"BELTZA IKUSTEN DUT INGURUGIROAREN EGOERA"


2021eko uztailaren 27an
L

ehenik eta behin, esaiguzu nola eta noiz sortu zitzaizun mendirako duzun zaletasun hori. Zerk erakarri zintuen bere garaian?
Gaztetxo nintzela, denetik egin nuen: arrauna, pilota, txirrindularitza pixka bat ere, baina ganora gehiegirik gabe. Pasai Donibaneko mendi-elkartearekin irteerak egiten hasi nintzen ondoren eta horrekin batera, nire eskuetan erori zen liburu batek, liluratu eta erakarri egin ninduen: Gaston Reboufat mendi-gidariaren «Etoile et têmpete» (euskaraz, Izarrak eta ekaitzak). Gizona eta mendiaren arteko erlazioa deskribatzen da bertan, mendi-gidari batek izandako esperientzietan oinarrituta. Oso poetikoa da, gomendatzen dizuet.

Harrezkero zein izan da mendizaletasunean zure bilakaera?
Mendian ibiltzearekin batera, kostaldeko harkaitz batzuetan eskalatzen hasi nintzen. Oso gustuko nuen. Hala ere,19 urterekin hasi nintzen eskalatzen. Gaur egun hori berandu da, hiru urterekin hasten baitira jada. Hurrengo pausoa, 15 metroko perlonezko soka, bi iltze eta mailua erosi eta harkaitzetan jolasean ibiltzea izan zen. Aukera izan nuenean, eskalada ikastaro bat egin nuen, zenbait urte beranduago nirekin Everestera etorriko ziren Luis Mari Abalde, Rikardo Gallardo eta Rodolfo Kirchekin. Leiho bat zabalik ikusi nuen eta zalantzarik gabe bestaldera egin nuen salto. Berehala sentitu nuen Himalayan ibiliko nintzela. Oroitzen naiz, 19 edo 20 urte nituenean, Aralarrera iraupen eskia egitera joan ginen batean, ez dakit, elurra zela-eta edo, nire kideari esan niona: «Badakit egunen batean Himalayara joango naizela». Handik 10 urtera joango nintzen lehendabizikoz. Aurretik, ordea, Alpe eta Piriniotan ibili nintzen, azken hauetan batez ere. Orduan, ez ginen egun egiten den moduan asteburuetan joaten. Irteeratxo bakarra egiten genuen negu partean, San Jose edo Aste Santuko jai-egunetan besterik ez. Udan berriz, behin joanez gero, ahalik eta denbora gehien pasatzen saiatzen ginen. Aterpez aterpe, bailaraz bailara, harkaitzetan lo egiten hilabetea pasatzen genuen mendiaren pasioa barneratuta genuenok eta bi baziren hobe. Gainontzean, asteburuetan etxe inguruko mendietan ibiltzen ginen, eta zubia izanez gero, Aizkorri edo Durangaldeko Atxartera hurbiltzea ohikoa izaten zen.

74an eman zenuen Himalayarako jauzia.
Bai, Everest igotzeko asmoz antolatu zen Tximist espedizioan, hain zuzen. 80an berriro itzuliko nintzen, Martin Zabaletak gailurra lortu zueneko espedizio arrakastatsu hartan. 85a arte, udaberrian Cho-Oyu eta udazkenean Manaslura igotzen saiatu nintzen orduan, ez nintzen zortzimilakoetara itzuliko, mendia ardatz izanik, nik neuk sortutako Mendiak eta Herriak mendi-gidari elkartean aritu bainintzen lanean. Datozen urteetan, itsasoan asko ibiliko nintzen eta 88ra arte ez naiz Himalayara itzuliko, orduan ere bi gailur gainditzeko asmoz, Kanchenjunga eta Makalu. 90ean atzera Everesta eta 91ean Makalura Iñurrategitarrekin, beraien lehen zortzimilakoa izango zena egitera. Geroztik, trekinak soilik egin ditut, mendi itzel hauen inguruan.

79an lehen zortzimilakoa igo zenetik 20 urte igaro direnean eta euskadunek jada 14 zortzimilakoak igo dituztenean, nola ikusten duzu egun puntako mendizaletasuna zuen garaikoarekin alderatuz?
Lehenengo Tximist espedizio haiek oso astunak ziren, 10 edo 11 espediziokide, 300 sherpa... dena den garai haietan burutzen ziren espedizio itzelekin alderatuz ez zen hainbesterainokoa. Horrelakoak ezagutu ditut, baina baita bestelakoak ere. 88an esaterako, Zulu, Ansa, Juanito eta lauok Kangchenjungan izan ginen bost durorekin estilo erabat arinean. Egun, oraindik arinagoak dira, lagun bat bakarka, bi lagun... Noski, bilakaera horretan gauza asko hartu behar dira kontuan. Batetik mendiari buruz dugun informazioa, bestetik mendi-materiala. Baita mendizalea bera ere, teknikoki, fisikoki eta psikikoki asko aldatu baita, mendia ezagunagoa izatean beste ikuspuntuarekin jartzen baikara mendiaren aurrean. Azkenik, mentalidadez ere aldatu da. Himalayako puntako espedizioak lehiakorragoak dira. Beti izan dira neurri batean, baina are gehiago gaur.

Euskal mendizaletasuna nola ikusten duzu?
Garen herri txikia izanik, mendizaletasuna oso garatua dagoela deritzot. Ez nago ziur, baina nere uste apalean, beste kirolekin alderatuz, txirrindularitza eta atletismoa esaterako, mendizaletasuna mailarik gorenen, puntakoen dagoena dela esango nuke. Arlo guztietan dugu puntako jendea, mendi handietan,

big-wall-
ean eta baita kirol-eskaladan ere. Oso ondo ikusten dut benetan.

hobbya dela esan ohi da. Zure kasuan, mendi-gidaria izaki, ezin gauza bera esan. Ez al zara aspertzen?
Zorionez, ez naiz aspertzen. Mendia lanbide dut, bai, baina

hobby
ere bai. Oporrak ditudanean, mendira, eskalatzera edota, negua izanez gero, eskiatzera noa. Mendiak pentsatzen asko laguntzen nau. Mendian gutxi ibiltzen naizenean, ez dut hain ondo pentsatzen, moteldu egiten naiz eta ez zaizkit ideiak etortzen. Beharra dut, nolabait.

Mendian izan zaren urte luze hauetatik, zein dira burura datorkizun oroitzapenik latzenak? eta ederrenak?
Latzenetakoa,Tximist espedizioan gailurreko saiotik eguraldi txarrarekin Hego lepora jaitsi ginenekoa izan daiteke. Gailurra egin ez genuelako zulo hori, eguraldi txarrarekin batera, oso latza suertatu zitzaidan. Ederrenak, berriz, ugari dira eta zaila da bat nabarmentzen. Mendi berak, gainera, garai ezberdinetan oroitzapen zeharo ezberdinak eskaini ahal dizu.

Mendirik gogokoen eta gogaikarrien?
Gogokoen, noski, Balerdi, nere txokoa baita. Bestalde ez dut mendi gogaikarrienik. Bizitza bezala, mendia beti hor dago. Jasandako bizipenen arabera moldatuko dugu mendiarekiko gure iritzia.

Igotzea izugarri gustatuko litzaizukeen mendiren batean egon ez izanagatik penarik ba al duzu?
Himalayan, adibidez, K2. Ez naiz sekula igotzen saiatu ere egin eta mendi oso ederra da. Groenlandia aldean ere, ezagutzen ez dudan fiordo batean harkaitz eta elurrezko tontor zorrotz bat igoko nuke. Dena den, oroitzapenari ez dio gailurra egiteak asko gehitzen.

Gailurra egiteari beraz, ez diozu garrantzia ematen?
Ez, ez, noski ematen diodala garrantzia. Mendira noanean gailurraren bila noa, fundamentala da, gainontzean mendizaletasunik ez zen izango. Gailurrak tristurak eta alaitasunak ematen ditu. Oroitzapenak, aldiz, beste plano intimoagoan daude.

Lanbidea utzi eta fabrika batean sartzea burutik pasa al zaizu inoiz? Ezbeharren bat gertatu denean beharbada?
Ez horregatik ez behintzat. Hori amorrua da eta nik ez diot amorrurik. Inola ere ez! Mendia lanbide bezala uzteko tentazioa izan dut, baina batez ere hasieran, gauzak oker zihoaztenean, presio ugari nituelako. Mendiak ez nau sekula presionatu.

Mota guztietako mendi-irteerak antolatzen dituzuela jakinda, zein jende mota da zuekin doana?
Guk urte osorako egitarau bat antolatzen dugu, ahalik eta arlo gehienak ukituz. Urtaro bakoitzari dagokiona. Behin proposamena eginda, antolatu, mamitu egiten dugu eta azkenik mendian gidatu. Bestalde, denetik datoz gurekin, ikasi nahi duten gazte prestuetatik hasita, mendizaletasuna lasaiago hartzen duten eta maila apalagoa duten helduetaraino, eguneroko bizitzak asko jaten zietelako gurekin irteten hasi zirenak eta oraindik dirautenak.

Euskal mendizaleak gailur batean ikurriña ipintzen duen moduan eta mendizaletasuna kirol bat dela kontuan hartuz, gainontzeko kiroletan ere, euskal kirolariek podiumean ikurriña erakusteko aukera eduki behar dute.
Esan hasteko, mendizaletasuna kirola baino gehiago dela, ez al da hala? Bai, egun ere, ipintzen dugu ikurriña gailur handietan. Mendizaletasunak duen askatasun kutsu horretan koka daiteke hori. Gu beti izan gara euskal espedizioa. Han, gero, paperetan,

spanish
eta horrelakoak jarri izan dizkigute. Baina guk beti aurkeztu dugu geure burua euskal espedizio moduan. Eta horrela egingo dugu aurrerantzean ere! Gainontzeko kiroletan, aldiz, Euskal Herria existitzen dela uste dudan aldetik, estatusa izatera iristen garenean eskubidez edukiko duguna, aldarrikatu beharra dugula deritzot. Aurretik badator, primeran, horrek lagunduko baitu bestea lortzen.

Eski-estazioetatik hasita, senderismo edo bidezaletasunera bitarteko ekintza ugarik mendiarengan duten eragin suntsikorraz, zer duzu esateko?
Muturreko ekintzak aukeratu dituzue, eski estazioek kalte ekologiko izugarria sortzen duten bitartean, senderismoak apenas eragiten du, zerbait bederen, eragin arren batez ere kasu puntualetan. Noski esplotatzen dela mendia, baina horren adibide garbiena eski-estazioak ditugu. Europa aldeko eski estazioak, gainera, ez dira Ipar Ameriketakoak bezala. Han, eski-estazio kontzeptua zeharo ezberdina dute, beste ikuspuntu batekin egiten diote so mendiari. Ahalik eta igogailu mekaniko gutxienekin eremu eskiable zabalena lortzen saiatzen dira. Eskia libreagoa da. Hemen mendiarekiko erasokorragoak gara. Ezin dira, beraz, eskia, alpinismoa, eskalada eta horrelakoak zaku berean sartu.

Azkenaldian hain sonatu egin diren parke eoliko eta mendi puntaraino doazen pistei buruz zer deritzozu? Ez al zaizu iruditzen, gizakiak behin bailara bereganatu eta suntsitu ostean, gauza bera egingo duela mendi gailurrekin?
Energia behar dugula gauza jakina da. Nonbaitetik atera behar, beraz. Baina momentu honetan, administrazioak, errota eolikoez mendia josteko duen egitasmoa aztertuta, zera galdetzea gustatuko litzaidake: Batetik, ea egia den, egitasmo hau osorik burutzean, Euskal Autonomi Erkidegoko energi beharren % 3a soilik lortuko denentz. Bestetik, hala bada, eta bestela ere, zenbatekoa da ordaindu beharrekoaren balioa? Hasi al dira noizbait baloratzen? Mendiak bere balorea du, ez bakarrik fisikoa, igandetan atseden bila doan jendearena ere eta bertatik bizi diren baserritar, artzain eta ni bezalako mendi-gidariena ere bai. Miseria bategatik saldu behar ditugu gure mendiak? Zeinek balio du gehiago? Eta noski, hau guztia plano ekonomiko batean ipintzen dut, erromantizismo zipitzik gabe.

Parke naturalak ere ari dira sortzen...
Momentu honetan parke naturalak izendatzea eskuak garbitzeko era bat da. Ez dut uste asmo txarrarekin ari direnik, baizik eta gertatzen ari denaz ez direla ohartzen. Politikan orain arte gertatu den moduan, norantza okerra daramate. Badirudi, behingoz, azken 20 urte lazgarri hauen ostean, politikan, Lizarra-Garazikoak behintzat, eseri eta hizketan jarri direla. Inflesio-puntu bat eman dela. Ingurugiroaren aferan ere, gauza bera gerta dadin exijitu behar diogu administrazioari. Eseri eta eztabaidatu dezatela baserritar, mendizale, ekologista eta gainontzeko kaltetutako talde guztiekin.

Beraz, politika aldaketa bat eskatzen duzu...
Zalantzarik gabe. Orain arte, herri txiro baten politika eraman dugu ingurugiroaren aferan, Zaire, Ruanda edo Sierra Leonak eramaten dutenaren parekoa, hirugarren mundukoa, alegia. Alda dezagun eta ingurugiro politika aberats bat egin dezagun aurrerantzean. Azter dezagun serioski, naturarekiko politika ez erasokor bat gizartearen aurrean. Bada garaia lurrarekin pakeak egin ditzagun.

Gainontzean...
Oso herri ederra dugu eta naturarekiko gure harremana aspalditik dator. Baina tamalez, gauzak berehala aldatzen ez badira, nahiz eta errota horiek txuriak izan panorama zeharo beltza ikusten dut mendiarentzako


Azkenak
Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa

Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]


2024-05-17 | UEU
37 euskal ikertzailek hartu dute parte Txiotesia7 lehiaketan

37 euskal ikertzailek hartu dute parte asteartean Txiotesia7 lehiaketan. Mastodon eta X/Twitter sare sozialetatik zabaldu zituzten beren ikerketa lanak, euskaraz.


Estatuaren indarkeriaren biktimei aitortza ekitaldia eginen die Nafarroako foru gobernuak

Maiatzaren 30ean eginen dute Estatuaren eta eskuin muturraren indarkeriaren biktimen aitortza ekitaldia, Baluarten. Biktima zehatzei egiten zaien molde honetako lehen ekitaldi publikoa izanen da, eta 2019ko legearen babespean gauzatuko da.


Gose greban hil da Thailandiako monarkiaren aurkako preso politiko bat

28 urteko Netiporn Sanesangkhom preso politiko thailandiarra hil da asteartean, gose greban 110. egunbete dituenean. Urtarrilean atxilotu zuten eta epaiketarik gabe zeukaten gatibu. Monarkiaren aurkako irainak egin izana egotzi zioten, 2020an eginiko protesta batean parte... [+]


Eguneraketa berriak daude