"GUZTIA ARIN BIZI IZAN DUGULAKO DA GURE MUSIKA HORRELAKOA"

  • Lekeitiotik pare bat kilometrora, Mendexa auzoan, baserri bat berriztatzen dihardute. Musikan bezala, horretan ere autodidaktak dira, ez dute inoren beharrik. Izan ere, talde bezala landutako ibilbidea 13 urteko lan gogor eta astuna izan da. Gaur, oraindik, langileen indar eta kemenari tinko eutsiz, garai benetan gozoa bizi dute eta horren adierazgarri, kaleratu berri duten azken lana, "Zuzenean'00", taldearen lehenbiziko zuzeneko diskoa. Disko horren aitzakian hitz egin dugu Auo abeslariarekin. Lekeitioko portuan ez dira adar hotsak entzuten, baina "burrunbada" itzela nabari daiteke mendi tontorrean.

2000ko uztailaren 09an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Urtebete igaro da "Askatasun taupada" kaleratu zenutenetik. Orain "Zuzenean'00" diskoan zuzeneko lanak bildu dituzue, biluztu egin al zarete 13 urte ondoren?
Gu beti izan gara zuzeneko talde bat, hainbat kontzertu eskaintzen dugu eta gure aspaldiko asmoa zuzeneko disko bat grabatzea izan da. Nahikoa zaila izan zen abestiak aukeratzea, 90 abesti ditugu eta horietatik 20 aukeratzea ez da erraza izan; makina bat zerrenda egin genuen eta bakoitzak gustukoen dituen kantuak sartu nahi zituen. Azkenean, bat etorri ginen eta diskoa grabatzeari ekin genion.

Oiartzun eta Kanbon eskainitako kontzertuak biltzen dira diskoan. Zergatik aukeratu zenituzten bi kontzertu hauek taldearen estreinako zuzenerako?
Lehenengoa Oiartzunen izan zen, toki txiki batean; lasai egotea ezinbestekoa zen grabaketa on bat egiteko. Interesgarria zen bi kontzertuak grabatzea, horrela erabaki genuen; bat ondo grabatuz gero, bigarrenera lasaiago joateko. Oiartzungoa ondo irten zen eta Kanbora lasai joan ginen. Bertan, ordea, giroa aparta izan zen eta bikain jo genuen. Beraz, azken disko honetan entzun daitezkeen abesti gehienak Kanboko kontzertukoak dira.

Lehen esan bezala, disko berrian 20 kantu sartu dituzue. Zuen jarraitzaileen gustuak asetzeko baliatu al duzue zuzeneko lan zabal hau?
Gure lehen diskoaren jarraitzaile mordoa dugu; beraz, lehen diskoko abesti gogorrenak bilatzen aritu ginen. Maketatik "Dirección obligatoria" abestia ere sartu dugu, zale gazteenek aspaldi egin genituen kantak ezagutzeko. "D.O." orain dela 12 urteko abestia da eta 70 minutuko diskoa egiteak horrelako gauzak egiteko askatasuna ematen dizu.

"Dirección obligatoria" abestiarekin batera argitaragabeko "Elkartasuna" abestia ere jaso duzue. Fan sutsuenentzako oparia izan al da?
Etsaiak-en jarraitzailea gustura sentitzeko horrelako zerbait egitea zen gure asmoa. Disko batek normalean 40 minutu izaten ditu guk 30 minutu gehiago sartu dizkiogu. Opari bat da bai, gure abestiekin asetuta geldi daitezen.

Azaroan Mexikon eta Kuban izan zineten. Nolakoa izan zen bertakoek taldeari eginiko harrera?
Azaroan Kubara joatea lortu genuen. Hasiera batean "Reincidentes" taldea gurekin batera joatekoa zen baina azken unean Argentinara joatea erabaki zuten. Sekulako gogoa genuen Kuba ezagutzeko eta bizitzan izan dugun esperientziarik interesgarriena izan da, dudarik gabe. Gure pentsaera duen jendearentzat Kuba paradisua da. Harrituta gelditu ginen, jendeak kristoren martxa du, rocka gustuko duen gazte mordoa dago. Habanako Teatro Nacionalean jo genuen, bete egin zen eta gazte askok kalean gelditu behar izan zuen. Hankaz gora jarri zuten dena, aretoan zeuden mahaiak eta aulkiak alde batera kendu eta kontzertu osoan ez ziren gelditu.
Mexikon ere izan ginen, astebete bertan igarotzea erabaki genuen. Aurretik izanak ginen, 97an hain zuzen, eta hiru urte hauetan jarraitzaileen gosea erabat handitu zela konturatu ginen. Kalean jo genuen, D.F.eko punky guztiak biltzen diren merkatu batean. Hankaz gora jarri genuen dena. Arena Lopez Mateos aretoan ere jo genuen, borroka librea egiten den ring batean; Mexikoko 15 talderekin batera jo genuen. Pixka bat ikaratu ginen, mexikarren dantzatzeko modua gogorra delako.

Euskal Herrian kontzertuak gauez egiten badira ere, Atlantikoaren bestaldean goizez jo duzue. Nolakoa izan zen esperientzia?
Normalean han kontzertuak goizeko 11:00etan hasten dira, guztiz desberdina da. Hemen ez bezala, jendea oso beroa da eta ez du alkoholaren beharrik dantzan hasteko. Mexikon gazteak lasai egoten dira taldea eszenatokira irten arte; gero, jotzen hasten zarenean... kristorena!
Eukal Herriko musika entzuteko gosea dute, beti izan dute begia Euskal Herrian jarrita. La Polla, RIP edota Eskorbuto bezalako taldeak miresten dituzte. Egun, gu gara hemengo ordezkariak bertan. RIPeko kantak jotzen ditugunean jendeak ezagutu egiten ditu; "Lepoan hartu" jotzen dugunean, gazteek euskaraz abesten dute, harritzekoa da.
Habanan bi kontzertu eskaini genituen. Bertan talde afro-kubatar bat ezagutu genuen, 20 gazteko perkusio talde bat, eta eurekin bildu ginen goiz batean "Burrunbada" klipa grabatzeko. Abestiaren erritmoak erakutsi genizkien, kamioi zahar bat hartu eta Habana zeharkatu genuen. Pozik gelditu ginen emaitzarekin, erritmo nahasketa interesgarria lortu genuen. Azken kontzertua "Patio de Maria"n eman genuen, gaztetxe moduko areto batean; bertan biltzen dira Habanako rock zale guztiak. "Burrunbada" klipan parte hartu zuen afro-kubatar taldea eszenatokira igo eta gurekin aritu zen. Une batean eszenatokian 20 bat pertsona geunden, aparta izan zen!

Hainbat klip grabatu duzue dagoeneko. Azken hau Habanan burutu duzue. Oztoporik izan al duzue?
Klipak egiten eskarmentua badaukagu, zoramena izan dira denak. Adibidez, lehen klipan, 30 orduz egon ginen filmatzen Eako lantegi huts batean. Mutrikuko portuan ur azpian ere grabatu dugu, azken bideoklipa untzi batean filmatu genuen, "Bakearen guda" mendian... Habanan ez genuen arazorik izan, kamioia hartu eta nahiz eta malekoitik joatea debekatuta egon, bertatik abiatu ginen eta dena bapo irten zen.

Punk eta hardcorearen oinordekoak zaretela esaten dute. "Etsaiaren etsaiak" lehenengo diskotik egun arte taldearen estiloa aldatu egin al da?
Beti planteatzen diogu hori gure buruari. Estiloa ez dugu aldatzen baina beti gaude garapen batean, gure asmoa taldearen gustuak eta musika aberastea da. Disko batetik bestera aurrerapen bat ikusten da, gauza berriak sartzen ditugu: neska baten ahotsa, perkusioa, sanplerra... Azkenean 7 kideko talde bat bihurtu gara, hasi ginenean baino bi gehiago. Etsaiak punka, rocka eta hardcorearen batasuna da, musika gogorra eta arina. Agian, gauza guztiak arin bizi izan ditugulako gara horrelakoak.

Su ta gar, Ekon edota Dut bezalako taldeekin joko duzue udan. Euskal rock mugimenduaren gorakada bizi al dugu?
Maila aparta dagoela uste dut, Euskal Herrian musika aldetik aberastasuna dagoela nabari da. Nik egunero ikusten ditut estilo ezberdinetako taldeak. Euskal Herrian garapena dagoela ikusten da eta hori oso ona da guztiontzat. Guztiz harrituta nago bertoko taldeek duten mailarekin.

1987 urtean Lekeition jaiotako talde hura eta gaur egungoaren artean zein ezberdintasun daude?
Hasi ginenean joko bat bailitzan hartu genuen, denbora pasatzeko. Beti maite izan dugu musika eta rocka, borroka mota bat delako. Bost urte egon ginen maketa atera arte eta disko bat kaleratzea ez zitzaigun burutik pasatzen. Gaur egun, 6 disko grabatu ditugu, beste bi Mexikorako eta zenbait bideo.
Musika lanbide nahi genuen, nahiz eta dirurik gabe ibili eta gauza asko alde batera utzi behar izan. Une hartan aldatu zen dena. Astean zehar taldearen elastikoak egiten genituen, taldearen fanzinea... musikaz eta musikarako bizi ginen. Ez dugu izan inoiz managerrik, diskoaren maketazioa gure esku dago eta taldearen CD guztiak oso landuta daude. Klipak guk kontrolatzen ditugu, lokala bilatu dugu, gure estudioa burutu dugu... oso garrantzitsua da talde batentzako diru presiorik ez izatea.

Euskal Herriko eta munduko eszenatokietan aritu zarete eta taldea heldua da. Ibilbide luze honen ostean zer ondorio ateratzen duzu?
Pozik nago bizirik gaudelako. Hainbeste kilometro egin ditugu -Paris, Amsterdam, Madril...- furgonetan eta bizirik egotea pozgarria da. Orain gutxi hil da gure lehenengo kidea, Jokin Erdozia, berari dago zuzendua azken diskoa. Izan ditugun esperientzia guztiak gainera oso onak izan dira, ezagutu ditugun taldeak, harremanak jendearekin; orokorrean elkartasuna izan da nagusi. Denak gaude istorio berdinean sartuta. Bihotza pozik izatea garrantzitsua da, oso zaila da gustuko duzun zerbaiten kontura bizi ahal izatea. Urte askotako lana izan da, momentu txarrak igaro ditugu; gure gurasoek garbi esan dezakete. Jende askoren laguntzarekin heldu gara hona, gaur egun gauden tokira.

Musika salatzailea egitea talde gazteen kontua al da?
Nik behintzat hori inoiz ez gertatzea espero dut. Musika borrokarekin lotzen dut, ez dut uste borrokarekin lotua ez legokeen musika egingo nuenik. Hala ere, talde gazte asko daude eta horietako askok ez dute inolako salaketarik egiten, ez dira hain zuzenak, agian ez da ona hain zuzenak izatea.

Negu Gorriak taldearen aldeko sententziaz zer iritzi duzu?
Gertatutakoa oso interesgarria da, adibide delako beste kasu batzuentzako. Kasu hauek irabaztea garrantzitsua da beste talderen bati gauza bera gertatuz gero. Flitter-ekoek izan dute arazo hau eta irabazi dute baita ere. Dudarik gabe, egun taldeek izan dezaketen arazoa da eta horrelako sententziak beti dira onerako

UEK PROIEKTUA
Etsaiak taldeko gitarrak, Keu-k alegia, berak konposatutako zazpi abestiko disko bat grabatu berri du Gaztelupeko Hotsak disko etxearekin. Ez da izan bakarkako lana, izan ere, "Uek" izena daraman disko honetan hainbat musikarik esku hartu du: besteak beste, Josu Monjek, Paulillo Etsaiak taldeko bateriajoleak, Josu Psychophonykoak, Ekon taldeko Juanitok, Mikel Etsaiak taldeko baxuak, Lorelei taldeko Nortonek eta Ondarruko abesbatzak.
Keuren esanetan, diskoak estilo ezberdinak lotzen ditu: New Age, rocka... joan zen uztailean hasi eta aurten bukatu dute grabaketa. Lanaren aurkezpena urrian izango da eta laupabost kontzertu eskainiko dituzte Euskal Herrian


Azkenak
Ramón Alzórriz PSNko idazkariordeak dimisioa eman du, Cerdánen ustelkeria kasuekin lotu dutelako

María Chivite Nafarroako Presidentearen "konfiantza galdu" duela eta, Ramón Alzórrizek PSNko idazkariorde nagusi eta Nafarroako Parlamentuko bozeramaile izateari utziko dio. Bere bikotekidea Servinabar enpresan lanean aritu zela publiko egin ostean eman du... [+]


Faxismoaren aurka borrokan, munduan zein Euskal Herrian

Lanaren Ekonomia irratsaioan faxismoaren gorakada aztertu dugu, munduan eta Euskal Herrian gertatzen ari dena.


Papax Fagoaga, mutil-dantzaria 1970eko hamarkadatik
“Ezin nuen ulertu emakumeok herriko bestetan ezin genuela mutil-dantzetan parte hartu, horregatik hasi nintzen dantzan”

Elkarrizketa ilustratzeko erabili dugun argazki nagusia 1970eko hamarkadan hartua da. Erratzuko plaza festetarako apainduta ageri da, ezpelez atonduriko ohiko eszenatokiarekin eta etxetik etxera zintzilik, dilindan dauden xingolekin. Urrunean bi soinulari agertzen dira, Maurizio... [+]


Aroztegiko Elkartasun Komiteak salatu du bi kidek jazarpenak eta irain matxistak jasan dituztela

Taldeko kideen aurkako eraso matxistak talde osoaren aurkako eraso gisa ulertzen dituela adierazi du Aroztegiko Elkartasun Komiteak. Komiteak salatu duenez, Aroztegiko epaiketara ikusle gisa sartu nahi zuen jendearen zerrendatik "Baztango mutil-dantzari talde... [+]


Aurten ere batxilergoko ahozkoa euskaraz pasatzeko aukera irekiko dute hainbat irakaslek

Ekainaren 23aren eta uztailaren 2aren artean iraganen da ahozko azterketa. Frantsesez pasa beharreko azterketa izanda, Seaskako, sail publikoko eta pribatuko irakasle batzuek publikoki jakitera eman dute euskaraz bideratzeko aukera eskainiko dietela ikasleei.


Umandi ikastolak 50 urte
Euskara, bizikidetza eta berrikuntza pedagogikoa ardatz

Gasteizko Umandi ikastola duela 50 urte sortu zuten hainbat familia aski ausartek –herri ekimena, orduan ere–, euskararen transmisioa ardatz hartuta. Mende erdia joan da, ikastola hazi egin da, belaunaldi berriak hezi ditu ez gutxi, komunitate baten erreferente ere... [+]


Bikotekidea mugikorretik kontrolatzea gazteen artean ohikoa dela frogatu du EHUren ikerketa batek

Maitasun erromantikoari lotuta, nerabe askok normalizatuta eta barneratuta du bikotekideak mugikorraren eta sare sozialen bidez kontrolatu nahi izatea. “Inportantea da ziberbiolentzia gisa identifikatzea, eta ez maitasun seinale gisa”, gogorarazi dute ikertzaileek.


Sexu erasoei lotutako zenbait epaitan bost gizon zigortu dituzte azken egunetan

Sexu erasoei lotutako epai ugari eman dira azken egunetan, eta bost gizon zigortu dituzte. Tuteran izandako bortxaketa batengatik, bi gizoni 9,5 urteko kartzela zigorra ezarri diete. Gasteizen gizon bati bost urteko kartzela zigorra ezarri diote emakume bat bortxatzeagatik... [+]


Dagoeneko 400 gazatar hil dituzte Israelgo soldaduek, laguntza humanitarioa jasotzera bidean

3.000 zauritu ere utzi dituzte Israelgo armadaren erasoek. Maiatzaren bukaeran berrekin zioten laguntza humanitarioari, GHF fundazio estatubatuarraren eskutik; eta ordutik, bertaratutakoei tiro egin diete soldadu israeldarrek.


Oiher Urrutia. Marra gorriak argi
“Erabiltzen gaituzte herriok folklorismorako: landa, animaliak edo euskalkia bera”

Grabagailuari stop eman eta segituan galdetu dit Oiherrek: “Transkribatzean mantenduko duzu euskalkia?”. Baietz nik, batuaren mugek uzten didatenaren barruan baietz. “Arras inportantea da niretako”. Dutxa hartu eta Elizondora eginen du berriz, Aroztegiko... [+]


Amiantoaren biktimentzako konpentsazio-funtsa martxan jartzeko araudia onartu du Espainiako Gobernuak

Legea onartu eta ia hiru urte igaro direnean jarriko da martxan neurria. Espainiako Ministro Kontseiluak onartutako dekretuak dio biktima bakoitzak 32.000 eta 96.000 euro artean jasoko dituela kalte-ordain moduan.


2025-06-18 | Jesús Rodríguez
PSOEren kea

Ekainaren 6an Presidente Autonomikoen Konferentzia egin zen Bartzelonan, Pedro Sánchez eta Felipe VI.a erregea –emeritu ustelaren oinordekoa, beti da ona gogoraraztea– buru zirela. Isabel Díaz Ayuso faxistak uko egin zion Salvador Illaren eta Imanol... [+]


Qumrameko biribilkiak eta AA

Qumrameko biribilkiek eta Itsaso Hileko Eskuizbribuek (K.a. III-K.o. I) judaismoaren eta kristautasunaren garapenari buruzko informazio eta interpretazio asko eragin ditu aurkitu zituztenetik. Berriki AA erabiltzen duen Enoch datazio sistemaren bidez, izkribu zaharrenak uste... [+]


Teknologia
“Bestea”

Bestea”-k gogaituta du gizateria, duena kenduko dio, duena eraldatuko du, kutsatuko du... “Bestea”-k definitzen gaitu... baina “bestea” denok izan gaitezke.

Egun, nor da “bestea”? Nork seinalatzen du izan behar ez dena?

Zapalduen... [+]


Eguneraketa berriak daude