baina ene baitakoaren gauzapen oso oso zuzena da. Ez daukat ezer ezkutatzeko intentziorik.

Entzun izan dut gizonezkooi kaña sartzen diguzula liburuan. Baina irakurritakoan ez dut halakorik ikusi, inkomunikazioa baizik.
Baai? Gizonezkoei kaña? Inolaz ere ez. Niretzat gizona mundu honetan dagoen elementu xarmantenetakoa da. Orain, hemen oso nabarmena da Ni poetikoa, baina Ni poetiko hori konbinaturik agertzen da Zu batekin, eta Zu hori ez da beti berdina: batzuetan nire senarra da, beste batzuetan nire semea, beste batzuetan lagun bat, beste batzuetan aspaldiko lige bat, buruan eduki dudan espejismoa, edo Jainkoaren antzeko zerbait... eta batzuetan ageri den kexu bat da komunikazio-inkomunikazioarena, hori bai, edo lilura-deslilura, amodio-desamodioa... baina hortik esatea gizonezkoei kaña ematen diedala, inondik inora ere ez. Jakin nahiko nuke hori non ikusten den. Gainera, idazterakoan nik ez dut hartzen gizona genero perspektiba batekin, pertsona konkretuak baizik. Ez dut egiten literatura feminista bat kolektibo zapaldu baten aldeko ahots modura.

Inkomunikazio hori gizon eta emakumezkoen artekoa dela uste duzu?
Nik uste dut orokorrean pertsonen arteko harreman guztietan badagoela arriskua, berbak oso mugatuak baitira, eta hortik dator ere liburuaren izena, "Azalaren kodea": batetik elementu organiko bat dago, azala, bestetik elementu zientifikoagoa, kodea. Kodea zeinu sistema bat da, komunikazioa helburu duena, baina eguneroko bizitzaren esperientziak behin eta berriz erakusten digu kode hori askotan ez dela nahikoa guk nahi dugun guztia adierazteko, edo batzuetan kode horrek traizionatu egiten gaituela, edo gaizkiulertuak sortzen dituela. Ezintasun horren aurrean geu bakarrik geratzen gara, geu, pertsonak, geure miseria eta geure handitasun guztiekin. Pertsonaren sinboloa da azala, munduarekin kontaktu zuzena duen gure zatia. Ikuspuntu biologikotik oso liburu femeninoa da, gorputz atalen aipamenak zuzenean emanak baitira. Bular bat bular bat da, eta ipurdi bat ipurdi bat da, eta ez diot deituko bularrari... ez-dakit-zelan!

"Bestelako kodea" aldarrikatzen duzu, "hitzarena ez bezalako kodea / hizkera ez hitzezkoa, / oroimenean kondenatu ezineko lengoaia".
Nik uste dut oso mugatuak garela berbekin. Batzuetan berben bidez gauzak pentsatzen ditudan moduan adieraztea oso zaila egiten zait. Neurri horretan anbiguotasunaren jokoa ere asko gustatzen zait: gauzak airean uztea, zentzu bikoitzeko mezuak botatzea, interpretazio askotarako bideak zabaltzea. Aldarrikatu nahi dudana zera da, azken finean: batzuetan hitz egin behar ez izatea ezeren esplikaziorik ez emateko, eta ezertaz ez damutzeko. Pixka bat momentua bizitzeko aukera erreklamatzea da, baina larregi razionalizatu barik.

Hasierako poemek -Oharrak- ezkortasun handia agertzen dute, eta liburuan aurreratu ahala irtenbideak ageri dira.
Nik uste dut liburua oro har nahiko pesimista dela, ezkortasunez nahiko zipriztinduta dago, baina hori da neu ere eguneroko bizitzan nahiko exajeratua naizelako, eta nahiko pesimista, beraz, normala da hori horrela ateratzea. Agian poemarik alaienak bigarren atalekoak dira (Orbainak), hain zuzen poemarik zaharrenak, orain dela hamar urte idatzitakoak, eta beste liburutik erreskatatuak. Ezin dut ukatu, badago ezkortasuna, baina une batean bizitzari buruz daukazun ikuspegian oinarritzen da poema. Oharrak hain zuzen, apunte moduan idatzitakoak dira, ingurura begiratu eta helduleku bat behar duzula sentitu eta orduan idatzitakoak.

"Haragiak eta haragiak daude. / Nik haragi berri batekin egiten dut amets".
Gaur egun badakigu zeintzuk diren modan dauden eredu estetikoak, eta pixkatxo bat horri barre egiteko ihesbide modura egin nuen. Emakumea objektu desiragarri bihurtzeko dauden teknika artifizial guztien kontrako poema bat da. Zeren "permanente de pestañas, tinte de labios, liposucción, relleno de pechos..." bonbardeo izugarria dago, eta neure inguruan ikusten dut edertasunaren aldeko konparazioak egitea oso ohikoa dela, eta ez gara konturatzen norbera norbera dela eta ederra dela bere izate horretan. Beti beste kanon batzuei begira egotea deprimentea iruditzen zait. Hitz klabea konparazioa da: "Haragi horretako zeluletara ez da sekula iritsi / konparazio hitzaren oihartzunik". Mundu honetan nago nire gorputzari esker, eta nire gorputza den moduan komunikatzen naiz ni mundu honekin. Ederra naiz naizen modukoa, eta listo. Mingostasun hori emakume askok bizi du.

"Non galdu dugu misterioaren ura, / zeinahi utopia bedeinkatzeko balio ziguna? / Non gorde duzu irudimenaren maleta? / Zer dago orain barruan?" Mundu galdu baten zentzu erromantikoa antzematen da.
Poema hori erromantizismo galdu edo hondatu baten penaz idatzitakoa da. Baina liburua gehienbat, nahiz eta ezkortasuna, inkomunikazioa eta beste gai batzuk egon, maitasun poema liburu bat da. Eta maitasun harremanetan nik poema bat idazten dut ez, hain zuzen, oso pozik nagoenean, baizik eta introspekzio edo hausnarketa egin behar dudanean. Horregatik ateratzen dira beherantz jotzen duen tonuko poemak. Neure buruari egindako arrangura moduko bat dago. Gero urak bere lekura itzultzen dira, eta hor, normalean, ez dut idazten poemarik.

Ezkortasunera jotzen duela esateak ez dirudi liburu baten promoziorako oso ona denik. Zein da proposatzen duzun irtenbidea.
Liburuaren azken aldera, batez ere Kontrazeinuetan, uste dut Ni poetiko horrek oreka aurkitzen duela, eta hor adierazten dituela bere buruarekin bizitza honetan funtzionatzeko autoaholku edo truko batzuk, edo lasaitasuna hartzeko modua. Pixka bat poema ironikoak ere badira. Azken batean, mezu baikor edo ezkorrik emateko asmorik ez dut; nire hausnarketak dira, poesia moduan emandakoak. Noizean behin ere tartekatzen dira maitasunaren aldeko edo maitasunean sinesten duen pertsonaren poemak.

"Egunen batean esanen dut: / 'Lehen bihotzeko gorabeherei kantatzen nien, / baina gogait eragiten zidaten. / Orain gurago dut onddoen hazkuntza behatzea'".
Azken batean poeta beti ari da bere zauriei miazkaka, eta batzuetan zu zeu konturatzen zara ez duzula idazten bakarrik maitasunari, semeari edo lanari buruz, baizik eta zure idazketa prozesuari buruz ere idazten duzula maiz. Hau izango da ziurrenik bakarretakoa liburuko 60 poemen artean. Poema horrek dioena oso ironikoa da: hemen nabil ni zeozer egin nahirik eta neuretzako bide baliogarri bat bilatu nahirik, eta agian ez naiz ezer aurreratzen ari, eta agian ez dut inolako ekarpenik egiten, eta agian ni ganorazko zerbait egiten ari naizela pentsatzen dudan espejismoan nago, eta ez nabil beste batzuek egindakoa errepikatzen baino. Baina jarraitu egiten duzu


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude