BILO HORI, LARRU XURI ETA BEGI NABARRA: AGOTA

  • lehen aldikotz Altzai-Lakarrin eta irailean, berriz, «Iparragirre» Urdiñarben. Bestalde, Pierre Paul Berzaitzen «Euskal Spiritu» ikusgarri berritzailea Berrogainen estreinatuko da.

2021eko uztailaren 20an
Dena ontsa atera dadin, ostiralero entseguak ari dira egiten. Altzai-Lakarrin eman azken pastorala «Zumalakarregi» izan zen 1989an. Oraingoan ere, herri osoak hartzen du parte, baina ez denak pastoralean xuxenka. Badira laurogei bat arizale «on» eta «gaizto»ak, Jean Pierre Rekalt errienta delarik. Gainerako herritarrek ere lan handia egiten dute, jantziak egiten eta antolakuntzan. Musika aldiz, Niko Etxart eta Jean Louis «Bidenabe» Aranburuk egina da.
Pastoralek normalki Erdi Aroko misterioa gorde ohi badute, are gehiago «Agota» honek, giza talde ilun honen bizitza baitu kontagai. Junes Casenave-Harigile Altzaiko erretorea dugu egilea. Santagrazitarrak Euskaltzaindiaren Toribio Altzaga saria irabazi zuen 1992an «Agota» pastoralari esker. Aurretik ere, «Santa Grazi», «Ibañeta», «Pette Basaburu», «Santa Kruz» eta «San Mixel Garikoitz» pastoralak idatzi eta zuzendu ditu Mauleko Sü Azia elkarteko lehendakari izandakoak.
«Bilo hori, larru xuri eta begi nabarra». Agoten jatorria hagitz iluna da eta zenbait teoria daude.

«Batzuk herese ariotarren oinordekoak zirela diote, bisigodoen garaian Euskal Herrira heldutakoak. Beste zonbaitek legenbelzdunak zirela diote. Okzitaniako Tolosatik etorritako albitarrak ote ziren susmoa ere bazen. Euskal etniakoak ez zirela garbi dago. Horren zioaz-edo, bereizkeria nozitu behar izan zuten; aparteko tokietan bizitzera behartuak, buhameak ez bezala, katolikoak izaki ere, elizan sarbide berezia zuten eta elkarren artean baino ezin zuten ezkondu»
azaltzen digu Junesek.
Bere pastoral guztietan bezala, ikerketa sakona egin du Junesek, liburu zaharretan buru-belarri murgilduz. Agotak Zuberotik kanpo ere bizi ziren, Biarno eta Pirinioetan. Agot talde handi bat Arizkungo Bozate auzoan bizi zen. Nafarroako foruetan XIII. mendean aipatzen dira lehenaldikotz.

«Ediren ditudan lehen aztarnak 1033koak dira, Erronkariko agoten aipamena egiten da. Ez ziren herritarrekin nahasten, ez zuten lurrik. Nongoak ziren nehork ez daki; hemen bizi izan zirela ordea, bai. Hori segur da. Langile finak ziren, harginak, zurginak, ikatzegile, ontsala ez ziren errotazain, jendea beldur baitzen ez ote zuten eritasuna kutsatuko»
.


SINESKERIA ZALEAK.

Antzina, mitologiak erlijioak bezainbat agintzen zuen. XVI. eta XVII. mendean begizko eta sorginkeria sinesle itsuak ziren.

«Basajauna, lamiak, Mari eta nahi dituzun guztiak. Sineskeria horiek aldatuz joan dira agotendako; batean azkarrak eta ederrak, baina gehienetan legenbelzdunak ziren»
diosku Junesek.
Halaxe, agoten eta herritarren arteko harremanak eta kalapitak irudikatzen dira pastoralean:

«Kexu agertu ziren eskubideak ukan nahi zituztelako. Azkenean, Iruñeko apezpikua Leon X. Aita Santuarekin mintzatu, eta 1515ean erabaki zuen agotek eskubide berberak ukan behar zituztela. Haatik, herritarrek agindua gaizki hartu eta borrokak izan ziren, triskantzak eragiteraino. Aro horretaraino iristen da pastoral honen haria. Hortik aitzin agotak desagertu egin ziren, ondorengo mendean bizitza berri bat gailendu baitzen. Lanbide berrien etorrera galbidea izan zen agotendako, baita etxaldeetako jabeak ziren herriko jaunendako ere. Halaz ere, oraino badira agoten ondokoak, hori segur, nik ezagutzen ditut, gu bezala bizi direnak».

INGELES BAT ARIZALE.

Nahiz eta gaur egun zaila izan, pastoral honetan arizale guztiek dakite euskaraz.

«1992an `Santa Kruz' pastorala eman zelarik, Zuberoan bizi den ingeles bat tematu eta parte hartu zuen, bere esaldiak buruz ikasiz. Hemen, zoritxarrez, euskara ttipitzen ari da, 12 urtetatik behera euskarak ofizialtasunik ez ukaitean, eskolarat joaiten diren haurrek frantsesez baino ez dute ikasten eta aita eta amek ez diete seme-alabei erakusten. Min egiten dit horrek. Baina badut gazteekin itxaropena; gero eta gazte gehiago dira 17 urte-edo dituztelarik gau eskoletan sartzen direnak»
argitzen digu Junesek.
Pastorala dela eta, Junesek ere badu beste kezka bat:

«Azken urteotan ez dakit zer gertatu den baina hegoaldeko euskaldunak ez dira jiten ari, antzina bezala. Beraz, hemendik kilikatu nahi ditut guztiak egun goxo baten iragaitera jin daitezen, ez turistak bezala bazterrak ikusteko, barnago sartzeko baizik».

IPARRAGIRRE URDIÑARBEN.

Aurten hogei urte dira Pierre Bordazarre «Etxahun-Iruri» herri-poeta eta idazlea zendu zela. Horren kariaz, duela hogei urte egin bezala, Urdiñarbe herriak Etxahunek idatzi «Iparragirre» pastorala berriro emanen du irailaren 26an eta urriaren 3an. Berrogeita hamar herritarrek esku hartzen dute. Jean Mixel Bedaxagar musikaria laguntzen ari da oraingo hau apailatzen:

«Pastoral modernoa da, biziki ederra. Olerkari eta musikari urretxuarraren bizia kontatzen du; gaztetatik hil zen arteko pasadizoak: karlisten aldean borrokan foruak defendatzearren, atzerriratzea bere kitarra besapean harturik, `Gernikako Arbola' famatua, berriro herbesteratu, Argentinan artzain ibili zenekoa, eta abar. Besteak beste, Angela emaztea, Zumalakarregi, Mendiola, Santa Kruz eta Luzien Bonaparte agertzen dira»
. Halaber, Bedaxagar Etxahuni buruzko pastorala ari da prestatzen, heldu den udaberri aldera edo ikusi ahal izango dena.


EUSKAL SPIRITUA.

Musikari gisa jadanik ezaguna da Pierre-Paul Berzaitz. Azkenaldian ordea, pastoralgile lanetan hasia da. «Elkanoren Semeak» bere aurreko pastoralak arrakasta handia lortu zuen, molde berriak erantsiz. Izan ere, puristen harridurarako pastoral bati sintetizadorea sartzen ausartu den lehena da Berzaitz. Orain, esperimentazioari jarraiki, «Euskal Spiritu» lan berria aurkeztu du Komany Beritza taldea ondoan duela. Gizakiaren bidea, haren esperantzak, duda-mudak eta pasioneak dira obraren ardatza. Oholtza gainean hirurogei aktore izanen dira, hogeitasei koruetan, zortzi bakarlari gisa, hogeita hamar dantzari eta hamar musikari. Gehienak zuberotarrak diren arren, Baionako Agnalys baleta eta Karlos Jimenez musikaria ere hor izanen dira. Testuak Itxaro Borda, Jean Louis Davant eta Berzaitzek berak idatziak dira. Jean Marie Broucaret eta Frantxoa Cousteau ibili dira zuzendari lanetan. Uztailean hiru emanaldi eginen dira; estreinaldia Berrogainen hilaren 10ean, 17an Behaskanen eta 25ean aldiz, Donibane-Lohitzunen. Sartzea aitzinetik har daiteke Atarratze, Maule, Donapaleu eta Donibane-Lohizuneko turismo bulegoetan


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Agoteak
2021-07-28 |
Zapalketaren Desastreak Konpondu Nahiz
Zapalketaren Desastreak Konpondu Nahiz
Antonio Mendizabal Sikiatrarekin
Sikiatraren bila joan eta gizona aurkitu dugu. Arazoz betetako gizona. Bizitzeaz batera bizitza ulertu nahi duen gizona.
Irratiz entzuna genuen, drogaz, eta sikiatraz eta hitz egiten, eta arlo horretaz... [+]



2005-03-04
Bozateko Museoaren ituna sinatu dute Santxotenak eta Udalak
Javier Santxotena eskultoreak eta Baztango Udalak Bozateko Museoaren ituna sinatu dute azkenean. Virginia Aleman Baztango alkatearen esanetan, museoaren kudeaketa eta hitzarmenaren jarraipen batzordearen eraketa izan dira desadostasun nagusienak. Museoak 850.000 euro inguruko... [+]

2005-02-23
Santxotenaren museorako emandako diru-laguntza itzultzeko eskatu du Nafarroako Gobernuak
Xabier Santxotena eskultorearen museorako emandako 540.000 euroko diru-laguntza itzultzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuak Baztango Udalari, "hitzarmena ez betetzeagatik". Santxotenaren museorako hitzarmena 2001eko abenduan sinatu zuten. Baztango Udaleko alkateak eskultorearekin... [+]

Eguneraketa berriak daude