HAUTESKUNDEEN ONDOREN, ORAIN ZER?

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Izan berri ditugun hauteskundeen emaitzetan eztabaidagai izan daitezkeen puntuen artean bada bat Euskal Herriko egoera soziopolitikoaren geroa nabarmenki muga lezakeena: botoen polarizazioa PP eta EAJren inguruan, hain zuzen.
Alderdi horiek lortu duten boto hazkundearen atzean hainbat gauza baldin bago ere, (euskal eta espainiar) nazionalismoen defentsak pisu handia du. Eta nazio-nortasun-gatazka horren arriskurik nabarmenena Euskal Herriko gizartean pitzadura bat eragitea da; orain arte zatiketa baten itzala politikan soilik agertu izan bada, botoa bereganatzeko asmoz batzuek egindako azpijoko maltzurraren poderioz, gizartea ere zatiketa horretara lerratzeko arrisku bizian dago.
Zatiketa horrek, gizarte multzo eta pertsonekin ez ezik, lurraldetasunarekin ere badu zerikusirik: Araba eta Nafarroan ideia estatalistak nagusitzen diren bitartean, Bizkaia eta Gipuzkoan euskal nazionalismoa gehiengoa da; Hegoaldeko lau hiriburu eta udalerri jendetsuenak, oro har, ertz ideologiko batean kokatzen dira, baina tamaina ertaineko eta txikiko udalerriak, aldiz, bestean.
ZATIKETA ildo horretatik joz gero, posiblea da Euskal Herria eraikitzea? Konponbidea bilatu behar da ala arerioa txikitzen saiatu hil ala biziko borrokan murgilduta? Tolerantzia ala intrantsigentzia? Bidegurutze horretan zein norabide hautatu?
Geure burua demokratatzat joz gero, galdera andana horri erantzuna bilatzeko beste galdera bat gehitu beharko genuke: euskal gizartearen gehiengoak zer nahi du?
Erantzun bila J. K. Galbraith-engan aurkitzen dugu paregabeko argibidea Asebetearen Kultura kontzeptupean. Funtsean, autore honek dioena hauxe da: oparotasunean bizi den mendebaldeko gizarteetako gehiengoak ez du errotikako aldaketarik inolaz ere nahi; ez, behintzat, duen egoera arriskuan jartzen bada. Argi dago jarrera honek statu quo-aren iraupena hobesten duela; hots, ideologia defendatu edo hordago politiko baten alde egitearren, gehiengo ase horrek ez du arriskuan jarriko bere erosotasuna (ezta euskal nazionalista izan arren). Beraz, enfrentamenduari eutsiz gero, horren aldeko deialdiaren atzetik bilduko liratekeen indarrek ez lukete inoiz gehiengoa osatuko. Hortik joz gero, gureak egin du.
Gutako askok ez du gehiengoaren jarrera konformista hori begi onez ikusiko, zaila baita erosotasun eta alferkeri horien eskutik egoera iraularaztea. Baina, demokratikoki jokatuz gero, eta irtenbide errealistei so eginez, norberak duen gehiengo asebetearen jarrerari buruzko balorazioa alde batera utzi behar du: demokrazian, iritzi horrekin ere ezinbestez kontatu behar da. Ez dago bueltarik, Euskal Herriko gizarte asebeteak hori nahi du eta, gainera, enfrentamenduaren aukera baztertuz, zatiketaren mamua saihesten da.
GOGOETA BIDE honetatik jarraituz, zein proposamen egin lezake euskal nazionalismoak Euskal Herriaren elkarbizitza politiko batu -ez zatitu- bat sortzeko? Gainera, elkarrizketa arrakastatsua izango bada, arerioaren ideiak legitimotzat jo eta neurri batean onartu behar direla jakin dakigunez, noraino gureganatu behar ditugu arrotzak zaizkigun planteamenduak geure ideien muinean amore eman gabe?
Bi dira, esandakoaren arabera, irtenbide trinkorako baldintzak: bat, joko demokratikoaren izenean gehiengoaren nahia errespetatu eta arerioarekin enfrentamenduaren aukera guztiz baztertu.
Bestea, konponbide negoziatuaren ildotik emaitza oparoak lortu ahal izateko, euskal nazionalismoaren asmo politikoaren inguruan ahalik eta indar gehien bildu. Horretarako epe ertaineko jomuga finkatu behar da, hots, euskal abertzaleek elkarlanari eutsi eta, horretan sakonduz, gizarte arlo handi batentzat sendo eta erakargarria izango den berariazko egitasmo politiko komun sendo bat osatu.
Hori egin eta gero, (euskal eta espainiar) nazionalismo kontrajarrien arteko oreka puntua bilatu behar denean -hau da, negoziazioari ekitean-, asmo erakargarri horretatik abiatuta errazagoa izango litzaiguke arerioaren exijentzien aurrean burua makurtu gabe, geureari neurri handiagoan eustea.
Batek baino gehiagok inozokeriatzat joko du estrategi hau, utopia hutsa (eta, beraz, hutsaren hurrengoa) dela esanez. Baina, ez da are utopikoagoa oraindik, nazio bat eraikitzeko gizarte gehiengoaren asmoari muzin egitea? Egoerak hil ala biziko borrokarako gogoa (oso justifikatutako gogoa) piztu arren, errealitatearen analisi hotza eginez gero, irtenbide horrek hondamendira garamatzala argi gelditzen da. Bistan da, beraz, zailagoa eta nekezagoa, baina aldi berean emankorragoa, den bidea hautatu behar dugula. Hala bedi!


Azkenak
Eguneraketa berriak daude