ROCKETIK ALDENDUZ, ESTILO BERRIAK EKARRIKO DITU UDAK

  • Hamaika lan berri plazaratu dute ikasturte honetan euskal diskoetxeek. Batzuek, berritutako disko zaharrak; besteek, Euskal Herrian inoiz entzun ez diren doinu eta estiloak. Euskal Herriko ezaugarriei loturik, bi seihilabeteetan banatzen dute diskoetxeek euren produkzioa: bata, Durangoko Disko eta Liburu Azokarako eta bestea, udarako. 2000 urterako, udari begira eta bestela, prestatu dituzten proiektuak aztertuko ditugu jarraian.

2000ko ekainaren 11n
Aurtengo disko uzta aztertuta, euskal musikak azken urtean izan dituen lau ezaugarri ondoriozta daitezke: estilo zabalkuntza nabaria, rock erradikaletik harat, hip-hopa, musika elektronikoa eta pop-rocka ari dira barneratzen gure merkatuetan. Kalitate handia azpimarratzen dute diskoetxeetako arduradunek taldeez edo bakarlariez mintzatzerakoan. Produkzioa ere handia da dagoen kontsumitzaile kopuruarekin alderatuta, eta ia zigilu gehienek handitzeko joera dute. Azkenik, teknologia berriek gero eta garrantzia handiagoa dute musika munduan. CD-ROMak, bideoak... dira orain diskoen osagarri.
2000 urtea Fermin Muguruzaren "Erremixak" lanarekin hasi zuen Esan Ozenki diskoetxeak. "Entzun" aldizkariarekin kaleratu zen lehenengo, baina izandako arrakastaren ondorioz, ohiko bideetatik plazaratzea erabaki zuten. Honela, otsailean hasi zen banatzen Muguruzaren lana "Urrun bideoklipa" izenarekin. Urteko bigarren produkzioa izan zen Ruper Ordorikaren "Gaur" diskoa. Honen atzetik etorri ziren Dut-en "Askatu korapiloa" eta Jauko Barik-en estreinako diskoa, taldearen izen bera daramana. Seihilabete honetan argitaratu da baita ere Selektah Kolektiboaren lana, hip-hoparen munduan barneratuz. Bestalde, maiatzan bertan kaleratu zen Gora Herriak zigilupean Hechos contra el decoro-ren "Línea de Fuga" lana.
Udari begira, ekainean izango dira kalean Joxe Ripiauren laugarren lana, "Bizitza triste eta ederra", eta Etsaiaken zuzeneko diskoa.
Iaz epe berean argitaratu zituen disko kopuru bera kaleratu du aurten ere Esan Ozenkik. Estilo aldetik ordea, euskal musikak zabalkuntzarako duen joera azpimarratu du Esan Ozenkiko kide Asier Zuluetak: "Euskal Herria oso rockeroa da eta rocka entzuten da gehienbat oraindik, bere ohiko eran. Baina hori ari da aldatzen". Orain 10 urte punka zen nagusi, ondoren heavya eta datozen urteetan doinu berriak lantzen hasiko omen dira, batez ere, musika elektronikoa eta hip-hopa. Dena dela, Zuluetaren ustez, rocka ez da bat-batean desagertuko Euskal Herrian, rockak eta joera berriek elkarbizitza lortuko baitute.


DOINU GOGORRAK.

Guztira, bederatzi disko kaleratu zituen iazko urtean Gor diskoetxeak. Aurten argitaratu direnekin eta martxan dauden proiektuekin kopuru hori gaindituko dute, Durangokoak kontuan hartu gabe. Izenak berak dioenez, musika indartsua argitaratzen du Gor-ek. Aurtengoan ohiko taldeen bigarren lanak prestatu dituzte, eta zentzu horretan, talde bakoitzaren estiloak sendotu dira.
Leihotikan-ek hard core melodikoaren ildotik "Lur" diskoa plazaratu du, Flitter-ek "Rastafari Mamao", Zea Mays-ek bere ukitu melodikoa eskaini du "Elektrizitatea"rekin eta Berrizko Hyssopus taldeak "Galderarik gabeko erantzunak" prestatu du. Laster izango dira kalean baita ere, Su Ta Gar-en azken biraren zuzeneko bideoa eta Jousylouly-ren "Prest" lana. Azken honek Dut taldearen musikaren ukitu berezia omen du. Azkenik, ekainean eta udako denboraldia amaituz, "Aurtengo Gorakada 4" bilduma argitaratuko da.
Ondoren, irailetik hasita Gor-ek badu hainbat proiektu zehazturik: Marea eta Buitraker taldeen bigarren diskoak eta Madrilgo King Putreak taldearen disko liburu bat. Azken hirukote honek doinu bitxiak sortuko ditu, hala nola, tangoak, boleroak...
Salmenta aldetik, rockaren indarraren lekuko, Su Ta Gar-ek izan du arrakasta gehien, 15.000 ale inguru saldu baititu. Honen atzetik datoz Koma, Hemendik At!, Berri Txarrak eta Skalariak.


ASKO, AGIAN GEHIEGI.

Bluesa, kantautoreen lanak eta pop-rocka jorratu nahi izan ditu bereziki aurten Gaztelupeko Hotsak-ek. Euskal Herriko musikan, beste lurraldekoekin alderatuz dagoen kalitatea azpimarratu du bertako lankide Joxe Felix Azkaratek, baina lanez gainezka ibiltzeak dituen arriskuak ere aipatu ditu. Iaz hamairu disko argitaratu ziren etxe honetan eta aurten ere martxa bera daramate. Zigilu txiki batentzat asko omen dira: "Gauza asko daude politak, baina zerbait argitaratzean hura mimatzea, jarraipen bat egitea gustatzen zaigu... Eta asko badira, hori egiteko aukera gutxiago dago".
Dagoeneko, hainbat lan argitaratu dute aurten. Hasteko, 1991n Guantanamon sortu zen Soneros del Changüí taldearen "...a Changüisear" lana. Bertan, dantzatzeko folk kubatarra bildu dute. Urreztieta Konexion santurtziarren lehen lana ere kalean da. Taldearen izen bera duen lanak garai bateko Zarama taldearen ezaugarriak ditu. Musika indartsuarekin ere ausartu dira aurten Gaztelupeko Hotsak-ekoak. Horrela, Kafha talde eibartarraren izen bereko lana kaleratu dute. Talde honek Euskadi Gazteako maketa lehiaketa irabazi zuen. Zuzenean grabatutako beste blues lan bat ere argitaratu da Gaztelupeko Hotsak zigilupean, Ñaco & Bluescavidas taldearen "Directo en Moby Dick" lana, hain zuzen. Ñako hainbat taldetan ibilia da, eta egun, Antonio Serranorekin osatutako proiektuaz gain, Bluescavidas du bere talde finkoena.
Bestalde, udan kalean izango dira honako hiru lan hauek: Keu Etsaiak taldeko gitarrajolearen bakarkako lehen diskoa -lan instrumentala da gainera-, Morauren hirugarren lan luzea -"Amodio domestikoak" izenburupean hamalau kantu bilduko ditu- eta Arima Beltzak taldeak, euskarazko bluesa eginez, taxutu duena.
Uda igarota, beste hainbat proiektu du martxan diskoetxeak: besteak beste, Mikel Urdangarinen hirugarren lana eta Bide Ertzean-ek uztailean grabatuko duen lan berria. Ene Badak ekainean aterako du singlea eta horixe izango da bere disko luzearen aurrerapena. Blues inguruan ere beste hainbat gauza prestatzen ari omen dira. Gaztelupeko Hotsak-en iaz gehien saldu zena Mikel Urdangarinen lana izan zen eta honen atzetik, Joseba Tapiarena eta Loreleirena.


KONPETITZEKO PREST.

Urtean 10-12 lan kaleratzen ditu normalean Elkarlanean diskoetxeak. 2000 urtea Mikel Laboaren "Gernika zuzenean 2" diskoa argitaratuz hasi zuen. Victoria Eugenia Antzokian Musika Hamabostaldian eginiko kontzertuaren grabaketak berezitasun bat du gainera: "Txoria txori", "Gernika" eta "Baga-Biga-Higa" kantuak Euskadiko Gazte Orkestra eta Donostiako Orfeoiarekin daude grabatuak. Ondoren, "Oskorri & The Pub Ibiltaria"ren laugarren alea etorri zen, 18 kantuz osatua. Gero, Juan Carlos Perezen "Ikaro", Maskaradaren izen bereko antzezlanari lotua. Lan honen ildotik, Juan Carlos Perez eta bere taldea hasiak dira berriz zuzeneko emanaldiak eskaintzen. Kontzertu hauetan disko honen eta aurreko bien kantuez gain, Itoizen garaiko hainbat doinu ere jorratzen dituzte. Udazkenean, Euskal Herrian bira txiki bat egiteko asmoa ere badute.
Apirilaren amaieran argitaratu zen Etzakit taldearen "Goiz edo noiz". Ondoren, maiatzaren erdialdean, aurkeztu zen Oskorriren 23. diskoa, "Ura" izenekoa. Lan honek Kepa Junkeraren laguntza eta atzerriko hainbat gonbidaturen ñabardurak bildu ditu. Bai diseinu aldetik eta baita eduki aldetik ere produktu erakargarria egin nahi izan du Elkarlaneanek, ez bakarrik Euskal Herrian duten publikoa sendotzeko, baita mugak gaindituz atzerriko merkatura iristeko ere. Disko honen laguntzaz, apustu garrantzitsu bati ekingo dio Elkarlaneanek: dagoeneko Frantzian, Italian, Japonen eta Espainian dituzten banatzaileak sendotu eta datorren urtean Ingalaterran hasi nahi du euren lanak banatzen. Horrez gain, epe laburrean Alemanian eta Ipar Europan banatzaile berriak izango omen ditu eta epe luzeago batean, Ipar Ameriketan.
Maiatzaren bukaeran aurkeztu zen Pier Paul Berzaitz zuberotarraren "Baratze bat" lan intimoa. Berzaitzek lau pastoral idatzi ditu eta aurtengoa, Eskiulakoa, ere berak burutu du. Pastoralgile gisa ezagunagoa bada ere, diskogintza ez du alboratu; hau du bere bigarren diskoa. Udarako argitaratuko da, azkenik, Joselu Anaiak-en zazpigarren diskoa, Joselu Ruiz de Bordoak konposatutako country ukituko kantuekin.
Uda ondorenerako asmoen artean, badago hainbat bitxikeria. Lehenengoa, Etxahun-Iruriren omenez egingo den kantu bilduma izango da. Horretarako, jatorrizko dokumentuak bilduko dira, disko-dokumentu bat sortuz. Sü Hazia kultur elkarteak urteetan zehar Zuberoan zuzenean eginiko musika emanaldiak bildu ditu eta Elkarlaneanek elkarte honekin lortutako akordioaren bidez, kantu originalak -batzuk orain 40 urte grabatuak- entzun ahal izango ditugu. Doinu hauetako batzuk estudioan garbitu beharko dituzte. Guztira, 20-22 kantu izango dira eta horietako zortzietan gutxienez, Etxahun-Iruri bera agertzen da kantari.
Gozategiren laugarren diskoa udazkenean plazaratuko da. Eta urtaro horretarako ere prest egon liteke Xabier Leteren azken proiektua, baldin eta sendatuko balitz. "200 urte bertsotan" bilduman azken berrehun urtetako bertsolari karismatikoenen bertsoak jaso dira. Dagoeneko musika grabatua dago eta hitzak bilduak; orain ordea, Xabier Leteren ahotsa falta da horiek kantatzeko. Asmoa zortzi disko konpakto kaleratzea da.
Orain arte egindakoari eta lantzeko dagoenari begira, baikor ageri da Elkarlanean-eko arduradun Angel Valdes. Orain ari omen da euskal musika "profesionalizatzen". Gero eta garrantzia gehiago ematen zaie produktoreei, copyright-a babesteari, soinu kalitate on bat lortzeari... "Edozein merkatutan lehiatzeko soinu konpetitiboa ari gara lortzen, orain arte izan ez duguna. Orain Pier Paul Berzaitzen lehiakidea ez da Pantxoa eta Peio; Berzaitzek orain The Dubliners-en mailakoekin lehiatzen du; bien diskoak apal berdinean, bata bestearen ondoan, egon litezke saltokietan".


KULTURA OSATZEKO, MODAK HAUTSI.

Iazko urtea, kopuruari erreparatuta, ez zen oparoa izan Oihukarentzat. Normalki bederatzi disko inguru kaleratzen badituzte, iaz lau disko berri eta hiru berrargitalpen burutu zituzten guztira. Aurtengoari dagokionez ordea, dagoeneko lau lan ditu kalean diskoetxe honek eta urte bukaerarako beste sei argitaratuko ditu.
Gauza berriak ari dira sortzen Oihukan. Bertako arduradun Ritxi Aizpuruk dioenez, "triki pop-ak eta metalak topea jo dute jadanik eta hemendik aurrera beste estilo batzuk jorratu beharko dira". Estilo berri horiek salmenta kopuru handirik ez, baina euskal kulturaren espektro zabalagoa osatzeko omen dira komenigarriak. Horren adibide dira dagoeneko kaleratu diren hiru disko. Sasoi Ilunak taldeko abeslariak, Txuma Murugarrenek, bere bakarkako lehen lana plazaratu du "Nire leihoak" izenburupean. Bob Dylan eta Ruper Ordorikaren musikaren ukitua du disko honek. Lau Behiren hirugarren diskoa ere maiatzaren 12an aurkeztu zen. Bi aldaketa nabari daude talde honetan: batetik, laukotetik hirukote izatera igaro direla eta bestetik, burubelarri sartu direla rock and rollean. "Emakume interesgarriak" freskotasunez betetako lana da eta dantzatzeko aproposa gainera. Diskoarekin batera CD-ROM bat burutu dute. Bertan, jokoak gainditzen diren neurrian, kantuak moldatzeko aukera dago. CD-ROMak sari ugari jaso ditu: SGAEk (Sociedad General de Autores y Editores) saritu zuen, Espainia mailako Moebius saria ere irabazi zuen eta baita Bartzelonako multimedia mailako Laus saria ere. Hirugarren berrikuntza Bide Ertzean-en orain arte koroak egiten aritu den Labriten lehen bakarkako lana da. Maiatzean grabatua, "Paradisuan" izenburuko diskoan pop estiloa jorratu du. Aizpuruk dioenez, ez gaude oraindik Euskal Herrian oso ohituta emakume batek bakarlari moduan barne sentimenduak abestera.
Uda baino lehen azken lan bat kaleratuko da: Mugatik taldearen "Mugatik" diskoa. Hard corea lantzen duen talde honen lehen lana da hau. Ondoren, hainbat lan dago aurreikusita: Idi Bihotzen hirugarrena, Zapozain Iparraldeko taldearen diskoa urrirako, Brutal Melodyren lehen disko luzea, eta osatzear dagoen proiektu bat, Haritz Arregik, Latzeneko Aitor eta Jose Marik, Karlos Arantzegik eta Mikel Azpirozek osatu eta pop indartsua landuko duen talde berriaren lana, hain zuzen.


KANTAUTOREAK ETA KANPORA BEGIRAKO ROCKA.

IZko arduradun Gorka Etxeberriaren esanetan, aurtengo uztarako bi sail bereizi nahi izan ditu diskoetxeak: IZrock saila eta IZ zigilu ohikoa. Rock sail berezi horretan bi lan argitaratu dira dagoeneko. Batetik, Bittor Aiaperen laugarren diskoa. Ahotsa aldatuta eta kantautore bihurtuta agertzen da bertan. Bestetik, Nice Noise Ategorrietako taldearen "Crazy world" lana. 20-21 urte bitarteko lau gaztek osatzen dute taldea eta ingelesez abesten dute, Beattlesen eragin handiarekin.
Ohiko IZren beste bi lan kaleratu dira aurten: "BDB dúo" izeneko bikotearena, non bi neska pianojolek entzuteko arina den musika klasikoa egin duten, eta Unhe taldeak burututako "Mugak zabalduz" lana; euskal jazz folk estiloa jorratzen du eta Enyaren ukiturik ere somatzen zaio.
Udarako, "Agur 2000 kantuz" ETBk eginiko saioaren diskoa kaleratuko da, ETBrekin elkarlanean. Eta rockari dagokionez, Noraezean-en lana izango da. Uda ondotik argitara emango duen lehen diskoa Xabier Euskitzerena izango da. Lan honetan ez da bertso musikaturik egongo; Euskitze kantautorearen rolean sartuko da eta hitzak egiteaz gain, berak abestuko ditu kantu berriak. Euskal musikari onenetarikoak ari dira berarekin lanean: Pascal Gaigne, Joxan Goikoetxea eta Iñaki Salbador. Guztira, 10-12 lan plazaratuko ditu aurten IZk; iaz 8 argitaratu zituen.
Joerei dagokienean, Etxeberriak ez dio musika technoari garrantzia handiegirik eman. Euskal musikan ordea, arrakasta duten eta izango duten bi korronte nabarmendu nahi izan ditu: kalitatezko euskal kantautoreen produkzioa eta euskal rocka. Baina rock honi eskakizun bat egiten dio: "Euskal rocka beti berdina dela esan ohi da, pixka bat kanpora begiratu dezan eskatu behar zaio".


ZAHARRAK BERRI.

Guztira, 30 bat lan kaleratu zituen 1999an Agorila diskoetxeak. Horietatik erdiak, euskal musikari eskainiak. Aurten, dagoeneko 20-25 lan plazaratu ditu. Lan horietan ildo nagusi bat jarraitzen du: abesbatzek, bandek... sortutako musika tradizionalean oinarrituz, berrikuntzak sortzen saiatzen da, era horretan sormen lan horri bultzada emanez.
Apirilaren bukaeran argitaratutako Donibane-Lohizuneko Goraki abesbatzaren lana -euskal kanta tradizionalez osatua- da adibideetako bat. Erramun Martikorenaren "Elorrietan loreak" ere kalean da. Hegoaldean, aurtengo irailan egingo da disko honen aurkezpena. Ekainean izango dira kalean Beñat Axiariren azken diskoa eta "Patxi eta Batbiru" izeneko lan berria. Azken honetan Europa osoko hainbat lekutan -Irlandan, Italian...- jasotako euskal dantzak bildu dira. Lan honen zati bat, gainera, bideo formatoan izango da. Honela, euskal dantzaren historia errepasatu ahal izango da, irudiz eta doinuz lagunduta.
Uztailerako izango da baita ere kalean Manuel Turriasen omenezko lan berri bat. Frantziako hegoaldeko bandek eta taldeek osatutako diskoa izango da. Urte honetan bertan argitaratuko dira halaber Kukumikuren, Zapozainen eta Hendaiako Alaiak taldearen lan berriak.
Bestalde, Gazte Leiho maketa lehiaketaren irabazle izan zen Ormaiztegiko Geroh taldearen diskoa urte amaieran argitaratuko da. Lehiaketaren bigarren edizioarekin batera irtengo da beraz kalera.
Azkenik, iazko abenduan Aritzak taldeak -bertan Estitxuren anaiak abesten du bere seme-alabekin- Labeguerieren omenez kaleratutako lanak segida izango du aurten bigarren lan batekin. Urte amaieran emango da argitara.


HANDITZEN, HANDITZEN.

Orain bost urte sortu zen Hirusta Records diskoetxea, hasiera batean Mikel Errazkinen diskoak argitaratzeko soilik. Ondoren, urtean bi disko plazaratzeari ekin zion. Aurtengotik aurrera ordea, urtean hiru argitaratzea da etxe honen asmoa. Salmentei dagokienez, lan bakoitzetik, batez beste, 3.000 ale saltzen ditu.
Aurtengo udan Aitor Badiolaren "Naizena naizen arte" argitaratuko du. Kantari beteranoa da berau, orain 20 urte inguru kantuan ibiltzen zena. Honez gain, Gorka Sarriegiren bakarkako diskoa kaleratuko da eta eguberrietarako "Kanta ttikiak" lanaren bigarren alea, iazkoaren arrakastari jarraiki. Bertan, haurrentzako kantuak bilduko dira


Azkenak
2024-04-29
Olaia Beroiz: "Emakume errepresaliatuen kemena gogoratzea ezinbestekoa da"

Iruñeko Txantrea auzoko kale-izendegian frankismoan errepresaliatuak izan ziren hamar emakume gogoratuko dituzte. Ekitaldia egin zuten atzo eta auzoaren hegoaldean dagoen plaza bat oroimen gune ere izendatu zuten. "Garrantzitsua da historian gertatutakoa gogoratzea;... [+]


Eguneraketa berriak daude