NAFAR ETA GIPUZKOARREN ARTEKO SENIDETZA AZTERGAI


1999ko maiatzaren 30an
Tomas Urzainki nafar historialaria, Juan Maria Olaizolarekin batera, «La Navarra Marítima» liburu ezagunaren egilea dugu. Hondarribian eskaini zuen hitzaldiari liburuaren izenburu bera eman zion eta Olaizolaren maxima bat ekarri zigun gogora: «Hondarribian bizi den Irunen sorturiko nafarra naiz». Esaldia kontraesankorra da, eta halaxe, oso kontraesankortzat jo zuen gure historia: «Historian barrena, hondarribiarrak nahiz tuterarrak denok nafarrak izan baikara».


HISTORIA ERREDUKZIONISTA.

«Nabarroa» berba kontzeptu juridiko politiko bezala ulertu beharra dago. «Baskoa»k, berriz, aspektu etniko-linguistikoari, ohiturei eta komunitateari erantzun dio historikoki. Oro har, biak euskaldunak izan dira. Ordea, Europako mendebaldearen historia izkiriatu dutenek, garaian garaiko boterearen aldeko historiografia egin dute. Frantzia nahiz Espainian, nazio menperatzailearen arabera idatzia izan da gure historia, gezur historiko handiak kontatu dizkigute txikitatik. Menendez Pidal eta Sanchez Albornoz espaniarrak aipatu zituen Urzainkik.
Espainiaren historia egitean, zenbaitetan agiriak gaizki interpretatuz, beren intereseko historia egin dute. Areago, oraindik ere, historiaren erredukzionismoa ematen da Espainiar Estatuko unibertsitateetan. Historia ofizialari atxikiak, ez diete bide berriei batere aukerarik ematen, aitzitik, ezkutatzen dituzte ikuspegi berriak. Esaterako, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoari buruz eman izan den ikuspegia ez da bat etortzen historialari nafar honek aztertu duen historiarekin.
Historia ofizialaren arabera, Gipuzkoa Gazteluko erresumara errendatu zen, eta Urzainkiren ustez, gipuzkoarron amore emate hori ez da inon ageri. 1602an Donostiako Forua aztertzean ez omen du inolako protokolorik, ez esker onik ikusi gaztelarrekiko. Aitzitik, Antso Jakintsuaren garaian emaniko forua kendu zitzaienean, gaztelarrak izateri uko egin nahi izateagatik, gipuzkoarrak zigortuak izan ziren.


KULTUREN ARTEKO TALKA.

Historia kulturen arteko talka da, eta euskaldunonak zeltiarrekin topo egin zuen lehenbizi; erromatarrak etorri ziren gero. Zeltiar eta erromatar kulturek ez zuten bertakoa osoro ukatu hala ere, ez hizkuntza ez ohiturak ez jurisdikzioa zituzten desegin. Pirinioaren bi aldetara antolatzen ziren euskaldunak, hierarkia sozial nabarmenik gabe.
Komunitate hitzak pisu handia izan du gure historian, gure lurraldean gizarte komunalak izan ziren. Adibide gisa, Urzainkik Erriberri (Olite) aipatzen du. Nafar Erregeen egoitza izanik, XIX. menderarte, lurren % 90 komunala zen. Germaniarrak, frankoak edo barbaroak ere pasa ziren gure lurraldetik. Nafar Erresumaren kontra talka egin zuten ordea.
Erromatarrek alde egin ondoren hasten da zabaltzen nafar lurraldea. Milurteko honen hastapenetik 1512 urtera bitartean zabalduz joanen da. Aragoi, Errioxarekiko loturak errege-erreginen arteko ezkontzen ondorioa dira. Gaztelak 1167an, Errioxa eta Bizkaiaren parte bat inbaditzen ditu, ordea. Nafar eta gaztelar erregeek ebazten zituzten erresuma ezberdinen arteko auziak, eta auzi horietako bat Ingalaterrako Enrike II.a erregearengana eramana izan zen. Tirabira franko sortzen ziren lurraldeen mugen zedarripenean. Enrike II.ak trenkatu zuen mugen auzia, Nafarroaren mugak Ebron finkatuz.
XII. mendean, Nafarroaren lurraldeak Bidasoa eta Ebro bitartean zabaltzen ziren. Nafarroako Erresumak bere enbaxadoreak zituen eta hauek nafar kontzepzio politiko-juridikoa kontsolidatu zuten beren mugetatik kanpo. Orduan hasi ziren gaineratiko baskoietatik aldentzen eta ezberdintzen. Gainontzeko lurralde euskaldunok ez bezala nafarrek ez zuten amore eman frankoen aurrean.


MUSULMANEN HEDAPENA.

Musulmanak, eta euren kultura, askoz lehenagotik hedatu ziren penintsulan barrena. Nekropoliak aurkitu izan dira Euskal Herrian. Erdi Aroan, haien kulturaren zabaltze eta indartzeari buru egiteko eta Penintsulatik kanporatzeko

Gurutzadak
burutzen dira. Urzainkiren esanetan, nafar errege-erreginak musulmanen aliatuak izan ziren. XIV. eta XV. mende artean, Nafarroako monarkek harreman onak eta baketsuak izan zituzten Granadakoekin. Musulmanek nafarrren independentzia onatsi zuten beti. Aragoi eta Leongo erregetzak, artean, gaztelarren aliatuak izaki. Elizak berebiziko rola jokatu du historiaren bilakabidean. 1525 urtean Toledon burutu zen I. Kontzilio Vatikanoa, eta bertan nafar elizak parte hartu zuen. Nafar eliza esatean, gipuzkoar eliza bere barruan zegoela adierazita dago. Gipuzkoako eliza Iruñeko elizbarrutiaren parte zen, eta hau aldi berean, Baionako eta Kalagorriakoa ere. Honetxek damaigu ezagutzera, Eliza euskaldun ezberdinen lekunea zela, eta haien batasunaren topagunea. Honen harian, Tomas Urzainkik Juan Maria Olaizolaren protestante izaera aipatu zuen. Olaizolak protestantetzat jotzen zuen bere burua, protestantismoaren aztertzaile eta Joana Albreteko nafar erregina protestantearen jarraitzaile. Erregina hura Nafarroa protestante baten aldekoa izan zen, eta Olaizolaren ustez, haren nahiak gailendu izan balira, gaur egun, Nafarroa, eta Euskal Herria ondorioz, independentea izango zen.


DONOSTIAKO FORUA.

Urzainki foruei buruz mintzatu zen, eta Donostiako Foruaren garrantzia azpimarratu ere. Foru honen izate juridikoak merkatal arauak ezartzen zituen, eta berezitasun bat zuen. Hots, itsas bazterreko merkatal harremanak arautzeko lege izatearena. 1180 urtean jarri zen indarrean, eta bere bitartez, Nafarroako Erresumak Asiatik zetozten ekoizpenak jasotzen eta zabaltzen zituen. Antso Jakintsuari zor zaizkio foru hauek, baita Donostia hiriaren beraren sorrera ere. Antso Jakintsua, gure erregeen historian politiko onentsuenetzat ekarria izan da, eta Nafarroaren Erresumaren sortzailea dugu, eta Iruñeko Erresumaren izenez sortua lehenbizi. Gaztela, artean, Nafarroa hartuz doan errelebantziaren mesfidati ageri da. Antso Jakintsuak berriz, ofentsiba posibleen aurrean, hiriak sortarazi zituen (Gasteiz, Trebiño, Biasteri, Antoñana, Argantzun, besteak beste) gaztelarrek mugetan egiten zuten presioari aitzin egiteko. Hiri hauek, aldi berean faktore ekonomikoek eraginda sortzen dira, arazo demografiko eta sozialei aitzin egiteko. Beraietan burgesia jalgitzen da, eta hirietan politika hasten da gauzatzen. Herri hauek berezko estatuen ezaugarriak hasten dira bereganatzen. Honek guztiak Nafarroa eta Gaztelako monarkien arteko borrokak eta interesak suspertzen dituelarik.


ERRESISTENTZIAREN ONDORIOA.

Antso Jakintsuak foru ezberdinak aldarrikatu zituen aipaturiko herrietan. Lehenbizikoa Jakako Forua izan zen, foruen historian erreferente nagusia. Foru guztiak antzekoak dira; garai hartako hiri berrien garapen politiko eta legeen ezarpenerako arauak. Jaka eta Donostiaz bestera Durangoko Forua oso zen ezaguna. Nafar errege-erreginek emandako eskubide publiko nahiz pribatu bezala kontsideratu izan diren foruak deuseztatzen ahalegindu ziren gaztelarrak ordea. Foruek, nola edo hala, mendez mende iraun izan zuten, eta Urzainkik erresistentziaren ondorio bezala jotzen ditu. Nafarroako Erresumaren historia konkista eta errekonkistaz beterik dago. Historiazaleek interpretazio eta erabilpen ezberdinak egin dituzte historiaz, eta Elizak berealdiko rola jokatu izan du. Erresuma ezberdinen arteko hitzarmenak irabazleen arabera idatziak izan dira. Sarri askotan monarkiaren nahimenez eta elizaren presiopean hainbat erresuma amore ematera behartua zen, beren soberaniaren parte handia galtzeraino. Urzainkiren ustez, historiak beti izan du jarraikortasun bat, eta gizaldiz gizaldiko gertakariak ez dira isolatuak bezala ulertu behar. Gure historiaren bilakabidea etenik gabeko gertakarien ondorioa da bere ustez; katebegi lotuen osaketa alegia. Azken konkista horietako bat Nafarroa Beherekoa izan zen, gaztelarrek burutua, nafarrek lau urteko erresistentzia burutu ondoren. Alemaniako Carlos V. eta Espaniako I.ak onetsia izan zen konkista, Nafarroako errege-erreginak soberanoak zirelarik. Beranduago jada, 1805ean, Irun eta Hondarribia Gipuzkoako lurraldea izatea pasa ziren. Nafarroa eta Gipuzkoa bat izan dira historian. Horren karietara, hitzaldi sorta hauen ondotik, ekainaren 6ean, San Martzial ermitan nafarren eta gipuzkoarren artean senitarteko bazkaria burutuko da Juan Maria Olaizolaren oroimenez eta gorazarrez

Antzinako Oarso inguruan barrena: zeltiarrak lehenik, erromatarrak gero

Juan San Martin eibartar euskaltzain eta historialariak gure antzinako historian jarri zuen bere jardunaren abiapuntua, eta gaur egun bizi den eskualdetik hasi zen, hots Bidasoatik. Historialari honen aburuz, gure lurraldeetan aurkitutako lehen aztarnak Erdi-Paleolitiko garaikoak dira; Kristo aurreko 55.000 urtetakoak. Neolitikoan Aralarretik Jaizkibelera izandako transumantzien aztarnak aurkitu ere izan direla aipatu zuen. Neolitikoaz gero transumantziak segitu omen zuen, eta zeltiarrak iritsi ziren beranduago gure lurraldera. Cromlech edo harrespilak ugari dira Bidasoaldean. Baita, zeltiarrek zabalduriko meategiak ere. Toponimia interesgarria utzi zuten zeltiarrek. Deba izen zeltiarra dugu, esaterako. Asturias eta Santanderren ere badago Deba edo Deva izenekorik. Erromatarrak etorri ziren beranduago, eta Bortziria kontzeptu erromatarra kontsideratu zuen San Martinek. Nafarroan Bortziria eta Bizkaian Busturia izenekoa.


Markina: markesen lekunea

Erromatarrak iristean Kalagorria (Kalahorra) zen Baskoniaren hiriburua; haiek Calagurris deitua. Errioxa Nafarroaren eskualdea zen. Horren lekuko Naxera herria, bertan dira errege-erregina nafar gehienak hilobiratuak. Erdi Aroan –San Martinen jardunaren ildotik– Espainiaren marka sortu zen, arabiarren kontrako defentsan eta Leudobiko Piok sortu ere, Karlomagnoren semeak. Hortik dator markesgoa, hau da, marka zaintzen duena. Ebro eta Pirinio arteko lurraldeak, jaberik gabeko lurraldeak ziren, eta hartara ulertu behar da XII. mendean Bizkaiako markesgoa. Markina dugu Bizkaian horren lekuko. Nafarroa eta Gaztela arteko marka ugari zeuden, jabetasunik gabeko lurraldeak. Itziarretik Durangoraino bitarteko markesgoan Eibar, Elgoibar, Soraluze-Plaentzia zeuden.


Oarso, Oiaso, Oiarso

San Martinek Strabon, Mela eta Plinio historialarien tesietan funtsatu zituen bere hitzak. Garaikideen artean, Garcia Bellidoren tesia aipatu zuen Oiarsori buruz hitz egiterakoan. Oiartzun izena Oiasotik dator. Behiala, Errenteria, Villanueva de Oiaso izan zen ere. Beranduago, foru aduanak bertan ezarri zirenean, Errenteria edo Renteria deitzera pasa zen eta Oiartzundik bereizi ere. Oiarso zeritzon bertako eskualdeari ere, eta itsasportu nagusia Irunen zegoen. Pasaiako portua ere garrantzizkoa izaki. Oiartzun herriaren izena Oiarso-Oiaso izenetik dator. Bidasoa berriz, Oiasorako bidea litzateke. Bideren erroa latina dugu. Beraz, erromatarrak gurean finkatu izan zireneko marka ezabaezina.


Esteban de Garibai eskribaua

Geroagoko mendetara etorriaz, eta Erdi Aroko fenomenoa aztertzean, Juan San Martinek historian barrena hainbat historialarik jokatu izan duen rola kritikatu zuen. Esteban de Garibai, kasu, Felipe II.ren eskribaua izandakoa. Honek, Labrit generala penintsula aldera sartu zela aipatzen zuenean, behin ere ez zuen idatzi Nafarroako VI. eskualde edo merindadetik zetorrela. Nafar printzea zen Labrit. Gaskoiak eta ingelesekin aliatua izanagatik, Garibaik ez zuen inoiz aipatu bere euskalduntasuna eta Nafarroako koroarekiko zuen atxikimendua.
Bere ustez, Esteban de Garibaik historia itxuragabetu zuen. Garai hartan, sentsibilitate ezberdinak ziren, nafar, gipuzkoar eta gaztelarren interesen araberakoak. Auziak ez ziren modu berean ebazten eta trenkatzen beti, joera eta aliantza ezberdinen arabera baizik. Elizak berealdiko eragina zuen auzi eta liskar ezberdinetan. Badago Erdi Aroa ondo deskribatzen duen esakunea: «Erromatik ez dator Erromara itzultzen ez dena»

Nafarroa eta Gipuzkoa Erdi Aroan: gizarte berri baten eraikuntza

Roldan Jimenok, Jimeno Jurio historialariaren semeak, «La Navarra Marítima» liburua goretsi zuen eta obra orokortzat jo ere. Historia akademiatik kanpo aztertzen duten historialarien lana goraipatu zuen bestalde. Erdi Aroko Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko historiara mugatu zuen hitzaldia Jimenok. Erdi Aroan, bisigodoak Euskal Herrian sartu zirenean, herri homogeneo bat aurkitu zutela adierazi zuen nafar historialari gazteak. Arabiarrak iritsitakoan, kristau andana bat iparreko mendialdean ezkutatzen zirelarik. Anartean, Iruñeko Erresuma sortu zen, eta aldi berean, Penintsulan gainontzeko erresumak eratzen hasi ere.


Bidasoa nafarra zelarik

Donostiaren sorrera ez da ulertzen Nafarroako Erresuma ulertu gabe. Eta hura sortu ondoren, 1200ean, oraingo Gipuzkoako hainbat lurralde, Hondarribia eta Irun, Bidasoa hots, nafar lurraldeak ziren. Antso Jakintsuaren eskutik sortua, Donostia gaztelarren eskura pasako zen beranduago. Jimenoren iritziz, gaztelarrek Donostia hiria konkistatu izanak berebiziko eragina izan du Euskal Herriaren bilakabidean. Donostia sortu aitzin, berau Hernani herriaren auzo bat baino ez zen. Antso Jakintsuak ordea, itsasoaren garrantziaz jabeturik, Antigua auzoan zegoen herria, Alde Zaharrean eraikiarazi zuen. Gasteiz, Trebiño eta Lizarra herriekin batera, monarkek arautu lehen estatuez profitatzen ziren donostiarrak. Hiritar hauek abantaila bereziak baliatzen zituzten, eta Gipuzkoa eskualdea garatuz joan zen. Donostiatik Errenterira batetik, eta Orio eta Usurbil aldera bestetik. Garai hartan, populazioak beheranzko joera zuen, eta herri berrien eraikuntza bidez, Antso Jakintsuak Gipuzkoarentzako proiektu politiko eta ekonomiko propio bat bultzatzeko asmoa izan zuen. Nafarren foruen berdintasun eta askatasunean.


Gaztelarrak indarrez

Antso Jakintsuaren asmoak pikutara bota zituzten gaztelarrek ordea. Indarrez sartu baiziren Gipuzkoan, eta probintzia erdia hartu ere. Errege Katolikoen aroa zen, eta musulmanen kontra ziharduten gaztelarrek. Errege Katolikoek gerrarako aliatuak bilatzen zituzten gipuzkoarren artean, eta hamaika trikimailu erabili ere haien alde para zitezen. Gipuzkoarren artean nafarzaleak izanik ere, gaztelarzaleak ez ziren gutxi. Altabada, orduan jalgi ziren gure historiako lehen intsumisoak. Izan ere, gipuzkoar anitzek Gaztelako armadaren soldadu izateari uko egin baizioten. Foruek arautzen zituzten monarkia batekiko zein bestekiko harremanak. Zentzu honetan, katramila asko izaten ziren, eta horrelakoetan, auziak ebazteko Jakako Forua hartzen zuten arautegi eredutzat.


Burgesiaren aroa

Erdi Aroan –Roldan Jimenoren hitzetan beti ere– iraultza bat eman zen, burgesiaren aroa izan zen eta hiri berrietako gizartetan mentalitate aldaketa nabarmena eman ere. Merkatal aroa izaki, bere garapenean itsasoak garrantzia itzela izan zuen. Testuinguru hartan ulertzen dira Donostia, Pasaia nahiz Hondarribiako itsasportuen munta handia. Iparralderago, berriz, Baionako portua zegoen, Aturri ibaian barna iristen ziren mota guztietako gaiak: manufakturak, espezieak, baita ardoa, olioa eta artilea ere. Gaztelarrek Donostia kendu zieten irunarrei ordea. Hurrengo mendeetan itunen bitartez moldatu behar izan zuten nafarrek, istilu frankoren artean beti ere. Konkurrentzia gaitza bizi izan zen merkatal alorrean. Berez, gaztelar foruek ez zieten berezko deusik ekarri gipuzkoarrei. Ordea, amarruen bitartez berauek patrimonializatu eta beren interesentzako ederki baliatu zuten, Roldan Jimenoren hitzetan


Azkenak
Eneko Etxeberria: “Ez nioke nire semeari Jose Miguelen bilaketaren zama utzi nahi”

Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpua aurkitu gabe bukatu da Frantziako Landetan egindako bigarren indusketa. 44 urte dira militantea desagertu zenetik eta bere familiaren belaunaldi batetik bestera pasa da bere bilaketaren zama. Azken indusketa honek ez du, berriki hildako... [+]


2024-05-06 | Gedar
Asteartean hustu nahi dituzte Otxantegi Herri Lurrak

 

Hirugarren aldiz, Berangon birjabetutako lurrak husteko data berri bat ezarri dute. 08:00etan bertaratzera deitu dute Otxantegi Herri Lurretako kideek.

 


"Elkarren berririk izan gabe lelo berdina hautatu dugu, 'Palestinako umeak gureak ere badira': esanguratsua da"

Gasteizko hezkuntza komunitateko hainbat zentrok eta eragilek ekimena antolatu dute maiatzaren 10erako, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Urriaz geroztik zenbait eskola ekimenak antolatzen hasi ziren Paletinarekin elkartasunez, nork berea;... [+]


Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


Eguneraketa berriak daude