"UMEEN HAURTZAROA ASKOZ LEHENAGO AMAITZEN DA ORAIN"

  • Zenbait ume belaunaldiren alaigarri izan dira Enkarni eta Manolo Gomez bere senarraren panpinak. Eta hor diraute Erreka Mari bezain gazte. Txotxongilo taldea 1971n sortu zutenetik, haurren marrazki eta gutunak dira jarraitzeko adorea ematen dietena.

2000ko apirilaren 30an
Bere etxean hartu gaituenean baxu hitz egiteko esan digu Enkarnik, bere panpinak oraindik lo daudela, Kubako Matanzas jaialditik itzuli berri. Manolo haientzako gosaria erostera joana da.
Zuek hasi baino lehen, gurean ez zen txotxongilo tradiziorik. Hutsune hori beraz, ezerezetik sortu behar izan zenuten.
Bai, baina ez ginen lehenak izan. Gerra Zibila aurretik txotxongilo emanaldiak egiten ziren, hori da behinik behin Fernando Amezketarraren liburuska batean ageri dena. Antza, Jose Egileor eta Gregorio Beorlegi plazaz plaza ibiltzen ziren txotxongiloak euskaraz egiten.

Txotxongiloek gainera, zu eta Manolo elkartu zintuzteten.
Manolo eta biok antzerki zaleak izan gara beti eta hain zuzen, hola ezagutu genuen elkar Antiguako parrokian antzerkia egiten. Ausardia zen, ordura arte neskak neskekin eta mutilak mutilekin nahastu gabe aritzen baikinen. Gauzak horrela, Gipuzkoan Colorin taldea zegoen, baina bakarrik gazteleraz antzezten. Bertako partaide batek erakutsi zigun panpinak nola egin. Ordurako hiru seme-alaba geneuzkan, eta egun batean etxe honetan bertan gure alabarentzat antzerkitxo bat egin genuen. Garai hartan gurasook parte hartze handia genuen ikastoletako ekintzetan, patata tortila txapelketa, edo zozketak egiteko. Halako batean jaialdi batean aritu ginen. Eginda gero, irakasleak harrituta geratu ziren, sasoi horretan oso zaila zelako umeentzako ikuskizunak euskaraz ematea. Kixki, Mixki eta Kaxkamelon pailazoak urtebete beranduago hasi ziren, kontuak atera. Ondoren, Feli Etxeberria Kaialde ikastolako irakasleak proposatu zigun gure txotxongiloekin bertara joatea. Lazkaoko Jaxinto apaizak eta andereño batzuek gure emanaldia ikusi eta Zaldibiakoei esan zieten. Poliki-poliki jendea hasi zitzaigun deika, inolako iragarkirik jarri gabe. "Zenbat kobratzen duzue?" galdetzen ziguten, eta guk ezetz, doan egiten genuela erantzun; orduan, opariekin hasi ziren eta azkenean, 500 pezeta kobratzea erabaki genuen.

Zuen 22 obren artean, euskal kondairak, ipuin unibertsalak eta zeuek asmatutakoak daude. Anitzak izanda ere, zer dute amankomunean?
Sormen prozesuan dago koska, eta nire ustez, halako sena izan dugu beti ipuinekin asmatzeko. Baina lehenik eta behin, ulergarri eta atsegina izan behar du, hori gabe alferrik dira erabil ditzakegun trikimailuak. Era berean, ipuina eta txotxongiloak ez ezik, apaingarri eta argiak ere kutunki zaindu behar dira girotzeko.

Non dago koska panpin bat bestea baino ospetsuago bihurtzeko? Erreka Mari, kasu.
Bera izan da panpin kutuna. Xarma handia du oraindik ere, agian, une berezi batean jaio zelako eta oraingo umeek gurasoengandik jasotzen dute Erreka Marirekiko lilura. "Eman eta gero"k ere harrera ona izan du; nahiz eta ipuin konplexuagoa izan. Mundua borobila, txikia eta erabat ezberdina dela adierazten dugu, eta gure arazoek larriak ematen badute ere, munduak bere bidea segiko duela. Zu pozik baldin bazaude panpin jakin batekin, ziurtzat jo umeek ere maitatuko dutela, hori berehala helarazten da haurrengana. Oso zaila da alderantziz gertatzea.

Umearen parte hartzea funtsezkoa da. Zergatik?
Umeak parte hartzaile dira, baina ez jende askok dioen modura, neurri batean baizik. Uste okerra zabaldu da, hau da, haurrek zenbat eta oihu gehiago egin, orduan eta ikuskizun hobea izango dela, bada ez, ez nago ados horrekin, umeek ere publiko bat osatzen dute. Jakina, helburua komunikazioa lortzea da, baina ez dezagun ahaztu haurrek bat-batekotasuna berez badutela zerbait botatzeko. Hori dela eta, guk ez ditugu umeak xaxatzen garrasika erantzun dezaten, barrenetik atera behar zaie, bestela ez da naturala. Bihotz, emozio eta irudimenarekin esku hartzen badute, zertarako jarri umeak builaka?

Zuen ipuinetan gainera, ez dira onak eta gaiztoak bakarrik agertzen.
Ez, pertsonaia arruntak izaten dira, Marikris panpinak esaterako, beti gauza gehiago nahi ditu, ez dago inoiz konforme. "Printze txikia"n ostera, inor ez da gaiztoa edo ona. Planetetan agertzen diren pertsonaiak harroputzak, berekoiak edota zalantzaz beteak daude. "Altxor bat patrikan" ipuineko Aupi, beti dago pozik eta jolasteko prest, Puaf ostera, beti nazkatua eta marmarka. Horren harian, Herensugea da gure pertsonaia maltzur bakarra.

Non dago muga umeen ulertzeko ahalmenari dagokionez?
Haurrak dena ulertzeko gai dira, bere mailan, noski, "Eman eta gero" adibidez, 3 urtetik 6ra bitarteko haurrentzat eskaini aurretik, jendeak ez zuen uste haurrak ulertzeko gauza izango zirenik, baina bai. Txotxongiloen bidez edozer konta dezakezu. Gu hasi ginenean, jendeak "etzazuela hainbeste lan hartu, hau haurrentzat da-eta" botatzen zigun. Bestalde, haurra etorkizuneko publikoa dela eta halako esaldiak txorakeria galantak dira. Gaurko publikoa da, eta kito. Heldu bati bezainbesteko begirunea zor zaie umeei. Haurrak nola dauden eserita ikusten dut, eroso egon daitezela, nahiz eta lurrean egon. Eta txotxongiloak hasi baino lehen haurrekin mintzatzen naiz zer moduz dauden jakiteko. Ikusi behar dutenaren aurkezpen txiki bat ere egiten diet.

Zertan aldatu dira gaur egungo umeak?
Ba, egia esan, urte hauetan, umeen bizkortze prozesu horretan aldaketa nabarmena somatu dugu. Lehen haurtzaroa luzeagoa izaten zen, gaur egun, 12 urteko haurrak jauntxoak dira; lehen aldiz, inozentzia hori 14 urte arte heltzen zen. Hala ere, 3 eta 8 urte bitarteko umeek samurtasuna erakusten dute gure ikuskizun baten aurrean eta, eskerrak Jainkoari, hain zuzen, telebistan ematen dituzten gauzak zeharo ikaragarriak direlako. Orain Pokemon izeneko marrazki bizidunak daude modan. Esaterako, umeek txapelketa bat dute Pokemon "Kultura"n nor dagoen jantzien neurtzeko. "Kultura" deitzen diote, badakite "Crongis" bat zer den eta zer bihurtzen den uretan bustitzen bada. Baina gero ez dakizkite beren herri inguruan dauden mendi eta ibaien izenak. Lehiara eta borrokara bultzatzen dituen gizartea ezin da ona izan. Umetan horrela hasten badira, zer esanik ez helduak direnean. Ez dakit non gauden, baina galbidetik gertu behintzat bai. Hala ere, ez dut uste telebista eta bideo kontsolek txotxongiloak eta gu sekula desagertaraziko gaituztenik, gure indarra benetakoak izatean datza-eta.

Noiz arte jarraituko duzue trostan?
Ez dakigu noiz arte iraungo dugun. Baina, makalaldi batean nagoela, umeek bidalitako gutun eta margoek ematen digute panpinekin segitzeko kemena. Denei erantzuten diegu, gainera. Bestalde, oso pozgarria da Kukubiltxo, Bihar edo Panta Rei bezalako taldeak gurekin batera lanean ikustea.

Umeen gutunek hunkitu egiten zaituzte, anekdotak ere izango dituzue.
Duela gutxi "Printze txikia" eman ondoren, 27 urte inguruko mutil bat hurbildu zitzaigun eta umea zela gurasoekin Mexikora joandakoa zela kontatu zigun. Ez zekien nola baina, "Printze txikia"ren kaseta bere etxera iritsi zen. Bere familiaz aparte, hori zen euskararekin zuen lotura bakarra. Egunero entzuten zuen eta buruz zekien goitik behera. Halaxe, Donostian uda pasatzen ari zela, egunkarian irakurri eta zapla! korrika joan zen gu ikustera.
Beste behin, sagardotegi batean geundela, "txuleta gutxi egina nahi dut, mesedez" esan nion neska zerbitzariari, eta segidan berak erantzun: "Kontxo! Zu Erreka Mari zara-eta". Ahotsarengatik ezagutu ninduen. Aurreko batean, hipermerkatu handi eta itogarri horietako batean "gurdia betetzen" ari nintzela -noizbehin ere halako astakeriak egiten ditut-, ama batek ni ezagutu eta alabari Erreka Mari nintzela esan zion, orduan alabak, negarrari eman zion, ezinezkoa zela ni Erreka Mari izatea. Gizarajoa! Ez, esan nion nik, zure amak esan nahi du ni Erreka Mariren lagun mina naizela. Kasetak salduz ez gara aberastu, baina behin etxe batean sartuta, betirako izaten da. Agian horregatik guraso askoren "txapa" bihurtu gara, umeek behin eta berriro, gau eta egun ipuina jarri ohi dutelako. Gorrotatzen gaituzten fanak ditugu bai.

Kubako giroa ezagututa, Elianek non ikusiko lituzke txotxongiloak gusturago Kuban edo Miami-n?
Nahiko gaizki pasa du gizarajoak, baina Kubara bueltatzen bada, ez pentsa kubatar arrunt baten bizimodua izango duenik, ez horixe, Fidelek Batista diktadorearen garaiko etxe puska bat emango lioke-eta, igerileku eta guzti. Ez naiz politika kontuetan sartuko, baina egia da kubatarrek zailtasun ugari dutela. Irla presondegia bihurtu da, ezin dute bisarik eskuratu. Hala ere, duela bi urte han egon ginenean jendeak haserreago zirudien orain baino. Elianen aferak ordea, herria elkartzea eragin du umea Kubara itzuli dadin. Gurekin alderatuz gero, gu "Mambo erregeak" garen arren, Haiti edo Nikaraguan baino hobeto daude Kuban, oinarrizko beharrak beteta dituztelako. Ez duzu kalean umerik ikusten, denak eskolan daude


Azkenak
Analisia
Negu gorri, hondamendia iragarri

Apirilaren 30ean, Espainiako patronala den CEOEk argazki horixe zintzilikatu zuen sareetan: ezkerrean dago Antonio Garamendi, CEOEko presidente den Getxoko semea; eta eskuinean Alfonso Santiago bilbotarra, musika festibalen munduan dabilen Last Tour promotorako burua, Eusko... [+]


Genozidioa gelditzeko eskatu du Gasteizko hezkuntza komunitateak Palestinaren aldeko ekimen jendetsuan

Ehunka herritarrek egin dute bat hainbat hezkuntza zentrok, guraso elkartek eta sindikatuk antolatutako deialdiarekin, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Sarea Euskal Herri osora zabaldu nahi dute sustatzaileek.


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Eguneraketa berriak daude