ZIKLISMOAK INOIZ KITATUKO EZ DUEN ZORRA DUEN GUZTIA EMAN DUEN ZIKLISTARIK ONENETAKOA


1999ko uztailaren 04an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
G

arai bateko ilerik orrazten ez du lanik, soilduta dago. Garaipen sorta ikaragarria eskuratzea ahalbideratu zioten giharrak gantzez estalita daude egun, baina erraz antzematen zaio indar askoko gizasemea izan zela, berezko kasta ez duela oraindik galdu. Begi argiek dirdira xarmanta botatzen dute oraindik irrifar egiten duenean, eta umorerik ere ez du galdu. Ziklismoak izan duen garairik onenetako protagonista nagusietako bat izan zen, eta garai hartako pasarteak ondo gogoratzen ditu, dakien bertso bakarra bezain ondo
).

Gogoan al duzu zure lehen bizikleta?
Fermin Niño profesional ohiarena zen, eta haren bizikletarekin egin nituen nire lehen irteerak. Gurutzaran, Ortiz de Guinea anaiak eta beste batzuekin ibiltzen nintzen, eta gainera hasiera-hasieratik izan nuen haien guztien laguntza. Nire lehen bizikleta ordea, Periko Matxaini erosi nion bost mila pezetatan, eta plazotan ordaindu nuen. Horia zen, Letona markakoa.

Zer dela hasi zinen bizikletan?
Afizio handia nuen bizikletarako eta, gainera, gure tabernan ez zen beste konturik entzuten. Bestalde, ordurako Luis Otañok izen handia zuen eta akaso haretxek eragin zidan bizikleta hartzea.

Nolakoak izan ziren profesionaletara pasatu aurreko urteak?
Hasiera-hasieran federatu gabeekin korritzen nuen, eta adin mugarik ez zegoen; nik hamalau urte nituen eta hogeitik gorakoekin korritzen nuen. Nuen guztia ematera irtetzen nintzen, baina lortzen nuen bakarra ikaragarrizko

pajarak
harrapatzea izaten zen.
Lehenengo karrera 17 urte nituela irabazi nuen, Altsasun, juniorra nintzela. Maila honetan bederatzi edo dozena bat karrera irabazi nituen. Afizionatuetan Touring taldean hasi nintzen, gero Olarra taldean ibili nintzen, eta azkenik Fagorrera pasatu nintzen. Lau urte egin nituen afizionatuetan.

Zenbat karreratan gailendu zinen?
Ez dakit. Dexente... Asko... Ez dakit.

Nola eman zenuen profesionaletarako saltoa?
Donostiako mundialean lan bikaina egin eta gero, afizionatuetan segitzeko eskaintza oso ona izan nuen, Mexikoko Joko Olinpikoak korritzeko. Baina ohartu nintzen jendeak ez zuela sinpatia handirik selekzioko txirrindulariekiko, nahiko helduak baitziren, eta hura ikusita saltoa emateko nuen aukera aprobetxatzea erabaki nuen.

Ez zenuen hasiera makala egin, estreinatu orduko hasi zinen probak irabazten...
Azken urtean ezik, beste guztietan irabazi nituen karrerak. Nik uste oso ondo egokitu nintzela profesional mailara, ez nuen ohikoa izaten den arazorik izan. Vuelta eta Tourra korritu nituen eta ez dut uste erreta amaitu nuenik urte hura. Gehiago esango dizut gainera: urtero sasoi betean hasten nintzen, Andaluzian edo Levanten, eta modu berean ibiltzen nintzen urteko azken karrera bitartean, Riojako itzulirarte. Ez nuen sekula helburu jakin bakar bat jarri.

Maiz gailentzen zinen esprintean, baina esprinter peto-petoa al zinen?
Batez ere goruntza esprintatzen nuen ondo, desarroilo handiak mugitu behar zirenean, indarra behar zenean. Horrek ez du esan nahi ordekan ez nuenik irabazten edota esprinterrik onenak ere mendean hartzen ez nituenik, baina ni ez nintzen esprinter petoa.

Periko Matxain zure zuzendarietako batek dioenez, amaiera kaskoren batean izaten zenean gaindiezina zinen...
Alderaketarik ez du inork egin, baina batere harrokeriarik gabe diot munduko espezialistarik onenetakoa nintzela. Eddy Merckx eta Franco Bitossi izan zitezkeen nire aurkari handienak, baina askoz gehiago ez.

Tourrean mendiko sailkapena erdietsi zenuen. Merezi adina miresmen jaso al zenuen lorpen hura zela eta?
Garai hartan ez zitzaion zuen garrantzirik eman, batez ere igotzailea ez den ziklista batek egin behar duen lana kontuan izanik. Puntuak egunez egun eskuratu behar ziren, mendatez mendate. Niretzat oso gogorra izan zen, laugarren mailako mendateetan ez zegoelako pankartarik eta haietako batzuetan hiruzpalau aldiz esprintatu behar izaten nuen lau puntu hartzeko. Esfortzu hori, helburu horren atzetik ibili denak baino ezin du aintzat hartu. Baina, zorionez, maila guztietako mendiak gainditu genituen eta lehen mailako bat ere pasatu nuen lehen postuan: La Bonaigua, esate baterako.

Baina, hala ere, ez zinen igotzaile petoa?
Ez, ez. Mendiko sailkapena irabazia dut Euskal Herriko Itzulian edota Espainiako mendiko txapelketan, eta argi dago ondo igo gabe ezin direla mendiko sailkapenak irabazi. Baina ez, ez nintzen igotzaile petoa.

Eta Espainiako Vuelta ere irabazi zenuen ia ia 1975ean.
Ez zen hura gehien ibili nintzen Vuelta izan. Orduan hainbat gertaera aldekoak izan nituen eta bigarren egin nuen bezalaxe egin nezakeen bostgarren, sailkapen nagusiari begiratzen badiozu ni baino kontrarrelojista hobeak zirenak baitaude, eta haietako batzuk menderatu nintzaketen. Zoritxarrez bakarrak gainditu ninduen, hiru edo lau izan balira, akaso, hobea izango baitzen.

Zergatik diozu hori?
Hura betirako iltzatuta gelditu baita. Bakarren batzuk negar egin zuten. Nik ez nuen egin, baina oraindik zenbait gauetan, oroitzapen haiek etortzen zaizkidanean, beste zerbait pentsatzera derrigortu behar dut nire burua, bestela ez dut lorik hartzen.

Urte batean 30 lasterketa irabazi zenituen. Hura izan al zen zure urterik onena?
Ezertaz harro banago oso denboraldi erregularrak egiten nituelako da, azkenekoa salbu. Ez dut uste hura izan zenik nire urterik onena, gainera belauneko arazo batzuk izan nituen orduan. Egia esan behar bada, ez dakit zein izan zen nire urterik onena.

Arazoak aipatu dituzu. Zein izan zen zure lesiorik larriena?
Lesio bakarra izan nuen, 1967an, iztarrezurra hautsi nuenean. Billabonatik irten eta Zarautza bitartean erlojuz kontrakoa genuen. Ekaitz arriskua zegoen, baina ateri zen, ni irten nintzenean. Tubular oso estuak aukeratu nituen, eta haiek presio askorekin bete. Andazarrate gainditu bezain laster, ikaragarrizko erauntsia bota zuen. Bihurgune batean erori egin nintzen, eta iztarrezurra hautsi. Ez nintzen ni bakarrik erori, nire atzetik etorri ziren guztiak ere bai.

Zein izan zen zure garaipenik ederrena?
Espainiako mendiko txapelketak ikaragarrizko ilusioa egin zidan, izan nituen aurkariengatik batik bat. Inoiz errepikatuko ez den beste garaipen bat hiru oiartzuarrek eskuratu genuen herrialdekako Espainiako txapelketa izan zen. Bi horiek baino garaipen entzutetsuagoak lortu ditut, baina ez naute hainbeste bete.

Nahi zenuen guztia irabazi al zenuen?
Ahal izan nuen guztia irabazi nuen. Nuen guztia ematen hasten nuen denboraldia, eta modu berean bukatzen. Inork ez zidan esan, eta ni ere ez nintzen konturatu, helburu jakin batzuk prestatuz gero, akaso emaitzak hobeak izango zirela, baina, akaso, ez. Hala ere, ez naiz damutzen izan nintzen bezalakoa izateagatik.

Minik ba al duzu probaren bat bereziki ez irabazteagatik?
Jakina, gustura irabaziko nuen Espainiako Vueltaren bat, Munduko Txapelketa, Tourra, klasika batzuk...

Tourreko etaparen bat?
Hango mendiko sailkapena irabazi nuenean, bat edo bestea aukeran jarri balidate etapa garaipena aukeratuko nukeen, baina egun ez.

Eddy Merckxen garaian izan zinen karrerista. Orduko garaipenek meritu gehiago al zuten?
Nire garaipenen bat harekin nor baino nor aritu eta gero eskuratu nuen, eta ez dago zalantzarik palmaresari begira munduko ziklistarik onena izan zela. Ase ezina zen, baina gurekin oso ondo konpontzen zen. Merckxen oroitzapen ona dut.

Zuen garaiak oraingoarekin ez du zerikusirik. Entzuna da xelebrekeria ikaragarriak gertatzen zirela probak jokatzeko garaian ere.
Gogoan dut, Giroan, ziklistak tabernetara sartu eta ikusten zuten guztia harrapatzen zutenean, Torrianik, Giroko patroiak, ordainduko zuela erantzuten zietela tabernariei. Beste taberna batzuetan, batez ere Italia hegoaldean, makilak eskuetan zituztela egoten ziren sarreran gu sartu ez gintezen. Bada oso istorio polit bat, Arantzabalena. Aska batera heldu eta burua sartu zuen freskatzeko, eta atera zuenean bertako belar eta guzti atera zuen, baina bi botila txanpan topatu zituen eta laister ustu genituen. Beste batean Gonzalez Linares iturri batean ura edaten ari zela, aldamenera beste ziklista bat etorri eta bultzaka hasi zitzaion. Burua jiratu eta Merckx zela konturatu eta esan zion: «Zer, hemen ere aurrena izan nahi al duk?», eta hura esatearekin batera ukalondoarekin saihetsezurretan jo eta ilaratik atera zuen. Beste behin, Gonzalez Linares bera, etxe baten atarian mangera ahoan sartu eta uda edan eta edan ari zen, eta nagusiak, ikaratuta, mangera kendu nahirik esan zion: «Hi, gazte, kalte egingo dik». Eta Linaresek: «hiri bai egingo dik kalte hau kentzen badidak».

Beti esan izan da zuen garaian bizikletak ez zuela dirurik ematen. Zergatik ibili orduan bizikleta gainean sofritzen?
Ez, dirurik ez zen irabazten, nire lehen soldata 12 mila pezetakoa izan zen hileko, eta gehien irabazi nuen urtean milioi eta berrehun mila irabazi nituen urteko. Ordea, nik uste dut bizikletan korritzeak bete egiten ninduela; niretzat hura bezalakorik ez zen. Lanean ari nintzela ohartu nintzen bat edo bestea egin behar nuela, biak batera egitea ez zela posible. Ideiak argi izan nituen.

Gaur egun ziklista izan bazina, ez zenuke lan beharrik, aberatsa izango zinateke.
Ez dakit nola neurtzen den gizon baten aberastasuna. Gizonak asko duenean ere gehiago nahi izaten du, askotan ikusi dut hori. Uste dut dugunarekin etsi behar dugula eta, zorionez, osasunik behintzat ez zaigu falta.

Bizikleta utzi eta zuzendari lanetan aritu zinen hainbat taldetan: Teka, Orbea, Paternina, Lotus eta Euskadin. Non ibili zinen gusturenen?
Orbean. Tekan proba asko irabazi bagenituen ere, Orbearen filosofiarekin bat egin nuen. Paterninako garaia ere azpimarratu nahi nuke, den-dena, atal ekonomikotik materiala aukeratzeraino, geuk egin baikenuen. Halakorik ez nuen inoiz egin, ez aurretik, eta ez geroztik.

Eta egun zergatik ez duzu talderik zuzentzen?
Euskadiko agintariek hala erabaki zutelako.

Urte hauetan zer eman dizu ziklismoak?
Uste dut lagunak eman dizkidala. Jende asko ezagutu dut, baita herrialde asko ere, baina, batez ere, lagun asko eman dizkit

Tantoa
Kromoetan ezagutu nuen, bixera lege zaharrean jantzita, gaur egun inork jazten ez duen moduan alegia. Begirada askea, aldakorra, bere-berea du aidanean, kirol garaipen gosea ondo aseta gerora ere, ez baitu galdu. Honezkero beraz berarekin beharko du.
93an talderik gabe zen eta elkarrekin egin genuen denboraldia monitorearen atzean. Urtea gozamen hutsean erre genuen alajainkoa, nik bai behintzat. Inoiz jaso dudan uztarik oparoena zor diot urte horri. Urtea joan zen baina utzitako arrastoa, lubakia bailitzan, nirekin eramango dut. Ez dut horrelako beste urte bat harrapaturik.
«Eman» aditza da bere izaerari ondoen lotzen zaiona. Dena eman du beti, denean gainera, bai kirol arloan hala kanpoan eta gutxi balio ez duen gardentasunez eman ere. Hartu berriz, etsia errez hartzen duelakoan nago eta harrigarria egiten zait bizi izan duen guztia bizi eta gero. Etsipenaren hegalpean egingo du babesa, batere zalapartarik gabe, otzan-otzan bilduko da kabira, patuaren atzaparren onespenez. Sumisoegia izaki intsumisioaren erreinu bilakatu den gizarterako. Horrenbeste eman eta hain gutxi hartutakoak ez dira dozena hamabi.
Eta ez dut penarik, batere ez gainera, ehunda berrogeita ez dakit zenbat garaipen lortutako gizasemearen ibilerak, orain lagunartean ikusi eta dastatzerik ez izanagatik. Odol nafarrez elikatzen den gipuzkoar honenak ezin baitaitezke punta-puntaneko teknologiaz ere islada. Bakarra da kromoetan ezagutu nuena, bixera lege zaharrean jantzita, gaur egun inork jazten ez duen moduan alegia


Azkenak
2025-07-18 | Mara Altuna Díaz
Noelia Sánchez Jenkins, gales irakaslea Patagonian
“Galesak bizirik dirau Patagonian”

Zerk lotzen ditu Galesko muino berdeak eta Patagoniako basamortu hotzak? Bada, hil nahi ez duen hizkuntza batek. Noelia Sánchez Jenkinsen arbasoak 1865ean lehorreratu ziren Patagonian (Argentina). Galesetik iritsi ziren, britainiarrek inposatutako zapalkuntzatik ihesean... [+]


2025-07-18 | Gedar
SAPAri 2,3 milioi emango dizkio Espainiako Industria Ministerioak

Gipuzkoako enpresak hainbat kontratu sinatu ditu Israelgo industria militarrarekin, eta diru publikoa jasotzen du ibilgailu elektriko bat garatzeko, Espainiako Gobernuak finantzatutako proiektu baten bidez.


Massive Attack musika taldeak Gazaren aldeko musikarien aliantza sortu du

Ingalaterrako Massive Attack taldeak artisten arteko aliantza sustatu du, hasi berri diren artistei edo Israelen aldeko erakundeen zentsura pairatzen dutenei babesa emateko.


Euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza ofizial gisa aitortzea babestu dute hainbat unibertsitatek

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]


Aurreakordioa erdietsita, Eskirozko BSH enpresa abenduan itxiko dute

Bilera akigarria izan zuten asteazkenean Eskirozko BSHko lan batzordeko kideek eta multinazional alemaniarraren zuzendaritzako kideek: aurreakordioa lortu zuten UGT, CCOO, ATTIS eta Solidarik (17 ordezkaritik gehiengoa dute 12 kiderekin) eta ez dute mahai gainean jarritakoa... [+]


Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartza desagertzeko arriskuan daude

Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.


Iruñeko espetxeko osasun arreta “urria” dela salatu du Salhaketa Nafarroak

Nafarroako Gobernuak espetxeetako osasun zerbitzuaren eskumena eskuratu zuenetik, baliabideak “indartu” dituzten arren, presoek nabarmendu dute ez diela sobera eragin egunerokoan.


‘Eskumenlagoa’

Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtearen antolaketa bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ebazpena argitaratu du. Urteroko agiria da, uztail hasierakoa; ikasturte-hasierako ebazpena esaten diogu.

Aurtengoan, hauxe jasotzen du euskarazko bertsioak:... [+]


2025-07-18 | Aiaraldea
Gorrotozko delitu salaketa jarri dute Artziniegan eta Udalak “irain arrazistak” gaitzetsi ditu

Artziniegako Udalak mezua zabaldu du gertatutakoa gaitzesteko eta elkartasuna adierazteko irainak jaso dituzten herritarrei.


2025-07-18 | Elhuyar
Neandertalak San Adriango koban maiz ibili zirela berretsi dute, Aizkorrin

Duela bi urte Aranzadi Zientzia Elkarteak neandertalek egindako harrizko tresna batzuk eta haiek jandako animalien hezurrak aurkitu zituzten San Adriango koban. Horrela jakin zuten neandertalek duela 40.000 urte koba hori erabili zutela. Aurten egin duten indusketa-kanpainan... [+]


2025-07-18 | Sustatu
Fitxategi handien transferentziarako alternatibak (WeTransferrekoa ikusita)

WeTransferren baldintza berri gaiztoen aurrean, alternatibarik? Bai, pare bat, edo bien arteko konbinazioa. Enkriptazioa edo/eta Tori.eus zerbitzu euskalduna erabiltzea.


2025-07-17 | ARGIA
Europan espetxean denbora gehien daraman preso politikoa
40 urteren ostean Georges Abdallah askatuko dute uztailaren 25ean

Georges Ibrahim Abdallah, Frantzian 40 urteko espetxealdia igaro ondoren kaleratuko dute. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz... [+]


2025-07-17 | Piztu Donostia
Ez dakigu ahoa ixten

Azken sei urteotan Piztu Donostia eragile sozialaren talde motorra osatu dugunoi txanda pasatzeko unea iritsi zaigu, mila gai eta beste mila fronte zabalik geratzen diren arren.

Duela sei urte Eneko Goiak, PSOEren laguntzarekin, osaturiko Donostiako Udalak bideratzen zuen... [+]


2025-07-17 | Joan Mari Beloki
Ekialde Hurbila sutan

Ekainaren 13an hasi eta 24an amaitu zena “12 Egunetako Gerra” bezala ezagutuko da aurrerantzean. Gauza harrigarri batzuk gertatu ziren bertan, pentsaezinak ordura arte. Nahiz eta lerro hauek idaztean egun gutxi igaro diren bukatu zenetik, ondorio batzuk atera... [+]


Eguneraketa berriak daude