ESTATU BATUETATIK MAITASUNEZ

  • 1999. urte amaieran Mark Kurlansky estatubatuarrak "The Basque History of the World" saiakera argitaratu zuen. 40.000 ale baino gehiago saldu dira dagoeneko. Estatu Batuetatik datozkigun laudorioak euskaraz irakurri ahal izango ditugu udazkenean.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Mark Kurlansky EEBBetatik irten eta Espainiara abiatu zen 70eko hamarkadaren erdialdera, kazetari moduan. Francoren erregimenaren amaieraren berri ematea zuen xede eta zeregin horretan, ustekabean, Euskal Herriarekin egin zuen topo. Ordutik hona, ia urtero egin du bisita.
Bere aurreko liburuan, "Cod: A Biography of the Fish That Changed the World" (Bakailaoa: mundua aldatu zuen arrainaren biografia), bakailaoak historian izan duen garrantzia zuen hizpide. Eta bakailaoaz ari zela, nola ez, euskaldunak ere tartean ziren. "The Basque History of the World" (Munduaren historia euskalduna) honetan oraindik eta sakonago aritu da euskaldunetaz. Sakon eta ikuspegi positiboa emanez gainera.
Esana dugu, Kurlansky sarritan egona dela gurean eta liburuetan ere aritu da informazio bila. Hortaz jabetzeko liburuaren amaieran erantsi duen bibliografia zabalari begiratzea besterik ez dago. Euskal pertsonaia ezagun eta ezezagunak ezagutu eta elkarrizketatzeko aukera izan du.
Eta, hala ere, emaitza ez da Euskal Herriko historiaren analisi zehatz eta zientifikoa. Bere bizikizunen kronika da gehiago eta bizikizun horien aitzakian euskaldunon historia, kultura, identitate eta hizkuntzari egiten die errepaso, baita sukaldaritzari ere. Datu eta gertakizun zehatzetan oinarrituta ere, kutsu literario (batzuetan, liriko) nabaria duen kontakizuna da, azkenean, liburu mardul hau.


HIZKUNTZA SEKRETUA.

Donibane-Lohizuneko ostatu batean lehenengoz euskara, "hizkuntza sekretu hura, euskaldunen galerazitako mintzaira zaharra", entzun zuenekoa kontatuz eman dio hasiera liburuari egileak eta hortik abiatuta euskal nazioaren deskribapen orokorra eskaintzen dio irakurleari sarrera gisa. Liburuarentzako titulu hori aukeratu izana ere azaltzen du. Batzuetan mundua geu garela pentsatzen omen dugu, uharte bat omen gara eta, era berean, mundu zabalera lotzen gaituzten zubiak ugariak dira eta euskaldunak hain gutxi izanik ere, munduaren historiari ekarpen garrantzitsuak egin omen dizkiogu: nabigazioan, industrializazioan...
Mitikoak, "ia imajinatuak", misteriotsuak... gara Kurlanskyren esanetan eta historian zehar gogor egin zaie aurre euskaldunak menperatzen saiatu diren atzerritarrei. Euskaldunak, ordea, ez bide dute inoiz besteen lurraldeak konkistatzeko ahaleginik egin. "Ausardia menperakaitza" erakutsi omen dugu geureari eusteko, baita gure "nazio kontzeptu berezi eta bakarra sustatzearren temati borrokatu" ere.


ERREZETAK.

Liburuaren ia 400 orriko testuari 56 irudi, 6 mapa eta 10 errezeta erantsi dizkio egileak. Bakailaoari buruzko aurreko lanean ere errezeta ugari proposatzen zuen estatubatuarrak. Oraingoan, besteak beste, bisigua, bakailaoa pil-pilean, Lapurdiko ttoroa, Ezpeletako piperrak ahatearekin, Gernikako piperrak edo Tolosako babarrunak nola prestatu azaltzen du. Kurlansky bera sukaldari lanetan aritua da eta gaiaren inguruan asko idatzi du. Herri bateko sukaldaritzak herri baten kultura eta historia islatzen ditu bere esanetan eta, horregatik, liburu honetako errezeta eta aipamenek esparru zabalagoak lantzeko aitzakia ematen diote egileari. Arrain errezetek, esaterako, euskaldunek itsasoarekin izan duten harreman funtsezkoaz jarduteko bidea ematen diote. Baina ez du, soilik, jakietara jotzen. Loiolako San Inaziorekin hasi eta erlijio zertan den azaltzen du eta akerraren aipamenarekin euskal sinesmen eta sineskeriak jorratzen ditu. Euskal txapela Gerra Karlisten inguruan aritzeko erabiltzen du eta euskal belarriari esker dotrina nazionalistaren loraldiraino joaten da. Gerra Zibilaren gordintasuna azaltzeko mundu guztiak identifikatuko duen titulua erabili du: "Gernika". Eta gerra osteko gosea azaltzerakoan, berriz ere, sukaldera jotzen du atalari titulu hau ipiniz: "The Potato Times".
Hiru zati nagusitan banatu du bere lana idazle eta kazetari estatubatuarrak. Lehenengoak, "The Survival of Euskal Herria" (Euskal Herriaren bizirautea), Gerra Karlista arteko errepasoa egiten du. "The Dawn of Euskadi" edo Euskadiren egunsentia izenez, Karlistadetatik Francoren heriotza bitarteko garaia du hizpide. Hala ere, egunsenti horren barruan, eta Atxagaren hitzak erabiliz, "gaua dator". Gauaren ondoren, nolabaiteko egunsenti berria iragartzen du hirugarren atalak "Euskadi Askatuta" euskarazko izenburuarekin. Trantsiziotik gaur egunerainoko bidea, hona etorri denean Kurlanskyk berak ezagutzeko parada izan duena, da mintzagai atal honetan. Baina, beti ere, gertakizun politikoak ingurumari zabalago batean txertatuz. Azken atal honen hasieran, esaterako, kapitulu oso bat dago txitxardinei eskainia.
Euskaldunen inguruan munduak duen irudi kaxkarra justiziaz hobetzea du xede Kurlanskyren lanak. Eta liburuan pilatzen den informazioa kontakizun bizi eta irakurgai atsegin moduan aurkeztu izanak xede horretan lagundu dio seguruenik. Liburuak harrera ona izan duenik ezin ukatu. Salmentetan 40.000 aleak gaindituak ditu eta zail da esaten gaur kopurua noraino iritsi den. New Yorken ez-fikziozko zerrendetan gora iritsi zen. Kanadan best-seller-a izan da eta Erresuma Batuan ere ari da apurka gora.
Kritika onak jaso ditu "The Basque History of the World"ek. Charles Johnson idazlearen hitzetan, Mark Kurlanskyk "munduaren historia, hizkuntza eta kulturan leiho argigarria zabaltzen du". Scott's Bookstore-ko Reid Thomson-ek aldiz, liburua irakurri ondoren "txapela jantzi, maletak egin eta euskal mendietara gauza berriak aurkitzera joateko gogoa" sortu zitzaiola dio.
Columna argitaletxea liburuaren gaztelerazko, katalanezko eta euskarazko itzulpenak kudeatzen ari da eta datorren udazkenean itzulpen horiek kalean izango dira. Liburua atzerritarrek Euskal Herria ezagutu dezaten idatzia dago. Neurri handiagoan edo txikiagoan, euskaldunari ezagunak gertatuko zaizkio liburuan aipatzen direnak.
Eta, hala ere, EEBBetatik etorritako bisitariak nola ikusten gaituen jakiteak ikusmira piz dezake. Udazkenean ikusiko dugu nolako harrera duen gurean. Baikortasun dosia hartu nahi duenak, bederen, gustura irakurriko du. Izan ere, baikortasuna da Kurlanskyren lanari falta ez zaiona. "Mila urte barru, edo akaso bostehun urte barru, baliteke Frantziarik edo Espainiarik ez izatea, baina euskaldunak hor izango dira oraindik"

MARK KURLANSKY: "MITOEN HERRIA DA EUSKAL HERRIA"
Noiz etorri zinen lehenengoz Euskal Herrira eta zergatik erabaki zenuen ia urtero etortzea?
70eko hamarkadan joan nintzen lehenengoz, Francoren diktaduraren azken urteetan, kazetari gaztea nintzela, Europako Faxismo zaharraren heriotzaren inguruko istorioen bila. Judua eta II. Mundu Gerrako beteranoen biloba eta seme izanik, Francoren gainbehera mundu mailako afera baten azken unea iruditzen zitzaidan. Baina Espainian ez zen ezer berezirik gertatzen. Jendea Franco noiz hilko zain zegoen. Orduan ikasi nuen Euskal Herria eta Espainia ez direla gauza bera. Erresistentzia aktiboa Euskal Herrian baino ez nuen topatu. Horrek mirestu ninduen, baina baita kultura zahar, aberats eta bereziak ere. Munduko tokirik ederrenetakoa zela pentsatu nuen eta hala pentsatzen dut oraindik.

Noiz eta zergatik erabaki zenuen liburua idaztea?
90eko hamarkadaren hasieran izan zen. Aurreko hamarkadan, 1982an, nire bisitek etenaldia izan zuten eta itzultzean aldaketek harritu egin ninduten. Gasteiztik Tolosara trenean nindoala, gogoan dut Benito Lertxundiren abesti bat jarri zutela. Haurrek isilean eta kontu handiz kantu hori bera abesten zuteneko garaiak etorri zitzaizkidan gogora. Eta une horretan garraio publiko batean entzuten nuen. Euskaldunak biziraupen eta pertseberantzia istorio ederraren protagonistak direla pentsatu nuen. Mundu guztian kultura nahastu eta berdintzen ari dela dirudien honetan, istorio hori kontatu beharra zegoen.

Liburua idazterakoan zein iturri dokumental erabili duzu? Hainbat pertsonaia ezagun eta ezezagun ere elkarrizketatu omen duzu.
Topatu nituen liburu eta dokumentu guztiak erabili nituen, baita Euskal Herriko liburutegi eta museoetakoak ere. Ingelesez ez zen gauza handirik, University of Nevada Press-en lan interesgarria salbu. Baina frantsesa eta gaztelera irakurtzen ditut. Zoritxarrez, euskarazko iturririk ezin izan dut erabili. Hiztegia alboan izan gabe eta lerro bakoitza ulertzen ordubete pasa ezik, hormetako pintadak dira euskaraz ulertzen ditudan bakarrak.
Politikoak, artistak, negozio gizonak, pilotariak, nekazariak, sukaldariak... izan nituen solaskide. 1937ko beteranoekin hitz egin eta haien istorioak zuzenean entzutea hunkigarria izan zen. Eta harritu egin ninduen jende xehearekin solasean, zenbatetan errepikatzen ziren Gabriel Arestiren hitzak: "Nire aitaren etxea defendituko dut". Euskal pastizaren errezeta saldu nahi ez zuen gozogilea, bere baserria jardunean mantentzen zuen nekazaria...

Liburua irakurrita, euskaldunetaz iritzi benetan positiboa duzula nabari da (agian iritzi negatiboetara ohituegiak gaudelako). Azterketa objektiboa egitea al zen zure asmoa?
Gauzak zuzen azaltzea zen nire asmoa. Euskaldunak sarritan difamatuak izaten dira eta nik euren benetako historia kontatu eta benetan zein diren erakutsi nahi nuen. Baina ahalegin handia egin dut justua izaten. Ez dut alde batera utzi ETAk arrazoi politikoengatik jendea hiltzen duela. Hori izugarria iruditzen zait. Baina behingoz, esan beharra dago Espainiako Gobernuak gauza bera egiten duela eta hau berdin-berdin, ez gehiago eta ez gutxiago, izugarria dela. Eta munduak ulertu behar du ETAk ez duela Euskal Herria errepresentatzen eta Espainiak bere krimenak espainiarren izenean burutzen dituela. Euskaldun gehienek bezala, nik ere hilketa hauen amaiera ikusi nahiko nuke, baina bi aldeetako krimenei buruz hitz egiten dugunean soilik amaituko da hau. Jarrera hau ez dute gustuko euskal herritar zenbaitek eta espainiar askok. Badakit EAJko zenbait ez datorrela bat Sabino Aranaren arrazismoaren inguruan esaten ditudanekin. Arana pertsonaia garrantzitsua izan zen eta ekarpen esanguratsuak egin zituen, baina nazionalismoaren gehiegikeriak apurketa eta bidegabekeriara eraman gaitzakeela erakusten duen adibide bat ere bada. Bitxiena hainbatek niri terrorismoa sustatzea leporatu izana da, inoiz egin ez dudana. Eta hori guztia, besterik gabe, euskal historia eta kulturaren alde positiboak erakusten ditudalako. Espainiar amarru legal zaharra da: euskaldunen inguruan ezer positiboa esanez gero, "terrorismoaren apologia" egitea leporatuko dizute.

EEBBetan, ezagutzen al dituzte euskaldunak? Zein da euren ikuspegia?
Bada esamolde amerikar bat horrela dioena: "Egunkarietan irakurtzen dudana dakit". Beraz, amerikarrek euskaldunek jendea hiltzen dutela dakite eta museo berriren bat dutela Bilbon... edo Bartzelonan zen? Amerikarrek ez dakite ezer munduari lehen aldiz bira osoa eman zion euskaldunari buruz, eta ez dakite euskaldunak itsasgizon eta untzigile bikainak direnik. Biolentziaz dakite soilik. Dena den, Guggenheimek euskaldunen inguruko iritzi positiboa ekarri du, neurri batean. Baina, noski, hura museo amerikarra da, amerikar batek diseinatua eta amerikarrek, hori jakinik, euren buruak zoriontzen dituzte, eta zerga ordaintzaile euskaldunei esker eraikia dela ahazten dute. Behin, Guggenheimek bere ateak zabaldu zituen garaian, Bostonen hitzaldi bat eman behar nuela, entzule bat hurbildu eta zera esan zidan: "Entzun al duzu? Euskaldunek Guggenheim leherraraziko dutela mehatxatu omen dute". Nik, orduan: "Entzun al duzu? Euskaldunek Guggenheim eraiki omen dute" Ez. Ez zuen horrelakorik entzun.

"Cod" zure aurreko lanean bezala, "The Basque History of the World" honetan ere errezetak eman eta sukaldaritzaz jarduten duzu. Nolako garrantzia du janariak herri batean?
Edozein kulturaren neurgailu garrantzitsuenetakoa da, are gehiago janariarekin hain identifikaturik sentitzen den euskal kulturan. Behar biologiko unibertsala izanik ere, klimak, ekonomiak, historiak, merkataritzak eta beste herriekiko harremanak mugatua dago. Sukaldaritza tradizio bakoitza sakonki kodifikatua dago, baina aztertu eta kontuz dekodifikatuz gero, giza historia kontatzen digu, zuhaitzen eraztunek eta formazio geologikoek naturaren historia ulertzen laguntzen diguten bezala.
Horren mitiko, enigmatiko eta misteriotsuak al gara benetan?
Mitikoak. Erabat. Mitoen herria da hura, batzuk benetako mitoak, besteak eraikiak. Aitorretik hasi eta Sabino, Agirre edo Monzoneraino, guztiak dimentsio mitikoa hartzen duela dirudi. Euskal intelektoaren inguruan bada zeozer berez erromantikoa dena. Mitoa errealitatetik bereizten saiatu nintzen eta, era berean, mitoen balioa onartzen, beti ere mitoak direla ahaztu gabe. Horregatik, ahalegin handia egin nuen Jose Antonio Agirreren alde txarraren bila, baina ezer txarrik topatzeko gai ez nintzen izan. EEBBetan konfiantza gehiegi jarri zuela salbu. Baina hori bihotz ona zuen seinale da.
Euskaldunak taldean direnean soilik dira enigmatiko. Ez daude bi euskaldun ezertan ados jarriko direnik. Niri askotan galdetzen didate: "Zer nahi dute euskaldunek?". Imajina al dezakezu nolako kaosa sortuko litzateken euskaldun talde bat gela batean bildu eta galdera bera botaz gero?
Herri bati misteriotsu esatea kanpotarraren juzku bat da beti. Osoki ulertzen ez dugunari jartzen diogu etiketa hori. Historian zehar euskaldunak sekretuarekin lotu izan dira kanpotarrek ulertzen ez zuten hizkuntzan mintzatzen zirelako. Baina zuek ez zenuten euskara hitz egiten sekretuak gordetzeko, zuek zuen hizkuntzan jarduten zenuten, besterik gabe. Nik ez dut ingelesez hitz egiten mundu guztiak esaten dudana uler dezan. Nire hizkuntza da.

EGILEAREN PROFILA
Hartford-en (Connecticut, EEBB) jaio zen 1948an. Bere ikasketak ordaintzeko New England-eko arrantzuntzi batean jardun zuen gaztetan. Antzerki ikasketak burutu eta antzezlanak idazten hasi zen ondoren. Sukaldari gisa ere aritu zen New York eta New England-en. Besteak beste, Paris eta Mexikon bizi izan da eta Europaz, Mendebal Afrikaz, Asiaz eta Hego Amerikaz (Karibe inguruaz, batez ere) ugari idatzi du. "New York Times Magazine", "Harpers", "International Herald Tribune", "Chicago Tribune", "Miami Herald" eta beste argitalpen batzuetan kolaboratu du azken 20 urteetan. Narrazio laburrak argitaratzeaz gain, lau liburu idatzi ditu Kurlanskyk: "A Continent of Islands: Searching for the Caribbean Destiny" (1992), "The Chosen Few: The Resurrection of European Jewry" (1994), "Cod: A Biography of a Fish That Changed the World" eta "The Basque History of the World". Gatzaren historiaren inguruko liburu batean ari da orain lanean, baina lehenago Karibe inguruko ipuin laburrak bilduko dituen liburua kaleratuko du


Azkenak
NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Hamabost migratzaile bizi ziren kanpaleku bat hustu du Getxoko Udalak

Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]


Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Jaurlaritzak babestu du Jerusalemgo kolonoentzat CAF egiten ari den tranbia

Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.


Irungo ‘auzokide patruilen’ atzean, islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak

Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]


2025-06-20 | Gedar
Basauriko Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio arma-ekoizle sionista bati

Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.


Arabako Mahastiak sor-markari behin betiko itxi dio bidea Espainiako Auzitegi Gorenak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetza eman zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari. Elkarteak helegitea jarri zion ebazpenari, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ezetza berretsi du.
 


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Eguneraketa berriak daude