ARGIA.eus

2022ko abuztuaren 19a
Alaskako uharteak

LAU EGUN ALEXANDER ARTXIPELAGOAN

  • Udako oporrak badira ere, eta Euskal Herria epela bidean bada ere, haize hotzari aurre egitekotan gara. Alaskako hegoaldean untziz bidaiatu dugu, lau egunez. Bale, aurora, fiord eta glaziarrez gozatu dugu, baina pena ere ematen du Alaskak, hamaika herri itzaliz baitoaz.
2000ko ekainaren 25a

Lehen eguna

Skagwayko portua fiord aski itxi baten barnean dago. Itsaso goibela, euritarako dagoen ortzia dakuskit... udazkena dela esan nezake, hozkirritik babesteko jaka polarraren premia baitut. Arrano buruzuri bat, EEBBetako ikurreko hegaztia, pareko mendietako basoetarantz igaro da, hegaz aise eta indartsu, kai osoa gainetik zeharkatuz. Prismatikoez segitu dut, haitz batzuen gibelean desagertu den arte. Sudurretan itsas haizea daukat; eztul eta eztul nabilen arren (zer arraro!), oso gustura nago. Ziur aski, bezperan Kluane-n agertutako aurora borealak horrekin zerikusia du. Bihotza pozik, jai du eritasunak. Hobe.
Untziaren popan nago. Ekipajearen gehiena sotoan segurean lagata, beharrezkoena dut soilik: garbiketarakoak, aldatzeko arropak, botika, lo egiteko zakua eta kamera. Ni bezala, berrogeita koska lagun jarleku bila dabiltza. Hamaka bana dugu: tokia atzean irekia den arren, gutxienez estalpean gabiltza. Berogailu mordo bat piztuta daude sabaian, bidaiariok izotz ez gaitezen. Beste zenbait, denak gazteak ez, kanpin dendak altxatzen hasi dira. Ezkerraldean agure bizar-zuri bat eseri da. Abuztu alaskatarraren freskoa hamar metrora egonagatik, maukarik gabeko alkandoratxoa darama, "Daytona" idatzirik duena, eta "jeans" higatuak. Eskuinaldean, neska australiar bat. Lo zurrungan egoten direnetakoak ote? Badaezpada, eta lekua beteegi ez dagoenez, beste txoko batzuei begira jarri naiz. Zorionez, isilak dira, ingurukoen gisan. Ilunabarra ez da barteko ortzian miratutakoa bezalakoa izan, baina murgildu den eguzkiaren agurra izugarri gustatu zait. Bihar berriro.


Lehen gaua

Lo zaila izan da: burruntziko oilaskoa bainintzan biraka ibili naiz, noiz ezkerretara, noiz eskuinetara, goitiko bero jasanezinagatik. Eskifaiako bati horretaz mintzatu natzaio, eta beheko solairuko arduradunengana igorri nau. Arazoa konponbidean dagoela ihardetsi didate. Oren biak aldera, ferria Juneau-ra iritsi da, kontinentera, eta erdi lo, erdi iratzarririk, zenbait jende igo dela sumatu dut. Besterik ez: ez dakit luzaroan geratu garen, ala aitaren batean abiatu.


Bigarren eguna

Dutxatu (ur beroa ordainduta!) eta gosaldutakoan, zer egin izan da kontua. Aspergarritasuna mendratu nahian, garraio-konpainiak denetik prestatu du: lauzpabost makina dauzkan umeentzako jolastokia (bata gidari eroa da, bestea martziano-hiltzailea, eta gainerakoak, fabrika beretik atereak: ez harritu gero inoren desmasiez!), helduontzako taberna -gaueroko kontzertua eta guzti- eta nahi duenak brankan areto estalia du, irakurketan, itsasoari so, kuluxkan edo berriketan egoteko. Batzuk xakean ari dira. Ah! Hemen nagusi den bezeroarentzat, liburu dendatxoa eta oroigarri-denda ere bai!
Ohar-taulan dioenez, aretoan Alaskako hainbat kontuz hitzaldiak ematen dituzte egunero. Hoberik ezean, hara jo dut: ingelesa lan nezake, eta aspertzekotan, ihes egin. Hizlaria ranger edo basozaina da, xelebrea baina txoil ona: ezagun da horretan zaildua dela, haren parabolarekin nekatzerik ez baitago. Tele-predikaria dirudi, imintzioengatik, doinuarengatik, umorearengatik (hiru silabako barre merkea sortzen duen estatubatuar haren gisakoa inoiz!). Hiru ordu laurdenez ezpalartez mintzatutakoan, itsas zakurrez eta itsas igarabez gertatu duen "talk-show"era gonbidatu gaitu. Bitartean, balea bat zebilela oihukatu du norbaitek. Ziri-miriaren erdian, uretan desagertzen ari zitzaion bizkarra ikusi diot aurrena, baina minutua joan gabe, oso-osorik, bi hegatsak zabaldurik popatik ehun bat metrora gorputza biratuz jauzi egin baitu, betiko urrundu aurretik. Xibarta gaztea zen. Basozainak aipatu duenez, hain gertu ibilki, estreinakoa da.
Gu ere, kostatik oso hurbil garamatzate: konifera-oihan sarriz estalitako uhartetxoak ezker-eskuin ditugu, batzuk ganduak-edo erdi ezkutaturik (ederra, ziri-miriaren erdiko ostadarra!). Kaioak eta antxetak airean ikusi ditut, eta ur azalean kokatu martinak lanperna-musuak eta pottorroak ere bai. Batek ezpalarta-sarda bat begiztatu duela esan dit. Ez nik, adi-adi ibiliagatik, ez eta bizkar-hegalaren punttarik ere. New Jerseyko agure bat hurreratu zait, eta paisaia seinalatuz, "Amazing, isn't it?" ("Aparta, ezta?") esan. Hagitz polita dela adierazi diot, baina aparta, aparta... Nire jatorriaz galdetu dit segidan, eta arrapostuaren ondorioz, politikara lerratu -ene baimenaz-, independentziaren aldekoa ote naizen galdez. Bere herrian 1776an gertatuari egoki ote zeritzon galdeginez erantzun diot. Haatik, motza izan da jarduna: estatubatuar gehienekin izan ditudan elkarrizketak erraz hasi arren, bost minututik ez dira pasa, sakondu gabe (neu ere, ez naiz Chomsky, baina). Beste europar frankok hauxe nabaritu dute. Albisteak albiste, Euskal Herria anitzez ziurragoa dela ikasirik, joan egin da. Berbaldia ere "amazing" iruditu al zaio?
Arratsaldeko pausaldia Baranof uharteko Sitka hirian izan da. Lehorrera jaitsi naiz, Washingtonen menpe ia 132 urte eraman arren, XIX. mendeko tsarren "Russkaya Amerika"ren ondarea topatzeko itxaropenaz: hiriburua izan zen-eta. Errusiako azken-aurren agintaritzarrak, txetxeniarrak odolez zapaldu dituen Jeltsinek, alegia, Japoniak berreskuratu nahi dituen Kuril-ez zera esan zuen, Alaskaren galeraren hutsa ez dela errepikatuko. Hirirainokoan ez dut errusiar aztarnarik ikusi. Alta, hiri barnean bai. San Mikel katedrala nabariena da: fresko eta ikonoetan saindu ortodoxoak dauzka (batzuek irudiaren gainean metalezko jantziak dituzte), alfabeto zirilikozko izkribuak... Egun U$Arena denez, agian, sarreran saltoki bat dago: Errusiatik ekarri ikonoak, errosarioak eta liburu sakratuak salgai daude, mikro-Lourdes baten iduriko. Errusiar hilerria non zen galdetu dut kanpoan. Badiari begira dagoen kanposantuko hilarrietan errusierazko epitafioak daude; baten azpian, printzesa bat datza.
Lau bat edari-lata jaso ditut, nobleziakoa ez omen den norbaitek utziak. Segidan, opari-denda batean sartu naiz, auskalo, zerbait atzemateko esperantzaz. Hiritar batzuek 1867ko erosketarekin metropolirako bidea hartu zutela jakin dut andre harengandik, baina era berean, beste asko geratu zela. Deigarriena, berriz, hau: orain Errusia irekitzen hasia denez (badakigu nola), hango jatorriko zenbait haraxe joan berri dira, mende bat geroago. Biztanleen artean, badirudi "the Petrofs" (edo horrelako deiturakoak) direla hizkuntza eslaviarrari egun ere atxiki diotenak, bestela ingelesak ia erabat ordezkatu arren. Aldiz, Europako ekialdeko kutsuko dantzak eta festa-jantziak, "Macarena"k eta Elvis-ek ez dituzte ahanzturara eraman; alta, Sitkan gordetako koreografiak ezezagunak zaizkie errusiar bisitari petoei. "Ulu" deritzan inuiten aiztoa, oparigai tipikoa, han ere badaukate.
Eskimalak ez dira bertakoak, baina nori axola zaio? Alaskan nabil, eta jende orok estatu harekin lotzen ditu. Gehienek plastikozko zein zurezko girtainak dituzte, baina batzuk hartz nahiz baleen hezurrez edo mortsaren betortzez eginak dira, eta sinestezina den arren, beste asko 1768an marinel europarrek desagertarazitako Steller itsas behiaren hezurrez. Ordu arte urotan ibili sirenidoa betiko galdu aurretik, inuitek harrapatutako aleen hezurdurak iparralderago lurperatuta daude antza.
Kirol-kaiko belardian, aurreko beste iragan baten aztarnak daude: "totem" luzea, eta behinola natiboek grabatu petroglifoak. Bi nerabe, biak ere amerindiarrak agidanez, amerikar futboleko baloiarekin jostatzen ari ziren aurrean, "jaurtiketa bikainak" (oroitzen?) behin eta berriz egiten, ingelesez, "of course", eta jaka zeharo yankiak arbasoen zurezko lanaren oinetan trakeski botata. Erroia, hartza, eta hainbat izaki bata bestearen gainean dituen arte-lana fotografiatzeko, jantziak mugitzeko baimena eskatu diet. Dena txepeltzen zuten. Urruntzean, Sitkako "tlingit" herriaren kultur etxea atzean aurkitu dut, ustekabean, eta barruan sartu, nola ez. Bilera zuten orduan, eta jendea iristen ari zen artean, batzuekin hizketan hasi naiz. Net pozgarria zait berenak iraun dezan nahi dutela ikustea, baina beranduegiko ahalegina deritzat: inork tlingit hizkuntzaz ote dakien galdetutakoan, hiztun bakarra zegoela beldurrez aditu dut (bildutakoen artean ala herri osoan?), gutxienez, hirurogei bat urteko agurea. Patuak ez dakarkigu hori, ezta?
Apezpikuaren etxea ere kanpotik ikusi dut, eta aspaldiko txalupa natibo koloretsua ere bai, baina ferrira joateko tenorea zenez, Sitkari "do svidañya" esan diot (amerindiarrek ez omen zerabilten halako agurrik, beste pentsamolde batekoak izaki). Ilunabarrean ere, bezperan bezala, gorridura nagusi izan da. Han ere "Arrats gorri, bihar eguraldi" ote?


Bigarren gaua

Ordu biak aldera, lagun batek esnatu nau. Hodeiek ezkutatutako aurora boreal berdexka zegoen, ez goregi, luze-luzea. Karelera joan naiz, jaka eta zirarekin, haizearekin eta itsasoaren hezetasunean hotza gaitza zelako. Eskerrak behin eta berriz eman dizkiot tipoari, eta haur baten gisan zeruari so geratu. Tamalez, hodeiek argi-jokoen ñabardura guztiak oztopatu dituzte, baina niri bost. Berrogeita zortzi bat ordu lehenago agertutako zuriska liluragarriagoa zen: baina hori ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Latitude horietara itzuli behar dut, negu minean izanik ere (orduan usuago agertzen dira), berdin zait Nunavut, Yukon, Jakutia nahiz Groenlandiara, hauxe baita "amazing", argiok gauero huts ematen baititut.


Hirugarren eguna

Atzokoa: dutxa, gosaria, hitzaldia. Gaurko "show"aren gaiak hartzak eta arranoak izan dira, hots, sinboloak. Basozaina hurbildu zait. Fotokopia batzuetan, nazio independiente guztien zabalerak Alaskarenarekin alderatuak ditu, eta denei bezala, ez baigenekien-edo, niri ere 49. estatua zein handia den azaldu dit, bere herrikideek hain atsegin dituzten superlatibo eta konparatiboak erabiliz. Une hartan australiarra ez, Sam Osabaren etsai aljeriarra, sudandarra edo libiarra izatea gustatuko zitzaidakeen, "Ene herria handiagoa duk!"-edo botatzeko. Zerrendan Euskal Herririk ez, jakina, ez eta "Basque Country"rik ere. Beraz, jakizu Alaska egungo hiru Espainia, edo gaurko 2,7 Frantzia bezain zabala dela. Jatorra dirudi, bestela. Hala ere, Hawai'i salbu, gainerako estatuez ari denean, "Lower 48°" izen-sintagma (Kanadaren hegoaldeko mugaren latitudea 48. paralelotik beheiti dago) hitzetik hortzera darabil, han ohi den legez. Ez dakit zergatik, baina ez zait laket, "Ebrotik behera, Mirandatik behera, Pirinioetatik behera" ezagunekin lotzen dudalako, apika. Harengandik bitxia, sortzez kaliforniarra baita!
Wrangell uhartean 15 minuturako geratu gara. Ziri-mirian lasterka abiatu naiz, kilometrora dagoen hondartzako harkaitzetako petroglifoetara. Kamera ordu onean hartu dut! Euritan ateratzea alukeria da, eta astoa bezala zamaturik ibili naiz, ferria ez galtzeko toki ezezagunean korrika eta muturka. Bertan behera utzi eta gibelatzea pentsatu dut. Xede berera zihoan gazte batek bihotzik ez galtzeko esan dit ingelesez, untzia ordu laurdenean "gutxienez" geratuko dela baieztatuz. Zer arraio! Elkarrekin segitu dugu. Ontariokoa da, eta frantsesez ere badaki, baina Pariseko unibertsitateetan doinu kanadarra joan zaio. Blai eginda, arrokak atzeman ditugu: batean aurpegi bat-edo dago (lanperna-musua ote?), beste batzuetan kiribilak, borobilak, marrak... Axkar ikusi eta antxintxiketan itzuli gara, baina garaiz: ferriak ez digu ihes egin.
Arratsaldean Revillagigedo uharteko Ketchikan-en izan naiz, luzexeago ordea. Totemen parkera joateko taxia hartu nahi izan dut. Alferrik. Beraz, ibili egin naiz. Valdez-ek eta Cordova-k bezala, izen espainola du irlatxoak. Duela bi mende, hegoaldekook gaupasarik gabeko inperioa genuenean, Arteaga, Fidalgo, Martínez, López de Haro, Bodega y Quadra eta Malaspina nabigatzaileak hemen pasatu ziren, baina finkatzeke, gaztelerazko leku-izen batzuk utzirik soilik. Joan den gizaldiaren hasieran ere bisitari izan ziren: San Mikel katedralean irakurri nuenez, natibo gazte bat -ortodoxoen martiri saindua orain- eriak moztuz ankerki torturatu eta odolustuta hil zuten gure herrikideek, bere fedeaz arnegarazi nahian. Orduan ere, tolerantziaren etsenplu genituen asko.


Hirugarren gaua

Popa jendez mukuru dago. Bihar goizean Bellingham-era (Seattletik gertu) iritsi arte, ez dugu lurrik zapalduko: estatuaren ferriak ez dezake Kanadan atraka. Ondorioz, Karlota Erreginaren irla eta Vancouver uhartea bisitatu ezinik, "haida" eta "kwakiutl" herririk ez, hirietako gaueko argiak baino ez ditut ikusi. Untziko tximiniari egundoko ke beltza dario ardura. Irakurria nuenez, ferriok arras kutsagarriak dira: dudarik ez dut. Gizon japoniar bat nonahi dago, Jainkoa bezala: aretoan, popan, jangelan, komunean... Ingelesez dakienez, edonorekin berriketan hasten da. Material-bilketan ari den idazlearen itxura hartu diot. Sony-k eta Aiwa-k ez dute haren ahotsaren bolumen-kontrolik kaleratu oraino, eta MacArthur edo Truman-en bila hasi behar dut aurki, urduri jartzen bainau. Beno, lotara noa: ametsetan ez bide zait agertuko.


Azken goiza ez:

Ez, amets gozoa izan da. Hirugarrenez dutxa, gosaria eta basozainaren hainbatgarren hitzaldietara joan naiz. Alaskari buruzko lehiaketa umoretsua izan da aurrena. Hori bai, amerikanada osoa, entzuleen uluak eta guzti. Bigarrena ere, "only in America": "Zer eman dit Alaskak?" gaia banaka aitortzea. Natura, basabizitza, hartzak eta amerikar sinbolo hegalaria (AWACS hegazkina ez!) hain arruntak izatea laudatu dute denek. Bezperako gure solasaldiarengatik-edo, atzerritarra eta guzti, niri ere mikroa luzatu dit. Lotsaz, ez dudala gehiegi esateko erantzun diot, hego ekialdea soilki ikusirik, itzultzeko asmoz nagoela, besteak beste Kodiak uhartea eta Aleutiarrak bisitatzeko, eta emaria eta hutsunea -deus badago- beharbada gero nabari nitzakeela. Aurora hura gogoan, Yukonek gehiago eskaini didala gehitu dut. Egun, mikroa aurrean paratuko balit, Alaskak pena ere eman didala esanen nuke: urtsidoak, idi musketadunak, Dall ahuntzak, baleak, aurorak, glaziarrak eta fiordak gozamen hutsa dira enetzat, baina gizakiaz deus gutxi oroitu dira ahoa laudoz beteta daukatenak. Alegia, eyak, txugatx, aleutiar, yuit, tanaina... hamaika herri itzaliz doaz, gizaki izateko hamaika era desagertzen ari da haien aurrean, baina Alaskak ez die txikiziorik bururatzen. Eta miretsitako Naturaz, erne! Glaziarrak "mile" mordoan atzeratu dira; uda gero eta goizago hasirik, negu gero eta goxoagoak dituztela aipatu didate heldu batzuek (hotzena -40°C da orain; lehenago, -50°C aise). Axola zaie? Dendan sartu-irten bat egin behar badute, askok ez daki kotxearen motorra itzaltzea zer den: aho bete hortz utzi ninduen bat "30 minutu ere" ibili zen pizturik! Berziklaia-kontuetan ere, Gipuzkoa ez da ereduetan eredu, noski, baina haien ondoan, Alemania dugu. Agudo joan, ahal deino!


Azkenak
2022-08-19 | ARGIA
Poloniako fiskaltzak Pablo Gonzalezen espetxealdia luzatzeko eskatu du berriz

Otsailaren 28an atxilotu zutenetik daukate espetxean Pablo Gonzalez kazetaria. Ia erabat inkomunikatuta daukate Poloniako segurtasun goreneko espetxe batean.


Bermeora ur edangarria itsasontziz garraiatzen hasi dira

Santurtzitik itsasontziz eramaten dute ura eta Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko arduradunen arbera uraren kalitatea bermatuta dago. Behin-behineko neurria da eta epe luzerako irtenbidea Zadorrako ura Mungiatik Bermeora eramateko hodia egitea dela adierazi dute. Eguzki mugimendu... [+]


2022-08-19 | ARGIA
Irailaren 3an egingo dute Altsasuko Ospa! eguna

Beste urte batez antolatu dute Ospa! eguna Altsasun. Poliziaren "normalizazio garaian" indar polizial ororen beharra ukatuko dute irailaren 3an.


2022-08-19 | ARGIA
Zarauzko Putzuzulo gaztetxea eraisten hasi dira

Iragarrita zegoen uda honetan lehenago edo beranduago Zarauzko Putzuzulo gaztetxearen eraikina eraitsiko zutela. Aste honetan hasi dira hormak botatzen eta hezurdura baizik ez da geratzen ia. Gaztetxe berria atontzen ari dira dagoeneko beste kokaleku batean.


Irakurrienak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude