Departamenduaren aldeko manifak, aspaldiko kontua ekarri dit gogora. Lagun batek esana. Denbora batez ikusi gabeko lagunakin topo egin eta haurdun zegoela ikusirik, bere egoera berriz itaun ondoan honela erantzun omen zion: gau bero baten ondoko goizalde hotzaren ondorioa duzu hau. Holakotan, ezdeusa baino edozer baita hobea. Eta manifa hortako lehen lerroa ikusirik, bertako politiko profesional batzuek frantses ikurrak soineratuak zituztela ikustean, otoa hartu eta handik lekutzeko punttuan egon nintzen. Ingurua aztertu, eta nire joera berdinekoek epeldu zidaten beroaldia. Hala ere, ongi ezagutzen ditugun jaunttoen poza izan nuen kezka ibilaldi osoan, oraindik orain abandonatu ez nauen kezka. Izan ere, etxeko bateratasuna pitzatu lezakeen auzo urrunekiko adostasunak nauka nahastuta. Horien Erdal Departamendua ez baitut nereganatu nahi, nahiz eta hori, etxean ere Euskal adjektiboz hornitu etxekoen lasaigarri. Nik, Euskal Departamendua aldarrikatzea nahi izan nuen, eta lortu ez genuelakoan nago