LARRUN. INTERNET ETA EUSKAL HERRIA

  • Komunikazioan iraultza ekarri du Internetek, eta Ipar Amerikatik zabaldutako uhinaren eraginak iadanik nabaritzen dira euskal gizartean ere. Berrikuntzen hariari lotuta bizi diren pertsona urrien solasgai izatetik dagoenekoz herritarron bizimoduan itsastera iritsi baita. Guztion irudipena da, hala ere, iraultza hau hasi baino ez dela egin. Orain arte Internetek gure artean eman duenaz, une honetan eskaintzen ari zaigunaz eta aurrera begira izan beharko lukeenaz beren iritziak emateko bildu ditugu gaia posizio ezberdinetatik bizi eta ikuspegi oso ezberdinetatik ezagutzen duten lau pertsona. Teknologia berrien arloan ikur izan nahi duen Arabako Miñaoko Parke Teknologikoan bildu ditugu. Ez da izango LARRUN honek Internet gaia jorratuko duen aldi bakarra. Edonor ohartzen baita zein hari luzea duen.
Internet nobedadea edo moda izan zen momentu hura pasatua da. Jadanik Internet, bere ezaugarriak, osagai diferenteak, emaitza oso ezberdinak eta abar, ezagunak dira. Labur esaten saiatuz: zertan da inportantea Internet herritarrontzako?
JOSERRA AIZPURUA.
Neurri batean nahasmen handia dago oraindik ere jende askoren artean. Internet ez da berdina guztiontzat. Ezberdindu egin behar da herritar arrunt, enpresa eta profesionalen artean, guztiek ez dutelako harreman berdina Internetekin. Herritarrarentzat Internet entzun duen zerbait da, baina ez da erabiltzailea, ez da egunero erabiltzen duen zerbait, bere lanean ez bada. Enpresetan, ostera, badago eboluzio indartsuago bat, gehiago erabiltzen den teknologia da, batez ere Interneteko alor batzuetan, e-posta erabiliz; baina oraindik zer gertatuko den zain daude. Azkenaldi honetan hasi dira intranet eta horrelako teknologiak erabiltzen, baina zehatzegi jakin gabe zein balio duen. Lehen pausoa eman da, baina oraindik ez dago erabiltzaile gehiegi, duda asko dago gaiaren inguruan.

XABIER ORMAETXEA.
Internetek bi fase izan ditu Euskadin. Hasieran, Spritelekin, e-posta bagenuen baina ez genituen web orriak ikusten; garai hartan internautak izaten hasi ginenak, nahiz eta artean ez zitzaion Internet deitzen, zaletasun bat duen zoroaren antzera ikusten gintuzten. Ondoren, boom antzeko bat gertatu da, jendeak ofimatika eskura izan duenean eta ordenagailuen bidezko komunikazioak eskaintzen dituen aukerak ikustean. Beranduago Internet izenaren ezagutaraztea etorri da, jendea egunkarietan hasi da Interneti buruz irakurtzen, badaki zerbait dagoela. Momentu hauetan Internet zer den jakin nahi duen edozeinek lor dezake informazioa.
Egun, denek daukate Interneti buruzko ideiaren bat, ez dela bitxikeria bat. Baina oraindik herritarren zati handi batek ez dio alde praktikorik ikusten.
Hasteko, Euskadin atzerapen handia dugu etxe bakoitzean dagoen ordenagailu kopuruan. Telefonoa, bizpahiru telebista, mikro-uhin labea eta horrelakoak edukitzea arrunta da, baina oraindik ordenadore bat edukitzea nahiko salbuespena da; eta etxean dagoenean, batez ere umeek erabili dezaten erosi ohi dugu, gabonetako opari moduan erosten den zerbait da, umeek jolas egin dezaten. Oraindik ere, ordenadorea beldurra sortarazten duen tresna da, jendeak beldurra dio teknologiari. Eusko Jaurlaritzak egin zituen saiakerak bere garaian, Spritel bezalako esperientziak egin ziren, baina bertan behera gelditu ere bai. Estatu Batuetan, aldiz, Internet ez da bakarrik enpresa mailan erabiltzen, etxekoandreek eta jubilatuek ere erabiltzen dute. Negroponte adituak esan zuenez, Internet ume eta jubilatuen mundua da, batez ere hauek direlako nabigatzeko denbora dutenak. Hemen oraindik zail egiten da jubilatuak nabigatzen imajinatzea.
Horretarako Internet eta ordenagailuen erabilera popularizatu egin behar dira lehenik. Baina horretarako erraztasunak eman behar dira kostuak jaitsiz: BEZ baxuagoa lortu, tarifa planoa ezarri... Estatu Batuetan Internetek izan duen arrakastaren arrazoi bat da dei lokalak doanekoak direla. Prezio baxuak ezartzen ez diren bitartean ezinezko izango da Euskadik eta Europak Interneten garapena lortzea.

AITOR LOPEZ DE ABERASTURI.
Moda hori oraindik ez da iritsi gure artera. Internet ez dago zabalduta, ez etxekoen artean ezta enpresa mailan ere. Nahikoa da pentsatzea Euskal Herriko zein enpresak eskaintzen dituen benetako edukiak eta zein enpresa dagoen arlo horretan inbertsioak egiteko prest. Nik mundu honetan daramadan denboran, ideia eta proiektuak sortzen ikusi ditut, batez ere proiektu txikiak, baina orohar geldirik gaude. Proiektu gutxi egiten da eta egiten direnak oso baliabide gutxirekin.

LUIS FERNANDEZ.
Moda ez da pasatu oraindik, nire ustez. Ni Xabierrek aipatu duen bigarren fase horretan iritsi nintzen Internetera; eta ordutik hona bi aldi ikusten ditut. Amateurismoaren eta herrikoi egitearen fasea batetik: gustuagatik nabigatzea eta gustuagatik gauzak sortzea, Kaixo sortu zen bezala adibidez. Orain, "pelotazoaren" arora ari gara iristen: dagoeneko Internet ez da dibertsioa bakarrik, baizik eta negozioa ere bada, edo behintzat izango dela susmatzen dugu. Oraingo kezka beraz, negozioa eta "pelotazoa" harrapatzea da. Fase espekulatiboa da, beraz. Hala ere hau ere pasatuko da eta profesionaltasunaren fasera iritsiko gara. Amateurismoak ere bizirik jarraituko du baina batez ere profesionaltasunera joko da. Nola aldatuko den hori? Bada, inork ez daki. Gaur denek esaten dute Interneten eraginez mundua aldatuko dela. Egia da, baina ez dakiguna da nolakoa izango den aldaketa, ezta zer ekarriko digun ere. Denborarekin argituko da dena.

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Egia esan, gutxi dira hemen "pelotazoa" jo dezaketen enpresak. Hispavista zegoen, baina dagoeneko jo du bere kolpea.

X. ORMAETXEA
. Internet fenomeno kultural bat izatetik fenomeno ekonomikoa izatera pasa da. Eeta niri ez zait interesatzen Interneten etekin ekonomikoa ateratzearen kontu hori. Badu bere garrantzia baina garapena beste arlo batetik etorriko da, bere baitan duen ahalmenetik. Hau da, negozioa sortzen den momentutik bere kabuz garatuz joango da; beraz administrazioaren eta jendearen esfortzuak ez du bide beretik joan behar. Enpresa batek web gune bat lehenik irudiagatik sortzen du, baina azkenean etekin ekonomikoa aterako du hortik; ondorioz, ez da esfortzurik egin behar web orria sortu nahi duten enpresei laguntzeko; sortzen duenak negozio itxaropenak dituelako da.

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Enpresei ez bazaie laguntzarik ematen, nola lortuko dute Interneterako produktuak garatzea?

X. ORMAETXEA.
Azkenean merkatuaren legeak arautzen du dena. Interesgarriagoa da Interneteko beste aldea. Euskaldunoi dagokigunez, Interneti buruz hitz egiterakoan, pertsona klabe bat dago: Blas Uberuaga (Buber). Idahon bizi den euskaldun batzuen semea da, eta unibertsitatean eta web orrialde bat egitea erabaki zuen, Euskadin inork Internet zer zen ez zekienean. Berea da Euskadi munduari erakutsi dion lehen orrialdea, interes ekonomikorik ez zuen pertsona batek egina.
Zergatik garatu da Internet Estatu Batuetan? Unibertsitateko ikasleei, doaneko sarrera eta web guneak sortzeko aukera ematen zaielako. Batzuk pornografiako orrialdeak sortuko dituzte, baina beste askok orrialde interesgarriak sortu dituzte. Hori da sustatzea interesatzen zaidan arloa. Honetan oinarrituko baita beste guztia. Jendea ez doa Internetera erostera, komunikatzeko erabiltzen du batez ere, urrutiko lagun edo familiarekin harremanak izateko, informazioa aurkitzeko... Egia da ere salerosketa elektronikoa egongo dela, inbertsio bila dabilen kapital bat dagoelako, baina bere kabuz joango da. Ez zait gai hori interesatzen. Oraindik ere jendeak interes ekonomikorik gabe proiektuak ateratzen ditu aurrera, Guttemberg proiektua bezala. Azkenaldi honetan baztertu egin dugu Internetek duen kutsu erromantikoa eta zentzu komertzialari begiratzen diogu bakarrik.

L. FERNANDEZ.
Argi dago Estatu Batuetan hezkuntza arloan egindako apustuak aurretik jarri dutela. Ez bakarrik Estatu Batuetan, berdin gertatzen da Finlandian eta, esaterako, Linus Torvalds-ek Finlandiako unibertsitate batean sortu zen Linux sistema. EHUn antzeko ezer sortzea pentsaezina da.

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Bueno, Kaixo hala sortu zen, EHUko Master batean Internet ezagutzeko aukera izan nuen eta horrek bultzatu ninduen Kaixo egitera. Dena den, Blas Uberuagak orrialde hori sortu baldin bazuen, Internet ezagutzeko aukera Euskadiko askok baino askoz ere lehenago izan zuelako da.

X. ORMAETXEA
. Beharrezkoa da hezkun-tzan izena ematen duten ikasle guztiek helbide elektroniko bat jasotzea, zuzenean; matrikularekin batera, helbidea, web gune bat sortzeko aukera eta geletan Interneterako konexioa. Deustuko Unibertsitatean, nahiz eta ordenadoreen gela handia izan, dagoeneko arazoak daude, dagoena ez delako nahikoa. Internet erabili ahal izateko lekuak sortu behar dira, jubilatuen etxeetan, udal liburutegietan, kulturetxeetan... Azken finean, ordenadore aurrean gauzak sortzera edozein eseri ahal dadin.

L. FERNANDEZ.
EHUn ez dute hori ondo bideratu. Ez da hori egin dutena. Campus birtuala sortu dute, eta marketing operazio bat da irtenbide erreala baino. Arduratuegiak daude, hardware, bideokonferentziak eta abarrekin horrelako gauzak antolatzeko, Interneten barneratzeko modurik errazena e-posta denean. Horrelako esperientziak gehiago dira unibertsitateak bere buruari proiekzioa emateko, ikasleei erabilera errazteko baino.

Etorkizun hurbilari begira Internetek dituen muga eta oztopoei buruz mintza gaitezke, iruditzen bazaizue.
J. AIZPURUA.
Oztopo fisikoez gain, hau da, azpiegitura eta abiaduraren oztopoez gain, oztopo mentalak eragin handiagoa du. Internetek dena aldatuko du, enpresa eta aliantza berrien sorreran lagunduko du. Baina horretarako eskema zaharrak desegin beharko ditugu gure buruetan eta berri batzuk sortu. Eta kosta egingo zaigu Internet ez bakarrik web orrialde bezala baizik eta oraindik ezagutzen ez ditugun negozio aukera bezala ulertzea. Aukera hauek ez ditugu oraindik ikusten, web orrialdea sortu eta nahikoa dela uste dugu. Ez da Interneten inguruan kulturarik ikusten.

X. ORMAETXEA
. Interneten garapena, kable bidezko transmisioan oinarritzen da. Kablea izan da AOL eta TimeWarner-ek egin duten fusioaren arrazoia. AOL Interneteko zerbitzarietatik garrantzitsuena da eta Time Warner munduko nagusia kable telebistan. Bi hauen elkarketak, kable bidezko transmisioa ekarriko du Internetera. Kobrezko hariak zuntz optikoko kablez ordezkatzen ditugun neurrian garatuko da Internet.
Baina Interneterako beharrezkoa diren materialen prezioak ere jaitsi egin behar dira, ordenagailuak garestiegiak dira, eta tarifa planoaren ezarpena beharrezkoa da. Estatu Batuetan dei lokala doanekoa baldin bada, hemen ere izan liteke. Galdera hau askotan egin izan diet telefoniako enpresetakoei, baina inor ez da erantzun bat emateko gai.

L. FERNANDEZ.
Hemen negozioa telefono gastua sortzean datza. Hor daude Terra eta beste hainbat atari, eta hauen guztien atzetik telefoniako taldeak daude. Itxura batera, badirudi hemen iraultza teknologikoaren abangoardia "telefonistak" direla.

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Bai, hala da. Euskaltelek etekin handiagoa ateratzen dio Interneti telefoniari baino. Euskaltelek, Canal 21 bidez, Interneterako sarrera eskaintzen du, eta banda zabalera horretatik kontsumitzen denaren zati bat, Euskaltelek eramaten du. Canal 21etik sartzerakoan Euskaltelen lineak erabiltzen dira, eta horren irabazien portzentai bat bertzako da. Zein nodo erabiltzen den Internetera sartzeko, hor dago negozioa. Hau da, adibidez Euskaltelen softwarea instalatzerakoan, Interneterako sarrera Euskaltelen nodoen bidez egiten duzu eta telefono gastu bat egiten duzu. Gastu horren ehuneko bat Euskaltelentzako da. Tarifa planoa ezartzerakoan bukatu egingo da hau.

Posta elektronikoa Internet da, web orri sinpleak ere bai, dokumentazio baseak, bilatzaileak, komunikabide elektronikoak, ohiko komunikabideen bertsio elektronikoak, aisialdirako tresnak, iritzi foroak... Horietan zer aukera topatzen dugu Euskal Herrian? Eta aukera bila nora jotzen dugu?
A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Eduki aldetik ezer gutxi dago aukeran, eta aurkitzen dugun gehiena, jendeak bere kabuz eta afizio moduan eginikoa da. Aurki dezakegun informazio ia dena modu pribatuan egina da.

L. FERNANDEZ.
Xabierrek dion azpiegitura horrek baino (hardware, banda zabalera... ) gehiago kezkatzen nau Alfons Cornellak, Extra-net idazten duenak, infoegitura esaten dion horrek. Hau da, edukiak kezkatzen nau; hemengo internauta harrapatzeko hemengo edukiak erabiltzea. Momentu hauetan, eskoletan-eta hardwarea ipiniz gero, haurrek Madrilgo orrialde eta atarietara joko dute, trafikoak hartara zuzentzen gaituelako. Hemen ez dago harrapatuko gaituen infoegitura hori. Euskal internauta 'aditu' moduko bat izan behar da, adibidez, Kaixo bilatzailea aurkitzeko.
Eta hori da behar duguna, informazio sareak eta hemengo zerbitzuak sortu eta garatu. Ez bakarrik euskaraz, baita gazteleraz ere, gaztelerazko euskal internautak ere ez duelako ezer aurkitzen bertako edukietan.

X. ORMAETXEA
. Gehienetan ez da ezer aurkitzen eta aurkitzen denean, ia beti orrialde estatikoak izaten dira; argazki bat eta ezer gutxi, informaziorik gabe. Edukia eskaini dezaketen liburutegiak, oraintxe bertan hasi dira Interneten sartzen Euskadin. Sar gaitezke Espainiako Liburutegi Nazionalera, Estatu Batuetako Kongresuko Liburutegira, Frantziako Liburutegira... eta hemengoetara ezinezkoa da.

L. FERNANDEZ.
Izan ere hemen inork ez du ezer egiten aurretik diru laguntza lortzen ez baldin badu. Adibide bat ipintzeko, Euskaltzaindiak ez du urrats bat emango Interneten Eusko Jaurlaritzak laguntza segurtatu arte.

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Kaixok ez du inolako diru laguntzarik jaso eta seguruenik ezta jasoko ere. Nik egin ditzakedan inbertsioak oso txikiak izango direlako eta Kaixoren eraginez sor daitezkeen lanpostuak oso gutxi direlako. Hala ere, proiektuak garatzen eta egiten jarraitzeko asmoa dut.

L. FERNANDEZ.
Ez naiz maila pribatuaz ari, instituzioei buruz ari naiz, beraiek dutelako beharrezkoa den edukia. Euskaltzaindiak, adibidez, digitalizaturik ditu euskal klasikoak, eta ez dizkizu ematen. Nik Toribio Etxeberriaren obrak eskatu ditut, eta ez dizkizute ematen.

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Instituzioak ez dira izan behar Interneten garapenerako bidea.

X. ORMAETXEA
. Instituzioek Interneten eskuragarri jarri behar dituzte eduki horiek guztiak, Guttemberg proiektuarekin gertatzen den bezala.

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Nik instituzioekin esperientzia nahiko ona izan nuen. Jendeak euskal abizenen jatorria zein zen jakin nahi zuen eta datu base bat sortzen lagundu zidaten.

J. AIZPURUA.
Gero eta gehiago begiratzen dugu Madrilera. Pixkanaka-pixkanaka, Madrilgo atari erraldoiak nagusituz doaz, eta hori arazo bat da. Eta Luisek lehen esan duenaren harian, euskal kulturaren munduan beti egon da nolabaiteko kultura subentzionista bat. Ez bakarrik subentzionista, protekzionista ere bai, bakoitzak bere informazioa besteen eskuetatik babestu nahi du; horiek dira aurrera egiteko ditugun oztopoak. Eta Internet guk ditugun printzipio horien aurkakoa da: beharrezkoa da elkarlana, aliantzak, arriskatzea, frogak eginez esperimentatzea... eta horretan ez dugu entrenamendurik.

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Ez, ez dugu entrenamendurik. Hiru-lau enpresa ari gara momentu honetan gauzak egiten. Denok ezagutzen dugu elkar, noizean behin hitz egiten dugu, baina ez dago elkarlanik, ez dago akordiorik proiektu bateratuak aurrera ateratzeko. Eta elkarlanaren ondorioz sortutako proiektuak dira kanpoan aurrera ateratzen direnak.

J. AIZPURUA.
Horren eraginez, gune kulturalak Madril, Paris eta beste lekuetara trasladatzen dira. Hori saihesteko gune erakargarriak sortu behar dira Euskal Herrian, atari bat sortu egunkari, elkarte eta talde ezberdinen arteko elkarlanaren ondorioz. Baina ez da horrelakorik, ez garelako gure artean inorekin fidatzen.

X. ORMAETXEA
. Interneten freelance-en eskutik etorriko da booma. Gainera, informatikaren mundu honetan ohituta gaude hutsetik sortu den jendearen arrakasta ikusten. Beraz, multinazionalen aliantza handi horiek ez zaizkit interesatzen, ez direlako sarea dominatzeko gai izango. Sarean edozeinek sor dezake berea irudimen pixka batekin, Internetek guztioi ematen digu aukera.

L. FERNANDEZ.
Horren inguruan mito bat dago. Interneten zerbait sortu nahi izanez gero, inbertitu beharra dago, gastatu beharra dago.

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Yahoo behin bakarrik existitu zen, eta norbaitek proiektu ezberdin bat martxan jartzen duenean, eta benetan balio duenean, azkar etortzen dira enpresa handiak hori kopiatzera eta, marketing kanpaina baten laguntzaz, hasierako ideia hori izan zuenarekin ahazten dira. Kasu hoberenean ideia kopiatu ordez, erosi egiten dizute proiektua.

L. FERNANDEZ.
Euskal Herrian bada beste oztopo bat: kontrolari diogun beldurra. Beti saiatzen gara dena etxekoekin egiten, lagunekin eta gure artean. Interneterako konexioa Euskaltelen bidez egingo dugu, Euskal Herrikoak direlako, aliantzak ere hemengo batekin... eta horrela pentsatzen dugu, nahiz eta agian merkeagoa izan atzerrian edo atzerrikoekin gauzak egitea.
Obsesio bat dago hemengo hardwareak erabiltzeko eta horrek, azken finean, berdin du, produktu hori lehen aipatutako infoegitura horri zuzentzea garrantzitsuagoa delako.

X. ORMAETXEA
. Euskal baliabideez hitz egitean, edukiez hitz egiten da. Udaletxeek, liburutegiek eta beste guztiek dituzten baliabide guztiak jarri behar dituzte sarean. Administrazioak ere ahalegina egin beharko du, herritarrekin harremanak Internet bidez egiten hasi behar du, errenta aitorpena, isunak eta abar Internetez ordaindu ahal izateko.
Euskal enpresaria konturatu da Interneten egon behar duela, eta garapena iritsiko dela. Enpresa eta abarretan gero eta jende gehiagok eskatzen du e-posta helbidea, ezin dute esan ez dutela, atzeratuta daudenaren irudia zabaltzen dutelako. Internet ez duen enpresa bat atzeratuta dagoela dirudi, bere buruaren irudi oso txarra ematen ari da. Lehen pausoa Interneten egotea da, e-posta bidez eta katalogo itxura duen web gune bat sortuz. Aurrerago etorriko da bigarren pausoa, Internet enpresan integratzekoa, alegia. Enpresariei lotsa ematen die Internet ez dutela esateak.

J. AIZPURUA.
Momentu hauetan irudiak du garrantzia, enpresetan-eta ez dira teknologia horrek dituen baliabide eta aukera guztiak aprobetxatzen; pixkanaka jokaera horiek aldarazten joan behar dugu.

X. ORMAETXEA
. Hasiera batean e-posta erabiltzen da, gero orrialde estatiko bat edukitzen da katalogo moduan. Azkeneko pausoa enpresa Interneten integratzea izan behar da: gerenteak etxetik bertatik langileekin chat-ak egitea, bezero bat web orrian sartzea eta datu baseak kontsultatzea eta abar. Gero, hau guztia egin dezakete edo ez, baina behintzat aukera hor dagoela jakin behar dute enpresariek.

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Oraindik, nire ustez ez gara iritsi Internet enpresan integratzeko fase horretara.

Industria bat ere bada Internet: zerbitzariak, atariak, publizitate agentziak, komertzio elektronikoa... Hemen dagoen industria eta egon daitekeena.
A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Egon badago, baina oso gauza gutxi. Esperientzi solteak daude, batzuk besteak baino arrakasta gehiagorekin, baina ez dago industriarik. Hemendik irtendako informatikari gehienak eta Interneten inguruan dabiltzanak, Madrilera edo Bartzelonara joan dira. Horrek zerbait esan nahi du.

X. ORMAETXEA
. Hasi gara industria pixka bat edukitzen. Euskadin fenomeno bitxi bat gertatzen da. Beste gizarteetan aldaketak gradualki jazotzen diren bitartean, hemen kolpeka bezala gertatzen dira. Gure artean, aldaketak bat-batean jazotzen dira.

J. AIZPURUA.
Ari da garatzen Interneten inguruko industria bat. Ez Madrilen sortzen ari diren foko kulturalekin lehiatzeko modukoa, baina denborarekin sortzen joango da, industria etorriko da.

L. FERNANDEZ.
Bai, proiektuak sortuko dira, batzuk hemen gelditu eta beste batzuk Madrilera joango dira. Guay.com-ek, adibidez, Madrilen bukatuko duela iruditzen zait.

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Egia da publizitate eta harremanen inguruan mugimendu gehiena Madrilen dagoela. Baina horretarako delegazio bat sortu daiteke, eta Guay.comen kasuan hemen jarraitzen du egoitza nagusia edukitzen, bertan garatzen dira proiektu eta ideia berriak.

X. ORMAETXEA
. Horixe da hain zuzen Interneten abantaila, kokapen ezarena, berdin du non zauden fisikoki.
Komunikazioa den neurrian, multinazionalei loturik dago Interneteko jarduera teknologiaren atalean, gehiena Estatu Batuetatik dator. Horren aurrean, komunikazio-industria eta teknologiaren sorkuntza eta salmentaren alorrean, zeintzuk dira aukerak Euskal Herrian?

L. FERNANDEZ.
Euskal Herriak leku marjinala izango du, mapan duen lekua marjinala den bezala. Ezin da gauza gehiegirik espero: bizirautea eta euskal internauta bertako edukiekin harrapatzen saiatzea. Zaila da lehiatzea, baina hori da egin behar duguna. Gainera, sortu daiteke ideia bat hemen eta gero atzerrian saldu. Hori ere etor liteke. Baina ez da halako ideia bikainik sortuko herritar guztiek Internet bere esku izan arte. Orduan sortuko dira benetako ideia bikainak, benetan popularizatzen denean. Baina popularizazioa ez da gertatuko askok uste duen bezala, salerosketa komertzialaren eraginez. Prozesuak alderantzizkoa behar du izan eta e-posta eta nabegatzaileak erabili ondoren etorriko da bestea.

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Salerosketarekin hasi baino lehen, edukiez eta beste gauzez hitz egin behar da. Denda jarri aurretik erosten jakin beharko da. Jendea erakarri eta harrapatuko duen edukiak sortu behar dira, gero etorriko da gainerakoa. Salerosketaren inguruan ari gara eta oraindik ez dugu oinarrizkoa egin. Nik ez dut Internet bidez erosi duen inor ezagutzen.

X. ORMAETXEA
. Begira, salerosketa elektronikoak arrakasta izan du, lehendik posta bidez egiten ziren erosketak arrakasta zuen leku berean. Beste oztopo bat ordainketarena da; oraindik inor ez baaita fidatzen ikusten ez duen inorekin.

L. FERNANDEZ.
Ezin da Interneteko erabiltzailerik sortu salerosketa elektroniko bidez, e-posta da lehen pausoa. Oinarritik hasi behar da eta oinarria e-posta da, aurrerago erosiko du. Ezin da alderantzizkoa gertatu. Ezin dugu erabiltzailerik sortu oinarritik hasi gabe. Pausoz-pauso egin behar da.

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Nik e-postaren aldeko apustua baino web orrien aldekoa egingo nuke. Bi horiek dira gehien erabiltzen diren zerbitzuak.

J. AIZPURUA.
Euskal Herrian esperientzia berriak sortu behar ditugu, sistema mistoak, osagarriak direnak eta euskarri ezberdinak nahasten dituztenak: CD-ROM, Internet eta papera integratzen dituztenak. Pausoak pixkanaka emateko eta modu global batean. Pixkanaka murgildu behar dugu Interneten eta beste baliabideak baztertu gabe. Dirudienez, Internetek Euskal Herrian garatzeko duen aukera, Latinoamerikako merkatura zuzentzea da. Ez gara zuzentzen Europa edo Estatu Batuetako merkatuetara, izan liteke ingeles hizkuntza ez dugulako ezagutzen.

Internetek espainolago egiten gaitu?
X. ORMAETXEA
. Euskaldunago bihurtzen gaitu. Ez dago zertan Espainiatik pasatu behar Internetera irteteko.

L. FERNANDEZ.
Ba hori da juxtu gertatzen ari dena. Jendea Espainiatik pasatzen dela.

J. AIZPURUA.
Honek guztiak kontraesan handiak ekarriko dizkigu euskaraz aritzen garenoi. Euskaldunak bi milioitik gora gara eta horietarik zazpiehun milak hitz egiten dugu euskaraz. Munduan 10 milioi euskal jatorriko biztanle dago eta horietara iristeko hizkuntza gaztelania da. Kontraesan handia dago hor.

X. ORMAETXEA
. Historikoki beti begiratu izan dugu Espainiara, gure merkatu nazionala hori izan dela argi dago, gero eta gehiago Akitania izan behar dela ere argi dago. Toki guztietara begiratu behar dugu, gure ikuspuntua zabaldu. Ikuspegi industrial batetik gaur egun mundua da merkatua. Hizkuntzaren arazoa dago. Oraindik ere ingelesa ama hizkuntza bezala erabil dezaketen euskaldunen kopurua oso txikia da, baina bidea hizkuntz aniztasuna da. Niretzako Euskadi ideala hiru hizkuntza hitz egiteko aukera izango duena da: euskaraz, espainolez eta ingelesez.

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Internetek ematen digun aukera garrantzitsu bat ez dugu kontuan hartzen. Teknologia honi esker, euskara erakuts dezakegu bertatik. Gutun asko iristen zaizkit Katalunia, Hego Amerika, Estatu Batuetatik eta beste leku batzuetatik euskara non eta nola ikasi dezaketen galdetuz.

X. ORMAETXEA
. Beste hizkuntza batzuk ikasteko metodo asko dago eta merke eskuratu daitezkeenak. Aldiz euskaraz ikasteko bi edo hiru metodo daude bakarrik eta gainera oso garestiak dira. Azkenean beti bezala merkatuak agintzen du. Garestiegia denez ezinezkoa bihurtzen da euskara ikasteko CD horiek saltzea edo sarean jartzea. Euskaltxip izan zen metodo horietariko lehenengoa, oso itxura zaharkituarekin. Euskadin beti berdina gertatzen da, oso ideia onak edukitzen ditugu, baina horren aurkezpena nahiko kaxkarra izaten da. Azkenean ez da lortzen euskara erakusteko CDak aurrera ateratzea.

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Euskara irakatsi daiteke teleformazioaren metodoa erabiliz, baina ez dago horretarako ezer.

PELLO ZUBIRIA.
Oso zaila da momentu hauetan euskararen teleikasketa planteatzea Euskal Herrian, euskararen irakaskuntzan dabiltzanak eguneroko jardunean ere hain larri dabiltzanean. Momentu hauetan HABE, AEK, gainerako euskaltegiak... izan daitezke hori egin dezaketenak, baina instituzioen laguntzabeharko dute.

X. ORMAETXEA
. Internetek ez gaitu espainolago bihurtzen. Alderantziz, izan dezakegun menpekotasun hori murrizten du. Espainia hor dago eta hor izango da, mugakidea delako. Baina egun edonora jo dezakegu.

L. FERNANDEZ.
Hala izango da, baina jende gehienak atari espainolak erabiltzen jarraitzen du. Batez ere hasi berria denak.

X. ORMAETXEA
. Jendeak atari espainolak erabiltzen ditu, baina baita ere Estatu Batuetakoak. Ingelesa dakienari berdin zaio atari espainola edo atari ingelesa erabiltzea. Eta horrek garrantzi handia du, dagoen eskaintzetatik bakoitzak bere aukera egin dezakeelako. Ez dugu Espainiarekiko beste arloetan izan dezakegun menpekotasun kulturala.

L. FERNANDEZ.
Ea egia den. Aukera hor dago eta hori da nahiko genukeena, baina dudak baditut.

X. ORMAETXEA
. Euskadiko herritarrak telebista espainiarrarekin loturak apurtzeko dituen aukerak oso txikiak dira. Aldiz, Euskadiko herritar batek Interneteko espainiar zerbitzu batekin loturak apurtzeko aukera oso handia da. Aukera hor dago eta norberak egiten du. Menpekotasuna baldin badago, norberak nahi duelako da.

L. FERNANDEZ.
Euskal industria sortzen bada, normala izango da kanpora ere begiratzea, beste edozein industriarekin gertatzen den bezala. Nahiz eta ez den berdina komunikazioa edo beste edozein gauza saltzea, nik uste egin daitekeela.

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Komunikazioa saltzerakoan ez da berdina. Euskararen merkatua gehienez 40.000 erabiltzaileetakoa izan daiteke. Espainolez eginez gero, merkatu erabiltzaile posibleen kopurua biderkatu egiten da.

L. FERNANDEZ.
Komunikazioa saltzea ez da beste edozein produktu saltzea bezain erreza. Hizkuntz aniztasuna abantaila bat da dudarik gabe, lehiatzeko orduan, eta horri etekina ateratzen jakin behar da. Atal batzuetan garatu daiteke bertako industria bat eta atzerrian saldu. Nik ez diot ezeri uko egiten. Beraz, orain arte bezala euskararen helburua bizirautea da. Unamunok hiltzat eman zuen euskara baina 2000.era iritsi gara; hori da orain ere egin behar duguna.

X. ORMAETXEA
. Hori bera esan zuen Humbolt-ek 1803. urtean, euskara ez zela mende bukaerara bizirik iritsiko.

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Kaixon ikusten dudanaren arabera, argi dago jendeak euskara erabiltzen duela. Baina ez dago aukera gehiegirik edukiari dagokionez. Horregatik agian ez da gehiago erabiltzen, eduki egokiak ez daudelako.

J. AIZPURUA.
Lehenik eta behin euskarak, Luisek esan duen moduan, biziraupena lortu behar du. Honen ondoren, berriz ere aldaketa mentala, kulturala, beharrezkoa da euskarak Interneten izan dezakeen garapenerako. Euskarazko talde eta elkarteetako zuzendarien artean eta agintarien artean eman beharreko aldaketa. Egoera berrira egokitu behar dute, euskara biziraupenetik bizitzera pasatu ahal izateko. Eta argi izan behar dugu euskara ere izan daitekeela teknologiarako erabiltzen den hizkuntza bat. Euskarak dituen ezaugarri eta egiturengatik, asko eskaini dezake bilatzaile eta abarren inguruan. Interneten nahi adina informazio dago baina ez da erraza aurkitzea.Bilatzaile gehienak ingelesaren egituretan oinarritzen dira, ingelesaren filosofian oinarritzen dira, ez dira egin euskara edo beste hizkuntza batzuetan pentsatuz. Horregatik, erdizka funtzionatzen dute. Arlo honetan egin dezake euskarak bere ekarpena.

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Jendeak bilaketak nahiko modu sinplean egiten ditu, ez da arduratzen zein den hitzaren bukaera ezta ezertan ere, aurkitu nahi duen hitza jarri eta listo. Praktikan ez da betetzen bilatzaileen teoria hori.

L. FERNANDEZ.
Horregatik garatu behar da bilatzaileen teknologia. Teknologia bilatzaileetan integratuz, jendea ez dadin arduratu nola bilatu, edo zein bukaera jarri behar zaion aurkitu nahi duen hitz horri. Jendeak ez du jakin behar zein teknologia dagoen bilatzailearen atzetik. Bilatzaileak erabiltzaileak agindutako hitza aurkitu behar du, teknologiaz arduratu gabe, eta bilaketak hobeak izango dira. Horretarako lematizadoreak sartu behar dira. Euskarazko bilatzaile batean teknologia hori erabiltzeak inplikazioak ditu, badagoelako euskararen egitura eta bukaera sistema erabiltzen duen beste hizkuntza asko. Gai hau funtsezkoa da. Euskara hizkuntza aglutinantea da, finlandiera, estoniera, hungariera, turkoa edo beste hainbat bezala.
Honekin esan nahi dudana da, euskararen ingeniaritza linguistikoak eragina duela beste hizkuntza askotan. Neurri berean, finlandiarraren ingeniaritza linguistikoa euskararentzat lagungarri izan den bezala.

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Bilatzaileen teknologiaz gain, euskarak ere itzultzaile automatiko bat behar du: ingeles-euskarazko itzultzaile on-line bat. Nahiz eta itzulpen traketsa egin, gutxienez egin dezala. Horrek ingelesez dagoen edozein orrialde euskaraz ikusteko aukera eskaintzen du. Nahiz eta itzulpen nahiko literala izan, gutxienez euskaraz nabigatu ahal izateko tresna bat da. Egokiagoa da horren gainean aritzea, programak edo sistema operatiboak itzultzea baino. Hori izan liteke alternatiba bat. Noraino irits gaitezkeen ikusi behar dugu. Ni ondorio batetara iritsi naiz: orain arte nik garatu ditut Kaixon dauden produktu guztiak baina hemendik aurrera Estatu Batuetako eta Kataluniako enpresekin hitz egingo dut, euskarazko produktuak interesatzen zaizkienekin, eta elkarlan bat egingo dugu. Ezin litekeena da, bost hilabete edo gehiago behar izatea produktu bat sortu ahal izateko -teknologi mugatua dugulako-, teknologia hori eskaintzen didan norbait dagoenean. Akordioak eginez, produktuak hobeak izango dira. Kanpoko enpresa asko dago euskarazko produktuak egiten dituena.

Erakunde publikoak eta Internet. Euskal Herriko erakundeen jokabidea beste leku ezberdinetakoekin alderatuta. Orain arte egin dutena. Egin beharko luketena.
X. ORMAETXEA
. Oso astiro ibili dira, axolagabekeria aro bat bizi izan dute baina orain kezkatuta daude, egunean jartzeko beharra ikusi dutelako. Eta euskal administrazioan denak ohartu gara Interneten garrantziaz. Honako proposamena dago orain: departamendu guztiek beraien aurrekontuen %5 eguneratzeko erabiltzea. Lehendakariak apustu garrantzitsua egin du, baina oso mantso doa dena. Kezkatik ekintzara pasatzea falta zaigu. Baina beldurra ere badago, ez dakigulako ondo zer gerta litekeen. Industri Saila ere gogor ari da lanean planak garatzen, Lehendakaritzan berdin...Gero Parlamentuaren gogoeta eta lana dago antolatu diren ponentzien bidez. Baina ekintza exekutiboaren esku dago. Gobernuak ekintza zehatzak noiz mahaigaineratuko dituen zain gaude

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Bilakaera ikusten da; mantso, baina aurrera egin dugu. Kaixorekin hasi nintzenean, Eusko Jaurlaritzara jo nuen laguntza eske, euskal produktua zenez, zerbitzaria behar nuelako. Proiektua leku batetik bestera ibili zen eta azkenean ez dakit ezta non bukatu zuen ere, ez bainuen erantzunik jaso. Azkenean nire kabuz egin nuen dena. Ordutik hona aurrerapausoak eman dira. Elkarlan bat proposatu zidaten Eustatekin, ikerketa bat egiteko, Europa Pressekin harremanetan jartzeko kontaktu bat eman zidaten... agian Kaixoren izenean joan nintzelako, eta Kaixok euskal gizartean leku bat duelako izango zen akaso. Gauzak egiteko gogoa ikusten dut baina astiro doa. Parlamenturako ponentzia hori, adibidez, orain dela urtebetekoa da, eta Interneteko munduan sei hilabete, urtebete, denbora asko da. Interneten ideiaren bat sortzen denean ahalik eta azkarren egin behar da, urtebetean gauzak asko aldatzen direlako.

X. ORMAETXEA
. Parlamentuarena ezberdina da, testua hor dago baina ez dugu inongo ekarpen praktikorik lortu. Inork ez zuen ezer eskaini. Agerpenen bigarren fasea bizitza politikoak baldintzatzen du eta geldi dago. Arazo burokratikoengatik atzeratu da.

L. FERNANDEZ.
Badirudi ekiteko asmoa eta kezka badagoela Eusko Jaurlaritzan. Baina egitura aldetik zaharkituta dauden egiturak erabiltzen ditu eta agian bide zaharkitu horiek erabiliko ditu Internet gizarteratzeko. Administrazioak ematen dituen laguntzak jaso ahal izateko, buletinetan aditutako abokatu edo gerente izan behar duzu. Ideia moldatu eta buletinak eskatzen duen modura mozorrotzen dute. Azkenean, jende mota honek lortzen ditu laguntza horiek, ez ideiak edo ekiteko gaitasuna dituen jendeak. Baldintza gehiegi eskatzen dute laguntzak jasotzeko: agente teknologikoa izatea eskatzen dizute, unibertsitateko ikerlariekin tratuak egin... eta hamaika gauza. Erraztasunak jartzen dizkiete martxan daudenei eta oztopoak hasi berriei, hasi berriak lagundu behar direnean.

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Azkenean beti hitz egiten da dirulaguntzei buruz eta irtenbidea ez dago hor. Ahaztu ditzagun subentzioak eta indartu ditzagun produktuak. Interneteko enpresa batek ere etekinak behar ditu aurrera egiteko, horretarako publizitatea beharrezkoa da. Eusko Jaurlaritzak ez du ezer inbertitu arlo horretan. Publizitatea egin nahi duenean, beste medioak erabiltzen ditu: prentsa, irrati eta telebista, eta ahaztu egin dira Internetez. Instituzioetatik ez da subentziorik behar, probetxugarriagoa litzateke publizitatea sartzea Interneten; medio horretan konfiantza duela esan nahi du horrek eta hori baliagarriagoa da edozein subentzio baino.

J. AIZPURUA.
Sentiberatasun bat dutela dirudi. Ibarretxe eta bere lan taldea horren gainean ari direla dirudi. Departamendu batzuk hasi dira kezkatzen eta lanean horren inguruan. Gobernuak eredutzat jar dezake bere burua, adibidez gobernu osoa Interneten jarriz, hau da, eskaintzen dituen zerbitzuak sarean jarriz.

X. ORMAETXEA
. Batez ere Hezkuntza eta Osasun Sailetan egin beharko luke ahalegin ekonomikorik handiena. Hezkuntzako erronka itzela da, ondoren Osasun Saila, zentruen artean lotura egon dadin. Dirulaguntzena iruditzen zait errazena, programa bat egin, aurrekontuen zati bat horretarako erabili eta subentzioak banatu. Arazo bat dago: subentzioak emateko irizpideak industria arloko subentzioetan erabiltzen diren berberak dira, eta noski, hauek ezin dira Interneten aplikatu. Ez duzu pabilioirik behar, ez hamar milioi pezetako makineriarik... Beraz parametro horiek aldatu behar dira.

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Interneterako parametroak finkatzerakoan, orriak dituen bisita kopuruen inguruan, langile kopuruan... oinarrituta jarri beharko lirateke.

L. FERNANDEZ.
Badaude baita ere Internetekoak diren enpresa zerbitzuak eta horietako batzuk ezin dira bisita kantitatearen arabera neurtu; kasu, ingeniaritza linguistikoaren inguruan ari direnak.

J. AIZPURUA.
Gobernuak beste filosofia bat sortu beharko luke, egiten duenaz gain.Euskal kulturaren defentsa egin behar du, nahiz eta zaila izan zer den eta zer ez den definitzea. Baina bultzatu egin beharko lituzke horren inguruko proiektuak; euskaldun atariak sortzea adibidez, interesgarriak izango direnak, bilbotar, donostiar... denontzako erakargarria izan daitekeen atari handi bat sortzea.

A. LOPEZ DE ABERASTURI.
Enpresa batzuek justifikatu egin behar dute beren subentzioa eta horretarako bat-batean filosofiaz aldatzen dute. Subentzioak produktu bat garatzeko izan behar du, eta produktuak garatzearen ondorioz sortu behar dira, ez bestela.

J. AIZPURUA.
Gazte jende asko dago ideia honekin eta hauei bidea ireki behar zaie.

L. FERNANDEZ.
Eta horretarako ez dezatela horrenbeste baldintza eskatu.

X. ORMAETXEA
. Beste lekuetan Interneten garapena ez da subentzioei esker egin.

L. FERNANDEZ.
Subentzioei esker ez baina diru publikoari esker neurri batean bai; ezin dugu ahaztu Internet bere sorreran Pentagonoaren produktua dela eta helburu militarrak zituela.

X. ORMAETXEA
. Sorrera militarrei lotuta dago, misil bat erortzen baldin bazen beste guztiak inkomunikaturik gera ez zitezen, baina garapena eta zabaltzea unibertsitateari esker izan da. Unibertsitari horiek web guneak sortzen zituztenean eta aurrerago enpresak, ez zituzten subentzio bidez egiten.

L. FERNANDEZ.
Subentzioak baino, lehiaketa publikoak, inbertsioak... egin behar ditu.

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Katalanek izan dute horrelako laguntza. Telepolisek, adibidez, Generalitatearen laguntza garrantzitsua eduki du, baita Olé-k ere. Denok dakigu Olé-k eman duen "pelotazoa". Ez dut uste Hispavistakoek horrelako laguntzarik jaso dutenik Eusko Jaurlaritzatik.

Amaitzeko, zer ondorio aterako zenukete hitz egindako guztiaz.
J. AIZPURUA.
Euskal kulturaren kasuan, ez dakit beste industrietan nola izango den, biziraupenetik bizitzera egin behar da salto. Biziraupenak defentsiban egotera behartzen gaitu, bakoitzak berea zaintzera, nork bere informazioa ezkutatzera elkarlanaren kaltean. Elkarlana eta zabalkundea ekarriko dituzten egitura berriak behar ditugu. Ez dugu ahaztu behar beste euskarri batzuk daudela, Internet ez dela bakarra, eta oraindik paperaren osagarri dela.

X. ORMAETXEA
. Euskalduna atzeratuta dago Interneten eta ahalegin berezia egin beharko dugu. Administrazioen zeregina garrantzitsua da, eta honen partehartzerik gabe enpresari eta ekintzaileek egin dezaketena ez da nahikoa. Internet denontzat, eta hemendik etorriko da beste guztia. Funtsezkoa da herritar guztiek izatea Internet.

A. LOPEZ DE ABERASTURI
. Ekintzaile eta ideia berriak eskola eta unibertsitatetik sortuko dira. Horretarako Interneten erabilera bultzatu behar da, batez ere unibertsitateetan. Eta bitartean, ideiak sortzen joan daitezela eta aurrera joateko laguntza aurki dezatela.

L. FERNANDEZ.
Aurrerantzean, Infoegituraren inguruan arreta berezia jarri behar dugu; hemengo edukiak behar ditugu, ez bakarrik kultura, baita zerbitzuak ere. Zaharkitutako egiturak aldatu behar dira, ikuspuntu berri bat sortuz.

MAHAIKIDEAK
MAHAIKIDEAK

Xabier Ormaetxea. EAJko parlamentarioa

Bilbon sortua, Eusko Alderdi Jeltzaleko parlamentaria da Eusko Legebiltza-rrean. Honetan, Informazioaren Gizartea batzordeko burua da. Azken boladan teknologia berriak gizarteratzeko lanean jardun dute Legebiltzarrean. Igorreko Industrialdeko burua izan zen, eta beste hainbat kargu eduki ditu administrazio autonomoan, SPRIn adibidez. Ikasketaz abokatua, Deustuako unibertsitatean Zuzenbideko doktoretza ikasketak ere egiten ari da egun.


Joserra Aizpurua. Ametzagaiña eta Kapsula

Gipuzkoako Errenterian sortua, ingeniaria da ikasketaz. Kulturgintza eta komunikazioaren munduan jardun izan du lanean, idazten bezala kudeaketan. Elhuyar elkartean aritua da. Jalgi zerbitzaria martxan jartzearen arduraduna izan zen, eta Eusenor elkartearen eta Klaudio Harluxet Fundazioaren kudeatzaile ere bai. Gaur egun Ametzagaiña taldeko Adur informatika enpresan ari da lanean, informazioaren gestiorako Kapsula produktuaren arduradun komertzial lanetan.


Luis Fernandez. Aurki.com eta Eibar.org

Eibarren sortua, Leioako Campusean Kazetaritza ikasitakoa da. "Egin" ARGIA, "Euskaldunon Egunkaria" eta "Arrasate Press"en aritu da lanean. Kazetaritzako hainbat lan eta zenbait liburuz gain, "Detxepare porno" argitaratu du, Internetek euskaraz egindako lehen urratsei buruz. Eibar.org gunearen eta DMOZ zerbitzariaren baitan funtzionatzen duen Aurki bilatzailearen sortzailea da. Doktoretza ikastaroak ere egiten ari da Leioan, Interneteko mundua aztertuz.


Aitor Lopez de Aberasturi. Kaixo.com eta Guay.com

Arabako Legution jaioa, ikasketaz informatikaria, Kaixo euskal bilatzaile ezagunaren sortzaile eta jabea da. Euskal Herriko internauten artean bere lana ezagutaraztea lortu zuen lehenetakoa izan zen. Ez zen horretan geratu, ostera, eta Interneteko publizitatea promozionatzeko Euskalbanner zerbitzua sortu zuen, eta Internet gizartean zabaltzeko asmoa duen Elkarnet taldea ere antolatu du. Orain gainera Guay.com atari ezagunean ari da lanean.


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude