BBVA ETA IBERDROLAK NEGOZIOA WEBERA ZABALTZEKO APUSTUA EGIN DUTE

  • Interneten negozioa dagoeneko Euskal Herrira iritsi da. Euskal enpresa garrantzitsu bi, BBVA eta Iberdrola, zeharo murgilduta daude mundu berri honetan eta proiektu zehatzekin. Interneten negozioak egiteko Uno-e Espainiako Estatuko aurreneko ziberbankua eta Kristina izeneko kontsultategia ere apustu honen erakusgarri dira. Banco Guipuzcoanok iragarri berri duenez, bankuaren jatorriko etxetik bereiziriko on line banku bat sortzeko erabakia hartu du halaber.

2007ko otsailaren 21an
Interneten negozioak dagoeneko badu oihartzuna Euskal Herrian. Negozioa Internetera zabaltzeko apustuaren erakusgarri gisa euskal enpresa biren bi proiektu zehatz aukezten ditugu orriotan: bata, BBVA finantza enpresarena eta, bestea, Iberdrola energia enpresarena, azken urteetan negozioa anizteko politika bideratzen ari baita. Erakunde biak dagoeneko zeharo murgilduta daude sarearen mundu honetan. 26. orrialdean , halaber, Interneten munduan "Kristina" izenaz ezagutzen den eta dagoeneko 1.000tik gora milioi pezetako (40 milioi libera baino gehiagoko) inbertsioak eskatu dituen Iberdrolaren proiektuaren berri duzu. BBVAren proiektua edo, hobe esan, errealitatea da Uno-e.com izena duen ziberbankua. Soilik Internet bidez lan egingo duen aurreneko bankua da Espainiako Estatuan.
BBVAk ziberbanku hau sortzeko hartu zuen erabakiak Argentariarekin eginiko Bategitean du jatorria. Francisco Gonzalez buru duen Argentaria banku espainiarra mota honetako banku baten sorrera bultzatzen hasia zen. Gauzak horrela, BBVAko arduradunek bere egin zituzten banku espainiarrean zentzu honetan eginiko urratsak, eta ziberbanku berri honekin negozio-arlo berri bat sortzeko erabakia hartu zuten. Honenbestez sortu da bategindako banku berriaren hamargarren negozio-arloa.
Negozio-mota hau sendotzeko eta zabaltzeko, BBVAk aliantza estrategiko bat izenpetu du iragan otsailean Telefonicarekin. Horrela, leku ezin hobean daude aurrenekoak izateko Interneten negozioak, merkataritza elektronikoa, sakeleko telefonia eta banku-kontuak bideratzeko bide berriak kontrolpean edukitzeko orduan. BBVAk, xede horretan, Telefonicaren %10 erosi du eta operadore honek euskal bankuaren %3. Bankuak proiektuak garatzeko bilioi erdi inguru pezeta inbertituko ditu, eta Telefonicak beste 400.000 milioi pezeta aurreratuko ditu. Enpresa biak Hego Amerikan ondo kokatuta daudenez, izugarria izango da munduko alde horretan izango den negozioa. Eta mundu hori da enpresa bien funtsezko apustuetako bat.


UNO-E.COM.

Banku tradizionalentzat hil ala bizikoa izaten hasia da Interneten egotea. Eta ez da soilik erabiltzaileek zerbitzu eta bide mota gehiago eskatzen dituztelako, bankuentzako abantailak ere handiak direlako baizik. Kostuak zeharo murrizten dira. Transakzio mota desberdinen prezioa ezagutzea besterik ez dago. Sybase konpainiak kaleratutako txosten baten arabera, ohiko transakzio batek 1,07 dolar balio du banku batean eginez gero, 55 zentabo telefonoaren bidez eginez gero, 27 zentabo kutxazain automatikoetan egiten bada eta zentabo bakar bat Interneten bidez burutuz gero.
Gainera, bankuarentzat gutxitu egiten dira kostu finkoak, langile eta lokal gutxiago behar ditu. Euskal finantza erakundeak emaniko datuen arabera, bulegoetako langileek beren denboraren %52 baino ezin diote salmentari eta bezeroarekiko arretari eman, gainontzekoa barne gestio eta administrazio-lanei eman behar baitiete. Bulego zibernetiko berri honetan, denboraren %20 baino ez dute eskatuko betebehar automatikoek. Ondorioz, salmenten %20ko hazkundea eta kostuen %5eko murrizketa aurreikusten dira.
Banku tradizionalek, gainera, beste errealitate bat izan dute kontuan. Gaurko egunean, sarearen bidezko finantza zerbitzuek 374 milioi dolar (60.000tik gora milioi pezeta, 2.400 milioi libera inguru) mugitzen dituzte. 2003. urterako aurreikuspenen arabera, hirukoiztu egingo da erabiltzaileen kopurua (9,4 milioi), eta negozioa, aldi berean, ehun aldiz handiagoa izango da.
Gauzak horrela, BBVA sarera bildu da soilik Interneten bidez lan egiten duen aurreneko bankua sortu ondoren. Horretarako, Telefonicaren filiala den Terra Networks enpresaren %3 erosi zuen 2000. urte honen hasieran; 81.500 milioi pezeta inbertitu zituen. Operazio honen bidez aliantza estrategiko bat garatu dute konpainia biek, eta hitzarmen horien arabera, hasiera batean Telefonicaren filialak ziberbanku berriaren %20 edukiko du kontrolpean.
Ziberbanku berria iragan otsailaren 14an gauzatu zen, 10.000 milioi pezetako baliabideekin, eta hasiera batean Espainiako Estatuan jardun ondoren, Frantzian, Portugalen, Estatu Batuetan eta Hego Amerikan (batez ere Mexikon, Brasilen, Argentinan eta Txilen) egin nahi du sarrera. Banku berriak urtearen amaieran 90 langilez osaturiko plantila eta 2003. urterako milioi bat bezero edukitzea ditu helburu nagusi. Bezero kopuru horrek bankuak jardungo lukeen lurraldeetako merkatu-kuotaren %13ko batez bestekoa islatuko luke. Espainiako Estatuari begira, berriz, ziberbanku berri honek 275.000 bezero bereganatu nahi ditu datozen hiru urteetan, merkatu kuotaren %25era iristeko xedean.
Argentariatik datorren Manuel Galatas ziberbanku honetako lehen kontseilari ordezkariak eginiko aurreikuspenen arabera, ziberbanku berri honek aurreneko bi urteetan 2.500 milioi pezeta galduko ditu urtean, eta 2002. urtean 700 milioi pezetako mozkinak izango ditu.
Bukatzeko, azken asteotan Banco Guipuzcoanok egin duen iragarpen ofizialaren arabera, banku honek Interneten beste banku bat sortzeko erabakia hartu du. Banku berri honetan gestio independentea bideratuko da (www.bancogui.es) BSCH eta BBVA Uno-e ziberbankuarekin egiten ari diren ildo beretik.
Banco Guipuzcoanok martxoaren amaieran jakinarazi zuen Guay.com atari arabarrarekin bat egin duela. Gipuzkoar bankuak atari honen % 10 erosi du, sarearen bitartez finantza zerbitzuen prestazioak bat eginik garatzeko xedez. Operazioaren zenbateko ekonomikoa ezagutzera eman ez duten arren, adituek diote gipuzkoar entitateak 150-200 milioi pezeta ordainduko dizkiola arabarrari %10 horren truke

"INTERNETEN, MUNDUA DUZU ZURE MERKATUA"
"INTERNETEN, MUNDUA DUZU zure merkatua. Honek esan nahi du zure negozioarentzako arriskuak nondik-nahi etor daitezkeela, baina, aldi berean, zeuk nonahi egin dezakezula negozioa". Halaxe adierazi berri du Manuel Galatas 37 urteko gazte exekutiboak. Orain arte Argentariako aktiboak gestionatzeko arduraduna izan da, eta egun, BBVAk bere Uno-e.com ziberbankuari begira izendatu duen lehen kontseilari ordezkaria.
Adituen arabera gehiago dira abantailak eragozpenak baino. Ernst & Young enpresak mundu osoko finantza erakundeei eginiko inkesta batean jasotakoaren arabera, Internet oso baliagarria da bezeroen leialtasuna gordetzeko (%27), bezero eta zerbitzu berriekin sarrerak handitzeko (%22), merkatu berriak zabaltzeko (%18), gehiago saltzeko (%16) eta produktuak eta zerbitzuak helarazteko lastertasuna areagotzeko (%9).
Dagoeneko abian den ziberbanku berri honek aurrezki/inbertsio produktuekin (kontu korronteak, deposituak eta inbertsio-fondoak) eta broker on line gisa du sarera jauzi egiteko asmoa, eta hasiera batean nazioarteko 14 merkatutan izango du sarrera. Geroago iritsiko dira aktibo-produktuak, bereziki hipotekak. Berezko produktu izango ditu kontu korronteak eta deposituak, baina Uno-e ziberbankuak bere produktuen baina baita besteen banatzaile ere izatea du helburu. BBVAren 300 inguru inbertsio-fondorekin eta nazioarteko bost gestorerekin aurkeztuko da aurki.

IBERDROLAK MILA MILIOI PEZETA INBERTITU DU "KRISTINA"N
AZKEN URTEETAN, JOSE MIGUEL MARTINEZ URQUIJO ZUZENDARI IZANIK, Iberdrola euskal enpresak, abian jarri duen aniztasun politikaren baitan, negozioa Internetera zabaltzeko erabakia hartu du. Horretarako Proxicom enpresa estatubatuarrarekin elkartu eta 1.000 inguru milioi pezeta (40 milioi libera) inbertitu ditu Kristina Internet Business Soluctions proiektua burura eramateko. Proiektu hau dagoeneko Kristina izen soilaz ezagutzen da. Besteak beste, Hego Amerikako merkatua du helburu, Iberdrolak 15 milioi bezero baititu han. Artean, gaztelaniaz hitz egiten den merkatuan, biziki hazten ari da merkataritza elektronikoa, eta 2003. urterako 78.000 milioi dolar mugituko dituela aurreikusten da.
Sozietate berriak Madrilen du egoitza nagusia, eta Bartzelonan eta Bilbon bulegoak ditu. Dagoeneko lanean ari da Iberdrolaren jatorriko etxearen merkataritza-estrategia osoa antolatzeko proiektu batean, Interneten zerbitzu berriak eskaintzeko plan anbiziosoaren baitan. Bestalde, atari bat -Interneteko orria, era guztietako zerbitzuak biltzen dituena- prestatzeko lanetan ari da artean aurkeztu ez den finantza erakunde batentzat.
Kristina sozietateak Espainiako Estatuko sarean dagoen merkatuaren parte handi bat okupatu nahi du oraindik behar bezala garatuta ez dagoen arlo batean. Kontsultategi enpresa sortzaile antzeko bat sortu nahi dute Interneten negozioa egin nahi duten konpainia handiei soluzio integralak eskaintzeko xedez. Horretarako Proxicom enpresa estatubatuarrarekin elkartu dira. Enpresa honek sei urteko esperientzia du mota honetako negozioetan eta dagoeneko 150etik gora proiektu sortu eta gauzatu ditu MCI, Mobile, General Motors, America on line eta Merry Linch bezalako enpresa handiekin.
Enpresa biak elkarlanean ari dira sozietate berri hau sortzen, dagoeneko 1.160 milioi pezeta inbertitu dituzte, baina kopuru horretan Iberdrolak jarri du parterik handiena. Euskal enpresak %80ko kapitala du sozietate berri honetan eta enpresa iparramerikarrak %20 besterik ez. Iberdrola Diversificación eta Iberdrola Sistemas enpresa filial biren bidez parte hartzen du Iberdrolak sozietate berri honetan.
Proxicom enpresako presidente Raul Fernándezek adierazi berri du, "El Pais" egunkari madrildarraren "Negocios" gehigarrian, Kristina proiektuarekin egin nahi dutena. Iberdrolak Interneten behar duen erreferentzia-bazkide behar du izan Kristinak. Eta bazkide hitza azpimarratzen du, ez du hornitzaile esaten, Kristinak sareen sarean bidaiatzeko urrats guztietan lagundu nahi baitio bezeroari. Proxicom enpresako presidentearen arabera, egin beharreko urratsetan aholkuak emango zaizkio enpresari, sistema garatu egingo da eta ondoren inplementatuko da; ez da soilik web orri baten kontua, lagundu egingo zaie bezeroei barne egoerara moldatzen, eta hala behar badu, Interneten negozioak egiteak sortzen dituen liskarren aurrean soluzioa eskainiko die


Azkenak
Gorputz hotsak
"Herrietan lumek lekua daukate, edo behintzat, nire gorputzak kabitzea lortu du"

Joten erritmora harro erakusten du luma Itxi Guerra aktibista antikapazitistak (Madril, 1998). Gorputz desgaituek bizi dituzten biolentziak balioztatzeko eta sistemari aurre egiteko saretzearen garrantziaz mintzatu da. Gorputzaren bizigarritasuna aldarrikatu du:... [+]


2024-05-27 | ARGIA
Euskal letren asteburua egin du Literaturiak Zarautzen

Ostiraletik igandera Literaturia jaialdia egin dute Zarautzen (Gipuzkoa) (B)egia izenburupean. Booktegi webgunea omendu dute antolatzaileek. Hiru ikuskizun estreinatu dituzte, denak Literaturiarako beren beregi sortuak.


2024-05-27 | ARGIA
Israelen aire eraso batek hamarnaka palestinar hil ditu Rafahko iheslarien kanpaleku batean

Astelehen goizaldean egin du erasoa Israelek, eta kanpin-dendez osatutako Nazio Batuen errefuxiatuentzako guneak su hartu du. Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak adierazi du hamarnaka gazatar hildako eta zauritu jaso dituztela eta Gazan ez dagoela "toki... [+]


Eguneraketa berriak daude