ZERUA FILMEZ ESTALI DA ETA KUBOAK, GORRIZ TINDATU

  • Zinemaldiaren 47. edizioan, beti irrikatu izan den zentralizazioa heldu da. 600 film eta ikusleuholdea. Orain, urrezko proba gainditzea falta zaio: sail ofizialeko filmek neurria ematea.

2021eko uztailaren 19an
Victoria Eugenia, ederra bezain deserosoa zen. Aurten, Moneoren Kursaal gune berria topagune nagusi bilakaturik, iazko 150.000 ikusleak aise gaindituko dira. Bestalde, aspergarriak izan arren, sarrerak erosteko ilada itzelek ikusleen inplikazioaren neurria damaigute. Zinemaldia osasuntsu dabilen seinale. Baina, zerk bereizten du Donostiakoa beste zinemaldietatik?

«Dudarik gabe, bere izaera gizatiarra. Giro familiarra dugu Zinemaldiaren xarma. Hotel gehiago izango balitu, askoz jende gehiago erakarriko luke, erraldoi bihurtzeraino; ez nuke hori nahi»
erantzuten digu Diego Galan zuzendariak. Berari eta hautaketa batzordeari irriñoa nabari zaie, urtez urte askatasun osoa dutelako gauzak ongi kudeatzeko, berezko indarguneak atzeman dituzten arte. Egun, «Canal +» babesle ofiziala bihurtuta, estatu mailan duen oihartzuna paregabea da; orain nazioarte mailakoa hobetzea falta zaio. Canneseko zinemaldi ahaltsu bezain impertsonalean, artista nahiz zaletuak zoroen pare ibiltzen dira harat honat. Canneseko makineria industriala alde batera utzita, Venezia eta Berlinen ondotik, Donostiakoa da Europako entzutetsuena. Edinburgh, London, Locarno eta Deauvilleren aurretik. Era berean, amaitu berri den Montrealeko festibala kili kolo dabil, Estatu Batuetako merkaturako atea den Torontoko festibalak hari erabateko itzala egin baitio, krisialdian murgilaraziz.


VENEZIAKO ITZALPEAN?

Mussolinik oniritzia eman ondoren, Veneziako Mostra 1932an sortu zen turistak erakartzeko. Dezente handiagoa izan arren, Donostiakoaren gisan, Veneziako Mostra ere zinemaldi lasaia da, gondola batean patxadan ibiltzea bezalakoa. Felice Laudadiok bi urte egin ditu Veneziako Zinemaldiko buru. Nahiz eta iaz pribatizatu egin zen, Italiako politikoen hatzaparrak oraindik pastelaren gainean zeudela ikusi eta potrotaraino, kargua utzi zuen. Bere ordezkoa den Alberto Barberak egin duen lehenengo gauza Hollywoodera barkamenak eskatzera joatea izan da. Intelektualek zinema komertziala baztertu eta izen berrien aldeko apustua egina zuten, Halaxe, Barberak Mostra lurrin sasi-erotikoaz mozorrotu badu ere, izenen kalitatea ez da galdu batere. Kubricken «Eyes wide shut», Woody Allenen «Sweet and lowdown», Scorseseren «Il Dolce cinema» italiar zinemari buruzko hiru orduko dokumentala, gehi lehian dauden Kiarostami, Zhang Yimou, Mike Leigh eta abar. Antonio Banderasek ere nahiago izan du bere «Crazy in Alabama» Venezian aurkeztu. Ondorioz, honek guztiak zenbat espazio uzten dio zinemaldiari bere amarauna ehuntzeko? Diego Galanen irudiko, Veneziako Mostran Alberto Barbera zuzendari berriaren jokamoldea ezustea izan da, Hollywoodeko estudioen esanetara makurtu baita. Barberaren aburuz, sail ofizialerako hautaketa egiterakoan, ez zen espainieraz egindako filmik lehian egotea merezi zuenik. Galan ez dago batere ados horrekin:

«Berari erakutsi zizkiotenak izango ziren kaskarrak. Aldi berean, hori mesprezu bat da Donostikoarekiko, hemen espainieraz dauden filmak erdipurdikoak direla esan nahi duelako».
Jakina denez, Veneziakoa zein Donostiakoa irailean izanik, lehia bizia egoten da filmak lortzeko. Diegoren esanetan,

«Veneziak batzuk kendu dizkigun arren, guk ere bai haiei».
Kontuak kontu, Donostiakoak muzin egin dio Hollywoodeko filmen lehorreratzeari. Aurten bederen ez da susmagarri den zinta estatubatuarrik emango, iaz «Very bad things» hiperkomertzial hura sail ofizialean lehian jarri zuten-eta. Beraz, sail ofizialeko 14 filmeen kalitatean egongo da beste behin koska. Izen berrien aldeko apustu tinkoarekin jarraiki, gaur egungo zinema norabide guztien ikuspegia emango da, errealitatean sakontzen duten filmetan arreta berezia jarriz. Lawrence Kasdanen «Mumford» edo Mike Figgisen «Miss Julie» filmak Zinemaldian lehian aritzea garaipentzat har liteke, Veneziakoaren kaltetan. Halaber, ezin ahantzi Madrilgo prentsak egingo duen indarra film espainiar batek urrezko maskorra eskura dezan; Bigas Lunaren «Volaverunt» eta Gracia Kerejetaren «Cuando vuelvas a mi lado» biak lehian arituko baitira.


FESTA NEW YORKEN.

Glamourrik gabe, jakina, zinemaldi bat hankamotz dabil. Nahiz eta askorentzat apar hutsa den, beharrezko osagaia da. Azkenaldian gainera, Julian Schnabel artista ospetsua Igeldon bizitzea amu ona izan liteke Zinemaldiarentzat, bere lagunak diren zinema munduko izarrak limurtu baititzake Donostiara etor daitezen. Halaxe, Cannesen egin beharrean, joan den udaberrian Zinemaldia aurkezteko festa bat egin zuten Schnabelen New Yorkeko etxean, besteak beste, Robert de Niro, Dennis Hopper, Harvey Keitel, Sigourney Weaver (bera protagonista duen «Map of the World» filma sail ofizialean lehiatuko da aurten) eta David Bowie bertan zirela.
Mamitsua da sail paraleloen eskaintza. Zabaltegik antzoki zaharra utzi eta emanaldi guztiak kubo txikian eginen ditu; horrek hoztasuna ekar liezaioke Zabaltegiri. Europar zinema nagusi dela, zuzendari berrien sarirako (25 milioi pezeta, milioi bat libera) 35 filmen artean 11 soilik izango dira lehian. Bestalde, «Bertrand Tavernier ezagutu» izeneko zikloa (munduaren kontraesanei buruzko hausnarketak dira bere filmak); «Boom italiar erara» edo John M. Stahl-i eskainitako atzera begirakoak. Hitchcocken jaiotzaren mendeurrena dela kari, «Hitchcockek ilehoriak nahiago zituen» izeneko maratoia eskainiko da. Almodovarren «Todo sobre mi madre» filmari «Fipresci» kritikarien sari handia emango zaio; Fernando Fernan Gomez eta Alberto Sordiri omenaldia egingo zaie; Vanessa Redgrave eta Anjelica Hustonek Donostia saria jasoko dute.
Euskarak Zinemaldian duen presentziari gagozkiola, Bagera Donostiako euskaltzaleen elkarteak horren behaketa egingo du. Aurreko urteetan euskararen presentzia eskasa kritikatu du, bai zinemaldiaren egunkarian baita aurkezpen eta film osteko solasaldietan ere. Zinemaldiak argudiatzen du aurkezleak elebidunak direla, eta denbora faltak eragiten duela euskara gutxi erabiltzea. Orobat, «Gara» egunkariak babestuta, bi film emango dira euskarazko azpitituluekin. Aurrekoetan ez dute harrera onegia eduki, nahiz berez, tiradizoa bazuten.
Azken irrika bat. Logikoa da ikusleen eta kritikaren gustuak bat ez etortzea; ez ordea, kritika eta epaimahaiaren arteko desadostasuna film onenak hautatzerakoan. Espero dezagun hortaz, epaimahaiaren erabakian zirkuitulaburrik ez gertatzea aurten; iazko film irabazlea, «El viento se llevo lo que», beste behin oharkabean pasatu baita. Iduri du aurtengo epaimahaia fidatzekoa dela, Bertrand Tavernier buru dutela. Galanek haatik, garbi utzi nahi du epaimahaiari ez diotela presiorik ezarriko film faborito bati saria eman diezaioten

«Adar bakar», edo dragoi bat daukat gelan niri begira

Eroetxera iritsi den ero bat gela batean giltzapetuko dute. Bertan, dragoi batekin egingo du topo, bien arteko solasaldi arinari hasiera emanez. Anartean, zaindari bat dago, bideozaintza kamaren bidez, dena kontrolatzen. Berak ikusiko duena ostera, arras bestelakoa da. Hori du kontagai Koldo Almandoz donostiarraren «Adar bakar» euskaraz egindako film labur berriak, Zinemaldian ikus ahalko den euskarazko zinta bakanetakoak.
«

Errealitate ezberdin bat islatu nahi izan dut. Badakit gehiengo batentzat ez dela ulergarria izango, duen kutsu surralistarengatik, eta erakutsi baino iradoki egiten duelako. Ez dago halako matrakarik. Baina tira, inor ez aspertzea nahi nuke. Jendeak esan beharko du zer iruditu zaion, nik perspektiba galdu dut eta. Hala ere, istorio nahikoa pertsonala da, nire aitonaren oroimenez-edo egindakoa. Iaz zendu zen, eta urteak eman zituen alzheimerrak jota. Beraz, hark bizi zuen mundu hura irudikatu nahi izan dut. Aitona burutik jota zegoela zioen jendeak, baina berak bizi zuen errealitate hori benetakoa zen. Ideia hori buruan nuela Harkaitz Canori komentatu, berari gustatu eta lanari ekin genion. Emaitza ikusita, lehen planoen indarra nabarmenduko nuke»
. Istorioa bi ikuspuntutatik dago kontatua: bata, bideozaintza kamaren bidez; eta bestea, eroetxera iritsi berri den gizonaren ikuspegitik.
Zestoako bainuetxean asteburu batean filmatu zuten, 35mm-tako ordu erdiko pelikula erosita. Aspaldi bertan behera utzita dagoen eraikuntza batean, Koldok bere lagunak bildu eta dena txukuntzen ibili ziren, baita hormak pintatzen ere.

«Azpimarratzekoa da lantaldearen inplikazioa: Xabier Lozano, Jose Mari Salinas, `Argilun'ekoek ere materiala utzi digute. Ondoren, REC estudioetan egin dugu soinuaren ekoizpen-ostea»
. Ekoizpen xumea izan da, milioi bateko aurrekontuarengatik baino, baldintzek eraginda:

«Dena asteburu batean egiteko eta pelikula gutxi edukita, aurretik entsegu franko egin genituen aktoreekin»
. Horren ildotik, aipa dezagun ustezko eroaren rolean Madrilen ikasten dabilen Asier Hernandez dugula; zaindaria Jose Ramon Argoitia dela eta dragoiaren ahotsa aldiz, Manu Etxezortu irrati esatariak sartu duela.
Filma, munduan zehar dauden zinemaldietan aurkeztu nahi dute, azpititulez baliaturik. Lehen emanaldia ordea, Zinemaldian izango dugu, euskal zinearen egunean hain zuzen, hilaren 23an eta IBAIA elkarteak antolaturik


Azkenak
2025-05-05 | ARGIA
14.000 “maite zaituztegu” Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoentzat

“Maite zaitut” herri omenaldia egin diote maiatzaren 3an Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei Barakaldon, BEC erakustazokan. Euskal gizarteari egindako ekarpena eskertu nahi izan diote milaka pertsonak Maite Zaitut Kultur Elkarteak antolatutako jaialdian.


Israelek Gaza erabat okupatzeko plana onartu du, palestinarrak zerrendatik kanporatzeko eta gatibu israeldarrak askatzeko

Trumpek Gazarako behin baino gehiagotan proposatutako garbiketa etnikoarekin jarraituko du Tel Avivek. Netanyahuk sare sozialetan jakinarazi duenez, Israelek milaka erreserbista deitu ditu Gazaren aurkako setioa gogortzeko eta "erabateko garaipena" lortzeko.


2025-05-05 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Kartzelara, herritarrak informatzeagatik?

2025ean Guatemalan gutxienez kazetari bat hil dute eta beste bat desagerrarazi. Arriskutsua da kazetaritza lana egitea herrialde horretan, eta hala jaso du Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak ere, maiatzaren 2an argitaratutako 2025eko Prentsa Askatasunaren Munduko Sailkapenean... [+]


Plangintza demokratikorik gabe itzalaldien menpe jarraituko dugu

Gero eta nabarmenagoa da Espainiako Estatuak ez duela planifikazio demokratikorik energiaren arloan. Duela gutxi jasan dugun itzalaldia adibide garbia da, baina ez da bakarra. Energia berriztagarrien kontrolik gabeko eta lurralde askotan gehiegizko hedapena da beste adibide... [+]


Itzalaldia

Ez dakit itzalaldiak itsutu gaituen edo itsu gaudelako itzali garen. Edozein kasutan, itzalaldia ez da gaur hasi eta bukatu den gertaera histerikoa –barkatu, historikoa–. Aspaldian hasi zela uste dut eta, zoritxarrez, ez zen San Prudentzio egunean amaitu.


Bridgestoneko langileek elkarretaratzea egin dute Japoniak Madrilen duen enbaxadaren aurrean

Bridgestone Japoniako pneumatikoen multinazionalak kaleratu nahi dituen langileek elkarretaratzea egin dute astelehen eguerdian Japoniak Madrilen duen enbaxadaren aurrean. Horrez gain, langile batzordeko hainbat kide Yolanda Díaz Espainiako Gobernuko Lan ministroarekin ere... [+]


Palestinaren aldeko Askatasunaren Ontzidia Maltako Gobernuarekin negoziatzen dabil, itsasontzia hango portu batera eramateko

Nazioarteko ekimenak igandean argitaratutako prentsa ohar batean jakitera eman duenez, Maltako Gobernuak bonbardatutako itsasontzia konpontzeko asmoa erakutsi du. Askatasunaren Ontzidiak eskatu die Maltako agintariei itsasontzia herrialdeko uretan sar dadila. Israelen erasoak... [+]


Nazien kontzentrazio esparruetara deportatutako 253 euskaldun omendu ditu Eusko Jaurlaritzak

Nazismoaren biktimak izandako euskal herritarrak oroitzeko Eusko Jaurlaritzak egin duen lehen aitorpen instituzionala da. Hego Euskal Herriko 253 pertsona deportatu zituzten 1940 eta 1945 urteen artean. 113 bertan hil ziren eta beste asko, handik bizirik irten baziren ere... [+]


2025-05-05 | ARGIA
Hamar egunez pantailetan euskaraz aritzeko erronka maiatzaren 6an hasiko da

Maiatzaren 6tik 15era egingo da Pantailak Euskarazek antolatutako aktibazio sozialerako ariketa. Helburua, hamar egunez soilik euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzea da. Ariketan izena eman daiteke maiatzaren 6ra arte.


Pentsiodunen mugimenduaren lege-proposamenak ia 140.000 sinadura lortu ditu

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak lau hilabetetako kanpainan lortu du 140.000 herritarren babesa. Herri Ekimen Legegilea maiatzaren 15ean aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean. Pentsio duinak eta gutxieneko soldata besteko pentsioak eskatu ditu mugimenduak.


2025-05-05 | Behe Banda
barra warroak
Eta egun bat gutxiago

Bizilagunen obren zarata gogaikarriak esnatu nau gaur ere. Burkoan burua bildu, eta saiatu naiz beste hogei minutuz lo egiten, baina ez zegoen zulagailu hura isilduko zuenik. Jaiki eta apirila hasieran egin nuen eginbeharren taulari begiratu diot; hala zioten errotuladore... [+]


Eskuin muturrak erraz irabazi du Errumaniako presidentetzarako bozen lehen itzulia

Gutxienez botoen %40 lortuta, George Simion AUR alderdiko buruak bikoiztu egin du bigarren indarraren babes kopurua. Europako Batasuna "diktadura bat" dela aipatu du Simionek behin baino gehiagotan, eta Errumaniak Ukrainari emandako laguntza etetearen alde agertu da... [+]


Zaintzen dugulako maite dugu, ala maite dugulako zaintzen dugu?

"Maitasuna" hitza darama izenburuan Galdera Basatiak podcastaren laugarren atalak, baina eraman zezakeen "harremanak", "bakardadea", "dependentzia"... Hari mutur ugaritan barreiatu dute Izaro Toledok eta Iñigo Martinezek.


Eguneraketa berriak daude