GASTU MILITARRA, HEZKUNTZA ETA OSASUNAREN HIRU HALAKO

  • militarretarako erabiltzen da, ikerketa zientifikoan, kulturan eta osasun arloan erabiltzen dena aise gaindituz. 2000. urteko aurrekontuan kopuru horrek berriro ere gora egingo du.

1999ko azaroaren 21an
Gezurra badirudi ere, egia da. Hezkuntzan edo osasun arloan baino askoz gehiago gastatzen da ikerkuntza militarrean. Espainiako Gobernuak –nahiz eta ofizialki gerran ari ez den eta etsai ezagunik ez duen– gastu militarrak areagotzeko joera nabarmena du, eta osasun, hezkuntza, zientzia edota nekazaritzarako xedatzen duena baino askoz kopuru handiagoak bideratzen ditu arlo militarrerako. Eta Hego Euskal Herriko zerga ordaintzaileen patriketatik ateratako dirua ere gastu horietarako erabiltzen da. Gure zergekin zer egiten den jakitea –horien zati bat, gaurkoz, Espainiako Administrazioari baitoakio– irakurlearen interesekoa dela uste dugu.
Helburu militarrak dituen Ikerketa eta Garapenerako (I+G) aurrekontua etengabe handitu da azken urteotan Espainiako Estatuan. 1995ean –Gobernu sozialistarekin– 48.465 milioi pezeta (1.939 milioi libera) zena, 1997an 83.271 milioi pezeta zen –jada PPren Gobernuarekin–, 1998an 146.609 eta 1999ko aurrekontuan, berriz, 248.469. Horrek esan nahi du Espainiak I+Gerako xedatzen duen aurrekontuaren % 54 programa militarrek bereganatzen dutela –EF-2000 gerra-hegazkin europarrean duen partaidetzak ere kopuru hau baldintzatzen du–. Horrela, ez da harritzekoa Stockholmeko Bakeari buruzko Ikerketarako Nazioarteko Institutuak (SIPRIk) bere azken txostenean zera adieraztea: «

Espainia 1996an munduko seigarren herrialdea zen I+G militarreko gastuan
». Datu horiek, eta ondoren adieraziko ditugun beste batzuk, Vincens Fisasek, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Bakeari buruzko Unesco Katedradunak, egindako azterketa bati esker jakin ahal izan ditugu.
Azterketa hori ezagutzera eman baino zertxobait lehenago beste berri bat eman zen ezagutzera –nahiz eta hedabideetan ez zuen oihartzun handirik izan– eta hor ere nabarmen ikusten da PPren eskuetan den Espainiako Gobernuak duen norantza militarista: gobernu honek 320.000 milioi pezeta inguru gastatuko ditu Lurreko armadarako 235 gerra-gurdi epeka erosteko; Espainian egingo dira, teknologia alemaniarra erabiliz.


% 54-K HELBURU MILITARRA.

Espainiako Gobernuak urte hau amaitzerako 248.469 milioi pezeta gastatuko ditu industria militarrari atxikitako I+G programetan, hau da, I+G arloko gastu publikoaren % 54. Espainiako Hezkuntza eta Kultura Ministro Mariano Rajoyk duela gutxi baieztatu du kopuru hori, eta 2003. urterako arlo honetako inbertsioa Barne Produktu Gordinaren % 1,2ra iritsiko dela adierazi du. Kopuru hori Hezkuntza eta Kulturarako erabiltzen diren 83.000 milioi pezetekin –hau da, guztiaren % 18arekin– alderatzen badugu, argi ikusiko dugu Espainiako Gobernuak zeri ematen dion lehentasuna.
Arestian aipatu lanaren egileak harrigarritzat jotzen du beste zenbait konparaketa ere: defentsako % 54aren ondoan, xede militarrik gabeko I+Gak ikerkuntza aurrekontuaren % 19,6 besterik ez du osatzen; ikerkuntza zientifikoak % 13, osasun arlokoak, are gutxiago, % 3,3 (15.377 milioi pezeta) eta nekazaritza bezalako sektore garrantzitsuak % 1,2 (5.400 milioi pezetako aurrekontu urriarekin). Ondoko taulan datu hauek eta beste osagarri batzuk ikus daitezke.
Espainiako Gobernuak I+G arloko gastu militarra % 46,8 handitu du aurten 1998arekin alderatuz. Eta azken lau urteetako datuak begiratuz gero, berriz, igoera % 412koa izan da. Beraz, Espainia 1996an helburu militarreko I+G gastuetan munduko seigarrena baldin bazen, pentsatzekoa da gaur egun are aurrerago egongo dela ranking lotsagarri eta mingarri horretan.
Espainiako Gobernuak, gastu horiekin, bere lau programa militar nagusiak finantziatzen ditu: EF-2000 gerra-hegazkin europarra –Erresuma Batua, Alemania eta Italiarekin batera–, C-295 garraio-hegazkin militarra, F-100 fragata –Alemania eta Italiarekin lankidetzan– eta Leopard gerra-gurdi alemaniarraren egokitzapena. Aipatu beharra dago Espainiako aeronautika militarraren proiektu nagusia den EF-2000 gerra-hegazkinaren prestaketarako, eta 1998-2023 epealdian, bilioi bat pezeta inguruko (zehazki esanda, 990.000 milioikoa) inbertsioa aurreikusi duela Espainiako Gobernuak bere aurrekontuetan.
2000. urterako aurrekontuak orain ari dira negoziatzen, baina gauza jakina da lehentasunak zein izango diren. Arlo militarrak lehentasun horien artean jarraituko du; eta Ikerketa eta Garapena Barne Produktu Gordinak izandako hazkundearen (% 5,8) gainetik egongo da. Eta I+Gean gastu gehien duena arlo militarra denez, berriro ere gastu hau hezkuntza eta osasun arlokoa baino askoz handiagoa izango da.
Espainiako Gobernuak Ikerketa eta Garapenerako eta Berrikuntza Teknologikorako Plan Nazionala egina du 2000-2003 epealdirako. Atal honetako aurrekontua Barne Produktu Gordinaren % 1,2raino igo nahi du. Espainiako Estatua, BPGren % 0,94arekin, Europako batez bestekoaren oso azpitik dago gastu publikoari dagokionez, eta sektore pribatuaren partehartzea urria da oso. Egoera hobetzeko, 12 sektore estrategiko ezarri dira I+G arloan inbertitzeko: aeronautika, elikadura, automozioa, defentsa, ondare historiko-kulturalaren kontserbazioa, espazioa, energia, ingurugiroa, telekomunikazioak, garraioa, turismoa eta aisialdia. Hala ere, I+G arloko aurrekontuen zati nagusia Defentsarako xedatuko da, hau da, esparru militarreko ikerketa eta garapenerako

Espainiako Estatua munduko bosgarrena da armen esportazioan

Iragan apirilean Amnesty Internationalek eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko UNESCO Katedrak Espainiako Estatuak armen salmenta kopurua handitu izana salatu zuten, armen esportazioan munduko bosgarrena zela eta bere erosle nagusien artean giza eskubideak urratzen zituzten Turkia bezalako Estatuak zeudela adieraziz. Espainiako Estatua 1993 eta 1997 urteen artean munduko Estatuen artean hamargarrena zen armen esportazioari zegokionez, eta 1997an berriz, bosgarrena, Estatu Batuak, Errusia, Britainia Handia eta Frantziako Estatuaren atzetik.
Salaketa egin duten erakunde horien arabera, Espainiako Gobernuak Turkiari saldutako armek 240.000 milioi pezetako (9.600 milioi libera) balioa zuten, eta Ekonomiako Ministerioak, berriz, 97.000 milioi pezetari dagozkion esportazioak bakarrik egin izana onartzen du. Halaber, erakunde horiek ziurtatzen dutenez, 1995. urteaz geroztik Espainiako Estatuak nabarmen handitu du jaurtigai eta munizioen esportazioa, 2.000 milioi pezeta inguruko kopurura iritsiz. 1992tik Turkiara esportatutako arma arinen kopurua, iturri berberen arabera, 2.700 milioi pezetakoa da guztira, erabat aipagarriak izanik azken bi urte hauetako salmentak.
Vincens Fisas ikerlariak, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Bake eta Giza Eskubideen inguruko Unesco Katedradunak, Espainiako Gobernuak armen esportazioaren gaian duen gardentasun eza salatu du. Gobernu honek Europako Batasunaren Jokabide Kodeak ezarritako baldintzak ez dituela betetzen ere salatu du ikerketa berean, kode horrek galarazi egiten baitu gatazkan dauden, militarizazio maila handia duten edota giza eskubideak betetzen ez dituzten herrialdeei armak esportatzea

318.000 milioi gastatuko dira tanketan, eta SAPAk eskuhartuko du

Espainiako Gobernuak konpromiso tinkoa hartu du 318.000 milioi pezeta (12.720 milioi libera) inbertitzeko 235 tankeren epekako erosketan. Azken belaunaldiko «Leopard» izeneko tanke hauek Lurreko Armadarako dira; Espainian eta Hego Euskal Herrian (tankeen zati batzuk) egingo dira, teknologia alemaniarra erabiliz. Gipuzkoan kokaturik dagoen eta herri mailan «kainoi fabrika» izenez ezagutzen den Sociedad Anónima Placencia de las Armas, SAPA, enpresan ekoiztuko dira tanke hauen zati batzuk. Lehen 20 unitateak 2002an entregatuko dira eta azkena 2007an, urtean 40 unitate eginez.
Leopard horien faktura, oraingoz, ez du Defentsa Ministerioak ordainduko, Industriakoak baizik. Honek dirua aurreratu die fabrikatzaileei. Hainbeste milioiko gastu militar horren finantziazioa 2016. urtera arte luzatuko da. Gastu hori erabaki dutenak ez dira, ziurraski, garai horretan gobernuan egongo, eta boterean dagoen Gobernuko alderdia ere ez. Ekonomiaren egoera oraingoa baino okerragoa izan liteke, baina gastu horiek zuzen-zuzen bete beharko dira, konprometiturik daudelako.
Programa elkarren arteko fabrikazio bidez garatuko da. Espainiako bost enpresek eta Hego Euskal Herriko batek –Santa Barbara Blindadosen gidaritzapean– tanke horien fabrikazio kostuaren % 60 jasoko dute, eta beste % 20 industri estatalera itzuliko da konpentsazio bidez. Santa Barbara enpresak tankearen honako osagaiak egingo ditu: torreta, 42 tiro egin ditzakeen 120 milimetroko kainoia, karrozeria eta munizioko obusak. Borroka sistema ENOSAk eta STNek egingo dute. Nacional Bazan enpresak motorra egingo du. Amper-ek irrati-komunikazioak egingo ditu. Eta euskal industri gremialaren oinordeko nagusia den SAPA euskal enpresa tankearen trakzio sistemaz arduratuko da


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude