KPI KONTSUMO OHITURA BERRIEI EGOKITU NAHIAN

  • Inflazio izen arruntaz ezaguna, soldata, pentsio eta alokairuen igoerak zehazteko erabili ohi da. Bere oinarrizko ardatza aldatu nahi dute orain, kontsumo ohitura berriei molda dakien.

1999ko uztailaren 18an
E

spainiako Estatistika Institutu Nazionalak, EINek, kontsumo prezioen indizearen, hau da, KPIren aldaketa laster burutzeko asmoa agertu du, hobekuntza metodologiko batzuk ere egingo direlarik. Hemendik gutxira KPI errealagoa izango dugu, Espainiako errealitate aldakorra islatzeko gaituagoa izango dena. Horrela, estatistikoki gu baino aurreratuago dabiltzan herrialdeen pareko KPI izango dugu
». Hauek dira Madrilgo egunkari batean azaldutako EINeko buru Pilar Martin Guzmanen hitzak.
Euskal Herriak ez du orain artean horrelako erakunderik izan, eta onerako zein txarrerako, Espainiako gainontzeko hiritarrentzat bezala, EINek esaten duena da Hego Euskal Herriko biztanleon pentsio, soldata eta alokairuetan aplikatzen den indizea. Hori horrela izanik, eta gure KPI propioa jorratuko duen euskal EINik ez dugun bitartean, Espainiako EIN eta KPIari begira jarraitu beharko dugu gure lan eta gizarte harremanei dagokienez. Menpekotasun hori dela-eta, gugan ere badute eraginik Espainiako EINean eta KPIn gertatzen diren aldaketek. Horregatik prestatu nahi izan dugu honako artikulu hau, KPIren aplikazioan prestatzen ari diren aldaketak azaltzeko asmoz.
KPI ekonomia munduko indizerik ezagunena eta hedatuena dugu, era arruntean inflazio esaten duguna, alegia. Prezio aldaketak neurtzeko indize gehiago badira ere, KPI da famili kontsumoaren zenbatekoa neurtzeko balio duena. Ondorioz, irizpide ekonomikorik erabiliena da, eragin sozialik handiena du eta pentsio, talde-negoziazio, alokairu eta abarren aldaketa guztien oinarri eta baldintzatzaile da. Estatuen erabaki ekonomikoen ardatzik garrantzitsuenetakoa dugu, eta Europako Batasuneko Bateratze Ekonomiko eta Monetarioaren bost baldintzetako bat ere bada.


HILABETEKO EROSKETEN ZENBATEKOA.

Familiek kontsumitzen dituzten ondasun eta zerbitzuen prezioek denboran duten portaeraren erakuslea da KPI. Kontsumitzen diren ondasun eta zerbitzu horiek zeintzuk eta zenbat diren jakin ahal izateko, familiei informazioa eskatzen zaie, Familia Aurrekontu Inkestaren bidez. Inkesta honek kontsumo-ondasunen zehaztapena ahalbidetzen du. Ezinezkoa litzateke, hala ere, merkatuan den kontsumo mota bakoitzeko artikulu guztien jarraipena egitea. Horregatik, inkesten bidez jasotako informazioa kontuan hartuz eta nazioartean hartutako irizpideak aplikatuz, esparru bakoitzeko produktuen erakusgarri izango den lagina hautatzen da.
Espainiako hilabeteko erosketen zenbatekoa, hain zuzen, 56 kontsumo-esparrutan banaturik dago, hauek beste 8 taldetan zatitzen direlarik (elikagaiak, arropa eta oinetakoak, etxebizitza eta bertako tresneria, osasuna eta medikuntza, komunikazioa eta garraioa, aisia eta hezkuntza, eta beste hainbat). Kontsumo-esparru bakoitzak, KPI kalkulatzeko, hilabetero aztergai diren produktu mordoska bat dauka. Orotara, erosketen kostuaren gaineko zenbateko hori 471 produktuz dago osatua eta, adituen esanetan, munduko osatuenen artean dago.
Kontsumo-esparru bakoitzeko aldaketak aztertu ahal izateko, EINek Espainia osoan zehar dauden produktu eta neurketa guneak dauzka. Behi-haragiaren prezio aldaketa neurtzeko, adibidez, 20 erreferentzia puntu hartzen ditu EINek probintzia bakoitzeko, eta horrela, probintziaren araberako aldaketa jasotzen du kontsumo-esparru bakoitzean. Espainia osoan jasotako ehundaka erreferentziarekin esparru horren Estatu mailako aldaketa jakiten da hilabetean behin.
Kontsumo mota bakoitzeko laginei buruzko informazioa –denda eta saltokien izenak eta prezioak non jasotzen diren– sekretupean gordetzen da. Pertsona bik baino ez dakizkite datu horiek. EINeko buru Pilar Martínen aburuz, politika hau da «

manipulaziorik ez izateko bermerik hoberena. EINen erabateko neutraltasun eta burujabetasun politikoaren erakusgarri da hori, zeinak sinesgarritasun maila handia ematen dion, barrura zein kanpora begira
».
Bestalde, kontuan hartu behar da kontsumo-ondasun guztiak ez direla kopuru berdinetan kontsumitzen. Maiz erosten den produktu batek jasandako prezio igoerak gutxitan erosten den produktu baten prezio igoerak baino pisu handiagoa izango du KPI burutzerakoan. Hori dela-eta, artikulu bakoitzak inkestaren araberako haztapen desberdina dauka.
Prezio aldaketaren neurketa hilabete bakoitzeko 1 eta 22 egunen bitartean burutzen da. Hau da, 23 eta 31 bitartean ez da inolako azterketarik egiten. Oro har, kontsumo urriko egunak dira, eta beraz, garai desinflazionista da, Gabonak eta antzekoak salbu

Orain arteko neurketa sistema, zaharkituta

KPIren kalkulua estatistikoa da, eta hala izanik, errore-marjena ere badu. Hala ere, KPIren zailtasunik handiena gaur egungo familia baten hilabeteko erosketen zenbatekoa jakitea da. Familien kontsumo ohiturak etengabe ari dira aldatzen, eta Familia Aurrekontu Inkestak dio gaur egungo kalkulua garai eta kontsumo ohitura berriei egokitu behar zaiela. Hori dela-eta, zenbateko horren oinarria aldatzea erabaki dute, hala nola haztapen berriak eta hobekuntza metodologiko batzuk sartzea. Espainiako EINean egindako azken oinarri mailako aldaketa 1992an izan zen. Berritasun metodologiko garrantzitsuak prestatzen ari dira orain, 2000. urteari begira.
Famili kontsumoaren prezioen bilakaera behar bezala neurtzeko, merkatuaren ezaugarrien eta egituraren aldaketekiko arreta handia izan beharko du KPIk. Horra hor, adibidez, erregaien merkatuaren liberalizazioa, zeinak prezioak hainbat enpresatatik jasotzera behartzen gaituen. Orain arte Espainiako Estatuko Buletin Ofizialetik jasotzen ziren preziook. Telekomunikazioen merkatuko gorabeherak ere etengabeko erronka iturri ditugu, operatzaile berrien agerpena, interneten erabilera eta aurrerapen teknologikoei esker egunero kaleratzen diren produktu berriak direla-eta. Honen guztiaren ondorioz, familien kontsumo ohiturak ere orain arte ez bezalako arintasunez ari dira aldatzen.
Hori guztia ikusita, ez dirudi jarraibide tradizionala, hau da, urteetan zehar produktu eta haztapen finkoz osatutako hilabeteko kontsumoaren kalkulua erabiltzea egokiegia denik horrelako aldaketak behar bezalako gaitasunez islatu ahal izateko. Antzeko dinamika bat oinarri, metodologia berriren bat bilatu behar da, errealitateari maiztasun eta arintasun handiagoz egokitzeko asmoz, Erresuma Batua edo Frantziaren adibideak kasu. Sektore jakinetan jokabide zehatz eta berriak aplikatzea ekarriko du horrek guztiak, beti ere merkatuaren beharrei erantzunez. Hori izango da, adibidez, telefonia, elektronika, informatika eta oro har, informazio gizartearekin zerikusia duten esparruen kasua.
Azkenik, esan behar da oinarrizko aldaketa bati ekiten zaion bakoitzean, metodologia berria Estatistika Kontseilu Gorenaren baitan eztabaidatzen dela, non sindikatuak, patronala, kontsumitzaile eta erabiltzaileak, Errege-Akademiak, Espainiako Bankua, elkargo profesional eta estatistika ikerkuntzarako elkarte batzuk, komunikabideak eta Gobernua bera dauden

Gure estatistika erakundeen alde

Gai askori buruzko estatistikaz jositako gizartean bizi gara: ekonomia eta lan gaiak, sozialak, politikoak, hauteskunde gaiak, kulturalak, ekologikoak, kirol gaiak... Ez dago estatistikaren bat ez duen egun edo asterik. Estatistika horiek erakunde ezberdinek egiten dituzte eta Euskal Herrian ere egiten dira estatistikak, bai erakunde publiko zein pribatuek egindakoak eta bai euskaldun zein espainiarrek egindakoak. Gobernu bakoitzak bere aldetik egiten ditu estatistikak (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua). Iparraldean gobernu autonomikorik ere ez dago, eta estatistikaren bat eginez gero, Euskal Herriko eremu horretara mugatuko da.
Zaila egiten zaigu Euskal Herri mailan jorratutako estatistikak aurkitzea eta horregatik, hain zuzen, da hain zaila sei euskal lurraldeei buruzko datu globalen berri jakitea. Hala ere, zoritxarrez, ez daukagu gure sei herrialdeotan lan egingo duen Estatistika Institutu Nazionalik, ez publikoa ez pribatua. Jakin badakigu ez dela lan erraza eta oraindik ere egoera politikoa dago mahai gainean. Egoera politiko berria sortzen ari da eta abertzale garen guztiok eraikuntza nazionalaren alde egin dugu. Giro honetan, instituzio eta erakunde nazionalak sustatzearen aldeko apustua egiten ari gara, Madril eta Parisera begira egon ez gaitezen. Estatistika Institutu Nazionalak izan beharko luke erakunde horietako bat


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude