IPARRALDEKO ARRANTZA: ORRO ISILA ITSAS ZABALEAN

  • argitaratzen du Sokoako Mikel Epalza apaizaren zuzendaritzapean. Ipar Euskal Herriko arrantzaleen 100 urteak kontatzen dituen ale berezia plazaratu dute aurten.

1999ko azaroaren 14an
A

rrantzako ekonomia ez da teknika, diru eta itsasontzien arazoa bakarrik, gizakiaren arazoa ere bada. Nekez eta itxaropenez itsasoa iraultzen duten gizon eta emazteen arazoa
» Premisa honekin hurbiltzen gaitu Mikel Epalzak itsas mundura. Hendaia, Donibane-Ziburu eta Baiona itsasoari lotuak izan dira mendez-mende. XX. mendean gure itsasoak eman duena itzela da. Galdera hau jalgitzen zaigu jarraian, ordea: «Zer bilakatuko da arrantza XXI. mendean?»


ITSASOAK EZIN DU GEHIAGO!

Alegia, itsasoak ezin du gehiago jasan. Aitzinamendu teknologikoei esker, gaur egun 20 aldiz gehiago arrain harrapatzen da mende hasieran baino: 1900ko 5 milioi tonatik 100 milioi tonatara pasa gara mende baten buruan. Gizakiak itsas fauna agortu du alta. Gurera etorriaz, Donibane-Ziburu portuari buruzko bilakabide datu bat: 1932an, 10. zegoen sailkatua frantses Estatu mailan; (4.000 tona urtean). 1964an, 9. izatera pasa zen; (14.000 T). 1977an, 22. tokira jaitsi zen.
Arrantzaren historia eta bere ekonomia lau galdera hauen arropostuan datza.

«Non egin arrantzan?»
: Bizkaiko Golkoaren ezaugarriak ezaguturik, arraina bildu aitzin, hauen bilakaera, hilkortasuna eta ugaltze gaitasuna ezagutzea ezinbestekoa da.

«Nork du baimena ematen?»
: lehorrean, eremu bakoitzak bere jabea du. Itsasoa Estatuena da; Europarena. Itsasoa arrantzaleena da inorena baino, eta itsasuntziaren ezaugarri nagusia ez da motorea, ikurra baizik. Bandera, alegia.

«Zer-nolako tresneria erabili?»
: Estatu bateko partaide izan edo besteko izan, arauak ez dira berak tresneriaren erabilpenari dagokionean.

«Zer preziotan saldu?»
: hots, nork ditu prezioak finkatzen? Kulturek baldintzatzen dute merkatua, baina merkatuko legeek agintzen dute.
Gerorik ote du itsasoak, eta ondorioz arrantzaleek? Arrapostua belaunaldi berrien zereginean dago. Ahalak haiei eman behar zazkie horregatik.


HERRIA: ARRAINAK, GIZAKIAK.

Arrantzak milaka jende biziarazi ditu Iparraldean. Bizi duen kinkatik atera, eta hirugarren milurteko itsas-ekonomiak indarrean jarrai dezan ari dira bertako arrantzaleak. Itsas Gazteria elkartean bilduak hiru ardatz nagusiak: arrainak, gizonak eta herria. Arrantzaleen mintegietan deiadar hau ozentzen da:

«Salba ditzagun itsasoak eta arrainak»
. Gizadiaren altxorra diren aldetik beharrezkoak diren neurriak finkatu beharra aldarrikatzen dute arrantzaleek. Kontzientzia berri bat indartzen ari da arrantzak iraun dezan. Arraina eskasian dago, eta ez da aski itsasoan barrena ari direnen engaiamendua. Banketxe, handizki, garraiolari, saltzaile eta erosleen konpromisioa eskatzen dute arrantzaleek. Gobernuen laguntzaz gain, herritarren errespetua eta beren lanaren ezagutza eskatzen dute arrantzaleek.


IRAGANA GOGOAN.

1950. hamarkada loriatsua izan zen Ipar Euskal Herriko arrantzarentzako. Donibane-Ziburuko arrantzaleek ederki frogatu zuten zer den elkarrekin lan egitea. Elkartasuna eta kooperatibismoaren garai gogoangarriak izan ziren haiek. Bere gogorrean, itsasoarekiko tirria izugarria zen garai hartan. Arrantzale gazteak gauza izanen ote dira arbasoen eredu hari jarraikitzeko? Horra galdera eta koxka. Gure itsasertzean aberastasun hura atxikitzen duten gazteak egon badaude; itsasoa maite duten gazteak. Maite izatea ez da aski nonbait. Ezta barkuak erosteko diru laguntza ere. Gazteek ikasi behar dute ofizioan, ezagutu behar dituzte merkatuaren arauak. Itsas Gazteriako arrantzaleek horretan dihardute.
Laborantza tipiari aterabide ematen ari zaion gisan, arrantzari eman dakion nahi dute. Kanpotik datozen mozkinei aitzi egiteko herritarren eta kontsumitzaileen elkartasuna eskatzen dute. Iparraldeko arrantzaleek ez dute Estatu frantziarraren aldetiko benetako politika bat itsasoarentzat. Horrexegatik lagunduak izan daitezen deia egiten diote gizarteari.


IPAR ETA HEGOA ESKUZ ESKU.

Itsas Gazteria kontzientea da azken urteotan Ipar Euskal Herriko arrantzak jasan duen beherakadaz. Beheratze hau azken hamarkadetan turismoarentzako eraiki izan diren egitura azkarren ondorioa da neurri handi batean. Kontziente dira halaber –bere gorabeherak eta arazo larriak izanik ere– Hegoaldean arrantzak duen indarraz: kofradiak, enpresak eta EAEko gobernuaren sostengua. Arrantzaleek aurten erdietsi duten "Objectif 1" izeneko plangintza adibide eredugarria da. Iparraldeko arrantza Akitania erregioari lotua da, eta behera doa etengabe. Hego eta Iparraldearen artean merkatu mugarik ez izanik –frantsesek 58 milioi liberako arraina saldu dute Pasaian aurten–, Euro Eskualdea (Euskadi eta Akitania) eta Euro Hiria (Donostia-Baiona) edota Hondarribia-Irun-Hendaia herriak biltzen dituen Kontsortzioa egiturak izanik, zergatik ez aterabide bat aurkitu beren barruan Ipar Euskal Herriko arrantzak bizi duen egoera larriarentzako?

Mende erdialdeko urteak "emantzipazio urteak" izan ziren arrantzaleentzat

Ipar Euskal Herriko arrantzak aroak izan ditu. Mendearen hasierako "Txalupa Handia" untzia arrantzaleen balentrien lekukotasun ahaztezina da. 1901 urtean harrapatu zen azken balea Orion. Sardina trainez (sarez) arrantzatzen hasi zen. Bakailoatarako untzi ugari egin ziren. Hona aro hauetako hainbat xehetasun.


BELATIK BAPORERA.

1896tik 1910ra bitartean, 96 bapore eraiki ziren Ziburuko untziolan, Pierre Letamendia armadorea izaki itsasoratu zen sardinaren arrantzurako lehen baporearen egile. 1920ko hamarkadan, bolitxe sistema zabaldu zen Iparraldera, 1917an Hondarribian asmatua. Xinga edo sare txikiz harrapatzen zen arrain txikia. Urte garrantzitsuak izan ziren Lohizune, Ziburu eta Sokoako portuentzat. Sistema ez zuten berehala onartu frantes agintariek horregatik. 30eko hamarkadan, baporeek diesel motorreko untziei leku eman zieten. Frantzian krisi larria bizi zen bitartean, Euskal Herrian arrantza mantentzen zen. Donibane-Ziburuko portua sardinetako lehen portua zen Estatuan. Ganix San Sebastianek «Alzate» untziola sortu zuen, eta kontserbategiak birmoldatuak izan ziren. 1939an, elizbarrutiak A. Idiartegarai izendatu zuen arrantzaleen apaiz. Berak sortu zuen «Denen Kanttua» arrantzaleen etxea.


1945-1955: ASKAPEN URTEAK.

1947an, Donibaneko portuan 6.249 tona sardina deskargatu ziren. Hurrengo bi urteak ere oso onuragariak izaki. 1950. urtean, berriz, katastrofikoa izan zen. Kopurua hamar aldiz txikiago izan baizen. Portuak hondoa jo zuen. Birmoldatze baten ondorioz arrantzan aritzeko beste molde bat sortu zen. Arrantzarako arteetan trebatu, sindikatuetan elkartu eta kooperatibak sortu zituzten arrantzaleek. Urte haiek, «askapen urteak» bezala joak dira. Arrantzaleak eragile ekonomikoak bihurtu ziren, kontserbategiak eta saltokiak haien esku zeuden. Kooperatibak eta enkantea dira funtzionamenduaren ardatz nagusiak. Emantzipazio urteak ziren inondik ere. «Itsasokoa» kooperatibak 1.200 arrantzale biltzen zituen. «Encan» sozietatea arrantzaleen esku zegoen. 1968ra bitartekoa aro ere onuragarria izan zen. Kaliforniatik beita-biziko arrantza teknika iritsi zen emaitza harrigarriak lortuz. Afrika aldera joaten hasi ziren gure arrantzaleak. «Itsasokoa»k Dakarren kontserbategi pribatua ireki zuen lehenik eta Senegalen ondoren. Ez ziren gutxi izan hango arrantzaleen kexak, alabaina


1968: ARO BATEN HASIERA.

Bi kezka nagusitu ziren aro berri hartan: arrantzaren sobera eta uren kutsadura. Aldi berean, Hegoaldeko arrantzaleen kopurua emendatuz joan zen, leku gero eta gehiago hartzen zutelarik. 1968ko ekainaren 12an Baionan manifestaldi bat izan zen, eta bi aldeetako arrantzaleen arteko borrokak izan ere. Etxe barruan tirabira frango zegoen hala ere; arrantzaren % 60 Dakar eta Marokotik baizetorren. 1971an lege proiektu batek Frantziako uren mugak 6 miliatik 12ra zabaldu zituen. Barealdia iritsi zen. Artean, «Lagun Artean» kooperatiba sortu zen, eta Ziburuko «Marinelen Etxea» eraiki ere –egungo Itsas Gazteriaren egoitza. 70 urtetik aitzina, Europan sartzearekin, arau berriek arrantzan aritzeko tresna-moldeak inposatu zituzten. 1975ean antxoaren gatazka bizi izan zen. Arrantza-portuak berritu beharrean, aisialdi-portuak erakitzen hasi ziren.


75-90: LEKUKO ARRANTZA.

Portuarteko nahiz barne arazoen ondoren, Bruselak murrizketa inposatu zion Estatu espainarrari, baita nazioarteko itsas araudia ezarri ere. Arraste-arrantzak Iparraldean gora egin zuen, eta Hegoaldean gibelka. Donibane-Ziburun, hala ere, «Itsasokoa» kooperatiba deuseztu zen 1979an. Kontserbategietara sartzen zen arrantzaren % 90 kanpotik zetorren. Untzi-kopuruak behera egin zuen. 1977an 15 untzi desagertzen dira, eta 5 gehiago 78an. Hendaiako portuan pelagikoak onartu ziren anartean, eta garai onuragarriak itzuli berriz ere. NBEk itsas araudi bat indarrean jarri zuen urte haietan. Itsaserri bakoitzari 200 miliako eremu bat eman zitzaion, eremu pribatu bat. Araudiak arazoak ahalbidetu baino okertu zituen. Espainiar eta Frantziako arrantzaleen artean ez zen giro (euskaldunak barne). 1986an Espainia eta Portugal merkatu komunean sartu ziren arazoak ugarituz. Urteek aurrera egin ahala arrantzaleen egoera areago txartu zen. Europa gero eta jasangaitzagoa bihurtu da. 1990etik egunotara, euskal arrantzaleek heziketaren aldeko postura egin dute. Iparraldekoak Ziburuko Itsas Eskolan ari dira ikasten, eta Pasaiako Itsas Lizeoarekin harreman aberatsak dituzte. Heziketa da gakoa

Patxi Garate: "Lehen bezala orain, arrantzak bizirik jarraitzea dut amets"

E

z dute perlek lepokoa egiten, baizik hariak. Eta bereziki, hariak hain ondo iruten dituzten Donibane-Ziburuko arrantzaleek»
idatzi zuen «Expo-Dakar 97» erakusketako liburuan bisitari batek. Ondareen jabegoa ondareen erabiltzaileari dagokiola kontuan harturik, itsasoa arrantzaleena dela ziurta dezakegu.


700 ARRANTZALE DONIBANEN.

«14 urte nituela, 1921ean, hasi nintzen arrantzan; Sokoan bizi ginen. 700 ziren Donibane-Ziburuko arrantzaleak, haietarik 100 bat sokoarrak izanik»
kontatzen du Koxe Mari Salha arrantzaleak. Gure gizartean arrantzak zuen garrantziaz jabetzeko berebiziko datuak. Bost «Txalupa Handi» ari omen ziren oraindik lanean.

«II. Mundu Gerla baino lehen, miseria gorria ezagutu genuen arrantzaleek. Gerla ondotik, bizia hobetu zen arrantzaleen familientzat»
dio Salhak. «Manegmo 2»an tripulazio buru izan zen, baina ez zen menturatu bere untziaren patroia izatera. Hori izan da bere damu bakarra, naski. Sareak non kokatu ondo baizekien Salhak. Hona geroaz bere aburua:

«Pelagikoek sakailatu dute gure kostaldea; ez dut esperantza handirik».

BACHURDIA-REN EKINTZA.

1947ko azaroaren 11a zen; egunsentia. «Mendiazpia» eremuan, Donibaneko radaren eremu barnean ari dira arrantzaleak.

«`Caiman' untzikoek 1.000 kilo sardina porturatu genuen goizean goiz. Eguraldi ederra zen eta 8etan itsasoratu ginen berriz ere. Itsasertzean giro ederra zen bitartean, badiatik harantzagotik ezin Larrun mendia ikusi haatik»
, kontatzen du Koxe Basurkok. Donibane-Lohizuneko badiatik hurbil ari ziren barkuak porturatzen hasi ziren:

«Gu kosta ahala kosta porturatu ginen. `Josefina' sardin-untzia barraren artean pasatzera zihola baga handi batek iraulia izan zen ordea. Joakin eta Jean Pierre Etxeberri bertan hil ziren, gainontzekoak, mirari bat bailitzan `Bachurdia' untziak salbatu zituen. Hura ekintza gogoangarria!»
Badia zaintzen duen Muskoa-ko Birjinak hainbat lore sorta ukan zituen biharamunean.


ESKUAK MINDUAK HASIERAN.

Patxi Garatek 21 urte ditu. Senpereko Nekazal eta Piszikultura eskolan ikasia da. Arrantza ikastaro batzuk burutu ditu dagoneko:

«Ur-Joko arraun-taldearekin traineruz ibilia nintzen. Arrauna hartua nuen eta gorputza indartua uhinei buru egiten. Alta, arrantzan eskuak zernahi mindu zitzaizkidan, bisa eta hari artean, ur gaziz bustirik»
, hasiera latza beraz.
Hala ere, bi asteren buruan, lanean geroz eta gogo handiagoz hasi zen:

«Ikastaldi honetan harritu ninduen gauzetarik bat itsasoaren zabaltasuna da, eta bestetik, denboraren zabaltasuna. Itsasoa menderaezina dela ohartu naiz. Eta aldi batez, arrantzaleen bizitza berezia dela. Ez da lurreko bertze edozein lan bezalakoa. Segurtasun eskasa dute, eta irabaziak aldika iristen dira»
dio Patxi gazteak.

«Arrantzale ttikien eginahalak goraipatu nahi ditut. Donibane-Ziburuko kaian ohiturazko arrantza moldeak bizirik atxikitzen dituztenak bereziki. Untzi pelagikoak, lege bortitzak eta merkatu basatiaren kontra ari baitira. Arrantzale hauek, lehen bezala orain eta geroan bizirik jarraitzea da ene ametsa»

Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude