LEGEPEKO NATURAK EZ DU BIZIRAUTEKO BERMERIK


2000ko martxoaren 12an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Ingurune babestuak, baliabideen erabilerak murrizten diren gunetzat ulertzen baldin baditugu, ez dira atzo goizean asmaturiko ezer. Esate baterako, ezagunak dira, milaka urtetan babesturik egon diren mendiak; bertako kulturek sakratutzat dituzte eta beraz, inor gutxi iritsi da paraje haietara. Edo badira, gizarte ehiztariek errespetaturiko baso magikoak, errege eta printzeek bereganaturiko lurrak; bertako ehiza baliabideez jabetzeko sarrera galerazi duteneko eskualdeak eta abar.
Gaur egun ingurune naturalak babesten direnean beste arrazoi batzuk dira eskuartean. Gure gizartean ezarri den garapen eredu sozio-ekonomikoa, pixkana mundu guztian zabaltzen ari da, ondorioz, giza populazioaren hazkuntza neurrigabea ari gara bizitzen, gero eta baliabide gehiago behar ditugu bizitzeko eta azkenean honek guztiak, ondorio larriak ekartzen dizkigu. Arrazoi desberdinengatik balio handia duen hainbat paisaje natural, hondatzen ari gara. Duela 100 urte baino gehiago zenbait herrialde paisaje jakin batzuen babes-premiaz ohartu zen. Testuinguru horretan sortu zen 1872. urtean lehen parke nazionala Estatu Batuetan (Yellowstone); «Natura preserbatzeko eta oraingo nahiz etorkizuneko belaunaldien gozamenerako». Ingurune babestuaren kontzeptu edo definizio berri bat sortu zen: lur edo ur azalera bat, bertako baliabide naturalak babestu eta kontserbatzeko helburuarekin sortua eta legeen bidez kudeatua.
Naturaren babesa, kontserbazioa, naturaren kudeaketa eta gisa honetako kontzeptuak, subjetibitate eta anbiguotasun handiko hitzak izan dira betidanik, ondorioz, gaizkiulertuak sortu izan dira askotan. Hori izan daiteke agian, gaur egun, hainbeste babes figura desberdin egotearen arrazoia (Parke nazionalak, Natur Parkeak, biotopoak, erreserbak, natur monumentuak, eta abar).
Ikuspuntu horretatik, gaiak konplexua dirudien arren, praktikan gauzak askoz ere sinpleagoak dira. Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunak (NKZB-UICN), 5 kategoria besterik ez ditu aholkatzen, bertako giza-presioaren arabera mailakatuak. Ez dago irizpide eta koordinazio bateraturik eta egoera honek kudeaketa arazo larriak sortzen ditu. Babes figuren inguruan dagoen heterogeneitate zabal hau ordea, ez da izaten lurralde edo ingurune bakoitzaren ezaugarri bereizgarri edo izaeraren isla, askotan garai bakoitzeko ohitura edo modek bultzaturiko irizpide subjetiboen ondorio izaten dira.
Babes-figura baten jabe izateko ohorea duten inguruneak izendatzerakoan, historikoki izan duten bilakaera aztertzen badugu, irizpideen eboluzio garbia eman dela ikusiko dugu. Mende honen hasieran ingurune naturalak babesteko arrazoi nagusiak estetikoak ziren (paisaje politak itsusien aurrean), beranduago, 70eko hamarkadaren inguruan irizpideak askoz ere materialistagoak ziren eta, ehiza espezien presentzia eta basoko egur baliabideak ziren eremu naturalak babesteko arrazoi nagusi. 80ko hamarkadatik aurrera, espezie enblematikoen presentzia, iraungipen arriskuan dauden animalien presentzia (ia beti ornodunak), biodibertsitatea eta horrelako irizpideak maneiatzen ziren ingurune naturalak legez babesterakoan. Azken urteotan, pixkanaka bada ere, hau guztia utzi eta ekosistemak babestera jo da, hau da, lurralde jakin batean gertatzen diren prozesu natural nahiz ekologikoak babestera, ez da animalia edo landare bat babesten, natur gertaera edo prozesuak baizik. Izan ere, ekodibertsitatea babestuz, biodibertsitatea ere babesten da, eta ondorioz, ingurune horretako animalia nahiz landare guztiak.


EREDUEN NAHASPILA.

Azter ditzagun, Euskal Herrian ditugun babes-figura ezberdinak. Iparraldean, Hendaia inguruko Abaddia izango dugu legez babesturik aurkituko dugun ingurune erdinatural bakarra, «Itsasertzaren eta aintzira-bazterren kontserbatorioa» da bere babes-figura. Gainontzean, Aturriko inguruneak aipatu beharko ditugu, Natura 2000 sarean sartzeko proposatu baititu Frantziako gobernuak, Europako Batasunaren aurrean.
EAE eta Nafarroan, alde handiak egon izan dira ingurune naturalak kontserbatzeko eginiko politikan. EAEn, Naturaren Kontserbazioko 16/1994 Legeak hiru babes figura ezarri zituen; natur parkeak, biotopo babestuak eta aparteko zuhaitzak. Lan gehien, natur parkeen inguruan egin izan da eta azalera handiko naturguneak babestu ziren lehendabizi, Urkiola, Gorbeia, Aralar edo Aiako Harria. Aipatu legearen arabera, honako irizpideak erabiltzen dira natur parke bat izendatzerakoan; «paisajearen edertasuna, ekosistemen errepresentagarritasuna edo flora, fauna edo formazio geomorfologikoen berezitasuna».
Beranduago etorri ziren biotopo babestuak, azalera txikiko guneak dira, baina, balio biologiko handia izan ohi dute, babes-figura honetan aurkituko ditugu, Biasteriko aintzirak, Leitzaran ibaia, Itxina edo Inurritza. Baliabideen ustiaketa mugatuko da biotopoetan, ustiapen hori eta babestu nahi diren balio ekologikoen kontserbazioa bateragarriak direnean izan ezik. Aparteko zuhaitzaren eredua ere, erabiltzen da eta badira hainbat zuhaitz, eredu honen aginduetara babestuta, edozein modutan, ezin ditugu, hertsiki «ingurune naturaltzat» hartu.
Nafarroan berriz, eta maila orokorrean aztertuta, justu, aurkako politika egin dela esan dezakegu, azalera txikiko guneak babestu ziren lehendabizi eta azken urte hauetan, azalera handiko natur parkeak bultzatu dira administraziotik. Zailtasun eta istilu ugari izan da gainera eremu hauek legez babesteko garaian, administrazioa eta bertako biztanleen artean. Nafarroako naturaren kontserbaziorako legeak, bost babes-figura ezartzen ditu; erreserba integrala, natur erreserba, lekune naturala, natur monumentua eta natur parkea. Nafarroako 8/87 Legeak dioenez, erreserba integralek, babes neurri zorrotzak izan behar dituzte, bertan balio biologiko nahiz ekologiko handiak baitaude, ondorioz, ingurune hauetan ez da inongo giza-jarduerarik baimentzen. Debeku honetatik at leudeke jarduera zientifiko eta dibulgatzaileak, nahiz eta hauek ere murriztuko dituzten. Erreserba naturaletan berriz, neurriak ez dira hain zorrotzak eta bertako ekosistemak izaera berezia duten arren, bertako natur baliabideak ustiatu daitezke neurri mugatzaile batzuen barruan. Lekune naturaletan berriz, giza jarduerak baimentzen dira eta gehienetan oso azalera txikiko inguruneak izaten dira. Azkenik, Natur Parkeak, azalera handiko guneak izaten dira eta bertako ekosistema zabalak babestu nahi izaten dira, baina beti ere, natur baliabideen ustiaketa orekatua eta aisialdirako jarduerak baimenduz.
Lurralde edo ekosistemaren kontserbazioan ezinbestekoa da babes-figura egokia aukeratzea. Askotan ordea, horixe izaten da egiten den guztia eta hori ez da nahikoa. Azkenaldi honetan, «bataiatuta» dauden inguruneek, izugarrizko sona hartu dute hedabide, turismo-gida, nahiz administrazioko publizitatean. Ez da nahikoa ingurune naturalak legez babestea, benetako kontserbazioa, kudeaketarekin hasten baita. Esperientziak erakutsi du legez babestea ez dela behar adina berme.
Natur parkeak turismo erakargarri soilak ez bihurtzearren, giza jarduerak non, noiz eta nola egin behar diren arautu behar da, bi tresna garrantzitsu baliatuz; Natur Baliabideak Antolatzeko Plana, naturgunea babestu aurretik egin behar dena edo egin beharko litzatekeena eta Erabilera eta Kudeaketarako Plan Zuzentzailea, behin naturgune onartu ostean egiten dena. Bi tresna arautzaile hauek, liskar ugariren abiapuntu izaten dira, interes eta erabilera anitzetako jendea arautzen baita berauetan: basogintza, nekazaritza, aisialdia, industria, azpiegiturak eta beste jarduera asko.
Ez dezagun ahaztu ordea, Baba Dioum senegaldar kontserbazionistak esandakoa: «Azkenean, maite duguna baino ez dugu gordeko, ulertzen duguna baino ez dugu maite izango eta irakasten zaiguna baino ez dugu ulertuko»

Natura preserbatu ala kontserbatu?

Naturaren kontserbazioaz eztabaida biziak sortzen dira, talde ekologista, administrazioa edo edozein mugimendu sozialen artean. Kontserbatzea zer den, nonbait ez dugu denok berdin ulertzen eta horrek gaizkiulertuak eragiten ditu. Natura kontserbatzea zer da? Dagoen moduan uztea edo horretara bideratzea? Edo natura, kudeatuz, ustiatuz eta beraz, bertan «eskua sartuz» kontserbatzen da?
Gure herrian, naturaren babesari buruz, babes-legeei buruz, parkeen izendapenei buruz eta abar askotxo ikasi dugu, baina kudeaketa edo gestio aktibo bat zer den oraindik ez dakigu. Badirudi hori dela bidea eta inork ez luke beldurtu behar, natura, edozein lantegi bezala kudeatu behar dela esatean. Helburuak dira desberdinak, lantegian helburu ekonomikoak izango dira nagusi, naturan, bere kontserbazioa. Angloparlanteentzat, (Erresuma Batuan honetaz badakite) preserbazioa, ezabapena galeraztea da; tresna zaharrak, natura, zoo edo jardin botanikoetan jasotzea. Kontserbazioa aldiz, tresna horien erabilpena sustatzea da. Ez da nahikoa espezie bat, suntsipenetik salbatzea, kudeatu eta beraz funtzionatzen jarraitu behar du, eta horretarako ezinbestekoa da bere bizilekua kontserbatzea.
Zientziak ordea, arazo handia du natura kontserbatu eta kudeatzeko garaian: ez duela natura behar adina ezagutzen. Batzuen esanetan egunean 400 espezie desagertzen dira, beste batzuen esanetan bakarra. Ez dugu ezkor jartzeko gogorik, baina nola egin gisa horretako kalkuluak, munduan zenbat espezie dagoen ez dakigunean? Identifikatu eta izendaturik 1,5 milioi espezie omen gara, baina denera, batzuen esanetan, 3 milioi espezie bizi gara, beste batzuen aburuz 30 milioi izan gaitezke. Alde handiegia ez? Horretaz gain, espezie askoren biologia, nahiz natur prozesu askori buruz daukagun ezagutza, txikiegia da natura geure kasara kudeatzeko. Askotan, zientziak eta kudeaketak bide bereiztuak jarraitzen dituzte. Gure gizartean lehentasun gehiago ematen zaio teknologia berrien ikerkuntzari, ingurunearen dinamika, antolaketa eta funtzionamenduaren ezagutzari baino.
Agian, zientzia eta teknologia berrietan konfiantza gehiegi daukagu eta naturari egiten dizkiogun zauriak sendatzeko gai izango garela pentsatzen dugu maiz


Azkenak
Putin eta Trump ostiralean bilduko dira, baina Zelenskik argi utzi du Ukrainak ez duela “lurralderik oparituko”

AEBetako presidenteak Ukrainarekin su-eten akordio batera iristeko ezarritako epea amaituta, Alaskan bilduko dira Trump eta Putin ostiralean. Bloomberg hedabidearen arabera, Errusia eta AEBak gerra "izozteko" plan bat prestatzen ari dira, Moskuk orain arte Ukrainan... [+]


Aldatu Gidoiak ere salatu du IB3 Balearretako telebistak gaztelerazko edukia areagotu dituela

IB3 telebista publikoaren neurria "katalanaren aurkako erasotzat" jo dute katalanaren normalizazioaren aldeko zenbait eragilek, eta "berehalako zuzenketa" eskatu dute. Zuzendaritza aldaketa izan da berriki kate publikoan, PP eta VOXen botoei... [+]


Amaya, altxor ia ezezagun hori

Zer: Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Diego Martin-Etxebarria. Easo Abesbatza

Zuzendaria: Gorka Miranda

Bakarlariak: Arantza Ezenarro, Gillen Munguía, Marifé Nogales, Lucía Gómez, Juan Laborería, José Manuel Díaz, Darío Maya, Luken... [+]


Sañu Bizirik: “Statkraft enpresari alfonbra gorria jartzetik, herri presioari esker udalak parke eolikoari helegitea jartzera igaro dira”

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak ingurumen baimena ukatu dio Piaspe egitasmoari, Statkraft enpresak Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean eraiki nahi dituen errotek eta argindarra garraiatzeko azpiegiturek eragingo... [+]


26 urteko nafar bat hil da Pirinioetan

Russell mendian gertatu da ezbeharra, amildegi batetik jausita. Gaztea Iruñekoa zen.


Zarrakazteluko sutea perimetratu eta kontrolpean dute suhiltzaileek

Suhiltzaileek itzaltze lanetan jarraitzen duten arren, egonkortu dute kontrolik gabeko sutea. Espainiako Gobernuak larrialdi aurreko faserako plana onartu du, autonomia erkidegoen eta Espainiako Gobernuaren arteko komunikazioa hobetzeko; dena den, larrialdien kudeaketa autonomia... [+]


HAMABI URTEZ ETXEA EZKUTALEKU
“Zorte asko ukan dugu, eta bizitza interesgarria”

Marijo Louis paristarra da sortzez, 1977an heldu zen Miarritzera Euskal Herriko borrokek erakarrita. Josetxo Otegi zizurkildarrak 1983an pasa zuen muga Gipuzkoatik Lapurdira, Poliziatik ihesi. AEK-ko irakasle eta ikasle zirela ezagutu zuten elkar. 1986an, GALen atentatuen,... [+]


2025-08-12 | Mikel Aramendi
Zergatik halako muga-zerga AEBek Indiari?

Asteko albiste nagusietako bat izan da, zalantzarik gabe: ehuneko 50eko muga-zerga ezarri die Trump administrazioak Indiatik datozkien esportazioei. Brasilekin parekatuta, zerga estatubatuar astunenak pairatu beharko dituen ekonomia handia izango da, aldaketarik ezean,... [+]


2025-08-12 | ARGIA
GOMENDIOAK | Hiru disko fresko, gozatzeko

Goizegi Hiltzeko 
Ødei
Autoekoizpena, 2025
53 min.

Ulertzen nauten herrian ez da musika hau entzuten. Rap musikak akaso urte okerragoak izan ditu Euskal Herrian, baina oraindik ez da beste batzuen altuerara heldua. Denentzat ditu koplak Odei Barroso... [+]


Espainiako Gobernua Kanarietan dauden 827 asilo eskatzaile lekualdatzen hasi da

Auzitegi Gorenak martxoan ebatzitakoari jarraiki, astelehenean irletatik penintsulako adin txikikoentzako zentroetara lekualdatuko dituzte zortzi asilo eskatzaile. Gobernuak adierazi du adin txikikoen babes sarean integratzeaz arduratuko den etorkinen %90 maliar jatorrikoak... [+]


Getariako Salbatore jaietan emakume baten aurkako “eraso larri” bat salatu, eta egitaraua bertan behera utzi dute

Getariako txosnagunean eta Aian egin dute elkarretaratze isila. Jai batzordeak txosnak itxi zituen.


Gizon bat atxilotu dute Erriberagoitian beste bat hiltzea leporatuta

Gizona Bilorian (Araba) hil dute, ustezko hiltzailea atxilotu dute Añanan (Araba).  


Al Jazeerako bost kazetari hil ditu Israelek

Hildako kazetarietako bat Anas al-Sharif da, palestinarren genozidioa zerrendatik kontatzen dutenen artean ezagunenetako bat. Al Jazeera hedabideak adierazi du Israel errudun dela Gazako sarraskia barnetik azaleratzen duten kazetariak nahita hiltzeagatik, eta horrela sarraskia... [+]


Zarrakazteluko sutea kontrolatzeko lanetan jarraitzen dute suhiltzaileek

Larunbat gauean hasi zen sutea Zarrakaztelu eta Figerol lotzen dituen errepideko pinudi batean. Herritarrentzat arriskurik ez dago momentuz, gobernuak adierazi duenez. Gizakiek eragindako sutea dela jakinarazi du gobernuak.


Emakumeak gizonenak ziren lekuak hartzen

Bizikleta hartu eta errepidera ateratzeko gogoa. Olatu gainean surf egiteak zein sentsazio eragiten duen probatzeko irrika. Mendirik mendi ibiltzearen plazera sentitzea. Mendian, hainbestean, baina emakumeak ez du erraza izan gizonenak izan diren kirol eremuetan sartzea... [+]


Eguneraketa berriak daude