ABIAN JARRI DIRA IPARRALDEKO HERRITARRAK


1999ko urriaren 10an
Urte honen hasieran Iparraldean bizi izan ziren mobilizazioek, frantses estatuaren harroinak amini bat durduzatu zituzten lehen aldiz, 1790ko Iraultzaz geroztiko historian. Urte honetako martxoaren 5ean, Jaime Mayor Oreja eta Jean Pierre Chevenement-en arteko bilera leluko. Frantziako barne ministroak, gobernuaren izenean, Euskal Departamenduaren kontrako jarrera agertu zuen publikoki, baita Pirinioak Balkanak bihurtzeko arriskua aipatu ere.


EHUNEN DEIA.

Iparraldeko gizarte eragileak ez ziren kokildu, ordea. Hilabete berean, ehun arduradun publikok Euskal Departamenduaren aldeko deia egin zuten, baita «Ehunen Deia» agiria gizarteratu ere. Fronte Nazionala eta Alderdi Komunista izan ezik, gaineratiko alderdi eta ideologia politiko guztien ordezkariek sinatu zuten manifestu historikoa. Euskal Departamenduak bitarteko hauek ekarri beharko lizkioke euskal gizarteari: garapen ekonomiko propioa, zerbitzu publikoen demokratizazioa, barnealde eta kostapartearen arteko harmonizazioa, mugaz gaindiko harremana eta euskararen estatuaren ezarpena –«Ehunen Deia» ekimena, gizarte eremu ezberdinetan ari diren ehun eragileen sinadurak bilduz aritu da oraingutxi arte–. Anartean, ekainean, lehen ehun eragileen ekimenaren deiari jarraikiz, larunbat honetako manifestazioarako antolaketa plana abian jarri zuten hogei erakundek. Plataforma horretan, Iparraldeko elkarte, alderdi eta sindikatu gehienak bildu dira. AED –hautetsien elkartea– eta AND –sozioprofesionalen elkartea– dira plataforma honen eragile eta elkarte nagusiak. Lepenistak eta komunistak salbu, gaineratiko ideologien ordezkariek sostengatu dute Euskal Departamenduaren aldeko manifestazioa. UDF eta RPR alderdiak nahiz FNSEA eta CGT sindikatuak ez daude horien artean nolanahi ere.


GEHIENGOA BAINA ZATITUTA.

Euskal Departamenduaren auziak gizartearen gehiengoa biltzen du bere alde. Alabaina, ez du biltzen alderdi politiko edo sindikatuen gehiengoaren aldekotasuna. Izenetik beretik hasten da kontrobertsia. Abertzaleek Euskal Departamendu izendatzen duten bitartean, gaineratikoek Euskal Herria Departamendua hobesten dute. Kolore politiko nahiz sindikalista guztien sostengua biltzen du, baina ez daude osoki kolore guztiak presente. Badaezpada ere, frantses alderdi edo sindikatu guztietan Euskal Departamenduarekiko disidentzia eraginkorra pratikatzen duten kideak badaude egon: RPRn Alliot-Marie, UDFn Borotra eta Grenet, edota Alderdi Sozialistan Jean Espilondo. Alderdi (AB eta EAJ) eta sindikatu (ELB) abertzaleak lirateke teorikoki Euskal Departamendua aldarrikapenaren aldeko batasun bakarrak. Badago, ordea, Enbata mugimendua sortuz geroztik, Departamendua ez dela abertzaleen mugimenduaren jomugen ardatza dioena. Alegia, irudi luke, Euskal Departamenduaren ideiak ez dituela militante abertzale guztien gogoa asetzen.


GIZARTEA POLITIKOEN ORDEZ.

Politikoek auzi historikoei konponbiderik ematen ez diotenean, gizarte jalgi ohi da karrikara. Euskal Depatarmenduaren auzian halako zerbait gertatzen ari bide da egun ere. Abertzaleen Batasuna (AB) desmartxa honen aitzindaria izan da. Bere ekimenak gainontzeko alderdi politikoak posizioa hartzea behartu ditu, eta gizartea, alde egotetik mobilizatzera pasa dadin lan izugarria burutu du. Hala ere, urtarrilean ez bezala, AB bigarren plano batera pasa da, eta gizarte elkarteak eta eragileak eskakizunaren protagonista nagusiak bihurtu dira. Iparraldean organu politiko erabakitzailerik ez dagoenez, gizarteak hartu du iniziatiba politikoa. Iparraldeko eremuan ari diren kargudun hautatuek, edozein dela beren maila, ez dute ahalmenik Pirinio Atlantikoak Departamenduaren egitura deusezteko eta hiru lurralde historikoak bilduko lituzkeen Euskal Departamendua indarrean ezartzeko.


GIZARTE KOHESIOA GEROAN.

Departamenduaren aldeko ekimenak ugaldu dira irailean, baita gizartearen aurrean azken ahaleginak eta deiak burutu ere. «Ehunen Deia» mugimenduak honela adierazi du: «

Botere publikoek, departamendua ukatuz, demokrazia ukatzen dute. Gobernuak herritarren nahia errepetatu behar du, eta hautetsiek hautesleena
» Anartean, Euskal Konfederazioak –euskaraz diharduten elkarteen bilgunea– pentsaurreko bat burutu zuen Euskal Departamenduaren bere jarrera argitzeko. Michel Oronoz idazkariak honelako hauxe adierazi zuen: «

Euskal Departamendua ez da gure gaia. Kulturgintza eta politikagintza ez dira nahasi behar Euskal Konfederazioaren ustez. Alabaina, kultur eragile garen aldetik Euskal Departamenduari buruzko gure iritzia dugu. Bereziki euskararen garapenean bete behar duen funtzioari buruz. Gure iritziz, euskararen ofizialtasuna premiazkoa da eta Departamendu propioaren eraketak bidea erraztu lezake. Hizkuntz Kontseiluaren antolaketa lehen betekizuna izaki
». Euskal Konfederazioko elkartekideek Pirinio Atlantikoak Departamenduak euskal nortasuna ukatzen duela salatzen dute orobat, euskara baztertzen baitu deblauki. Euskararen ofizialtasunaren inguruan hainbat kontrobertsia jalgi dira azken asteotan, ordea. "Euskararen ofizialtasuna" aldarrikapena –iragan urtarrileko manifestazioan ez bezala– ez baitoa oraingo manifestazioaren lelo nagusiarekin batera. Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldearen izenean Amaia Beyriek argitu zuen auzia: «

Hori gure kide baten jarrera pertsonal izan da. Gure betekizuna ez da manifestaziora deitzea, ordea
» Manifestazioak ekarriko dituen ondorio politikoek erakutsiko dute gizartearen kohesioa

Soluzioa Baionan

Xiberoko hautetsiek eskatu dute bigarren PCD batez gozatzea. PCD Akitaniako Kontseiluak eskeintzen duen finantziaketa sistema berezi bat da, non lurralde batean, kolektiboki eraikitzen den hedapen xede bati diru laguntza bereziak ematen zaizkion. Hedapen honen mugak Akitaniak ezarten ditu, eta oraikoan, PCD aurkeztu aurretik, Xiberoko lurraldeari doakion xede orokor bat eskatu du. Auzapezek lan taldeak osatu dituzte, denei zabalik omen. Azkenean, ordea, CGT eta ELB sindikatak kanpo gelditu dira: hautetsien «club»ean ez da sindikalistendako lekurik. Zer gerta ere, hautetsien itzuli-mitzulia inork ez dezan traba.
Euskal Departamenduaz Xiberoko auzapezei galdegin zaie iritzia: hamar bat alde, beste hainbeste kontra, eta hogei bat mutu. Bihotzez euskaldun eta ekintzetan Parisko poderearen ordezkariei so aurkitzen ditut berriz ere. Beldur izatekorik badute: Francois Bayrou, Departamenduko presidentea, zatiketaren kontra dago, bere poderearen eremu erdia galtzetan dago. Bi lagun xintxo ditu Xiberoan: Arhancet eta Mirande kontseilariak.
Harridura pixka batekin ikusi ditut bi gizon horiek, Lapurdiko Itxasun, Borotra Miarritzeko auzapezarekin eta Ardanza jeltzalearekin. Borotra, Arhancet eta Mirande Euskal Departamenduaren kontra izanez, Ardanzarekin Itxasun egoteak hurbilketa bat suposatzen du. Zirkulu honetan ez dago sartzerik. Agota pastoral egunean, Ibar eskuineko ostatu batean bazkaltzen ari ziren Muñoa jeltzalea, Arhancet, Mirande eta tokiko auzapezak. Agotekin ez dira nahasten «pelütak» omen.
Azkenik, Eki-Baionan laster bozkatuko da kontseilari nagusi batendako. AB aurkezten da Xabi Larralde hautagaiarekin. Iparraldeko EAJk RPR-UDFko Etchegarayren alde egin du. Euskaldun batzu frantziar jakobinistekin batera Euskal Departamenduaren kontra ikusten ditudanean, irri egiteko gogoa ematen dit. Alde batetik, lan atzerakoia delakoz, eta bestetik, hainbat indar gastatzen dutelakoz, zirkuluaren laukiratu beharretan. Soluzio hoberena, urriaren 9an, ibiakoitzean, Baionara etortzea

Allande Etxart

Euskal Departamendua: bi mende luzetan zapuzturiko eskaera historikoa
1789ko Iraultzaren biharamunean Frantziako erregio guztiak birmoldatzeko xedetan sortu ziren departamenduak. Jakobinoak garaileak ziren, ordea.

Egun berean, Lapurdiko Biltzarraren izenean Dominique Garat diputatuak Zuberoa eta Nafarroarekin batean Euskal Departamendua eratzea proposatu zuen Parisko Asanblean.

1808an, Euskal Herriko lurraldeak batuko zituen autonomia proiektu bat aurkeztu zion Garatek Napoleon Bonaparteri. Euskal Federazioa Europako eskualde berezia gisa aurkeztuz.

XIX. mendean zehar, Baionako Merkataritza Ganbarak Aturri izeneko departamendu berria osatzea eskatu izan zuen behin baino gehiagotan. Parisek entzungor egin zuen behin eta berriz.

1946ko ekainean, Frantziako Konstituzioa berritu zenean, Baigorriko Jean Etxeberri-Aintxart diputatuak Euskal Departamendua sortzeko lege proiektu bat aurkeztu zuen Asanblea Nazionalean. Berean, euskararen ofizialtasuna eskatzen zuen.

1963an, Enbata mugimendua Euskal Departamenduaren alde agertu zen. Euskaldunentzako berezko instituzio bat sortzeko lehen egitura jo zuen. Haren ondoren, talde abertzaleek instituzio horren beharra aldarrikatu dute.

1981ean, Errepublikako presidentea izatera iritsi zen Francois Mitterrand hautagaiak Euskal Departamendu baten proposamena egin zuen publikoki. Ez zuen berau gauzatu, ordea.

1994an, RPRko Michel Inchauspe diputatuak Pirinio eskualde berri baten baitan kokatuko zen Euskal Departamenduaren proiektua aurkeztu zuen.

1996ko urriaren 30ean, Iparraldeko auzapezen gehiengoa Uztaritzen bildu zen (151 auzapez). % 64 Euskal Departamenduaren alde agertu zen.

1997ko urrian, Euskal Herria Departamenduaren aldeko hautetsien elkarteak (AED) «Zergatik Euskal Herria Departamendua» izenburuko Liburu Txuria delakoa plazaratu zuen.

1997 urtean, Iparraldeko 93 auzapez Departamenduaren alde posizionatu ziren eta 159 herrietako udalbatzek alde bozkatu zuten. Auzapezen eta hautetsien % 60tik gora.

1999ko urtarrilaren 30ean, 6.000 lagun manifestatu ziren Baionako karriketan Abertzaleen Batasunak deituriko manifestazioan.

Joan den abuztuan, CSA etxeak eginiko inkesta baten arabera, Iparraldeko herritarren % 66 Departamenduaren alde dago. Duela bi urte eginiko inkestan baino bi puntu gehiago.

Joan den irailean, Garapen Kontseiluan ordezkaritza duten eragile sozioprofesionaleen % 65 Euskal Herria departamenduaren alde agertu zen

Departamenduarekiko gure jarrera

Euskal Herriko Garapen Kontseiluan 97 partaide biltzen gara: 67 eragile sozioprofesionalak, 15 Hautetsien Kontseiluko kideak, eta beste 15, estatu, erregio, departamendu eta herrietako administrazioaren kideak izaki. Ipar Euskal Herriko herrien Biltzarraren eskaerari men eginez, Kontseilu honek Euskal Herria Departamenduari buruzko bere jarrera hartu izan du berriki.
Lehenik eta behin, joan den uztailean, Garapen Kontseiluak estimatu zuen ez zegoela egokieran ez neurrian, bere partaide guztien engaiatzeko, ez eta gai honi buruzko bere iritzia eman ahal izateko. Instituzio honen jarrera beste instituzioenak baino egokia dela baieztatzeak, izaera politikoko hautuak eta hauen bilakaera estimatzera eraman gaitzake. Izan ere, Garapen Kontseiluaren kezka bere barne kohesioa atxikitze da. Bere iraupena bermatzeko bere osaketa anitza errespetatu nahi du, baita, bere esku utzi zaizkion zereginak bermatzea ere, Ipar Euskal Herriko instituzionalizatze maila edozein delarik ere.
Alta bada, Departamenduaren gaiari buruz dagoen eztabaida publikoaz arduraturik, Kontseiluak gaiari buruzko kontsulta bat antolatu du Euskal Herria Departamenduaren sortzearen egokitasunari buruz, bere partaide sozioprofesionaleen artean. Kontseiluaren baitan, bere partaide guztien izenean jarrera hartzeko bokaziorik izan ez arren, gaiak iritzi publiko artean oihartzun handia hartu duela ohartu baikara. Euskal hiritar edo erakunde bakoitza iritzia ematea deitua izan dira nolabait. Hartara, gure Kontseilu Nagusian, administrazioaren ordezkariek bere iritzia ixilean gorde eta hautetsien gehiengoak bere iritzia eman duten bitartean, sozioprofesionaleen adierazpena publiko egitea legezkoa iruditu zaio Kontseiluari. Sozioprofesionaleen egiturak oso esanguratsuak direla kontuan izanik, Kontseiluaren zuzendaritzak eztabaida publikoari bere emaria ekartzea erabaki du. Kari horretara, egitura sozioprofesionaletako 67 ordezkariek bere iritzia eman dute: % 86,5aren partehartzearekin, % 65 Euskal Departamenduaren alde paratu zen, % 14 aurka eta % 21 abstenitu zen gai honi buruz iritzia emateaz

J. C. Iriart

Departamendua printzipioen mailan kokatu behar da

Euskal Departamendua ez da abertzaleon aldarrikapenei osoki erantzuten dioen instituzio bat. Euskal Departamenduaren aldarrikapena printzipioen mailan kokatu behar da, beraz. Adibidez, prefetak honela erran zion behinola Jean Haritschelhar euskaltzainburuari: «

Ipar Euskal Herriak ez du existitzen. Egungo estatu frantsesaren egitura eta ereduan, departamendua da instituzioen lehen kate-maila. Beraz, Euskal Herria Departamendua izan dadin bera da erdietsi behar duzuen lehen onarpen instituzionala
» Departamenduak Iparralderako ordezkaritza bat ekar dezake, baita neurri konkretuak Lurralde Eskemaren antolaketari buruz. Adibide bi: hizkuntza atala aplikatzeko aukera ekar lezake, eta laborantzak, lurralde antolaketa mailan lehen eskuduntzak izan litzake. Bestalde, azken inkesten arabera, garbiki ikusten da Ipar Euskal Herriko biztanlegoak eskatzen duela Departamendu hau antolatzea. Hau gure printzipioei atxikia dago errotik. Hots, estatu frantsesak onartu eta errespetatu behar du hemengo biztanlegoaren hitza.
Joan den urtarrilean ABk antolatu zuen manifestazioan jendea ez zen engaiatu aldi honetan bezala. Hamar hilabete hauetan Departamenduaren gaia eta eskaera Iparraldeko ia sentsibilitate guztietara zabaldu da. Manifestazioa antolatu dugunon artean ideologia guztietakoak gaude. Nahiz eta erakunde batzuk ez izan antolakuntzan –CGT eta FNSEA sindikatak, edo RPR eta UDF alderdiak–, beren kideak hor daude modu pertsonalean, eta beren partehartzea agertu dute publikoki. ABk ez du gizartearen aldaketa hau erdiespen propio gisa kontsideratzen. Erdiespen bat bada, gehiengoa posizionatu izatetik mobilizatu izatera pasatzea da. Hots, guk abiatu genuen kanpaina akuilu modura: «

Alde naiz erraitea ez zela nahiko, eta orain mugitu beharra zela erranez»
Hori zen gure asmoa, eta modu batez lortu da. Euskal Herria Departamenduaren oinarrian adierazpen bat dago. Batzuk departamendu berri baten printzipioa defenditzen duten bitartean –Landesetako hego eremua sartzea onartuz, kasu– , ABk bi gauza zaintzen ditu: Bat, lurraldetasuna. Hots, hiru lurralde historikoen barrutia gauzatzea. Bi, euskararen geroa definitzea. Sektore bakoitzak lantzen duen eremuaren arabera engaiatu da manifestazioan. Kultura eta euskararen eremuan dei zabal bat egin izan da desmartxa honetan sar daitezen, eta Euskal Departamenduaren aldeko desmartxarekin bat egin dezaten. EHE, AEK, edota Seaska ez dira posizionatu izan desmartxa horretan, bakoitza arrazoi ezberdinegatik. Euskal Departamenduaren aldeko manifestazio honetan ordea, euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko eskubidea barne doa

Xabi Larralde ABkoa


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude