Komando Autonomoen jarduera 1977an hasi zen. Beren sorrera ulertzeko LAIAren bilakabideari jarraitu behar zaio, ordea. LAIA 1973an ETAtik sortu langile frontea izan zen eta KASeko partaide. ETA bitan banandu zen: miliak eta poli-miliak. LAIA ere bitan banatu zen 1977an; batzuek KAS alternatiba taktikoari uko egin zioten LAIA EZ sortuz. LAIA EZ alderdiak klase autonomia aldarrikatu zuen.
HIRUGARREN BIDEA.
1977an Espainiako Estatuaren erreforma bideratzen hasi zen eta hiru erakunde armatuak hiru estrategia iraultzaile ezberdin lantzen zituzten Euskal Herria independente eta sozialistaren bidean. ETA militarrak Euskal Herrian demokrazia gauzatzeko KAS alternatibaren onarpena jotzen zuen gutxieneko baldintzatzat. ETA politiko-militarrak (VII. biltzarra burutu ostean, EIA alderdi politikoaren sorrera posibilitatzen zuena), politika posibilista baten mesedean jarri zuen jarduera armatua hurrengo urteetan. Komando Autonomoak, berriz, autonomo, independentista eta antikapitalista bezala agertu ziren. Ideologikoki KAS alternatiba interklasistarekiko kritikoak ziren eta ez zuten aurreko bi erakundeen egitura hierarkikoa onartzen. Komando Autonomoek hirugarren bide armatu alternatiboa eta asanblearioa aldarrikatu zuten. Hainbat bidetatik etorritako taldeak bildu ziren autonomoetan. ETAren VI. biltzarraren ostean, V. batzarrarekin eta eta VI.arekin bat egin ez zuten militanteak ziren talde batean; herri langilearen borroka ekintza armatuaz osatu nahi zuen. Beste talde bat, herriz herriko asanblea jendetsuen arieran sortu zen; herriaren eremu askeak borroka armatuaren laguntzaz lortuko zirela mantentzen zuen. Hirugarren taldea, bi ETAko disidenteak ziren, klandestinitatean eta borroka armatuan zailduak. Laugarren taldea, LAIA EZ ingurutik etorri zen. Urola bailara eta Pasaia/Errenteria eta Tolosaldean burutu zituzten Autonomoek beren lehen ekintzak, klase enpresarialaren kontra zuzenduak nagusiki. Gasteiz, Iruñea eta Arrasate autonomoen plaza sendoak bihurtu ziren, eta Estatuko indar armatuen aurkako ekintza ugari burutu zuten ere. Arrasaten hil zituen Guardia Zibilak lehen militante autonomoak: Jose Mari Iturriotz `Zapa' eta Roberto Aranburu.
'ETA'KO AUTONOMOAK.
1977tik 1979ra bitartean herri xeheak ez zituen autonomoak miliengandik erabat bereizten. Beren estrategiak ezberdinak ziren, ordea. Konstituziotik jalgi zen Gernikako Autonomia onartu zen 1978an; anartean, Herri Batasuna hauteskundeetan lehiatzeko sortua zela. 1979ko urrian, Autonomoek German Gonzalez azgarkilaria hil zuten Urretxun. ETA biek Autonomoekin harremanik ez zutela azaldu zuten eta HBk bere desadostasuna agertu ere publikoki. Erakunde armatuen arteko ezberdintasunak argitu eta areagotuko ziren orduan, harremanak biziki gaiztotzeraino. BVEk 78tik 82ra 32 hilketa burutu zituen. Artean, Jose Miguel Etxeberria `Naparra' 1980ko ekainean desagertu izan zen. ETA eta Komando Autonomoen arteko desadostasun handienak 1984ko otsailean jalgi ziren. Autonomoek PSOEko Enrique Casas hil zuten; ZEN planaren arduradunetakotzat jo zuten. Atentatua hauteskunde autonomikoak burutzeko hiru egun falta zirelarik izan zen. HBko Mahai Nazionalak atentatua kondenatu zuen. Autonomoak ezkutuko hariak mugituak zirela esan zuen HBk. Komando Autonomoak 80ko hamarkadan ahituz joan ziren, baita ETA politiko-militarra ere. ETA militarra izan da berean jarraitu duen talde bakarra