"OZTA-OZTA LIBRATU GARELA ESAN LITEKE"

  • hausnarketa eskatu diogu Iñigo Aranbarriri.

2021eko uztailaren 20an
A

zken lau hilabetetan ARGIAk kaleratutako «Gure Mendea» liburu eta CD-ROMaren inguruko zertzelada zenbait topatu duzu orrialdeotan, hasieran liburuan jasotako kronika hautatu batzuk (zegokion urtearen kronologiarekin batera), CD-ROMean bildutako publizitate, komiki eta gainerakoak ondoren. Sail honi amaiera emateko liburuaren egile den Iñigo Aranbarri elkarrizketatu dugu
).

Liburuaren sarreran aipatzen duzu, lanari aurre egiterakoan, lau oreka zenituela zaindu beharrekoak: urteekiko oreka, kulturaren adierazpen diferenteen arteko oreka, zazpi lurraldeen arteko oreka, estiloarekin lotura zuen oreka. Zer moduz moldatu zara guztiak orekatzen? Zein zailtasunekin egin duzu topo?
Osasungarri gertatu da oso, egin beharreko ariketa bat lana hasiera batean pentsatu bezala burutzeko. Gure kultur historiaren berrirakurketa batean arriskuak itzelak dira edozein aldetara gehiegi kargatuz gero, eta egin daiteke... Ikuspegi orokor eta kritiko bat ematearren ahalegindu naiz esate baterako literaturaren gehiegizko pisuari hanka egiten, gipuzkoanismoari, galderarik ez dakarten kronikei... Gaien aukeraketan bertan uste dut badagoela ideologia bat.

Ez da nire xedea ikerketa akademiko bat egitea izan, subjetibotasunetik egindako mendearen irakurketa bat baizik». «Bihar bertan hastera ostera ere, aukeratutako kronikak desberdinak izanen zirelako ziurtasunez idazten ditut lerro hauek». Horrela eginda, kontakizuna askoz ere erakargarriagoa da. Moduan asmatu duzula uste duzu?
Ez naiz egokiena asmatu dudan esateko... garbi daukadana zera da, bihar hastera ez nuela ez aukeraketa berdina egingo ez berdin idatziko. Historia dinamikoa den neurrian dinamikoa da historia hori irakurtzen eta berridazten duen idazlea ere. Eta hala izan behar du. Idazlearentzat abantaila handia da abiapuntu honetatik ekitea lanari. Subjetibotasun honek idazlearen inplikazio handiagoa eskatzen badu ere, libreago ere egiten du.

Mende amaieratik idazteak (...) garaian garaiko kronistek izan ez zuten ikuspegia ematen dizu. Distantziak libreago egiten du idazlea». Alde horretatik, unean uneko pentsakerak, ideologiak, gaurkoetatik zein desberdinak diren ere garbi ikusten da. Eta mende bat barruko euskal herritarrek nola ikusiko gaituzte gu?
Beste ehun urte bizi beharko jakiteko. Dena den, uste dut heriotzaren eta autokonplazentziaren artean kulunkatzen dabilen gizarte bat bezala ikusiko gaituztela, eta beldurtzen nau epaiak.

Nola hasi zenuen lana, non hasi zinen begira, nora jo zenuen, nola izan da lan prozesua? Hasieratik zenuen gutxi gorabeherako zerrenda bat eta hori betetzen joan zara ala pixkanaka-pixkanaka egituratzen joan zen ehuneko zerrenda?
Hezurdura eguneroko bizitzak ematen dizula uste dut, historia norberak irakurtzen duen neurrian mamitzen doan nolahalako egitura bat. Zerrenda, arestian aipatu orekak kontuan izanda egin beharra egon da hala ere. Gertaerak berriro bizi eta baloratzeko aldiz, prentsa idatzia izan da iturri nagusi.

Unamunoren Arriagako gertakari ezagunarekin (euskara ohore guztiekin ehortzi behar zela esatean, oihuka erantzun ziotenekoa) abiatu duzu kronika. Azkeneko kronikan, mende amaierara helduta, euskararen egoeraren aurrean irakurleak «baikor agertu nahiko» lukela eta badagoela «pozerako arrazoirik» diozu, «Bilbo Unamunok ezagutu zuena baino hagitzez euskaldunagoa» dela. «Baina ehun kronikek markatu bidean zerbait ikasi badu hori da hain zuzen ere, Bilboko pozak ez duela inoren larria estaltzeko balio behar». Egungo errealitateari so, baikorra al zara?
Alde horretatik, berriro diot, beldur naiz. Uste dut badagoela autokonplazentziarako joera oso zabaldu bat, nolabait kanpora begira normaltasun itxura bat eman nahia, funtzionarizazioak berarekin ezinbestean dakarren ideologia bat. Baina gero gauzak oso bestela dira. Ez da Iparraldean euskara apapa badoala jakitea bakarrik. «Normaltasunaren esparruaren» barruan ere, zeharo urruti gaude kultura batek behar beharrezkoak dituen gutxieneko jarduera batzuetatik. Lau hari mehek eusten diote gure eguneroko jardunari askotan, eta ez da boutade bat, sarritan bi lagunek aparato burokratiko oso batek baino lan gehiago egin izan dutela erakusten den herri batean bizi gara.

Azkueren «Diccionario Vasco-Español-Francés»en argitalpena modu orijinalean kontatu duzu, Tours-eko moldiztegian kokatuz. Soissons-Reimsetik «Gerla kronika bat» helarazi duzu, Gurs-en gatibu zeuden sei mila bat euskal herritarren kronika ere bai eta horrela beste hainbat. Era horretan sortu dituzu kronika asko.
Euskaldunak atzerrian ibili garenean ere euskaraz ekoiztu dugula erakusteko aukera ona eskaini didate gertaerok. Europan, Ameriketan... nahi adina adibide dituzu. Parada ona zen isolamenduaren teoriara (kanpotik erasotzeko, etxean mito ustelak sortzeko) kondenatu nahi gaituztenei erantzuteko. Endogamiaz salatzen gaituztenean erakutsi beharreko adibide duinak baditugu azken ehun urteotan.

Ehun gertaera (...), ehun tolesdura historiaren ibilian non geure burua identifikatu, non arrotz ez sentitu behingoz» diozu liburuaren sarreran. Duela gutxi irakurri dugu halaber «Bazka» aldizkarian euskal kulturaz egiten zenuen hausnarketa; euskal kultura ez dela existitzen erdal medioetan, eta Israelgo herriarekin parekatzen zenuen, beti egon behar baitugu gure izaera bilatzen: «Badakigu ia existitzen ez den herri bati itxura eman nahian gabiltzala. Hemendik eta handik, zatika eta presaka ari gara gure existentziaren frogak biltzen, jantzi dotore bat eman gura diogu gure egunerokotasun ahulari. Ez dakit oraindik nola ez diguten bekokira bota Israel artifizial bat sortu nahian gabiltzanarena». Gure existentziaren frogak biltzen aritu zara zu ere.
Bai, transmisio kulturari begira batez ere. Ahanzturaren kontu honetan nonnahi aurki ditzakezu alarmak pizteko moduko egoerak, eta ez naiz orain dela laurogei urte gertatutako ez dakit zeri buruz ari... Kultur komunitate garen neurrian, behartuta gaude azaltzera nola heldu garen gauden egoerara, mitoen eta oskurantismoaren aurreko jarrera bat, eta ez inoren aurrean ezer justifikatu beharrik dagoelako, oraina hobeto ulertzeko baizik. Zor diogu hainbeste gure memoriari.

Mendearen laburpena egitean, kronika gazi-gozoa dela diozu, garaipen txikiak eta miseria handiak izan dituela gure kulturak mende honetan zehar. Zergatik?
Gure garaipenak, berez, ezin dutelako handiak izan, eta hortik agian amorrarazita bizirik mantentzen gaituen har hau. Baina komunitate txikia izateak ez gaitu komunitate handiei erasotzen dieten miserietatik libratzen. Euskaldun izateak ez gaitu epai unibertsal batzuetatik absolbitzen, ez dugu buldarik. Kultur komunitate bat gara, baina komunitate horren barruan euskaldun zapalduak daude, baina baita euskaldun zapaltzaileak ere, banguardiako artistak daude, baina baita jarrera estetiko atzerakoienen defendatzaileak ere, poeta fusilatuak daude, baina baita poesia fusilatu izan duten apostoluak ere...

Zein gertakari zuretzat ezezagun zenak harritu zaitu hura deskubritu duzunean? Eta zein pertsonak, hark egindakoa ezagutzen ez zenuelako?
Dena izan da deskubrimendu bat... baina ez dut pentsatu ere egin nahi nolakoa izango zen herri hau ez balitz abertzaletasuna ezkerreko baloreekin uztartzen ahalegindu zen belaunaldi hura egon. Aresti, Zeruko Argiako «Gazte gara»ko artikuluak, euskalduntzearen konzientziazio kanpainak... garai horretan gure historiak hartzen duen birak egiten gaitu desberdin seguruenik beste herri askorengandik. Ozta-ozta libratu garela esan liteke

Alfonso XIII.ak euskara landu eta ondorengo belaunaldiei erakusteko deia egin zuen Eusko Ikaskuntzaren lehen kongresuan.
Adibide polita da ikusteko nola jokatu izan den askotan boteretik euskarari dagokion afera honetan: alde batetik zaindu beharreko relikia dela iragartzen zaigu, baina eguneroko bizitzan eraztunaren zigorrak bere bertsio modernoetan segitzen du, erabilera praktiko eta zibila oztopatzen saiatzen da. Badago museora kondenatze nahi bat, ondare moduan nahi gaituzte, ez komunitate bizi. Begira demokrazia modernoaren ama den Frantziari ere: frantsesa ez den gainerako hizkuntza orok alegala izaten segitzen du 2000. urtean. Baleen harrapaketaren aurkako moratoria sinatu duen zein estatuk salatu du?

1935eko «Bertso Gudua»: Txirrita eta Aitzolek bertsoa era desberdinean ulertzen zuten; honek ez zuen haren taberna zuloko bertsokera maite, jantzia, dotorea behar zuen. Gaur arte iraun duen eztabaida da.
Bertsolaritzan behin eta berriro agertu den arazoa da satanizazioena. Batez ere euskaltasunaren ezaugarri bereizi moduan erabili izan diren arteetan, beti egongo da politikoki zuzena ez den jarrera bat, eta polita da ikustea nola ez dugun ikasten: trikitixa munduan antzeko zerbait bizi izan dugu orain ez aspaldi. Denborak irribarre egitera behartzen gaitu.

36ko gerran, «bitan zatiturik dira abertzaleak Nafarroan». Abertzale zenbaitzuk gorriekin bat egiteko hautua onargaitza zen 82 urteko Arturo Campionentzat, «Larreko»rentzat... Gipuzkoan ere bazen matxinatuen alde egin zuenik: Juan Telleria konpositorea, Ignacio Zuloaga, Julio Beobide...
Beste lurraldeen aurrean askotan harroegi agertzen den gipuzkoar abertzaletasunari egin beharreko apunte bat zen. Gerra aurrean momentu batean bazegoen Aitzolen Pizkundean eta Falangean, bietan kolaboratu izan zuen artistarik. Marra ez zegoen hain markatua. Irabazleen sinbologiak asko zor die artista gipuzkoarrei.

Bake garaiak lortu ez duena erdietsi du gerrak». Momentu zailenetan, emaitzarik onenak? Eta 1990ean, ametsa bigarrengoz. Hala ere, zera diozu beronen salmenta ikusita: «Ez da asko 750.000 euskal herritarrek aitortzen dutelarik erroldetan euskaldun direla. Lizardik 1929an Bai-rentzat kalkulatzen zituen berberak ditu irakurle».
Garai zailetako dinamika batera ohitu gara. Gaur egun ere, begiratzen hasita, zenbat gauza ateratzen da oraindik ere langile on askoren nolabaiteko militantismo bati esker? Baina badu beste aldea ere. Zenbat militante dago ez dagoena prest euskal prentsa kontsumitzeko egunero?

Agirre lehendakariari ez omen zitzaion Picassoren «Guernica» gustatu.
Agirreri Picassoren artea gustatzen ez zitzaiolako ez dago «Guernica» Gernikan. Normala da, politikoak ez dira egokienak artea baloratzeko. Egunero ikusten dugun zerbait da.

Mixel Lagegerieren «ahots eta gitarraren biluztasunak frankismoaren kontrako panfletorik gogorrenaren zama du», baina Iparraldean frantximant saldu bati eman ziotela botoa zioten abertzaleek.
Berdin pastoralekin ere. Badago oinarrizko arau bat: errealitate baten ezagutza eza eta jarrera aitakorren zabarkeria.

Orain arte `cine vasco-euskal zinema' zigiluaren monopolioa izan duten erdal ekoizleek urduritasun nabarmenaz erantzun diote euskaraz mustu eta euskaraz emandako lehen filmek berekin ekarri duten egoera berriari». Egoerak antzekoa izaten jarraitzen du, ez da euskarazko filmik (film laburrak salbu) egiten.
Neurgailu ona da zinearena artea eta industria maila handi batean batzen dituen neurrian. Begira nola gauden.

Hiru Truku taldeak mendebaldeko kantu zaharrak kaleratu dituztenean, arrakastak batuaren esparrua gainditu du. Musikak sortutako liluraren bidez ukitu dira sentsibilitaterik lotuenak, horrela ari da irabazten hizkuntzaren gaineko txostenekin lortu ez dena». Egun bizkaiera sustatzeko ekimenak agertzen ari direla dirudi.
Bai, asko aurreratu da mendebaldeko euskararen erabilera eta prestijioari dagokionez. Dena den, uste dut hizkuntzari kolorea eman beharrak mugiarazi gaituela denok, baina beldur naiz ez ote garen jarrera inmobilista berri batean eroriko. Erregistroz aberasten segitu beharra dugu, beste euskalkien ekarpenekin, hizkuntza mailak desderdintzen, gaztelerazko argotaren menpetik askatzen...

Handiegia da turismorako iman legez erabili nahi den museogatik ordaindu beharreko saria. Hau da, eta ez besterik berrehun euskal sortzaile eta ekoizle bildu dituen Kultur Kezka taldea Gasteizko talde parlamentarioekin izan denean mahai gainean jarri den ardura». Kultur Kezkaren indar eta esperientzia politiko eza, fundazio pribatu baten indarra, politikoen maniobralitate ezina... dira aipatzen dituzun arrazoietako batzuk.
Guggenheim-ek egunero erakusten digu zer izan zen hura eta zer den fundazio pribatu bat. Oraintsu, sarrerak ehuneko berrogeita hamarra garestitzea erabaki du. Lan konbenioak nekez dira ehuneko bi eta erdian igoko. Zer indar daukagu administrazio publikotik harrokeria horren aurrean? Geuk sortutako munstruo eder bat


Azkenak
Dela klima aldaketa, dela Ukrainako gerra, arrakalatu egin da Artikoko bake neurtua

Artikoari begira jarri eta XXI. mendeko erronka eta arazo handienez hitz egiten bukatzen dugu aski fite: geopolitika, edo hobeki erran gerlak eta klima larrialdia. Horretaz kontziente, Artikoko Batzarraren baitan egin ahala eraikitzaile eta bakezale izateko jarrera izan dute... [+]


Etorkizunean ere mendien alde

Orain dela hogei bat urte izandako mehatxuak datoz Gipuzkoako mendietara berriro ere, eta ez nolanahiko neurrian, gainera; tamaina eta kantitate handiagoan baizik. Proiektuok –bakarren bat jadanik eraikia; Zubietako erraustegia, kasu– landa-eremuan edota mendian dute... [+]


Migratzaileei hizkuntza harrera egiteko jardunaldiak egingo dituzte Gasteizen

Urriaren 10 eta 11n Gasteizko Europa Jauregian egingo dira Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lankidetzan urtero antolatzen dituzten jardunaldiak.


Iruñeko Ezpala tabernari eraso egin zioten Boixos Nois taldeko ultren kontrako akusazioa artxibatu du epaileak

Iturramako taberna herritarrari eraso egin zioten egunean bertan Iruñean ziren arren, salatutakoan parte hartu zutenik ezin dela frogatu dio epaileak. 2022ko azaroan Ezpala taberna txikitu eta bertan ziren bezeroak jipoitu zituzten Bartzelonako ultrek.


2024-09-26 | ARGIA
Realeko entrenatzaileak euskaraz jarraitu zuen, zenbait kazetari frantziar kexatu arren

Realeko futbol taldeko entrenatzaile Imanol Alguacilek, Nizan, Europako Ligako partiduaren aurretik eskainitako prentsaurrekoan euskarazko hedabideei euskaraz erantzuten ari zela, hainbat kazetariren kexa entzun behar izan du. Duela astebete antzeko egoera gertatu zen... [+]


EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk akordioa adostu dute Osakidetzako lan eskaintzen eredua berrikusteko

Osakidetzako lan eskaintza publikoen eredua "berrikustea" eta kontsolidazio prozesuak "bukatzea" galdatzen duen ekimen parlamentarioa adostu dute hiru alderdiek.


2024-09-26 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 6. eguna
Por donde pasa el silencio


Greba arrakastatsua Nafarroako Hezkuntza Publikoan

Nafarroan hezkuntza publikoko milaka irakasle greba egitera daude deituta ostegun honetan eta mobilizazio ugari iragarri dituzte sindikatuek. Ratioen jaitsiera, plantillak egonkortu eta gainzama arintzea eskatzen dute, besteak beste: "Gobernuari dagokio hezkuntza publikoa... [+]


2024-09-26 | Euskal Irratiak
Baionako Ospitaleko ehunka langile mobilizatu dira lan-ordutegien berrantolaketaren kontra

Euskal Kostaldeko ospitaleko zuzendaritzak aurkeztu duen lan denboraren berrantolaketa proiektuaren salatzeko, intersindikalak mobilizaziorako deia egin zuen asteartean. Berrantolaketa proiektu horrek 2002an sortutako hitzarmena hausten duela diote sindikatuek, besteak beste RTT... [+]


2024-09-26 | Gedar
Ertzain bat Desokuparen parte dela argitaratu dute

Otavio da Silva ertzaina irakasle aritzen da Desokupan, eta emakume gisa dago erregistratuta. Bestalde, badirudi udan bere bikotekidea erailtzen saiatu zen ertzaina ez dutela Poliziatik bota.


Gaza iparraldeko zibil guztiak kanporatzea aztertzen ari da Netanyahu, begirada Libanon jarrita dagoela baliatuta

“Zonalde militar itxia” bilakatuko litzateke Gaza iparraldea, eta palestinar zibil guztiak kanporatzea ekarriko luke. Astebetean joaten ez diren guztiak helburu militar gisa hartu eta hil egingo lituzkete, planaren arabera.


Armen salmenta sekretupean mantentzeko akordioa daukate Israel eta Espainiaren artean

José Luis Zapatero Espainiako presidente zela hasi ziren akordioa lantzen 2011n eta 2014an gauzatu zuten Espainiako Mariano Rajoy eta Israelgo Shimon Peres presidenteek. Publico komunikabideak eman du akordio horren berri.


Sail Ofiziala. 6.eguna
Ihes egin heriotzari, aurrerantz

Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita... [+]


Eguneraketa berriak daude