BALIO NATURAL HANDIKO LUR ZATI TXIKIAK

  • Euskal Herriko kostaldearen ezaugarririk aipagarriena adin eta konposaketa desberdineko itsaslabarrek osatuta egotea da. Oro har, sartune eta irtenune handirik azaltzen ez dituzten itsaslabar hauek soilik Kantauri itsasora urak isurtzen dituzten ibai laburrek amaieran eratzen dituzten itsasadarretan ebakitzen dira. Kostalde honetan, salbuespenak salbuespen, ez ditugu tamaina handiko irlak, baina bai itsasbazterreko paisajea aberasten duten hainbat itsas harkaitz eta irla txiki. Irla hauetako gehienak gainera, gizakiarekiko azaltzen dituzten isolamendu-baldintzei esker, itsas eta itsasbazterreko hainbat animalia eta landareren azken gordeleku bilakatu dira. Natura eta ekologia ikuspegietatik balio handiko lekuak dira. Segidan, Euskal Herriko irla eta itsas harkaitz garrantzitsuenen errepasoa eta berauen jatorria eta bilakaera azalduko ditugu.

2000ko ekainaren 25ean
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Billano irla

Gorlizko Legorarri edo Billano lurmuturraren aurrean kokatutako irla txiki honek itsasotik irteten ari den herensuge baten itxura du askorentzat. Harri-irla txiki hau kostalde-zati honen paisajearen elementurik bereizgarriena da zalantzarik gabe.
Naturaren ikuspegitik, bere tamaina txikia izan arren, bertan ekaitz-txori txikiak eta ubarroi mottodunak habia egiten dutela frogatuta dago, gure kostaldean espezie hauek agertzen diren leku bakanetakoa delarik.


Gaztelugatxe eta Aketx irlak

Bakio eta Bermeo artean, Matxitxako lurmuturraren ondoan kokatutako bi harri-irla hauek erakargarritasun handiko lekua bilakatzen dute gure kostaldeko txoko hau. Bietatik, gaur egun soilik Aketxek mantentzen du irla-izaera, Gaztelugatxen, lehorrarekiko azaltzen duen hurbiltasuna dela eta, gizakiak pasabide bat eraiki baitu lehen soilik itsasbeheretan agerian gelditzen zen istmoaren gainean. Pasabide honek, Gaztelugatxek irla-izaera galtzea eragiteaz gain, irlaren gainean baseliza bat eta bertaraino iristen den bide bat eraikitzea ahalbidetu du eta honek irlen ezaugarri diren isolamendu-baldintzak desagertzea eragin du.
Arrazoi hau dela eta, natura ikuspegitik behintzat, interesgarriagoa da Aketx irla, bertan ubarroi mottodun, ekaitz-txori txiki eta kaio-espezie desberdinen kolonia habigile garrantzitsuenekin batera, Euskal Herrian leku bakan batzuetan baino habia egiten ez duten harkaitz-zozo urdina, belatz handia edo haitz-usoa aurkitzen baititugu.
Landareen aldetik, mundu osoan soilik euskal kostaldean bizi den Armeria euskadiensis landare endemikoa ez ezik, gure itsaslabarretan nahiko arraroak diren Limonium binervosum, Cochlearia danica eta Spergularia rupicola landareak ere deskribatu dira hemen.
Arrazoi hauen guztien ondorioz, Gaztelugatxe-Aketx-Matxitxako ingurua Biotopo Babestua izenpean babestuta dago gaur egun.


Urdaibaiko irlak. Izaro, Txatxarramendi eta Sardindere

Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan hiru harri-irla daude. Bata, Izaro, itsasadarraren bokalearen aurrean kokatuta dago, Ogoño lurmuturra, Mundaka eta Bermeoren artean. Beste biak, Txatxarramendi eta Sardindere, itsasadarraren barruan daude, Sukarrieta herriaren aurrean.
Hiruretatik, Izaro dugu ezagunena eta gaur egun erabateko irla-izaera oraindik mantentzen duena, beste biak, itsasadarraren barruan kokatuak egotearen ondorioz, itsasbeheretan hare-hondartzen bidez lehorrarekin lotuak gelditzen baitira. Txatxarramendiren kasuan gainera, Sukarrieta herriarekin zubi baten bidez lotuta dago eta bere barruan AZTI itsas ikerketarako erakundearen egoitza dago.
Naturaren ikuspegitik, Aketx eta Gaztelugatxerako aipatu ditugun animalia- eta landare-espezie bereziak Izaro irlan ere agertzen direla azpimarra daiteke, salbuespen batekin, Armeria euskadiensis landare endemikoa.


San Nikolas irla

Lekeitioko herrian, Lea ibaiaren bokalearen aurrean kokatutako harri-irla handi hau, egun, itsasbeheretan agerian gelditzen den hondarrezko tonbolo baten bidez lotuta dago lehorrarekin. Hondarrezko istmo hau eta Lekeitio herriarekiko hurbiltasuna direla eta, irla honek ez ditu irlen ezaugarri diren isolamendu-baldintzak azaltzen eta horregatik, bertan ez dugu aipamen berezia merezi duten animalia edo landarerik. Hala ere, ingurune eder honen paisajearen zati baliotsu eta aberasgarria denik ezin ukatu.


Beduako irlak

Bizkaiko kostaldea utzi eta Gipuzkoara iritsita, Zumaiaraino joan behar dugu lehenengo irlak aurkitzeko. Kasu honetan Urola ibaiaren itsasadarrean gora joan behar dugu, Bedua izenez ezaguna den ingururaino. Bertan, izen bereko limo-irlak aurkituko ditugu itsasadarraren erdian. Glaux maritima espezie bakana barruan hartzen duen landaredi halofiloaren ordezkaritza interesgarria eta anitza azaltzen duten bi limo-irla hauek, garai beroagoen lekuko bezala gelditu den San Migueleko artadi kantauriarrarekin batera, interes ekologiko eta paisajistiko handiko lekua bilakatzen dute Bedua.


San Anton irla

"Getariako sagutxo" izenez ere ezaguna den San Anton mendia, egun Getariako portuko instalazioen bidez lehorrarekin lotuta badago ere, gizakiak leku honetan eskua sartu baino lehen, irla bat zen.
Gaur egun, irlen isolamendu-baldintzak galdu baditu ere, bere itsaslabar malkartsuek hainbat landare eta animalia bakanen gordeleku izaten jarraitzen dute, hala nola, Armeria euskadiensis edo Limonium binervosum itsaslabarretako belarrak edo belatz handia edo harkaitz-zozo urdina hegazti-espezieak.


Mollarri irla

Zarautz eta Orio artean kokatuta dagoen Talaia mendiaren aurrean harri-irla txiki bat dago: Mollarri irla. Bere tamaina txikia dela eta, naturaren aldetik ez du aparteko garrantzirik. Hala ere, udazken eta neguko ekaitz gogorreko egunetan batez ere, ez da zaila bertan ubarroi mottodunak, ekaitz-txoriak, txenadak... bezalako itsas hegaztiak ikustea.


Donostiako irlak: Santa Klara eta UrgulL

Bai, bai! Ongi irakurri duzu! Urgull ere Donostiako irlen artean sartu dugu; gaur egun irla baino mendi edo penintsula txiki bat badirudi ere, jatorriz Santa Klara bezalakoa da, hots, higadura diferentzialak sortutako harri-irla bat.
Eta zergatik galdu du irla-izaera? Arrazoia Urumea ibaiak eta itsasoak garraiaturiko hondar-kantitate handiak Urgull irlaren atzealdean sortu zuten tonboloan bilatu behar da, hare-tonbolo honen gainean altxatu baitziren hasiera batean Donostiako alde zaharra eta gotorlekua eta geroago Donostiako zabalunea.
Natura ikuspegitik, aspekturik aipagarrienak, bai Santa Klaran eta bai Urgullen ere, Armeria euskadiensis landare endemikoak azaltzen dituen populazio joriak eta sugandila iberiarrak bi irla hauetan azaltzen duen Podarcis hispanica sebastiani izeneko subespezie endemikoa lirateke.


Amuitze irla

Hondarribiko Higer lurmuturraren aurrean kokatutako harri-irla txiki honetara, itsasbeheretan, belaunetaraino uretan sartuta irits daiteke arazorik gabe. Lehorrarekiko hurbiltasunak eta bere tamaina txikiak natura ikuspegitik aparteko ezaugarririk ez azaltzea eragiten dute. Hala ere, udazkeneko ekaitz egunetan, ezteiondoko migrazioa burutzen ari den hainbat itsas hegaztirentzat Amuitze atseden eta babeslekua bilakatzen dela kontuan hartzekoa da.


Txingudiko irlak: Bidasoako irlak, Faisaien irla eta Txorien irla

Txingudi badia eta Bidasoa ibaiaren bokalearen barruan jatorri desberdineko zenbait irla dago.
Irun eta Hendaiako hirien hazkundeak nabarmen txikitu duen Bidasoa ibaiaren lehengo deltaren lekuko isilen modura Galera, Santiago Aurrera eta Hiru Kanale izenez ezagunak diren limo-irlak mantentzen dira. Duela gutxi arte, mareen eraginetik babesten zuten murru txiki batzuei esker, nekazaritzarako erabiltzen ziren, bi handienek (Galera eta Santiago Aurrera) gaur egun padura-izaera errekuperatu dute, murruak erori baitziren. Ingurune hauek bere egoera naturalera itzultzeko duten ahalmen handiaren froga garbia bilakatu dira.
Ikuspegi naturalaren aldetik, ingurune hauetan dauden animalia- eta landare-komunitate interesgarriez gain, aipatzekoa da lore zuri deigarriak azaltzen dituen Cochlearia pyrenaica aestuaria landare halofiloaren presentzia. Euskal Herrian soilik itsasadar honetan agertzen da.
Gipuzkoarrentzat Faisaien irla eta lapurtarrentzat Konferentziaren irla izenez ezaguna den irla txikia, aurrekoak bezala, jatorriz limo-irla bat da. Dena dela, gaur egun erabat artifiziala den itxura azaltzen du Faisaien irlak, izan ere, 1659. urtean, bertan Pirinioetako Pakea sinatzeak, historia aldetik ospe handia emateaz gain, izaera juridiko-administratibo berezia ekarri baitzuen irla txiki honentzat. Urte erdia Espainiako Estatuaren esku eta beste erdia Frantziako Estatuaren menpe dago. Historia aldetik duen garrantzia honek eragin zuen irla mareen eraginetik at uzten duen harrizko murruaren eraikuntza.
Azkenik, Hendaiako Beltzenia aldean dagoen Txorien irla aipatuko dugu. Jatorriz, Txorien irla hondarrezko irla artifiziala da. Hendaiako arrantza-portua eraikitzeko lanetan dragatu behar izan zuten hondarra badiaren erdian metatu zuten eta modu horretan sortu zen Txorien irla.
Ikuspegi naturaletik Txorien irlak aparteko baliorik ez izan arren, bere ondoan eratu den Beltzeniako paduran elikatzen diren hegaztientzat atsedenleku eta babeslekua bilakatzen da itsasgoretan, batez ere, hegaztien migrazio-garaietan, udazkenean eta udaberrian.


Abadiako irlak. Dunbarriak eta Loia

Txingudi badiaren mendebaldeko muturrean, Santa Ana lurmuturraren inguruan, Abadiako ingurune babestua dago. Antoine d'Abbadie zientzialari eta euskaltzale ezagunaren lurjabegoa izan zen eremu zoragarri honetan ere, hainbat itsas harkaitz eta harri-irla aurkituko du bertara hurbiltzen den bisitariak. Ezagunenak, Hendaiako turismo-irudia osatzen duten Dunbarriak dira, baina ez dira bakarrak, hondartzaren beste aldean irekitzen den Loia badian, itsasbeheretan legar eta harkoskorren tonbolo baten bidez lehorrarekin lotua gelditzen den izen bereko harri-irla bat baitago.
Natura-ikuspegitik, ingurune honek aparteko ezaugarririk azaltzen ez badu ere, geologiaren aldetik, Euskal Herriko kostaldearen txokorik interesgarrienetakoa da. Bertan inon baino hobe aztertu daiteke itsas harkaitzen eta harri-irlen eraketa.


Miarritzeko irlak. La frégate, Roche Ronde, Roche Plate, Rocher de la Vierge...

Miarritzeko kostaldean ugari dira itsas harkaitzak eta harri-irlak. Hauetako batzuk (Rocher de la Vierge, kaiaren ingurukoak...) gaur egun, gizakiaren eraginez, lehorrarekin loturik agertzen zaizkigu. Beste batzuek (La frégate, Roche Ronde, Roche Plate...), ordea, irlen ohiko isolamendu-baldintzak mantentzen dituzte eta horri esker bertan ekaitz-txori txikiaren kolonia habigile garrantzitsu bat dago. Kolonia hau dela eta, Frantziako Ingurugiro Ministerioak irlatxo hauek ZICO (Zone Importante pour la Conservation des Oiseaux) izendatu ditu.


Atturriko irlak: Lehuntze, Broc, Berenx...

Atturriko itsasadarrean ere zenbait limo-irla mantentzen da. Handiena Lehuntze herriaren aurrean kokatutakoa da eta gaur egun laborantzaz beteta agertzen zaigunez, ikuspegi naturaletik ez du aparteko garrantzirik. Itsasadarrean gorago joanez gero, Broc eta Berenx izenez ezagunak diren limo-irlak aurkituko ditugu. Hauek Lehuntzekoa baino txikiagoak dira eta itsasadarraren erdi-erdian kokatuta daude eta horregatik, bertan gizakiaren eragina txikiagoa izan da.
Natura ikuspegitik, Berenx irla da interesgarriena, honen atzealdeko zuhaitzen adarretan amiltxorien, lertxuntxo txikien eta lertxuntxo itzainen Euskal Herriko kolonia habigile garrantzitsuenetakoa agertzen baita.
Artikulu honetan argi gelditu denez, Euskal Herrian ez dugu hedadura handiko irlarik. Metro karratu gutxi batzuk baino betetzen ez dituzten irla txiki ugari baizik. Kostaldeak azken hamarkadetan ezagutu duen hazkunde demografiko itzelaren ondorioz, irla hauek kostaldeko fauna eta floraren hainbat espezie garrantzitsuenen azken gordelekuak bilakatu diren heinean, hauetako gehienak neurri zorrotzagoekin babestu beharko liratekelakoan gaude. Bitartean, heziketa eta dibulgazioa dira gure ondare naturalaren zati garrantzitsua osatzen duten lur-zati hauek babesteko eta mantentzeko ditugun arma bakarrak

LIMO- EDO PADURA-IRLAK
KOSTALDEKO IRLA MOTA hauek soilik itsasadar eta estuarioen barruan aurkituko ditugu. Hauen jatorria, ibaietatik datorren ur-geza eta mareen bidez itsasadarretan gora eta behera dabilen ur gaziaren arteko nahasketan bilatu behar da. Nahasketa honen ondorioz, bai ibaietako urak, bai itsasokoak garraiatzen dituzten limo eta buztin kantitate handiak agregatu txikietan elkartzen dira eta estuario eta itsasadar hondoetan metatzen dira. Denborarekin, sedimentazio-prozesu honek itsasbeheretan agerian gelditzen diren limo-lautadak eratzen ditu. Jarraian, mareen gorabeherek eta uraren gazitasun aldakorrak ezartzen dituzten bizi-baldintza gogorretan bizirauteko moldatuta dauden landare halofitoak limo-hondartza hauek kolonizatzen hasten dira. Beraiei esker, sedimentazio-prozesua nabarmen azkartzen da.
Sedimentuen mailak itsasgoren maila gainditzen duenean limo-hondartza hauek landare gehiago bizitzeko baldintzak eskaintzen dituzte eta paduretan bilakatzen dira. Egoera honetan, mareen korronteak paduren zehar igotzen eta jaisten jarraitzeak kanal-sare konplexuak eratzen ditu. Sarritan, kanal hauek tamaina desberdinetako padura-zatiak isolatuak uzten dituzte eta limo-irlak edo padura-irlak izenez ezagunak diren irlak sortzen dira.
Irla hauek oso ezegonkorrak dira, aipatutako eraketa-prozesuak etengabe aldatzen baititu hauen itxura eta dimentsioak. Limo-irla hauen agerpena eta desagerpena itsasadarretan ohiko fenomenoa da. Hala ere, Euskal Herriko zenbait itsasadar eta estuariotan, kasu gehienetan gizakiaren jardueraz lagunduta, denboran zehar iraun duten hainbat limo-irla egonkorragoak daude eta horregatik, euskal kostaldeko irlen errepaso honetan sartzea interesgarria iruditu zaigu.
Limo-irletako bizitzari dagokionez, limoak elikagaietan oso aberatsak izan arren, mareen ondoriozko ur eta gazitasunaren aldakortasunak eta limoen oxigeno urritasunak bizi-baldintza gogorrak ezartzen dizkie bertan bizi nahi duten animalia eta landareei. Muturreko baldintza hauei aurre egin ahal izateko, bertako bizidunek moldaera bereziak garatu behar izan dituzte eta horregatik balio ekologiko handiko espezieak direla onartzen da.
Landareen artean, aipagarriak dira alga itxura duten Zoostera generoko landareak, limo-hondartzak kolonizatzen lehenengoak izaten diren Spartina generoko gramineoak, gazitasun handiko inguruetan bizitzeko moldatu diren Salicornia edo Arthrocnemum generokoak, Halimione portulacoides, Triglochim maritimum...
Animaliei dagokienez, aipagarria da limoek azaltzen duten ornogabeen aberastasuna. Izan ere, ornogabe hauek dira ingurune hauetako hegazti- eta arrain-komunitate jorien elikagaien iturri nagusia. Hegaztien artean, substratu bigunetan mugitzeko eta harrapakinak bilatzeko moko eta hanka luze eta indartsuak azaltzen dituzten limikolo edo zangaluze txikiak ditugu limo-irla hauen hegaztirik ezagunenak. Dena dela, ardeidoak (lertxun, lertxuntxoak, amiltxoriak...) edo anatidoak (ahateak, zertzetak, antzarak...) ere, sarritan ikusten dira limo-irla hauetan edo inguruetan

HARRI-IRLAK ETA ITSAS HARKAITZAK
Harrizko itsaslabarrez osatutako kostaldeetan ohikoa da harri-irla txikiak eta itsas harkaitzak aurkitzea. Irla hauen jatorria itsasoaren aldetik itsaslabarrek jasaten duten higaduran bilatu behar da. Zehazkiago, higadura diferentzialean, itsaslabarrek osatzen dituzten materialek eta hauen egituraketak zati batzuk beste batzuk baino errazago higatzea eragiten baitute.
Harri-irlen eraketa-prozesua hobeto ulertzeko itsaslabarren higadura nola gertatzen den azaldu behar da lehenago: uhinak itsaslabarren oinarriaren aurka etengabe jotzen ari direnez, denborarekin oinarrietan zuloak irekitzen hasten dira. Zulo hauek handiak egiten direnean, oinarriak ezin du itsaslabarra eutsi eta erori egiten da, kosta-lerroak atzera egiten duelarik. Higadura-prozesu honetan zehar, tirainak inguruko materialak baino gogorragoak diren itsaslabar zatiak aurkitzen baditu, hauek motelago higatuko ditu eta honen ondorioz agertuko dira harri-irlak eta itsas harkaitzak. Itsaslabarren higadurak hondarra edo legar kantitate handiak sortu dituen aldeetan edo material hauek etengabe garraiatzen dituzten ibaien bokaletan, hondar eta legarrak itsas korronteetatik babestuen dauden aldeetan, jalgi egiten dira hondartzak sortuz. Toki horietan irla bat badago, materialak irlaren atzealdean jalgi egingo dira, irla eta lehorra lotzen duen tonbolo izenez ezagunak diren hondartzak eratzen direlarik.
Harri-irla hauek, bertan bizitzera ausartzen diren landare eta animaliei eskaintzen dizkieten baldintzak oso gogorrak dira, izan ere, etengabeko higadura eragiten duen tiraina, hormen bertikaltasuna, gazitasun handiko urez zipriztintzeak eta haize gogorra jasanezinezkoak dira bizidun gehienentzat. Hale ere, badira baldintza gogor hauetan bizitzera moldatu diren landare eta animaliak. Landareen artean aipagarriak dira harri-hormetako arteka eta arrailduretan agertzen diren itsas mihilua, itsas plantaina edo Asplenium maritimum iratzea. Hedadura handiagoa duten irlen kasuan, hormen gainaldeetan lurzoruaren eraketak ez du hainbesteko zailtasunik aurkitzen eta honek itsas azenarioaz, betibizi horiaz, zauribelarraz, Festuca rubra gramineoaz... osatutako soropil txikiak agertzea ahalbidetzen du.
Animalien kasuan, irla eta itsas harkaitzen isolamendu-baldintzei esker hainbat hegazti-espezie labartar eta itsastarrak aukeratzen ditu inguruneok habia egiteko, hala nola, ekaitz-txori txiki, ubarroi mottodun, kaio hankahori, kaio ilun, belatz handi, harkaitz-zozo urdinek...


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Bi haur Palestinako banderarekin
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.