Orain berrikitan gure amari entzun nion esaldia, gure amona zenak –jostuna bera– gizasemeren baten galtzetan zuloa agerian zuela ikusten zuenean erabiltzen omen zuen. Eta egoki deritzot Lizarra-Garazi akordioari buruz idatz nezan galdetu eta bertsolari legez bukaeratik hastea otu zaidalarik. Baina bota dezadan atzerago bideoa eta has nadin iazko udatik berrikusten. ETAk su-etena iragarri eta ondoko astetan bizi izandakotik bederen.
Suetenak jokoz kanpo harrapatu ninduenetako bat nauzue. Lapurdiko kostaldeko herri batean kokaturik, ez nuen inondik espero ETAren erabaki hori. Eta gure inguru hontan ez nintzen batere berezia sentitu, ondokoen harridurek horretarako beta eman baitzidaten. Ondorengo egunak espekulatzen eman ondoan, Lizarrakoa etorri zen. Eta bertako argazkia ikusirik, nere buruan neukan zuloa eta ezina txukun estaltzeko aukera ezin hobea neukala iruditu zitzaidan. Azkenik, aspalditik sakabanatu gure indarrak biltzeko parada ikusi nuen. Lizarrakoaz animoso, Garazikoa etorri zen. Eta hemengo ABko militantea izanik, ezustean harrapatze horrek epel utzi ninduen. Eta kezkati. Berriz ere, prentsa genuen informazio iturri bakarra. Hain arbuiagarri jotzen dugun prentsa barne. Eta animoak epeltze horretan ez nintzela bakarrenetakoa ere, inguruak garbi erakutsi zidan. Hala ere, herri hontako multzo puteatu eta zapalduenak diren preso, exiliatu eta konfinatuen onurako izan zitekeelakoan edo, horren esperantzan eman ditugu orainartekoak. Momentuz, errealitate hurbilak ezer gutxi aurreratu dugula adierazten dit. Estatuaren jarrera autistak, aurreikusten genuena bestalde, ez du bere parean Lizarra-Garazi adostasunaren indar jazarlerik izan, politika, gurean ere publizitatearen logikak zuzenduko bailuen. Eta urtetan elkarri mokoka bizitzen haziek, argazki eta hitz potolotik landa elkarbizitza eraikitzeko gai izango badira, elkarri aditu behar diote eta euren harremanak sendotuko dituen pedagogia aurkitu eta erabili. Herrietara eraman behar omen genuen akordioa, hala ulertu nuen nik behintzat, eta ni, hortan –aurkezpen suelto batzuk salbu– ezer gutxi egin dugulakoan nago, izan ere, publizitatearen logikak famosoek egitera behartzen baitu. Eta famosoek aski lan izanen baitute ofizio berriak sortzen dizkienak txukun betetzen. Berrikitan, bi gertakari izan dira ni erabat hotz utzi nautenak. Uztailaren azken egunetan Gasteizen EHk besteekin batera adostu eta sinatutako dokumentoaren karira hain zuzen, sinatze bera lehenik eta errematerako EHko ordezkariek eman prentsa agerpena sinatzaileak sinatutakoaz beren damuaren berri emateko. Eta ondorioz, ofizioan eskarmentu askidunen dimisiorik ez ikusteak, guztiz kongelatu. Eta Bilboko jaietan, banderen ezartzea zela eta bertako alkate berriak erakutsi zuen nausitzarkeria, kezkagarria zait oso. Agian, bi gertakari horietan, egiazko arrazoinak ezkutuan behar dute eta publikoari, guri prentsaren bidez igortzen dizkigutenak taktikoak dira eta ezinbestekoak. Etxeko bertsio ofizialak jaten ohituak ez genuke arazorik izan behar tamainakoak irensteko, baina ziur aski adina kausa, geroz eta nekezagoak egiten zaizkigu eiotzen, gure hortz xehatuek guritxagoak behar bailituzkete. Agian, kongelatuak nahi gaituzte etxean ere hauteskundetan ezik. Eta gainean ditugunez, igor iezaguzue bero piskat egun handian deskongelatu gaitezen