"AEK GARA" GEHIGARRIA
Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) eta «Gara» egunkariak «AEK Gara» izeneko gehigarria kaleratu dute astelehen honetan estreinakoz. Astelehenero argitaratuko da eta bere helburua euskara ikasten ari direnei edo euskaraz irakurtzeko zailtasunak dauzkatenei testu erraz eta atseginak eskaintzea da. AEK-k ARGIA astekariarekin –duela bi ikasturte– eta «Euskaldunon Egunkaria»rekin –aurreko ikasturtean– ere burutu izan ditu lankidetza hitzarmenak, beti ere euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko asmoz.
EUSKAL PRENTSARI 261 MILIOI PEZETA
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 261 milioi pezeta (10,4 milioi libera) banatuko ditu euskarazko agerkarien artean. Guztira, 39 argitalpenek eta sei proiektu berezik jasoko dituzte dirulaguntzak. «Euskaldunon Egunkaria»k 156 milioi pezeta jasoko ditu, ARGIAk 26, «Elhuyar»ek ia 11, «Jakin»ek 10 pasatxo... Herri aldizkarien artean aurreikusi baino 10 milioi pezeta gutxiago banatuko ditu.
HENDAIAN % 19 EUSKALDUNA DA
Hendaiarren % 18,9 euskaldunak dira, % 8,8k zerbait daki eta gainerako % 72,3k deus ez. Hori da SIADECO elkarteak egin azterketa soziolinguistikoaren emaitzak aurkezten duen egoera. Hamasei urtez beherakoek dakite gehien euskara (% 30,9k ongi, % 8,5ek zerbait), alta, euskararen familia bidezko transmisioak huts handiak erakusten dituela eta euskara eta euskaldunen irudia guztiz aldatzen ari dela ondorioztatu du SIADECOk.
NUP-EKO EUSKARA PLANGINTZA
Iragan astean bildu zen lehenaldikotz NUPeko euskararen normalizaziorako batzordea. Batzorde honek bost urteko atzerapena daraman plangintza zehaztea du helburu. IA taldeak dudak azaldu ditu batzorde honek egin dezakeen lanaz.