Lizarra-Garazi eta su-etenaren haustura


1999ko abenduaren 26an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Oihartzun publiko handirik izaten ez baldin badute ere, Lizarra-Garaziren inguruan lanean dihardugunoi herriz-herri antolatzen dituzten hitzaldi eta mahai-inguruetan parte hartzea tokatzen zaigu sarritan. Izan ere, era guztiz espontaneo batera sortu eta hedatu den prozedura bati jarraikiz, mahai-inguru baten antolaketa izaten baita lehen ekimen nagusia, herri jakin batean Lizarra-Garazi Txikia martxan ipintzeko asmotan dabiltzanean

ASKOTAN
leporatu izan zaigu politikagintzan gabiltzanoi herritarrengandik urrun bizi garela, baina, kasu honetan, herriz-herri ibili behar horrek gertutasun handia eskaintzen digu, eta gertutasun horren berri ematea izango litzateke lerro hauen xedea, goi mailako hausnarketen aukera beste batzuei utziaz.
Lehenik eta behin esan beharra dago jendeak mahaiaren inguruan eseri izana bera ere asko eskertzen digula. Hor badago nolabaiteko antzezpen pedagogiko bat: aurrez-aurre egon garen mugimenduak elkarrizketa lasai eta eraikitzaile batean ikusteak berak asko balio du. Zalantzarik ez dago ikuspegi eta analisi kontrajarriak egon badaudela, eta natural adierazi ohi ditugu berauek jende aurrean; balio eta indar handia dutena tonua eta jarrera dira. Neronek esandakoa da behin baino gehiagotan, euskaldunok bizi dugun bake prozesuaren giltzarririk nagusia elkarlana dela, eta elkarlan hori behar den bezala martxan ipintzeko ezinbestekoa dela elkarrekiko gutxiengo konfidantza bat. Konfidantza hori ez da zerutik erortzen; oso bestalde, elkarrizketari ordu luzez eutsita iristen da inongo zalantzarik gabe.
Jendeak ez ditu planteamendu teoriko luze eta sakonak egiten. Jendeak galdera zehatzak egiten dizkigu, eta beti prozesuak dituen puntu ahulenei begira. Azken egun hauetan esan beharrik ez dago su-etenaren haustura dela kezkarik nagusiena. Zehazkiago esateko, ETAren ekintza baten aurrean Lizarra-Garazik nola erantzungo lukeen.
Hau ez da Euskal Herriko mugetan soilik atzeman daitekeen kezka soilik gainera. Azaroaren 28an (hain juxtu ere ETAk su-etenaren amaiera aldarrikatu zuen egunean) Venezuelara abiatu ginenok sentipen berbera somatu ahal izan baikenuen atzerrian bizi diren euskaldunengan.
Gure aldetik irakurketa arduratsu eta baikorra egiten saiatzen gara, horixe delako Lizarra-Garaziren ikuspegia, eta horixe delako gainera Batzorde Iraunkorrak su-etenaren hausturaren aurrean argitara eman zuen adierazpenaren filosofia.

BIDE
bakarra dagoela azpimarratzen dugu, eta bide horretan jarraitzeko konpromisoa berretsi dugula guztiok. Horrez gain, Adierazpenak inoiz zentzurik izan baldin badu, egun hauetan dela esaten dugu. Dena den, irakurketa amankomun horrekin batera, Alderdi modura geure hausnarketa ere egina dugu, eta nik neronek benetan uste dut EAJk kaleratu zuen agiriaren edukiak egokiak eta zentzuzkoak direla.
Ezin baitugu bazterrean utzi orain arte tresna politiko eta demokratikoak indartzearen alde egin dugun apustua. Gure herriak bere hitza adierazteko unea heldu dela benetan uste dugulako, euskaldun guztiak barne bilduko dituen esparru juridiko politiko bat egituratzeko apustu sendoa egiten dugu jeltzaleok. Baina garai honetan gure ardura nagusia horixe dela esatearekin batera, Ezker Abertzaleak oro har, eta bereziki ETAk duen ardura nagusia (tresna politiko eta demokratikoen aldeko apustua, alegia) onartu eta bete egin behar du. Nire uste apalean hortxe dago gakoa.
Lehen esan dudan bezala, elkarlanak ezinbestekoa du gutxiengo konfidantza bat, eta konfidantza hori, konpromisoen aurrean adierazten den sendotasunak egiaztatzen du. Jendeak segituan ulertzen ditu argumentu hauek; gure esku dago oraindik ere bizi-bizirik dauden ilusioa eta esperantza ez zapuztea


Azkenak
Eguneraketa berriak daude