Hankaz gora kausitu dugu Irulegiko Irratia. Sosa biltzeko kanpainan murgilduta daude-eta. Jone, Panpi eta Itziar lankideekin batera mahaitxo batean dago Pantzo «Irrigarai», kalakan, kafe hutsa eskuetan duela. Hiru hilabete daramatza zigarro bat ahoratu gabe, errekorra gizon pindartsu honentzat. Bere lanak goretsiak izan diren arren, berak ez dio garrantzirik ematen, plazer hutsez idazten baitu. Mintzatzen hasiak garela, Izpegiko erreka bere sorlekua bezain bihurria ageri zaigu.
Zeren kariaz hasi zinen idazten Pantzo?
Hastapenean ez nuen nire burua gai ikusten (oraindik arnas-estuka eskailerak igo ondotik). Dena den, Daniel Landart bezalako idazleak bazirela ikusi izan ez banu, menturaz ez nintzen inoiz ausartuko. Nik uste idazteko beharra sentitzen dudala, kazetaritzak aspertu egiten nauelako. Kontraerrana iduri badu ere, ez dut gustukoa errealitatea eta gaurkotasunari atxikitzea, politika, adierazpenak, uff... Hori dela kari, beharrezkoa dut nire pertsonaia eta egoerak sortzea, anitzetan mundu hori kritikatzeko. Eta lanpetua egonik ere, astia aurkitzen dut. Nire azken bi obrek, «Beherearta» eta «Lamindegiko lamiak» izkiriatzeko lan gotorrena hiru astez segidan egin nuen, goiz eta arratsaldez horretan jardukiz. Plazer handia da enetzat.
Zure esketxak uhinen bidez zabaltzeko parada izatea biziki lagungarria izanen da jendearen erreakzioa ikusteko.
Bai, zentzu horretan ezin hobeki etorri zait bi lanbideak uztartu ahal izatea. Irrati antzerkian egin nituen lehen urratsak eta, arrakasta erdietsi zutela ikusita, serioago ekin nion idazteari. Duela bi urte artio presoen astea egiten zelarik, antzerki gaua prestatzen nuen, esketxak gehienbat, eta emeki-emeki antzezlan luzeagoekin hasi. Irratian, «Antton eta Maria» emankizuna izan zen arrakasta lortu zuen lehena. Harrera ona zuen zeren eta hemengo laborantza munduko jendeaz trufatzen zen eta jende guztiak bere auzoko bizilagunen kontuak ikusten zituen. Aitzina segitzeko adorea eman zidan horrek.
Irratian hasi aitzin, laborarientzako tresnak saltzen jardun zenuen denda batean, zer saltzen ari zinen ere jakin gabe, ezta?
Nola jakin duzu hori? Bai, 80ko hamarkadaren hasieran, sei hilabetez langabezian egon ondoan, bertan hartu ninduten, buruzagi astapitoak saltzeari neurria hartuko niola pentsatu zuelako. Bezero bat etortzen zen bakoitzean ordea, beldurra pasatzen nuen, ez bainekien salgai zegoena zer zen, eta are gutxiago nola erabiltzen zen. Hala ere, frango saltzen nuen. Eskerrak ez nuen etxez etxe ibili behar izan.
Bestaz besta gaupasan ibili eta egunez supermerkatu batean lanean lo aritu ondoren, irratian hasi zinen.
Oraindik ere maite dut besta egitea. Uste nuen adinarekin pasako zitzaidala, baina ez. Diozun bezala, 1981ean Radio Adour irrati librean hasi nintzen, 1984ra arte. Euskadi Irratian urte erdiz berriemaile gisa, eta geroztik hemen. Egun, albisteak eman eta kirol aktualitatea segitzen ditut, baita bertsolaritza eta egiazko istorio baten moldatzea ere. Larunbat goizeko emankizunean aldiz, irrati antzerkia, «Gezur flash» aktualitatearen satira bat egiten dugu. Arrakasta handiena ukan duena «Petzero» izan da, non jende ezagunari deitu eta zirikatzen hasten ginen, tronparazteko xedez. Egiteari utzi genion, jendeak gu ginela aise atzematen zuelako. Alderdi abertzaleez iseka egiteko eztabaida bat taxutu genuen, ezberdinki onartua izan zena; eta beste eztabaida bat Gabi Mouesca eta Maddi Heguy IK-ko bi kideek Paueko espetxetik ihesaldia egin ondotik. ETBren kontura ere zenbait esketx egin izan dugu, Goenkaleren errepasoa barne. Bertan parte hartu nuela, ez dakizu zenbat sofritu nuen Leonorri alkandora kentzeko, «lasai Pantzo» esaten zidan Ainhoa Aierbek.
Azkenaldian, Marie Agnes lankidearekin batera, esketxak asmatzen ditugu hemengo politikarien lepotik, imitazioak eta eginez.
Nabari zaizu aktore lana egitea ere atsegin duzula.
Bai, arras gustura aritzen naiz aktore gisa. Jendearen aitzinean egotean sabelean sentitzen den kilika hori. Zoritxarrez, ez dut uste talentu berezirik dudanik. Erraztasun handiagoa dut idazten oholtza gainean baino.
Sormen lan bati lotzerakoan, publikoaren onespena jasotzeak zer nola baldintzatzen du istorioaren garapena?
Ba, ene kasuan, goitik behera. Idazterakoan publikoa dut buruan beti; ez dut gauza elitistarik egiterik nahi, herrikoiak baizik, jendeak berehala uler dezan. Komedia hutsak dira, eta ene helburu bakarra istorioa nola bideratzea da barnealdeko publikoari irri eginarazteko.
Zure lanetan ageri diren pertsonaiek karikatura kutsu nabarmena dute.
Bai, gehien gehienak errealitatetik hartuak dira, manera erridikuloan beti ere. Denek dituzte soberakinak. «Beherearta»n eman dezagun, pertsonaia bat beti dabil bere dominak harro aipatzen, beste bat beti negarrez bere pospolinak utzi duelako. Nire azken lanean berriz, lehenaldikotz pertsonaia bat aski orekatua eta normala dagoen arren, hamar minuturen buruan hiltzen da. Bizitzan handiustea duen jendea ezin dut jasan; niri bederen irrigarriak iruditzen zaizkit. Eta gure ingurua halako jendez josia dagoela, agian horregatik uzten ditut hain lotsagarri. Zeren eta gure bizitza barregarria da, hain serioski hartzeko, gure buruari inolako garrantzirik emateko.
«Lamindegiko lamiak» zure azken lanaren harira, zer du kontagai?
Iratiko txalet batean gertatzen da, aste hondar batean maisu batek Iparraldeko azken euskaldunak gomitatzen ditu harat, giro goxoan euskaltasunaz gogoeta egin dezaten. Nola salba gure hizkuntzaren azken arrastoak? Euskal kulturaren arlo bakoitzetik ordezkari bat joanen da, hala nola: azken pilotaria, azken bertsolaria, azken euskaltzaina, azken muslaria, azken kantaria, azken dantzaria, azken antzerkilaria, azken idazlea eta azken txistularia. Han bilduak direla, idazlea konturatuko da bera dela euskaltasuna salbatu nahi duen bakarra. Besteek ezberdinki erreakzionatuko dute. Bat fatalista da, besteari bost axola, eta abar. Azken batean, pertsonaia hauen bidez Iparralde honetan euskaltasunaren aurrean diren sentsibilitate ezberdinak plazaratzen dira. Horri loturik, Agatha Christieren «10 Petits Noirs» liburuan dagoen korapiloa sartu dut, hots, elur ekaitzaren erdian isolaturik daudela, blaust! norbaitek idazlea hil eginen du. Hortik aitzinera, jokua erruduna nor den eta idazlea zergatik hil ote duen jakitea izanen da. Ez hori bakarrik, bata bestearen ondotik hiltzen hasiko baitira.
Aipatu lanarekin bigarren aldiz Donostia Hiria Saria irabazi duzularik, zein eragin du horrek zure lanaren zabaltzeko?
Harrotasuna sorrarazten didate halako sariek, hara! Orain idazle ofizial bat naiz sari bat eskuratu dudalako, baina ez ezazula hori jarri. (Orain serio). Saria lortu ala ez berdinki jarraituko nuen idazten; saririk politena zure lana taularatua izatea da jendeak alaiki ikus dezan.
Gainera, ez duzu batuan idatzi, behenafarreran baizik.
Bai, jakinki antzezpenak Iparraldean izanen direla, mintzamoldea hola behar du izan. Hala ere, «Beherearta»n baino euskara batuagoa erabili dut oraingoan.
Hegoaldean aritu izan zaren aldi bakanetan, esperientzia ez da sobera ona izan.
Ez, ez dugu batere oroitzapen onik. Azpeitiko Topaketetara joateko eskaera berriz jaso izan badugu ere, uko egin diogu, aurreko aldian etorrarazi gintuztenean, programan Iparraldeko betegarri gisa agertzeko baino ez zen izan-eta. Ongi oroitzen naiz. Abenduaren 2a zen, hotz lazgarri bat, dena hormatua zegoela, auzo bateko oholtza ilun batean jarri gintuzten. Hasieran guri so zeuden hamar lagunak ez ziren amaierako berberak. Jendea joan-etorrian zebilen. Guri begira baino, auto eskola bateko autoak egiten zituen maniobrei so gusturago zeuden hamar horiek. Aurkezlea bera ez zen geratu lana ikustera eta bukatzean, «oso ondo» esan zigun eta dirua eman, ergelak bagina bezala. Hizkuntzaren muga hor egonik, gainera, ez zait jokamolde ona iruditzen. Berriz joatekotan, baldintza onetan izan beharko luke.
Nola ikusten duzu Iparraldeko antzerkiaren egoera? Berpizkunde hitza gehiegi esatea al da?
Ene irudiko, gaur egun osasun ona du. Xirristi Mirristirekin 1983an hasi nintzelarik, Landarten antzerki batekin, baziren bospasei talde ilusioz gainezka lanean. Zoritxarrez, 90eko hamarkadaren hastapenean, gehienak desagertu egin ziren, gu, Bordaxuri eta Oztibarreko antzerkia ginen talde bakarrak. Azken boladan, Antton Luku, Mattin Hirigoien, Xabier Itzaina bezalako idazleak daude, eta baita herrietan talde berriak sortu ere. Haurrak ginelarik kasik herri bakoitzak bere antzerki taldea zuen. Orain, Lekuine edo Heleta bezalako herrietan gazteek lekukoa hartu dute. Antton Lukuk halaber, urtero Donibane-Garaziko Lizeoan lan bat montatzen du haurrekin. Duela 10 urte genuen giroaren ondoan, oraingoa anitzez hobea da, Baikorra naiz.
Alabaina obren ikusteko behar adina publikorik ba al da?
Bai, segur. Hemengo jendea irrikitan dago. «Beherearta»rekin kasu, 25 emanaldi inguru egin ditugu antzokiak mukuru beteak zirela, eta «India beltzak» aurreko obrarekin 30etik goiti. Hiru aldiz sartu ezinik geratu zen jendea. Gezurra iduri badu ere, barnealdean frantsesez aritzen diren konpainiek baino jende gehiago biltzen dute euskaraz egindako antzezlanek.
Geroari begira, zer duzu esku artean?
Ba, batetik eleberri labur batzuk idazteko ideia badut. Bestetik, Banka herrikoek antzezlan amini bat eskatu didate, Arrosako festibalerako beste zerbait. Eta uda pasatuta, Xirristi Mirristi taldearekin «Lamindegiko lamiak» apailatzeari ekinen diogu. Era berean, bi obra ditut buruan, bata «Beherearta»n ageri zen Zakarias Putxapal detektibea protagonista duela, eta bestea berriz, Iparraldeko euskal irratien inguruan.
Hirugarren burutazio bat ere badut, hara, gazteak ginelarik aste hondarrean Garaziko «Garatenia» dantzatokian elkartzen ginen. Han biltzen zen jende-piloaren erdiarekin aski da antzezlan polit bat egiteko, Ettore Scolaren «Le bal» filmaren estiloa hartuz. Mota guztietako pertsonaiak zeuden: abertzale petoak, abertzaleen aurkakoak, mozoloak, neska panpoxa inozoak, mutiko lerdenak erraztasuna zutenak nesken biltzeko, eta ni bezalakoak, inoiz deus lortzen ez genuen gautxori pitoak