AMA, SAGUA EUSKARAZ HASI ZAIT!

  • "Umea beti ume", atzoko eta gaurko umeak jolasteko eta jakiteko azkureak bereak ditu. "Sagu txiki, sagu maite..." da oraindik joko gustukoena. Baina orain sagua ordenagailuarena dela, hor dago gakoa. Eta saguarekin euskaraz jolasteko gero eta aukera gehiago dago.

2000ko apirilaren 30ean
Euskarazko joko elektronikoen artean hiru mota aurki ditzakegu: ipuin tailerrak edo ordenagailuz istorio bat asmatzea helburu dutenak, gai bat lantzeko erabilitako jokoak (bertsolaritza, geografia...), eta bestelako jolasak (puzzleak, letrazopak...).


IRUDIMENAREN FABRIKAK.

Ipuinak entzun edo irakurtzea amesteko bide bada, istorio bat sortzeak irudimenari lehio gehiago zabaltzen dizkio. Ipuinak idaztea arte bat da, eta ipuin tailer hauek oso modu errazean erakusten dizkigute ipuinen oinarrizko elementuak zein diren. Aukeran ematen diren eszenatokiak, pertsonaiak eta hitzak konbinatuz pasarteak sortzen dira, kuadro moduko batzuk, eta kuadroak lotuz osatzen da istorioa. Hitz gutxi eta elementu grafiko askorekin (irudiak txikitu, handitu, postura ezberdinetan jarri eta lekuz alda daitezke), erabiltzen ari dena marrazki bizidun, komiki edo filmetako gidoilari bihurtzen da. Eta azpitik musika gehitzeak ikuskizun bihurtzen du lana. Elementu denak eskura eta aukeran izateak erraztu egiten du ipuinak asmatzeko lana. Sekula istoriorik sortu ez dutenei pistak ematen dizkie.
Euskarazko joko elektroniko gehienak ipuin tailerrak dira. Anaya etxeak 3 kaleratu ditu, eta bost hizkuntzatan jolasteko aukera eskaintzen du (euskaraz, galegoz, katalanez, ingelesez eta gazteleraz). Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek ere bere 25.urteurrena ospatzeko orain bi urte "Gurekin hegan" CD-ROMa kaleratu zuten, eta bertan joko ugari bildu dituzte, horien artean, ipuin tailerra: hiru pailazoak eraman ditzakegu joko olinpikoetara, eta Txirri bihurtu dezakegu Txiribiton bera baino askoz handiagoa, edo Txiribiton potoloa jarri Mirriren besoetan... Eta Agipad drogen prebentziorako taldeak ere kaleratu du beste CD-ROM bat: umeen arteko harreman pertsonalak garatzeko guraso eta irakasleentzat prestatutako hezkuntz materialaren osagarri da umeei zuzendutako "Lagunekin baratzean" CD-ROMa. Euskara edo gaztelera hizkuntza aukeratu, eta beste jokoen artean ipuin tailerrean ere aritu daiteke. Dudarik gabe, tipulak, esparragoak zein tomateak platerean baino atseginagoak egiten zaizkie haurrei istorioetan.
Ipuin tailerrek irudimenari lehioak zabaltzen dizkiote, istorioak hutsetik sortu beharrean proposatzen diren eszenategi, elementu eta pertsonaiak lotuz asmatzea errazagoa baita. Baina bestalde edozer gauza irudikatzeko orduan aurrez programatutako elementu hauek muga bihurtzen dira. Izan ere ipuin tailer bakoitzak eskaini ditzakeen aukerak kontatuak dira (batez beste 19 eszenatoki, 22 pertsonaia, pertsonaia bakoitzak 6 keinu, 11 objetu...). Eta hauen arteko konbinaketa agortezina bada ere, umeak nekatu egiten dira beti irudi berekin jolasteaz. Konponbidea izan liteke beste ipuin tailer ezberdin bat eskuratzea, edo bestela, joko hauekin istorio bat nola osatzen den ikusita, ipuinak irudikatzen, marrazten eta kontatzen hastea, euren kasa.


JOKO GEHIAGO, ETA GEHIAGO.

Letra zopak arrapaladan irensten dituzte haurrek, eta "Lagunekin baratzean" CDan hitzen bila zopatzeko aukera badago. Agipad prebentzio taldearen lan horrek eta Txirri, Mirri eta Txiribitonenak ere bostna puzzle jartzen dizkigute eskura. Jokoa interesgarriago egiteko, pailazoen puzzlea osatzean hiru lagun barregarriak ipurdibistan geratzen dira, eta zailtasun mailak ere aukeratu daitezke, fitxak handituz eta txikituz. Zuribeltzean dauden pailazoei kolorea ematea da Txirri, Mirri eta Txiribitonek proposatzen diguten beste joko bat. Bost marrazkietako bat hartu, eta erromako zubiaren 7 koloreak, brotxa lodi eta pintzel finak, arkatza eta ezabatzeko gomarekin pailazoak bizi-bizi uztea da egin behar dena. Ondoren, inprimatu eta gelako orman zintzilikatu daiteke, lagunei erakusteko.
Lepogaineko gaztari eragiteko, berriz, "saguen biltzarrea" taula erakusten digu Txirrik. Gazta puskak gordetzen dituzten laukitxoak aurkitu beharko dira, eta saguak izkutatuta dauden laukitxoak, berriz, saihestu. Nola asmatu, ordea? Aurkitutako gazta puska bakoitzak ematen digu bere inguruko kuadroetan dauden sagutxo kopuruaren berri.
Sssssss! Gu jolasten ari garen bitartean, zer dio Txiribitonek? Orain, bere bozinari hitza jarri ahal izango diogu: berak esan nahi duena idatzi beharko dugu, horretarako hitz horren hizkiak behar bezala ordenatuz.


JOKOAK AZTERKETA.

Propio jokoenak ez diren beste CD-ROM batzuetan ere aurki daitezke jokoak, programak aztertzen duen gaiaren osagarri direnak. Elhuyar zientzia zabaltzeko kultur elkarteak CD euskarrian kaleratzen dituen lan askotan, jokoren bat gehitzen du, ikasitakoa aplikatu eta jakinmina areagotzeko. Honen adibide da "Bertsoen mundua" CD-ROMa. Bideo irudiak, argazkiak, testuak eta ahots grabaketen bidez bertsolaritza etxera ekartzen digu: txapelketei buruzko informazioa, bertsolarien fitxak, bertso-antologiak, doinuak, eta abar biltzen baititu. Eta informazio hau baliagarria izango zaigu aukeran dauden bi jokoetan aritzerakoan: "Bakoitzari berea" jolasean bertso bakoitza nork botatakoa den asmatu beharko dugu, eta "Bertsozain automatikoa"rekin bertso ezagunenak hitzez hitz gogoratu beharko ditugu, hutsunez betetako bertsoak dagozkien hitzekin osatzeko. Eta Elhuyarren "Euskal Herria" multimedia entziklopediak ere geografia fisikoa, geografia politikoa, euskara, historia, kultura eta pertsonaia ezagunenen berri emateaz gain, "urkatua" eta "nor da nor" jokoak proposatzen dizkigu, jolastu einean edukiez hobe jabetzeko.


ZERTAN ARI NAIZ?

Jolastuz ikasi egiten dela esaten da, baina gaur egungo materialeekin, ikastea bera jolas izan daiteke, multimedia programa batzuetan ezin baitira bi jardunak bereizi. Elhuyarren "Animaliak" CD-ROMa, esaterako, haurrei zuzendutako entziklopedia da. Fitxetan antolatuta, animalia bakoitzaren ezaugarriak agertzen ditu: zein klaseko animalia den, bere definizioa, munduko zein lekutan eta zein ingurunetan bizi den, zer esaera eta esamoldetan erabiltzen den... Informazio hau dena marrazkitan, soinuen bidez argazkitan, testu bidez, eta bideo iruditan ematen da, animalien artean saltsan ibiltzea jolas bihurtuz. Horrez gain, 3 joko ere aurki daitezke CD honetan: "Oroimena" jokoan, estalita dauden karten artean aukeratuz animalia bakoitza bere ohiuarekin lotu beharko da. "Nor da hau" jokoan animalia bakoitzari dagokion izena jarri behar zaio, eta "Familiak" jolasa, berriz, oso da aproposa kalekumeen ahotan galtzear dagoen hiztegia osatzeko, animalia familia bateko harrak, emeak eta kumeak zer izen berezi duen asmatzean baitago gakoa.
"Animaliak" CDan bezala, Txirri, Mirri eta Txiribitonen lanean ere, gauza guztiak dira erdi jolasak. Pailazoek 25 urtetan sortutako kantuekin pixkanaka musikarekin gozatu eta ikasi egiten dute haurrek, ia konturatu ere egin gabe: karaokearekin, nahasketa mahaia erabiliz (honekin, kantu batean uneoro nahi dituzten instrumentuak ixilarazi edo entzungo dituzte)...
Eta gauza bera gertatzen da "Bertsoen mundua", "Euskal Herria" multimedia entziklopedia, "Euskal Herriko soinu-tresnak", "Euskal Herriko fauna" eta beste CD-ROM"serio"denekin ere. Izan ere, haurrak, beren gustuko gaia lantzen duen CDarekin, euren kasa ordenagailu aurrean utzi eta arratsalde osoa irudi artean miatzen aritzeko gauza baitira. Gainera, gurasoek baino abilidade gehiagorekin maneiatzen dituzte gaur egungo umeek CD-ROM konplexuenak ere. Eta alderantziz, umeei ipuin tailerrak eta bestelako programak eskuetatik kendu eta pare bat orduz jolasean aritzeko tentaldia oso da sanoa helduentzat.
Euskaraz jolastu nahi duenak badu gaur egun aukerarik, baina biharko egunean izango da joko gehiagoren premia, umeei jostailuak oparitu orduko zahartu egiten baitzaizkie. Orain arte euskaraz egitea ez da jolasa izan, eta bada ordua hizkuntza hau ikasgelatik jolasgelara eramatekoa. Jolasa eta ikasketa beti egon dira lotuta, eta joko elektroniko hauek mundua euskaraz ulertzen eta euskararen bidez pentsatzen laguntzen dute. Izan ere, euskarazko joko elektroniko denak dira didaktikoak. Euskararen unibertsoan ez dago joko ludikorik, ezta erahil beharreko martzianotxorik ere. Eta hor hasten da eztabaida, izan ere batzuek euskararen gaixoaldiari egozten baitiote oraindik hain modan dauden joko ludikoak euskaraz falta izatea, eta beste askok berriz hizkuntzaren kalterako baino, umeen onerako izango dela uste baitute. Zer dago lehenago, haurren osasuna edo hizkuntzarena? Eta haurrak dagoeneko beste hizkuntza batean gaixotuta badaude?


Azkenak
2025-06-07 | ARGIA
Euskara hutsezko plaza bete dute Ziburuko Azokan

1.000 euskaltzale eta kulturazale baino gehiago giro goxoan ibili dira Ziburuko liburu eta disko azokan, eta larunbat goiz eta arratsaldez gozatu dute hitzaldi, kontzertu eta liburu aurkezpenez. 33 argitaletxe eta 10 diskoetxeren lanak ezagutzeko eta erosteko aukera probestu... [+]


EAEko euskaltegietan A2 mailan matrikulatzea oraingoaren laurdena kostako da

Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei. 


Guardia Zibilak “hemendik fan egiteko” eskatuko dute ekainaren 14an Oñatin

Kuartela herrixantzat lelopean indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dutela aldarrikatzen du Fan Hemendik taldeak.
 


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


Bake Bideak eta Bakegileak bide amaierara iritsi dira

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.


2025-06-06 | Gedar
EAEko kartzelariak greba egitera deitu ditu ELAk

Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.


Idoia Asurmendi
Bihotzetik berriz pasatzea

IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.

----------------------------------------------------
 
Termometroak 30 gradutik gora markatzen ditu, uda giroa nagusi da eta Bilboko kaleak herritar aztoratuz beteta daude. Horrelako egun... [+]

Torturaren 21 biktima berri aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.


111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


GALen biktimei barkamena eskatu die Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak

Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.


Eguneraketa berriak daude