FRANTZIAKO HIZKUNTZA GUTXI TUAK EUROPAREN BABES ESKE


1999ko abenduaren 12an
Europako Batasuna 1951n sortu zen. 1992ko azaroaren 5ean, Europako Kontseiluak Frantziako Konstituzioaren harroina astindu zuen Eurokarta idaztean. Urte berean, 1992 urtean, Frantziako Estatuak Konstituzioaren 2. artikulua aldatu zuen, eta «

Errepublikaren hizkuntza frantsesa da
» berridatzi zuen. Alabaina, Konstituzio berean, bere 11. artikuluan, 1789ko Giza eta Hiritar Eskubideen Aitorpen konstituzional batek honela dio: «

herritar orok hitz egiteko askatasuna dauka
». Frantziako Estatuan daude hizkuntza gutxitu gehiengoa, Italiaren atzetik.


POIGNANT TXOSTENA:

Poignant txosten bezala ezagutua –Kemper hiriko auzapez sozialistak egina– Frantziako herri gutxituen hizkuntzen egoera aztertzeko egin zen. Txostena Nicole Pery diputatua sozialistaren eskutik hasi zen gauzatzen Frantziako lehen ministro Lionel Jospinen aginduz. Europako eta Frantziako Estatuko zuzenbidea alderatzen badugu Frantziako zuzenbidea oso atzeratua dago hizkuntz eskubideen eremuan. Paradoxikoki, Europa gero eta kultur anitzagokoa den garaion, Errepublika gero eta elebakarragoa da. Hala izanik ere, Lionel Jospin gobernu buru duela, giza eta herri txikien eskubideen eremuan duen hutsunea betebeharrean dago Frantzia, Europako eta munduko beste estatuekiko izan duen askatasunezko ospe eta prestigioari eutsiko badio bederen. Frantses hizkuntzaz beste, Hexagonoan bestelako hizkuntza ofizialik ez dagoelako inork dudan jartzen bazuen, 1994 urteko Tubon legeak areago zigortu zituen babesik gabeko hizkuntza gutxituak. Teorikoki, frantsesa ingelesarengandik jaso dituen erasoetatik babesteko sortu zen Tubon legea. Konstituzioan sartu zen lege berri honen lehen artikuluak hauxe dio: «

Frantsesa, ikaskuntzako, laneko eta zerbitzu publikoetako hizkuntza da
». Bakarra, noski. Gainontzekoek ez baitute estatutu ofizialik.


CARCASSONE TXOSTENA.

1998ko irailean, Lionel Jospinek Tourseko hautetsi sozialisten bileran Hizkuntz Gutxituen Eurokarta sinatuko duela adierazi zuen. Artean, Guy Carcassone zuzenbide irakasleari Eurokarta eta Konstituzioa zein neurrian diren bateragarri aztertzea agindu zion. Poignant txostena oinarri harturik egindako azterketa metodikoaren ondoren adierazpen hau egin zuen Carcassonek: «

Eurokartak Frantziako Konstituzioarekin bat egin dezake
». Zein neurrian ordea? Hortxe dago koxka. Izan ere, Eurokartako 150 neurrietatik 98 ez dira Konstituzioarekin bateragarriak. Gainontzeko 52 neurriak bai, ordea. Eurokarta sinatzeko eta nazioarte mailako irudia garbitzeko gainera, 35 puntu sinatzearekin aski zuen Frantziak. Iparraldeko euskaltzaleen artean, erreakzio denetarikoak sorrarazi izan ditu adierazpen publiko horrek. Esaldi bakar batean biltzera, honelatsu idatziko genuke: «

Pauso baikorra dateke, baina aldi batez, orain arte buruturiko ahaleginak desbideratzekoa
». Eurokartaren izenpetzeak aurtengo maiatza arte itxaron behar izan zuen edonola ere. Herri ekimenek hizkuntza gutxituekiko babes juridiko murritza somatzen dute eta hainbat mobilizazio burutu izan da. Baionako manifestazioaren ondotik, Nicole Peryk –Formakuntzarako Estatu idazkaria– Eurokarta duintasunez sinatzea eskatu zuen. Izan ere, artean, Guy Carcassonek Lionel Jospini adierazpen interpretatibo bat egitea gomendatu baizion, hauxe esanez: «

Hizkuntza gutxituen eskubideak eta publikotasuna mugatze beharra ikusten zuela». Hots, hizkuntza hauek irakaskuntza eta hedabideetara mugatuko ziren susmoa antzematen zen jada. Euskarak, kasu, bizitza publikoan, administrazioan eta justizian lekurik izan gabe segituko zuela, alegia.
Hizkuntza Gutxituak

Bretoiera: indo-europarra (zeltiarra)


Bretainiako mendebaldean mintzatzen da batez ere: Finistere, Cotes D'Armor eta Morbihan eskualdeetan. Bretoi hiztunak badaude ere beste bi eskualdeetako hiriburuetan: Roazhon eta Naoned-en, baita Parisen ere. 240.000 hiztun dira egun. Bretoiera Britainiako hizkuntza izan zen. Britainia Handiko uhartearen konkistaren ondotik ihes egin zutenak «Are morica» penintsulan kokatu ziren, hots, «Itsasotik hurbil». V. mendeaz geroztik Armorika izan zen Bretainia penintsularen izena. 1523an, Bretainiako Dukerriak Frantziako Erresumarekin bat egin zuen. Frantses hizkuntzaren ezarpena 1789ko Iraultzaz geroztik eman zen. Alta, XX. mendearen hasieran literatur bretoi modernoa sortzen hasi zen. Egun, Diwan elkartea irakaskuntzan eta 3 irrati hedabideetan da euskarri nagusia. Erregioko FR3 telebistak 90 minutuko tartea eskaintzen du astean. Bretainiako esaera zahar bat honela dio: «Was du heute kannst besorgen, DaB verschiebe nicht auf morgen». Alegia: «Ez utzi biharko, gaur egin dezakezuna»


Katalana: indo-europarra (erromanikoa)


Ipar Katalunian (Ekialdeko Pirinio Departamenduan) 363.000 biztanle daude. 200.000 dira katalan jatorrikoak. 102.000k baino ez dute katalana hitz egiten. Eskola publikoan erakusten bada ere, eskoletako ikasleen % 20k baino ez du ikasten katalanez Haur Hezkuntzan eta Lehen Mailan. 1.500 haurrek ikasten dute, baina hizkuntza gisara besterik ez. Eskola pribatuetan % 1ak besterik ez du ikasten katalana. Eskoletan erabiltzen den material pedagogikoa, Hego Katalunian edo Andorran egindakoa da. Irakasle katalan kopurua oso da urria, eta beste eskualdeetan ikasteko prestatu materiala egokitu behar dute Iparraldearen ezaugarrietara. Hegoko irrati eta telebistak ikus daitezke, baina ez dira bertako errealitateaz arduratzen. Erregioko FR3 telebista publikoak 10 minutuko saio bat eskaintzen du hamabostero, eta irrati publikoak minutu batzuk. 1981ean zabaldu zen katalan hutsez ari den irrati bakarra. Ez dago katalanezko agerkaririk, baina egunkari batek orrialde bat eskaintzen du katalanez


Korsikera: indo-europarra (erromanikoa)


Korsika uharteko hizkuntza da korsikera. 1982 urtean eginiko azterketa baten arabera, populazioaren % 96 korsikarra da, eta % 86k hitz egiten du. 250.000 biztanle bizi dira bi departamenduetan banandurik: Hego Korsika eta Korsika Garaia. Gainontzeko hizkuntza gutxituen antzera, ez du inolako estatutu ofizialik. Paradoxikoki, administrazio eta justiziako funtzionario gehienek hizkuntza mintzatzen dute. Haiekiko harremanak hizkuntza horretan garatzen badira ere, herritarrek beren desmatxa ofizialak frantsesez egin behar dituzte ezinbestez. Irakaskuntzan oso gutxi zabaldua da haatik. Ama Eskolan baino ez da erabiltzen gaiak erakusteko. Lehen Mailan hizkuntza erakusten da hiru ordu astean, eta Bigarren Mailan, gai gisara betiere, aukerako hizkuntza da. Hedabide alorrean, FR3k beste lurraldeetan baino denbora gehiago eskaintzen dio korsikerari: 2 ordu astean. Irrati publikoak ere tratamendu zabalagoa ematen dio. Korsikerazko agerkaririk ez bada ere, astekariek leku dezente ematen diote


Kreolera: hainbat hizkuntzen fusioa


Kreoleraren oinarri lexikala portugesera, ingelesa, espainiera, nederlandera eta frantsesean aurkitzen da. Hizkuntza kolonialista hauek eta tokiko hizkuntzen fusioa da kreolera.

Criollo
termino espainiarra XVII. eta XVIII. mendean erabili izan zen europar jatorrizko pertsonak izendatzeko. Frantziako Estatuak itsasoz harandian dituen lau departamenduetan bizi diren 1,5 milioi lagunek hitz egiten dute kreolera: Guayana Frantsesa, Guadalupe, Martinika eta Reunion uhartetan. Azken honetan % 93 kreoloak dira, eta % 83k erabil ohi du. Paradoxikoki, hizkuntza hau ez da Frantziako erregio hizkuntza bezala ezagutua; Frantziako Kultur eta Hezkuntza kontseiluek kategoria hori eskatu duen arren. Hedabideetan ez du ia lekurik. Irakaskuntzan, Reunion eta Martinikan, bi ikastetxetan irakasten da modu librean. Bizitza artistikoan erabiltzen da: musikan, ahozko literaturan nola antzerkian. Kreolera frantsesa 8,5 milioi lagunek darabilte herrialde independientetan. Haiti eta Seychelles uhartetan, konparazione


Alsaziera eta luxenburgera (germanikoak)


Alsaziera (Elsässerdeutsch) eta luxenburgera (Lëtzebuergesch) alemanieraren aldaerak dira. (Indo-europarrak) Hainbat azpidialekto daude: Renania-ko dialektoa Alsaziako iparrean; franziko-renan deitua. Lorrenan «Lothinger Platt» edo lorenesa mintzo da, baita luxenburgera ere. Aldaera hauen molde idatzia alemaniera estandarra da. Alsazian 1.625.000 lagun dira, eta % 60k egiten du alsazieraz. Luxenburgon 150.000 dira, eta % 25k egiten du. Hizkuntzon erabilerak behera egin du. 1989an, Ama Eskolan hasten ziren haurren % 36k besterik ez zuen ezagutzen. «Alsaziera dialekto bat da, bere espresio idatzia alemaniera izaki» diote Frantziako testuek. Alemaniera Frantziako erregio hizkuntza da beraz. Eskoletan leku sinbolikoa baino ez du alsazierak. Alsaziako FR3k 60 orduko emisioa ematen du urtean, eta irrati publikoek 600 ordu urtean. Mugakide den Alemaniako hedabideen emankizunak ikusten dira. Egunkari batek bertsio aleman-frantses bat eskaintzen du, irakurleen % 15k erosia


Nederlandera: indo-europarra (germanikoa)


Holanda eta Flandriatik landa ere nederlandera mintzo da. Nederlandera Holandako hizkuntza ofiziala da, eta flandesera, nederlanderaren dialektoa. Frantziako iparraldean, Westhoek eskualdean, mintzo da. 350.000 bizilagun dira eta 80.000k hitz egiten dute. Bideseinale zenbaitetan agertzen bada ere, tokiko herri elkarteen poderioz, ez du lekurik bizitza publikoan. Ez da erabiltzen irakaskuntzarako hizkuntza gisara hezkuntz sisteman. Atzerriko hizkuntza gisara erakutsia da ordea. 1981 urteaz geroztik, Ama Eskoletan eta Lehen Mailan, gurasoek kurtsoen antolaketa eskatu eta antolatzeko eskubidea daukate. Bigarren Mailan aukerako ikasgaia da. Irakasleek bere borondatez dihardute, inolako estaturik gabe. Lille-ko unibertsitatean filologiaren ikerketarako erabili ohi da. Frantziako telebista eta irratiek ez diote lekurik ematen hizkuntza honi. Bertako irrati mugakide batek hamar bat ordu emititzen du nederlanderaz edo mugaz harandiko aldaeran. Ez dago prentsa egunerokorik ez astekaririk


Okzitanera: indo-europarra (erromanikoa)


Lau okzitandar dialekto nagusi dira: Proventzera, Gaskoia, Languedocera eta Limousinera. Okzitania OC hizkuntza egiten den lurraldea da. 12.000.000 miloi bizilagun dira. Okzitaniera ulertzen du biztanleen erdiak. % 25k baino ez du hitz egiten, eta % 9k erabili ohi du. Irakurtzea eta idazten dutenen zenbatekoa zaila da kalkulatzen, baita orobat, hizkuntza honi buruzko datu zehatzik izatea. Okzitanierak ez du administrazioan beste hizkuntza gutxituek duten presentzia. Oso baztertua dago instituzioen inguruan. Kalandreta eskola da bere euskarri nagusia. 1.550 haurrek ikasten dute bertan. 100 bat irakasle ari dira, eta Bigarren Mailako lehen kolegioa ireki zuten iaz. Hedabideetan leku eskasa du okzitanierak. FR3 kateak 40 minutu eskaintzen dio astean. Aitzitik, Radio Pays irrati libreak ari dira eskualde zabal honetan barrena, eta horretan nabarmentzen da bereziki okzitaniera. «La Setmana» astekariak, bestalde, prentsa frantziarrak ematen ez dion leku sinbolikoa behintzat betetzen du


OIL: indo-europarra (erromanikoa)


Oïl-eko hizkuntzak asko dira: pikardoa, normandoa edota Galloa, besteak beste. Picardera, Calais eta Picardie ingurukoa da. Normandera Normandiakoa (Caen eta Rouen hirietan). Galloa, berriz, Bretainiako Loira eskualdean (Roazhon hirian). Zabalera askoz handiagoan entzuten dira Oïl hizkuntzak ordea: Poitiers-en (Poitevin-saintongeais), Akitaniako Girondan hitz egiten da; Champagne-Ardenne eskualdean (champenoisera), eta Morvan mendikate inguruan ere bai (morvandiera). Hiztun kopururik jakiterik ez dago; ez du lekurik instituzioetan. Galloa igurune akademikoetan apur bat agertzen da: Rennes (Roahzon) hirian. Hedabideetan leku eskasa du. FR3n doi-doi agertzen da. Irratiek tartetxoren bat egiten diote eta eskualdeko agerkariek berdintsu. Gainontzeko hizkuntza erromaniko eta indo-europarrak bezala, latinaren aldaerak eta ondareak dira. Frantziako I'lle eskualdeko Oïl hizkuntza latinaren aldaera bat da, frantsesaren iturburu nagusia, «francien» edo «frankoa»


Azkenak
Anne-Marie Lagarde. Matriarkatuaz (eta biziaz)
"Zukak puruki ezabatzen du sexu identitatea eta, hikak, aldiz, eraikitzen"

Matriarkatuaz doktore tesia egina da Anne-Marie Lagarde eta, gurean, gaiari buruzko espezialista egina da. Batean prima, bestean kadet, gure herrietako matriarkatua zertan zen deskribatu eta interpretatu digu, munduan diren formula matriarkalen berri emanez, eta bere historia... [+]


2024-05-19 | Lander Arretxea
Musika iruditan (II)
Bideoklipak: aurpegia ala gurutzea

Musikariaren lana musika sortzea eta jotzea da. Baina soilik hori? Irudiak eta sustapenak gero eta pisu gehiago dute alor gehienetan, eta musikariak ere ez dabiltza zurrunbilo horretatik aparte. Bideoklipa bilakatu da abesti edo disko bat kaleratzeko euskarri (ia) ezinbestekoa... [+]


Australiako aborigenen buztingintza

Australiako ipar ekialdean dagoen Jiigurru uhartean duela 2.000-3.000 urteko zeramika zatiak aurkitu dituzte James Cook unibertsitateko eta Australiako Ikerketa Kontseiluko kideek. Australian orain arte aurkitutako zeramika arrastorik zaharrenak dira. Arrastoen azterketa... [+]


Erroldan zentsuratuak

Erroma, K.a. 443. Lehenengoz zentsoreak aukeratu zituzten. Handik bi mendetara Errepublikako magistraturarik garrantzitsuena izango zen zentsurarena. Bost urtean behin bi zentsore aukeratzen zituzten, kontsul izandako senatarien artean.

Erantzukizun handiko kargua zen:... [+]


Eguneraketa berriak daude