Behin eta berriz irakurtzen dugu egunkarietan, eta entzuten irrati-telebistan euskal gizartea aurreneko postuan dagoela transplanteak egiteko hain beharrezkoak diren organoak emateko orduan. Baina esan beharra dago iaz familien % 13ak uko egin ziola ospitaleetan beren senide hildakoen organoak erabiltzeko egin zitzaien eskaerari (portzentaje hori % 20koa izan zen Espainian, oro har, eta % 40 ingurukoa Europako beste herrialde batzuetan).
Duela 20 urte baino gehixeago hasi ziren transplante-teknika desberdinak Osakidetzan egiten, eta 20 urte hauetan 1.000 organu emaile inguru izatera iritsi gara, Gabriel Inclán Osasun sailburuak eskainitako datuen arabera. Transplanteren bat jaso dutenak, berriz, 6.000 pertsona inguru izan dira. Datu horiek, beste kasu guztietan bezalaxe, bi irakurketa desberdin eskaintzen dituzte: irakurketa positiboa batetik, eta horren arabera Euskal Autonomia Erkidegoak lortu zuen 1998. urtean transplante tasarik altuena mundu osoan (43 emaile milioi biztanleko gure artean, Espainian 31,5 izan ziren bitartean, 21,3 Estatu Batuetan eta 20 inguru Europako Batasunean). Baina, bestetik, pentsatu beharra dago beren arrazoiak oso ulertzeko modukoak izan arren, 100 kasutatik 13tan familiartekoen ezetza dela-eta, ezin izan zela transplanterik egin, eta horrek zer pentsatua eman behar liguke