ALKOHOLA NEURONENGAN

  • Urtero 100.000 neurona inguru galtzen ditu pertsona bakoitzak. Alkoholaren gehiegizko kontsumoak ordea, prozesua azkartzen du. Hortik datoz gero, ajearen buruko minak.

2000ko ekainaren 11n
Buruan 10.000 milioitik 100.000 milioi neuronara dauzkagu, eta zelula nerbioso horiek dira garunak komunikatzeko dituen unitate nagusiak. Behin garapenaren ondorioz kopuru hori finkatu ondoren, adoleszentziatik hasita urtero-urtero 100.000 neurona inguru galtzen dira modu naturalean, eta galera prozesu hori asko azkartzen du edari alkoholikoen gehiegizko kontsumoak.
Neurologoek diote mozkorraldi batean 100.000-150.000 neurona suntsitzen direla. Horrek esplikatuko lituzke, hein batean bederen, ajearen sintomak. Edariaren etanola edo alkohol etilikoa urdailean eta hestean xurgatzen da. Behin odolera pasatu denean, gorputz osoan zehar hedatzen da, modu uniformean, % 90-95 gibelean metabolizatzen den arren. Gainerakoa, % 5-10 alegia, beste bide batzuetatik metabolizatu edo kanporatzen da, arnas aparatuaren bidetik batez ere (eta horrek justifikatzen du mozkorren aho-hats berezia) eta baita giltzurrunaren bidez.
Gibelak, bere desintoxikazio lan horretan (hori besterik ez baita metabolismoaren alderdi hau), etanola edo alkohol etilikoa azetaldehido bihurtzen du, produktu oso toxikoa. Gibelak hartzen duen alkohol-kopurua gehiegizkoa bada, gainditua geratzen da, alkohol-zati batek ihes egiten du gibeleko garbiketa lan horretatik eta azetaldehidoa pilatzen da. Neurona batzuk afektatu eta hil egiten dira. Hortik, ajearen buruko mina


Eguneraketa berriak daude