LARRE EMANKORREAN BAZKAN


1999ko azaroaren 07an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Familia kontuak, ospitalak, kazetariak, abokatuak, pisukide bitxiak edo poliziak. Finean, lanbide baten gorabeherak azaleratzen dituzten telesailak hobesten dira, bertan amodio kontuak, handinahiak, inbidiak, nahasten direlako, hots, giza harremanen adierazle diren jokamolde guztiak espazio mugatu batean. Horren atzean alabaina, badira osagai jakin batzuk telesail bat arrakastatsu bilaka dezaketenak. Garai bateko Venezuelako foiletoiak atzean utzita, azkenaldian Espainian

dramedy
(drama eta komediaren arteko nahasketa), eta

sitcom
delakoak (egoerazko komedia) nagusitu dira. Gertutasuna lagun dutela, Espainian «Periodistas», «Medico de familia», «Siete vidas», «Compañeros», «Manos a la obra»k edota Frantziako «St Tropez»ek Estatu Batuetako «Ally McBeal» eta «Friends»ek adinako tiradizoa lortu dute. «Urgencias»ek aldiz, (2.000 milioi pezetako aurrekontua atal bakoitzeko) ez du espero bezalako harrera eduki eta ordu txikietan ematen dute. Frantzian dena den, zertxobait hobeki ari da.


IDENTIFIKAZIOA HELBURU.

Telesail berri bat asmatzerakoan, lehenik eta behin, zein istorio mota egin nahi den erabaki behar da, pertsonaia bakar baten bizipenak kontagai dituena, edota hainbat pertsonaiek bizi dutena. Horren arabera modu batera ala bestera helduko zaio egitasmoari. Familiari begirako telesaila egin nahi bada, behar beharrezkoa da sendiko kide bakoitza telesaileko pertsonaia batekin identifikatzea, bortxakeria edo sexurik ez egotea eta korapiloa biguna izatea, erraz antzean konpon daitekeena («Medico de familia»). Gazteentzako telesailetan aldiz, nerabeen gorabehera sentimentalak dira nagusi, non «affaire» guztiek balio duten konbinaketa guztiak ahitu arte («Al salir de clase» edo «Compañeros»). 30 urtetik gorakoentzat direnetan ordea, haria franko korapilatsua izaten da, elkarrizketak zorrotzak eta zentzu bikoitzez josiak («Friends» edo «Doctor en Alaska»). Azken boladan, halaber, Estatu Batuetan hasiak dira 40 urte ingurukoei zuzendutako telesailak egiten, beren bizitza sentimentala berregin nahian dabiltzan dibortziatuen gorabeherak kontagai dituztenak. Itxura batean, «ile urdinena» ere adin multzo mamitsua da publizitatea erakartzeko, nahiz eta gazteek baino gutxiago kontsumitu.
Tankera oneko telesail bat taxutzeko badira, bestalde, oso kontuan hartu beharreko osagaiak, hala nola: aktoreak ezagunak izatea, hari nagusiak bilakaera dramatikoa edukitzea, non egoeraren aurkezpena, korapiloa eta soluzioa emango den. Istorio nahiz pertsonaiek ere sinesgarriak behar dute izan, eta aktore multzoa mugatua, pertsonaien izaera nabariagoa izan dadin. Emisio ordua ere erabakigarria da, «prime time» delakoa 20:00etatik aitzin hasten da Frantzian, eta beranduxeago, gaueko 10etatik goiti Espainian. Astelehena, osteguna eta igande gaua dira egunik onenak telesail bat emateko. Astearte eta asteazkenetan futbola eman ohi dute, eta ostiral zein larunbatetan, audientzia nabarmen jaisten da.
Europan, Estatu Batuetan ohikoak diren audientzia probak egiten hasi dira. Esaterako, «Periodistas»eko atalek zer nolako harrera duten, probeta gisa, areto interaktibo batean adin eta gizarte klase guztietako 50 lagun gonbidatu, eta atal bat ikustarazten zaie; gogokoa ukanez gero, palanka bat goraka eragin behar dute; aspertu badira berriz, atzeraka. Ordenadore batek datu horiek guztiak bildu eta horren baitan jakiten ahal da norentzat zerk funtzionatzen duen eta zerk ez.
Nolanahi ere, aipatu formula hauek hitzez hitz segitu arren, askoz telesail gehiago dira porrota jasotzen dutenak arrakasta erdiesten dutenak baino. Eta jakina, audientziaren legea errukigabea da, gutxieneko «share» delakoa eman ezean, bereak egin du.


TXIKLEA GALARAZITA.

Euskal Herrian, astean behineko telesailak aski arrakastatsuak diren arren («Bi eta bat»etik hasita «Jaun eta Jabe»ra arte), eguneroko foiletoien aldeko apustu gotorra egin da ETBn.
Goenkalek goiari eusteaz gain, hasi berria den «El señorio de Larrea» ere ongi hasi da, audientzia zein kritika aldetik, egunero 300.000 ikusle biltzen baititu pantaila aurrean, arratseko 8:30etan izanik ere. Alabaina, eduki eta tonuarengatik ez da umeentzako moduko foiletoia, 13 urtetik gorakoentzat baizik.
Arabar Errioxako ardandegietan girotutako mendeku istorio bat hautatu dute Pausokakoek:

«Boterea duten arrain handi horien artean zer demontre egosten den irudikatu nahi genuen. Agerian utzi dugu han ere zakurrak oinutsik dabiltzala»
diosku Xabi Puerta Pausoka ekoiztetxeko proiektu buruak.
Orora, 15 lagun ari dira gidoilari lanetan, eta batera idazten berriz, 8 inguru. Telesail gehienetan bezalaxe, ekoizpen honetan aktoreek ezin dute gidoilarien eremua zuzenean zeharkatu, gidoilariei pertsonaien bilakaera idazterakoan eragin ez diezaieten. Aktoreek iradokizunen bat ukanez gero, zuzendariaren bidez egin behar dute gidoilariei iritsi dakien. Teknika mistoa jarraitzen du «El señorio de Larreak», foiletoia eta telesailen egitura ausarki uztartuz. Alegia, ordu erdian, hari nagusiaz landa, foiletoien azpi istorio paraleloak tartekatzen dira, ordubeteko azpi argumentuen abiadura hartuta baina.
Halaxe, egoeren bizkortasuna atxikitzearren, esaldiak ez dira hiru lerrotik gorakoak izaten. Nahiz eta tentsioa arintzeko azpi argumentuak erabili, gertaerak ziztu bizian kateatzen dira, erritmo bizia ezarriz. Azken batean, ordubeteko 13 atal egiteko sortu zenez, telesail erritmo horri eutsi egin zaio. Puertaren irudiko

«foiletoi batean egoera guztiak txiklearen antzera luzarazten dira, ulerterraza izan dadin gauzak hiru aldiz botaz : iragartzeko, erakusteko eta gogorarazteko. Gurean ostera, ez da halakorik gertatzen»
. Orobat, «isats-burua» izeneko amua darabilte, hots, amaiera irekita utzi hurrengo atalerako jakinmina gori-gorian mantentzeko.
Noiz arte iraungo ote duen ikuskizun badago ere, ekoizteko modua dela eta, zaila da zinez Goenkalek adina irautea.

«Hain zuzen, agian jendea ez da konturatuko, baina telesailaren % 100 kanpoaldean grabatzen da. Momentuz beraz, gure jomuga 63 atalak burutzea da»
argitzen digu Puertak


Azkenak
Eguneraketa berriak daude