ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 07a

"NABARRISMOAK BABES INSTITUZIONALA LORTU DU"

Patxi Larrion @plarrion
1999ko abenduaren 12a
T

esi-liburua Nafarroako euskal nazionalismoa II. Errepublika garaiari buruz da. Zer dela eta aukeratu zenuen gai hori?
Mende honetan, bi abagune daude, non oso nabaria den nazionalismoaren eragina Nafarroan, Francoren ondorengo trantsizio politikoa eta Errepublikako urteak. Nazionalismoaren inguruan, Larrondek (1974) eta Corcuerak (1979) tesi-liburuak kaleratu zituztenetik gauza asko idatzi dira, baina Nafarroari dagokionez hutsune historiografiko hau zegoen. Ziuraski, batzuk, politikoki ez zuzena iritziko diote liburuari, gaur egungo ikuspuntu instituzionaletik euskal nazionalismoa eta Nafarroa uztartu ezinak baitira. Alta, Nafarroako historia ofizialak, komunikabide boteretsu batzuk onartu ez arren, liburu honek frogatzen du nafar asko hasieratik euskal nazionalismoaren baitan egon zirela.

Liburu hau egiteko zailtasun berezirik izan al duzu?
Dokumentazioarena. Horrek jatorri zehatza dauka. Nafarroan, gerra hasi bezain laster, militanteek, beldurrez, iturri dokumental asko desagertarazi zituzten, eta beste dokumentu ugari, batzokiak hartu zituzten uneetan galdu ziren. Ziur nago, dokumentazioren bat hor nonbait dagoela gordeta, karlista edo falangista ohi batzuen eskuetan.

Dokumentazioa bilatze horrek maiz Amerikara eraman zaitu...
Amerikara joan nintzen elkarrizketatzeko oraindik bizirik ziren eta zoritxarrez hil diren (Andres eta Josefina Irujo esaterako) protagonisten bila. Nazionalismoaren historia erbesteratze prozesuaren testuinguruan kokatu behar dugu. Jende asko hil da Euskal Herritik kanpo, nahiko ahaztuta.

Estatutuarena da liburuaren gakoetako bat. 1931tik 1932ko ekainean egin zen asanblada famatu arteko aro horrek izan al zuen aurrekorik?
Estatutuarenak nazionalisten estrategia politikoa markatzen zuen. Hau ez zen berria, 1917an nazionalistek eta zenbait sektore karlistak bultzatu baitzuten «El mensaje de las Diputaciones» eta han esaten zen, berreskurapen forala ez bada gauzatzen autonomia ahalik eta zabalena lortu nahi zutela, jadanik hor dago Estatutuaren filosofia.

Jimeno Jurioren «Navarra jamás dijo no al Estatuto Vasco» liburuaz gain, badaude gai honen inguruko ikerketa batzuk. Zer berritasun dakartzazu?
Jimenoren liburuak desegituratu zuen bertsio ofiziala. Hori ez zen berria, Errepublikako urteetan ere, nazionalistek salatu eta dokumentatu zituzten boto aldaketak. Asanblada iritsi aurreko bi urte horietan, nazionalistek diskurtso berezia gauzatu zuten Nafarroan eta 32ko ekainean Iruñeko Gaiarre Antzokiko Asanblada aurreko giroa islatu nahi nuen, besteak beste, baliogarria izan daitezkelako egun dauden eztabaida eta jarrera politikoetarako. Egun, sektore abertzale batetik, Nafarroak gainontzeko euskal lurraldeen gainean izan duen hegemonia politikoa aldarrikatzen denean, dialektika aldatuz, haiek etorri behar dute guregana esanez, paradoxikoki hori erabiltzen zuten orduko eskuindar batzuek azken argudio gisa. Azken batean, nabarrismoak, politika eta taktika mailan, atzo eta gaur kutsatu dituelako sektore politiko guztiak.

EAJ, II. Errepublikaren hasieran, gainerako indar eskuindarrekin bat zetorren.
Baina, EAJk garbi zeuzkan ildo estrategikoa eta helburu politikoak, hain zuzen ere Estatutuarena. Gainontzekoa ez zen garrantzia handikoa. Eskuindarrek galdu zuten bere erregimenaren zutabe nagusia, monarkia, eta gainera beldurrez ikusi zuten abiatzen ari zen prozesu aurrerakoi eta demokratiko —ez iraultzaile— sakona. Beste aliatu politiko batzuk bilatu zituzten, Euskal Herrian EAJ.

Errepublikaren hasieran eskuinak Estatutuarekin bat egin zuen, noiz gauzatu zen jarrera aldaketa hura?
1932rako eskuinak birrantolatze prozesuari ekin zion, tradizionalistak eta integristak batu ziren, eta ez zuten hain beharrezko nazionalismoaren laguntza. Bestalde, bazekiten, 31ko bukaeraz geroztik, Nafarroako zenbait sektore errepublikarrek, ez guztiek, Estatutuaren alde jokatuko zutela, karlistek, nagusiki. Estatutua ildo errepublikarretik abiatuko zela ikusirik, ekinbide horretatik bereizi ziren, eta asanblada famatua iritsi zenean, behin betiko aldatu zuten. Ordurako estatutua ez zen Errepublikak onartzen ez zuen prozesu bat, kontrakoa baizik, Estatutuak babesa emanen zion Euskal Herrian Errepublikari.

Nafarroako ezkertiarren artean, era guztietako jarrerak somatzen ditugu Estatutuarekiko.
Sozialisten «Trabajadores» aldizkarian oso gutxitan azaltzen ziren Estatutuaren gorabeherak, lehentasuna giza arazoek zuten. Errepublikarren hedabideetan, Estatutua defendatzen zuten artikuluak agertzen ziren. 1936an Frente Popular osatzen zuten alderdi guztiek sinatu zuten testu bat esanez, Estatutuaren bitartez, bat egin nahi zutela gainerako euskal lurraldeekin. Nafarroa, bakartua egonik eta eskuinak zuen gehiengo politikoa kontuan hartuta, ibilbide politikoa amildegira zihoala ikusi baitzuten.

Errepublikari eusteko, eskuinari aurre egiteko bide ona al zen Estatutua?
Bai, batez ere, Nafarroan ziren indar politikoen erlazioa aldatzeko. Eskuinak euskarri instituzional guztiak kontrolatzen zituen, orduan ezkerrak bat egin zuen euskal estatutuarekin. Hor ez zen politika estrategiko bat, arazo horri aurre egiteko egin behar zen taktika baizik.

«Centro Vasco», Emakume Abertzale Batza, EGI, ELA, EAJk, organikoki, oinarri zabala al zeukan?
Talde horiek elkar elikatzen ziren. EAJk «La Voz de Navarra» (LVN) egunkaria zeukan. Errepublika hasi zenean, Iruñea, Lizarra eta Tafalla alde batera utzirik, oso leku gutxietan zegoen. Elkarte nazionalisten garapena orduan gauzatu zen, batez ere, 34a arte. Gero urriko gertaeren ondorioz etena dago eta 36an berriro hasi zen hedapena. EAJk estatutuaren dinamika organikoki zabaltzeko baliatu zuen. «Centro Vasco» bat irekitzen zuten bakoitzean hitzaldiak eta abarrekoak antolatzen zituzten, eta orduan zeukaten ildo politiko-estrategikoa, estatutuarena, aurrera eramateko probesten zituzten horiek.

Bestalde, nolabaiteko kolonialismo kulturala salatzen duzu?
Aniztasuna eta batasunaren arteko dialektika ongi menperatu behar da. EAJk zenbait eskualdetako kultur adierazpide hedatu zuen Euskal Herrira eta zegoen aniztasuna ez zen hor islatua. Hori guztia nabarmena zen Nafarroaren kasuan. Kultur praxis horrek, maiz, hurbiltasuna baino urruntasuna sortzen zuen. Nafar askorentzat horiek

vascoen
gauzak ziren, baina ez gure gauzak.

ANVk hedapen urria izan zuen Nafarroan. Beti ere, ba al zen EAJren barnean sektore aurrerakoi bat, Santiago Cunchillos eta Manuel Aranzadi ordezkari zituena?
Bizkaitarrekin gaizki eramatea gauza bat da eta beste bat ezkertiarra izatea...

Orduan, zer dela eta ez ziren bat etortzen Irujorekin?
Manuel Aranzadi 31ko hauteskundeetako zerrendetan zegoen. Aranzadi izan baitzen 1918-1923 bitartean EAJk Madrilen izan zuen diputatuetako bat. Hor konpromiso bat zegoen, Agirre —Bizkaitik eta Nafarroatik aurkeztu zuten—, bietan ateraz gero, Nafarroakoa utziko zuen Aranzadi sartzeko, eta hori ez zuten errespetatu, Bizkaikoa Robles-Arangizi eman zioten. Hori zela eta, Aranzadik dimisioa aurkeztu zuen. Nafarroako EAJko sektore batek oso kontrako jarrera zeukan Bizkai Buru Batzarreko partaide batzuekiko. Bizkaiko sektore bat ibili zen Nafarroan beste sektore bat bultzatzen, baina arazoa ez zen ezkerra ala eskuina, barruko eztabaida baizik, eta oso arazo puntuala baina garrantzi handikoa Aranzadiren kasuan. Santiago Cunchillosek bat egin zuen Aranzadirekin, lagunak zirelako.

Giza arazoak ba al zuen tokirik EAJren egitarau politikoan?
Irujo, horretan ere, aitzindari dugu, bazekien alderdiak nekazarien arazoari aurre egin behar ziola. Gainera, Irujo bera izan zen, gerra piztu zenean, Euskadi mailan Errepublikaren aldeko jarrera hartu zuen lehenbiziko nazionalista.

Gerran nazionalistek egin zuten hautuak, zeresan handia eman du?
Organikoki ezin dugu deus planteatu, Nafarroan EAJ, beste alderdiak bezalaxe, desagertu baitzen alderdi gisa, militanteek indibidualki jokatu behar izan zuten. EAJren baitan, jarrera ezberdinak ditugu, Nafarroako testuingurua ikusita askok halabeharrez joan behar izan zuten frankistekin. Hauetako gutxi batzuk gero frankismoaren baitan bere karrera politiko eta militarra egin zuten. Bestalde, nazionalista askok, erbestera joan baino lehen, bat egin zuten euskal miliziekin edo Errepublikaren aldeko sektoreekin.

1931-36ko EAJren inguruko taldeetakoak zerrendatu dituzu. Zenbait abizenek bat baino gehiago harrituko du.
Esaterako, Korellako J. Asiain Gurutxarriren kasua, Francoren garaian falangista sutsua eta diputatu izan zena. Edo Ruiz de Alda familiarekin gertatu zena, anaia batzuk nazionalistak ziren eta Julio Ruiz de Alda falangista. Gerran, anaiaren ospe frankistaz baliatu ziren erregimen frankistan inolako arazorik gabe jarraitzeko. «Ezusteak» badaude zerrenda horietan, baina guztia dokumentaturik dago, alde horretatik ez dut beldurrik. Gehiago kezkatzen naute azaltzen ez direnek, eta ez dira azaltzen, arrasto dokumentalik ez dudalako.

Elkarrizketan zehar, egungo egoeraren erreferentziak eskaini dizkiguzu.
Egoera gazi-gozoa da. Alde batetik, zenbait eremutan asko aurreratu da, euskara zabalduz doa Nafarroan eta hori neurri batean nazionalismoari zor diogu. Nafarroan bada jarrera neutro eta «politiko» bat esaten duena, euskara, kultura ez dugula politikarekin nahastu behar, baina azken batean, nahitanahiez kontu politikoarekin nahasten da. Nazionalismoak historikoki kultura bultzatu du eta hein handi batean horri esker aurrera atera da. Baina beste aldetik, irakurketa politiko bat eginez, Errepublikako urteekin konparatuz, bada alde negatibo bat, nabarrismoaren diskurtsoa, garai hartan eskuinaren diskurtsoa zena, egun nagusitu da...

Arestian bezgauza aipatu duzu urte hartaz.
Kutsatu bai, baina ezkerrak ez zuen bereganatu diskurtso hori. Esaterako, 1936an Estatutuarekin bat egin nahi zuten. Alta, gure iragan hurbilean, trantsizioa garatu ahala, alderdi sozialistak sekulako aldaketa eman zuen. Hasieran, «Frente Autonomiko»an zegoen, gero PSN eratu zenean, sozialistek nabarristen jarrera hartu zuten, eta are gehiago, alderdi sozialistari egokitu zaio nabarristek egin behar zuten lana; instituzionalizazio prozesu osoa haiek eraman zuten aurrera. Nabarrismoaren diskurtsoak, egun, ikaragarrizko babes instituzionala erdietsi du. Nazionalismoa, hedapen eta aniztasun politikoaren aldetik, aberatsagoa da Errepublikan baino. Bestalde, errealitate politiko instituzionala oso sendotuta ikusten dut eta gainera Estatu mailan dialektika horrek sekulako adostasuna lortu du, Nafarroa euskal prozesutik kanpo uzteko. Horregatik esan dut hasieran, Nafarroako egungo

status quo
a defendatzen dutenentzat, liburua ez dela politikoki zuzena

JOSE AGERRE
«Euskaldunberria izanik, euskarari merezi zuen tronua eman ziona»

SANTIAGO CUNCHILLOS
«Erbestean hil zen lehen orduko abertzale peto-petoa»

JAIME DEL BURGOS TORRES
«Garzonek epaitu beharko lukeen 1936.eko matxinatua»

LUIS FERNANDEZ
«Lagun mina. Kazetari zorrotz eta azkarrenetakoa»

CARLOS GARAIKOETXEA
«Galdu beharko ez genukeen sen handiko politikari fina»

MANEX GOIHENETXE
«Lapurdiko behatokitik Euskal Herri osoko historia egiteko gauza dena»

MANUEL IRUJO
«Barne muinetan nafartasuna zuen euskal abertzale nekaezina»

J.M. JIMENO JURIO
«Eremu latzenetan aitzindari izan dugun historiagilea»

MANUEL TUÑON DE LARA
«Espainiako historiara erbestetik haize berriak bidali zituena»

PATXI ZABALETA
«Ezker Abertzaleak gehiago baloratu beharko lukeen politikaria»

Tantoa
Badira hamabi bat urte Josu Chueca ezagutzen dudala. Hasiera batean bakoitzaren lana zela medio ez genuen harreman handirik, baina denborak aurrera egin ahala bere lana eta bere pertsona hobeto ezagutzeko aukera izan dut. Izan ere, Josuk bere baitan gaur egun elkarrekin aurkitzea oso zaila den bi ezaugarri bere baitan biltzen jakin izan du. Alde batetik historiagile eta ikerlari bezala duen zorroztasuna nabarmendu nahiko nuke. Gaitasun hori hainbat lanetan erakutsi du, gehienek Nafarroa eta abertzaletasunarekin zerikusia dute eta historiografia zientifikoak eskatzen dituen baldintzak ondo betetzen dituzte. Beste batzuekin parekatuta bere ikerlari bidea berandu samar hasi bazuen ere, tesiaren argitalpen honek bideak irekitzen dizkio hainbat gaietan erreferentzia izateko.
Beste ezaugarria, bere lanak azaltzeko orduan erakusten duen kemena da. Historia aztertu ez ezik, gertaera historikoak bizi egiten ditu. Are gehiago, arreta berezia eskaini die beste historiagile batzuek baztertu dituzten talde, pertsona eta ideiei. Bi ezaugarri hauetan agertzen zaigu Josuren konpromezua bere lanarekin eta bere herriarekin, iragana arakatuz eta guztion artean zabalduz, Gerra Zibilari buruzko liburua lekuko. Gainera bere iharduera ez da mugatu ikerketa estura; irakasteko duen grina nabarmendu egiten baizaio, baita beste irakasle batzuek kontutan gutxitan hartzen ditugun baliabideak erabiltzeko joera, ikus-entzunezkoak adibidez. Bestalde ez ditu baztertu ardura postuak, duela gutxi arte Eusko Ikaskuntzako Historia Sailburua izan da eta ezaguna da bere lankidetza UEUn edota Jeronimo de Ustaritz Institutuan. Hau guztia kontutan hartuta, ezagutzeaz gain lagun estimatutzat daukat Josu Chueca, historiagile nafarra

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude