Leze, Altzania zeharkatuz


2017ko azaroaren 28an
Altzaniako mendizerra, Elgea eta Urkillakoaren jarraipen geografikoa bada ere, ez da hauen moduan mediterraniar eta kantauriar isurialdeen banalerro. Bestela esanda, bai iparraldeko urak drenatzen dituen Altzania ibaiak eta bai hegoaldeko Araia ibaiak Arakil, Arga eta Ebroren bidez Mediterraniora isurtzen dituzte beren urak. Bi ibaion artean, berriz, dimentsio handiko sakonune garrantzitsu bi nabarmentzen dira, garrantzitsuena Lezeko hoya edo zulogunea izanik. Baina bertan bildutako urak irtenbidea aurkitu beharrean, hare-harri iragazkaitzean irtenbiderik aurkitu ez eta hegoaldean, Arabako lautadaren iparraldetik mugatuz luzatzen den kare-harrizko harresi bikaina zulatzea erabaki zuen. Erabaki eta egin; milioika urteko lanaren poderioz, kare-harrien arraildura eta diaklasa edo pitzadura txikiei esker, 572 metro luze eta 107 metroko gainbehera dituen lurrazpiko irangabide ikusgarria indusi dute urek: Leze koba.
Barrunbe honek bi aho itzel ditu. Ipar ahoa edo hustubidea, Lezeko sakonunearen hondoan kokatua eta 60 metro altuerako hego ahoa, Egino herriaren parean N-1 autobidetik azalerako arroko urak jasotzen ditu hegokotik isurtzeko.
Duela gutxira arte, arabar espeleologo eta Eginoko hormetan eskalatzen aritzen ziren eskaladore batzuk salbu, apenas gerturatzen zen norbait paraje honetara. Egun, ordea, arrisku kirolek izan duten gorakada handiari esker, Leze alderik alde zeharkatzea nahitaezkoa bilakatu da jarduera hauek praktikatzea gustuko dutenentzat. Arroil jaitsieretan erabili teknika berberarekin, uda garaian batik bat bisitari anitz izaten ditu kobak, asko eta asko turismo agentzien eskutik datozenak. Horrela, Arabako barrunberik bisitatuena izatera igaro da.
Aparkalekuan utzi behar duzue autoa, erreka ondotik abiatuz, zentral elektriko zahar baten albotik igaro eta 60 metroko altuera duen aho ikusgarrira hurbilduko zarete. 450 metroko harresia igo beharko duzue jarraian. Horretarako, harritzan gora doan zidorrak, ur eroapenaren azpitik igaro eta arraildura zuzen eta eskerga batera eramango zaituzte. Jarraian, harrian landutako igarobide batek, arrailduraren ertzetik gora eramango zaituzte, berehala altuera irabaziz. Ur eroapenaren albotik igarotzen da senda berriro, malda belartsuan gora abiatu aurretik. Mendiaren bestaldean, Ugarraundi urtegi txikian bildutako ura zentralera bideratzea zuen helburu tutu honek, duen egoera kaskarrari so eginez, ez zen antza oso errentagarria suertatu.
Zidor garbian gora, arrasto gorriak noizean behin lagun izango dituzuela, ezkerrean Koloskako ataka ikusgarrira daraman zidor lausoa utziko duzue lehenik. Metro batzuk aurrerago berriz, zuhaiska bakarti baten alboan eta kairn batez adierazia, zidorrak Olanora igotzeko eskuinera jarrai dezan utzi behar duzue, gorantz jarraitu eta harresiaren bestaldera igarotzea ahalbidetuko digun ataka meharrera iristeko.
Harkaitzetan behera tentu handiz, pagadian barneratuko zarete, orbelak ezkutatuko dizuen zidor malkartsuan behera, sakonunearen hondoraino iristeko. Sarrerako arrailduraren aurrez aurre dagoen txondor plazara helduko zarete. Hondoraino jaitsi ahal izateko, ezker edo eskuin aldetik rapelatu daiteke. Ezkerrekoa da gehien erabilitzen dena, bera baita garbien mantentzen dena. Rapelak jarriak egon arren, dauden egoeraz ziurtatzea komeni da, behera abiatu aurretik.
Kobaren ibilbidea, tamaina itzeleko galeria bakarrak osatzen du nagusiki, kare-harrizko murrua iparretik hegora zulatua izan baita faila baten laguntzaz baliatuz. Ibilbidean zehar, urjauzi eta putzu andana topatuko duzue, sokatik behera 14 bider rapelatu behar izango duzuelarik. Putzu guztien artean, hasiera aldean dauden P11 (11 metroko putzua), P12 eta P13 putzuak dira ikusgarrienak. Bestalde, bi hormak estutzen direnean, haizearen indarra nola handitzen den frogatu ahal izango duzue. Ibilbidearen herena oraindik zeharkatzeko edukiko duzuenean kanpoaldeko argia ikusi ahal izango da, aipatu moduan hego ahoa izugarri garaia baita. Azken putzu txiki eta ugarien ostean, presa txiki batetik jauzi eginez, kanpoaldera irtengo zarete, lasai joanez gero sartu zinetenetik bi ordu pasatxora
Euri jasen arriskua lurrazpiko sakonunetan

Lehen aipatu dugun moduan, kobazulo hau Leze sakonunearen hustubide naturala da. Erne, bada, eguraldi baldintzekin zeharkaldia abiatu baino lehen. Ekaitz bortitz batek ibilaldi entretenigarri eta dibertigarria izango zatekeena, ezatsegina bihurtu baitezake, eta baita arriskutsua ere. Horrelako kasuetan, hau da, urjauzien ura bat-batean nabarmen igotzen bada, leku babestu batean ur mailaren jaitsiera itxarotea komeni da, ondorio larriak ekar baititzake aurrera egiten ausartzeak.
Erne ere, erabiltzen den materialarekin. Kobazuloa hain ezagun denez, askotan duen zailtasuna gutxietsi egiten da eta ez dira behar diren babes neurriak hartzen. Jantzi egokiak (neoprenozko trajea) eta ordezko 30 metroko soka batek, hotza dela-eta edota soka engantxatua gertatzen den kasuetan, ezustekoak saihesten lagun gaitzakete.
Esan, azkenik, 1994. urtean telebistarako programa baten filmaketari esker, Arabako Espeleologi Taldeak kobazuloko zailtasun nagusiak berriro islatu zituela, eraztun eta sokazko heldulekua duen ainguraketa bikoitza ipiniz putzu edo salto guztietan


Azkenak
Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa

Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]


2024-05-17 | UEU
37 euskal ikertzailek hartu dute parte Txiotesia7 lehiaketan

37 euskal ikertzailek hartu dute parte asteartean Txiotesia7 lehiaketan. Mastodon eta X/Twitter sare sozialetatik zabaldu zituzten beren ikerketa lanak, euskaraz.


Estatuaren indarkeriaren biktimei aitortza ekitaldia eginen die Nafarroako foru gobernuak

Maiatzaren 30ean eginen dute Estatuaren eta eskuin muturraren indarkeriaren biktimen aitortza ekitaldia, Baluarten. Biktima zehatzei egiten zaien molde honetako lehen ekitaldi publikoa izanen da, eta 2019ko legearen babespean gauzatuko da.


Gose greban hil da Thailandiako monarkiaren aurkako preso politiko bat

28 urteko Netiporn Sanesangkhom preso politiko thailandiarra hil da asteartean, gose greban 110. egunbete dituenean. Urtarrilean atxilotu zuten eta epaiketarik gabe zeukaten gatibu. Monarkiaren aurkako irainak egin izana egotzi zioten, 2020an eginiko protesta batean parte... [+]


Eguneraketa berriak daude