PFEZ IA SOILIK LAN-ERRENTEN GAINEAN APLIKATZEN DA

  • PFEZ, teorian bederen pertsona bakoitzaren egiazko errentaren arabera ordaintzen dena, azken urteotan ia soilik lan-errenten gainean aplikatzen ari da. Euskal Ogasun sailek emaniko datuen arabera, oraindik oso garrantzitsua da enpresari eta profesional jakin batzuek egiten duten iruzur fiskala, nahiz eta iruzurra kontrolpean edukitzeko neurri batzuk abian diren.

2007ko otsailaren 21an
Euskal Herrian azken urteotan iruzur fiskalaren gaineko kontrola handiagoa bada ere, PFEZ oraindik ere ia soilik lan-errenten gainean baino ez da aplikatzen (soldatak, pentsioak eta langabezi sariak). Artean, gizartean garrantzitsuak diren kolektiboek (enpresa-jarduerak eta jarduera profesionalak bideratzen dituztenak) eginiko ekarriak ez dira inondik ere beren egiazko sarrerak adieraziz gero ordaindu beharrekora iristen. Horixe da ELA sindikatuak iaz PFEZri buruz eginiko lan batean -"PFEZ gero eta okerrago banatua" izeneko txostenean- aurkeztutako ondorioetako bat. Aurten, orain dela gutxi, 1999. urtean aitortutako eta 1998ko ekitaldiari dagokion txostena aurkeztu du, eta ondorio berberetara iritsi da: PFEZren bidez biltzen denaren %80tik gora lan-errenten kontura doa.
PFEZ, teorian bederen, pertsona bakoitzaren egiazko errentaren arabera ordaintzen da. Zerga honen filosofiaren arabera, zenbat eta sarrera handiagoa izan orduan eta portzentaia handiagoa ordaindu behar da. Zerga aurrerakoia esaten zaio horri. Hala eta guztiz ere, sindikatu honek Ogasunak emaniko datu ofizialak aztertu ondoren, errealitatea eta teoria bat ez datozela esan beharra dago.
Sindikatu honen arabera, bi dira egoera honen arrazoiak: batetik, lan-errentak ez direnetan dagoen iruzur fiskala eta, bestetik, enpresen eta profesionalen kolektibitateek egiazkoak direnak baino errenta txikiagoak aitortzen dituztela askotan eta legalki.


AITORTUTAKO ERRENTAREN JATORRIA.

Sindikatu abertzalearen txostena EAEko datuetara mugatzen da, baina Nafarroakoak oso antzekoak izango dira. PFEZn errentaren jatorria aztertuta, esan beharra dago aitortutako 100 pezetatik 83 lan-errentatik etorriak direla (83,5 Araban, 83 Bizkaian eta 82,7 Gipuzkoan). 10 pezeta inguru datoz enpresa eta profesionalen jardueretatik (10,7 Araban, 8,2 Bizkaian eta 11,1 Gipuzkoan).
Gainera, sindikatu abertzalearen esanetan, datuek ez dute zalantza izpirik uzten; egoera hau zuzendu ez baizik eta sendotzeko bidean dago, azken urteetan gora egin baitu lan-errentetatik etorririko aitorpenen kopuruak. Honenbestez, guztizkoaren %82,3tik %83,4ra pasa da Araban, %81etik %83ra Bizkaian eta %79,6tik %82,7ra Gipuzkoan. Honek esan nahi du PFEZ neurri handiagoan aplikatzen dela soldatetan, pentsioetan eta langabezi sarietan.
Sindikatuaren txostenak kolektiboek aitorturiko batez besteko errenta aztertzen du aurrerago. Egiaztatu egiten da lan-errentak dituzten pertsonen kolektibitatea dela errenta handienak aitortzen dituena. Hala bada, Araban, soldatapeko langileek enpresa jarduerak eta jarduera profesionalak garatzen dituztenek baino 500.000 pezeta gehiago (20.000 libera) ordaintzen dute urtean. Gipuzkoan 665.000 pezetakoa da aldea eta Bizkaian 876.000 pezetakoa, azken lurralde honetan enpresa-jarduera eta jarduera profesionalak bideratzen dituztenek aitortutako batez besteko errentak EAEko baxuenak baitira, urtean soilik 1.520.000 pezetakoa.
Txosten honen arabera, kolektibo bakoitzak azken urteetan aitortzen duenaren eta egiazko sarreren arteko aldea murriztu beharrean handitu egin da. Izan ere, orain dela urte batzuk 400.000 pezetakoa zen aldea Araban, 600.000 pezetakoa Gipuzkoan eta 750.000 pezetakoa Bizkaian. Adierazitako errenta-maila hauen aurrean eta sindikatu abertzalearen esanetan, fenomeno bikoitza gertatzen da PFEZn: lan-errenten aurrean baino ez da aurrerakoitasun teorikoa aplikatzen, eta enpresa-errentak PFEZ ordaintzetik ia aske geratzen dira, izan ere, oso errenta baxuak aitortzen dituzte.
Gisa honetan amaitzen da euskal sindikatuaren txostena: "Azaldutako datuekin egiaztatzen den moduan, iruzur fiskalaren aurkako borrokak ez dio onerako aldaketarik ekarri zerga honen baitako presio fiskalaren banaketari; hortaz, borroka itxurazkoa edo ahulegia izan dela esan dezakegu".
1998ko ekitaldiari buruz aurten aurkeztutako txostenean oso antzeko egoera egiaztatu du sindikatu abertzaleak. PFEZren lan-errenten gaineko presio fiskala enpresa, profesional eta kapital-errenten gainekoa baino 2,2 bider handiagoa izan da. EAEn zerga horren bilketan lan-errentetatik etorritako kopurua 386.207 milioi pezetakoa izan zen 1998an, enpresa eta kapital-errentetatik etorritakoa 175.782 milioikoa izan zen artean. Ekarri bien arteko aldea, beraz, 210.000 milioko kopurura igo zen.
Nafarroan, berriz, lan-errentetatik etorritakoa 78.868 milioi pezetako kopurura igo zen, aurreko urtean baino %9 gehiago, enpresa eta kapital-errenten multzotik etorritakoa 52.813 milioi pezetakoa izan zen artean, hau da, 36.000 milioi pezeta gutxiago.
Soldatapekoek aitortutako urteko sarrerak 2.088.000 eta 2.354.000 pezeta bitartekoak diren artean -lurraldeen arabera beti ere- enpresa-jarduerak eta jarduera profesionalak garatzen dituzten pertsonek 1.375.205 eta 1.710.000 pezeta bitarteko sarrerak aitortzen dituzte; ELAren arabera, "praktikan zerga ordaintzetik salbuesten dituzten kopuruak"

EGUNGO IRUZUR FISKAL HANDIAREN AURKAKO NEURRIAK
INORK EZ DAKI ZEHATZ-MEHATZ zenbaterainokoa den Euskal Herrian dagoen iruzur fiskalaren kopurua. Datu guztiak eskura behar dituzten foru administrazioak ez dira horiek aditzera ematearen eta jendaurrean aurkeztearen aldeko. Datuok ez aurkezteko arrazoien artean dudarik gabe garrantzi handia izango du iruzur horren parte handi bat enpresarien, profesionalen eta lanbide liberaletan aritzen direnen aldetik etortzeak. Gainera, egun boterean dauden alderdietako kideak izan ohi dira pertsona horiek, edo boterean dauden alderdiei ematen diete botoa. Jakin badakigu hiritar gehienak, langileak, estu kontrolatuta daudela nominen bidez. Sindikatuek eta giza mugimenduek beti adierazi izan dituzte zenbaterainokoak diren iruzur fiskal honi dagozkion kopuru izugarriak. EAEko kasuan, urtean 300.000 milioi pezetakoa (12.000 milioi libera) dela adierazten dute, eta Nafarroakoan, 80.000 inguru milioi pezetakoa.
Nolanahi ere, iruzur fiskalaren aurkako politika justifikatzeko-edo, Administrazioek bideratzen dituzten ikuskatze-lanen emaitza batzuk ezagutzen ari gara arian-arian. Honenbestez, Arabako foru diputatu Juan Antonio Zaratek aitortu egin zuen Araban "iruzur fiskal handia" dagoena, baina ez zuen iruzurraren kopurua zehaztu nahi izan datu zehatzak eskura ez zituelako aitzakiarekin. Hala eta guztiz ere, jakin badakigu 1999 urteko lehen hamaika hilabeteetan zergapekoek ordaindu ez zituzten 5.216 milioi pezeta eskuratu zituela Arabako Ogasunak zergetan. Kopuru hori iragan urtean PFEZk eta Sozietateen gaineko Zergak aurreikusitako guztizko bilketaren %6 da.
Arabako foru diputatu beraren esanetan, Gasteizko egoitza aldean dauden merkataritza-establezimenduetan bideratutako ikuskatze-lanen %34tan irregulartasunak hauteman dira Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergen ordainketan, eta hori zerga-ordainketak saihesten direlako erakusgarri izan liteke. Zerga-mota horretan bertan, baina industrialdeetan, %46ra iristen dira irregulartasunak.
Gipuzkoako kasuan eta iruzurraren aurkako azken kanpainan, fiskotik ihes egin nahi zuten 16.740 milioi pezeta zenbatu zituen Gipuzkoako Foru Ogasunak. Batzar Nagusien aurrean 1999ko apirilean aurkezturiko datuen arabera, balio erantsiaren gaineko eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergei dagozkie, hein handi batean, ordaindu gabekoak. Antzeko zerbait gertatzen da Bizkaian, hein handiagoan baina, baita Nafarroan ere, neurri apalagoan; ez dugu datu zehatzik ordea.
Foru Ogasun guztiek egun dagoen iruzur fiskalari aurre egiteko asmoa ageri duten arren, berrikuntza ugari aurkezten dituen eta iruzur fiskalari aurre egiteko Gipuzkoan abian jarri den plan zehatza dakargu orriotara. Plan honen bidez 7.500 milioi pezeta gehiago bildu nahi ditu urtero.
Gipuzkoako Ogasunak lau urteko iraupena izango duen plan bat diseinatu du. Plan horren arabera, 1.346tik gora miloi pezeta inbertituko ditu bereziki bitarteko informatikoekin egiten den iruzurrari aurre egiteko. Herrialde honetan urtean 17.000 milioi pezeta aitortzen badira, iruzurrari aurre egiteko programa honekin beste 7.500 milioi pezeta bildu nahi dira, hots, urtean 25.000 milioi pezeta biltzea du helburu programak.
Programa honetan, zortzi multzotan banatutako 103 neurri aurreikusten dira. Hauetako gehienak Gipuzkoako Ogasunak orain arte aplikatu dituen neurriak dira, egokituak baina, eta beste neurri berri batzuk, teknologia aurreratuen laguntzaz egiten diren irregulartasunak hautemateko xedean.
Iruzurraren aurkako plan honek, besteak beste, "zergapekoei informatzeko, laguntzeko eta kasu egiteko sistemak hobetzea", "iruzurrari aurrea hartzeko neurriak sendotzea", "ikuskaritza lanen eraginkortasuna areagotzea" eta "diru-bilketan zorrak saihestea" ditu helburu. Diru-bilketaren atalean esan beharra dago Gipuzkoako Aldundiak, 1999ko urtarrilaren 1ean, zergen bidez jaso beharreko 29.689 milioi pezeta zeuzkala kobratu gabe; halaz ere, kopuru hori urtean 4.000 milioitan murriztea lortzen ari da Gipuzkoako Ogasuna.
Iruzur fiskalaren aurkako plan berri honen beste helburuak dira zergapekoen zerrenda handitzea eta ikuskaritzaren egitekoak jasan ditzaketen hautagaien bereizketan zehaztasun handiago batez jardutea. Horretarako, informatikaren arloan trebaturiko ikuskari talde bat osatu nahi da legegintzaldi honetan, izan ere, gaurko egunean oso teknologia modernoak erabilita egiten dira iruzur gehienak. Zergen esparruan eta batez ere informatikan trebatutako langile-teknikarien talde bat osatuko da "ingeniaritza fiskalari" aurre egiteko. Lau urteko epean 342 milioi pezeta bideratuko dira langile hauen gastuak ordaintzeko, 235 milioi kanpoko zerbitzuak kontratatzeko, beste 660 milioi gehiago ekipo informatikoetan inbertitzeko eta, azkenik, 110 milioi fakturazioa kontrolatzeko sistema berriak egokitzeko.
Bizkaiko Foru Ogasunak, bere aldetik, dagoeneko amaituta du iruzurrari aurre egiteko planaren araberako ikuskaritza zerbitzuaren erreforma. Erreforma honek aurkezten dituen ardatz nagusien arabera, areagotu egingo dira tresna informatikoak, handitu egingo da ikuskari eta ikuskariordeen plantila eta aldaketa batzuk egingo dira antolamenduan. Zerbitzu berri honek PFEZren arautegi berriarekin bideratuko den aurreneko errenta-kanpainaren emaitzak kontrolatzea du helburu. Ikuskaritzak bereziki egiaztatuko ditu nola enpresa-jarduerak hala jarduera profesionalak, horietan ematen baitira iruzur handienak. Helburua lortzearren, ikuskarien arloak beste 15 ikuskariorde eta 21 ikuskarirekin handitu du bere plantila


Azkenak
Netanyahuk ez dauka “gerra osteko” planik Gazarako

Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak publikoki leporatu dio Netanyahuri “gerra” amaitzerako planik ez izateak Israel behartuko duela Gazan kontrol militar eta zibila inposatzera. Palestinako Aginte Nazionalaren egitekoari buruzko eztabaidak talkak sortu ditu... [+]


2024-05-17 | ARGIA
LGTBIfobiaren aurka egingo dute ostiral arratsaldez manifestazio ugaritan

LGTBIfobiaren aurkako eguna da maiatzaren 17an eta arratsaldez mobilizazio ugari izango dira Euskal Herrian barrena. Albistearen bukaeran ematen dizuegu horietako batzuen berri.


Eguneraketa berriak daude