"BADAKIT EGUNEN BATEAN TALDEA HARTUKO DUDALA"


1999ko maiatzaren 30an
H

ainbat tokitan azalduko zenuen noiz eta nola hasi zinen futbol munduan, baina urte haiek gogoraraztea nahiko nuke, hasteko.
Gogoan dut hastapen haietan, hondartzan jokatu behar zela esan zidatenean, niretzat ezusteko handia izan zela. Marokon eta Andaluzian bizi nintzenean, inoiz ez nuen pentsatu ere egin hondartzan futbolean egin zitekeenik. Behin espreski eraman ninduten Kontxara, eta esan zidaten, `begira, hemen jokatzen da futbolean'. Nik ez nekiena zen marea jaitsi egiten zela, zelaia gogor jartzen zela, eta futbolean egin zitekeela. Orduko Realeko guztiak bezala, ni ere Kontxan hasi nintzen.

Lehen zelaiean, udaletxetik gertuen dagoenean, futbolean egitea ez zen oso samurra, hainbeste putzurekin...
Zenbait egunetan urez josia zela ere jokatzen genuen. Gainera lehen, gogoan dut, guk oinutsik jokatzen genuela. Etxebarren medikuak (Realean hainbat urtean mediku izanak) aipatzen zuen gure garaian lesio asko izaten zirela baloiari oinutsik emateagatik; oinpuntakoa ematerakoan edo baloia oso gogorra zenean, behatzak bihurritu egiten zirela. Nik ez nuen halako arazorik inoiz izan; baloiari ondo ematen saiatzen nintzelako-edo (irriz). Las Vegas taldearekin Kontxako txapeldunak izan ginen, eta Reala gutako sei fitxatzera etorri zen, 13 urte genituen. Beste bostek Realarekin fitxatu zuten eta nik ez, erokeria iruditzen zitzaidan, gehiegizkoa, nik nire lagunekin egon nahi nuen. Gero gertatu zen, bostek ez baina nik Realean bukatu nuela.

Real Unionen zeundela fitxatu zintuen Realak.
Hilabete eman nuen Real Unioneko gazteekin, eta ondoren lehen taldera igo ninduten. Preferenten geunden eta hirugarren mailara igo ginen. Etxarrik orduan Michelinen jokatzen zuen eta askotan gogoratzen du nik buruz sartutako gol batekin (sartu ditudan gutxiak, nik ez baitut buruz sartzen atea hutsik egonda ere) igo ginela. 15 urterekin, Reala gero eta gehiago hurbiltzen ari zen, baina Sporting ere etorri zen fitxatzera. Hauek bi egun beranduago etorri ziren, hasieran Reala baino lehenago etortzekoak ziren, baina atzeratu eta Reala aurreratu zitzaien. Nik dudak neuzkan, `ni ez naiz hemen jaio' esaten nien, bai bainekien Realak nola funtzionatzen zuen, baina hasieratik esan zuten `ez, ez, hemen ez dago inongo dudarik, zu Euskadin jokatzen ari zara, Irunen bizi zara eta harrobikoa zara'. Fitxatu nuen, eta noski, inoiz ez naiz damutu.

17 urterekin debutatu zenuen Lehen Mailan, 1975ean, Athleticen kontra gainera. Hamarkadako azken denboraldian, 79-80an, lehen Liga irabaztekotan egon zineten...
Egin genuen denboraldirik onena ziuraski hori izan zen, 32 partida galdu gabe. Nire ustez ez genuen Sevillan galdu, Madrilen galdu genuen, non partida lapurtu ziguten. 2-0 irabazten gindoazen eta 2-2 bukatu genuen. Gauza horiek Madrilen gertatzera ohituak gaude. Garai hartan orain baino erraztasun handiagoz, orain bai baitirudi kontrolatuago dagoela, baina lehen nork kontrolatzen zuen hori?

Hurrengoan, 80-81ean, lortu zenuten lehen Liga. Ordurako historia egingo zuen taldea osatua zenuten.
Zortea izan genuen denak adin beretsukoak izatean, ni gazteagoa nintzen arren. Maila altuko taldea zen, arlo guztietan. Fisikoki eta teknikoki, oso talde parekatua zen. Eta batez ere adiskide talde bat ginen; guztiak batera hasita... Elkar ezagutzen genuen, bagenekien lagunak nola pentsatzen zuen, batek baloia zuenean zer egin nahi zuen; solidarioak ginen denekin, lasterkaldi bat egin behar bazen taldearen alde, egin egiten zenuen. Orain horren hutsunea sentitzen dut, batek besteentzako lan zatarra egitea. Batek zutoin motzera joan behar bazuen bigarrenak gola sartu zezan, hori nahigabe egiten genuen. Hori gure arrakastaren zati bat izan zen.

Nola gogoratzen duzu Xixonen eskuratutako lehen Liga hura?
Nik uste inori ez zaigula ahaztuko Xixoneko lehen liga hura. Nahiz eta aurreko urtea urterik politena izan, 32 partida galdu gabe egon ginelako, Xixoneko garaipena deskribaezina da. Nik gogoratzen dut konbentzitua nengoela penalti bat egingo zidatela (eta egin ere egin zidaten), baina ez nuen bota nahi. Aste osoan egon nintzen horri bueltak ematen. Inaxio Kortabarriarekin hitz egin nuen eta esan zidan `zu lasai, zuk penaltia egin eta nik botako dut' eta hala izan zen. Inaxiorekin gainera oso harreman ona izan nuen.

Realeko hamaikakotik zazpik Espainiako selekzioan jokatzen zenuten...
Hemengoak izate hutsagatik besteen hutsak ere ordaindu behar izan genituen. 82ko mundialean, bigarren fasea ez pasatzearen errua Realeko guztiei egotzi ziguten, argi gainera. Selekziotik desagertu ginen. Nire kasuan kritika asko izan ziren; 82ko mundialaren aurretik izar handienetakoa banintzen, ondoren nik ez dut esaten handienetakoa baina izan nintekeen jokalari garrantzitsu bat. Bada inoiz ez ninduten berriro deitu. Denak kendu gintuzten, Arkonada ezik. Bazirudien bera ukiezina zela, baina handik bi urtera kendu zuten.

Urte batzuen buruan, entrenatzaile aldaketa izan zen, Toshack etorri zen, eta pixka bat geroago zuk ere alde egin behar izan zenuen.
Nik beti esan izan dut Ormaetxeak atera zuela talde honetatik atera zitekeen gehiena. Beste batzuk esaten dute beste entrenatzaile bat etorri izan balitz, sei liga irabaziko genituela. Nik diot hori gezurra dela, erabatekoa gainera. Beti esan izan dut, izan dudan entrenatzailerik onena bera izan dela. Gero Toshack etorri zen eta jokatzeko modu berri bat, ideia berri batzuk ekarri zituen. Guk horiek baloratu eta aintzat hartu genituen. Nik, berarekin, Realetik alde egin behar izan nuen; berak oraindik esaten dit ni izan naizela izan duen jokalaririk onena, baina ikusten zuela atzetik zetorren Begiristainek nire lekua hartu zezakeela, eta talde honek hala funtzionatzen duenez, eta egia da, atzetik datorren bat baldin badago, hari leku egin behar zaio. Txarrena izan zen Txikik urtebete bakarrik egin zuela, hurrengo urtean Bartzelonara joan baitzen.

Eta zer moduz Realetik kanpo? Madrilgo Athleticon lehenik eta Betisen ondoren?
Realetik atera nintzen, gogoz kontra, baina nik uste esperientzia polita izan zela etxean duzuna baloratzeko, aldagela konplikatuak ezagutzeko. Batzutan erotu egiten zinen Gilekin; bere lehen proiektua zen eta 2-1 edo 3-1 irabazi ondoren esaten zigun `astelehenean bilera!'. Eta guk, `baina zer gertatzen da?', eta berak `guztiak botako zaituztet!', `baina irabazi dugu', `ez baduzue 5-0 irabazten, ez dit balio!'. Astelehenero gauza bera zen, entrenatzailea hizketan hasten zen eta `zu isilik, zu ere bota egingo zaitut eta'. Orduan, entrenatzaileak autoritatea galtzen zuen, bazirudien agintzen zuena Gil zela eta ez entrenatzailea. Hemen aldagela halakoa bazen, Betisen eromena zen, jendea elkarri joka... Baina horrek guztiak futbolaren alderdi txarra ikustarazi dit, agian denek behar dutena ikusi, eta hemen zenuena baloratu. Hemen tirabiraren bat dagoenean, esaten duzu `hau ez da deus, tontokeri bat da nik bizi dudanarekin alderatuta'.

Jokatzeari utzi bai baina futbola ez. Laster hasi zinen entrenatzen.
Nik argi nuena zen nire karreraren amaieran ez nuela zelaietatik arrastaka ibili nahi. 31-32 urterekin uztea erabaki nuen. Urtebete sabatiko eman nuen entrenatzaile karneta ateratzeko eta Donostiako Marianistas ikastetxean (nik ikasi nuen tokian) haurrak entrenatzen ibili nintzen. Horren ondoren, Realak eskaini zidan kadete txikiak entrenatzeko aukera. `Talde hau emango dizugu' esan zidaten, eta nik, `behar dena', pozez gainezka nire etxera bueltatzearren. Entrenatzen hasi nintzen, berehala pasa ninduten gazteen taldera eta, jada Toshack hemen zegoela, esan zidan lehen taldean nahi ninduela, laguntzeko eta delegatu papera betetzeko. Berriro lehen taldetik gertu egoteko aukera izan nuen, nik nahi nuena, eta oso ondo pasa ditut ikasketa urte hauek. Entrenatzaile baten ondoan zaudenean, entrenatzaileak behar duena da pentsatzen duzuna esateko gai izatea. Adibidez, esaten dizu `zuk nor aterako zenuke?', `bada nik hau, hau eta hau aterako nituzke'. Eta hor eztabaida bat dago eta berak konbentzitzen zaitu edo zuk konbentzitzen duzu. Gero badakizu bera dela azken erabakia hartzen duena. Eta zuk pentsatzen duzunaren kontrakoa hartzen badu, babestu egin behar zaio, denok helburu bera dugu eta.

Arestian Kortabarria eta Ormaetxea aipatu dituzu. Garai batean Kortabarriak esan zuen bera ez zela inoiz lehen mailako entrenatzaile izango ez zuelako Ormaetxeak sufritu zuena sufritzerik nahi. Zuk aldiz, pauso hori eman duzu.
Entrenatzaileek hainbeste gauza dituzte buruan... momentu bat iristen da kasik ero bihurtzen direna, dena milimetrikoki neurtua eraman nahi dute... Konturatzen zara azkenean entrenatzaileak ez direla bizi, hainbeste erantzukizun dute. Hori nik denekin bizi izan dut. Niri beti galdetzen didate, `noiz hartuko duzu taldea?' Beti gauza bera esaten dut: nahiago nuke 10 edo 15 urte igarotzen badu dagoen entrenatzaileak, hori seinale ona litzateke Realarentzat, niretzat eta beretzat. Nik badakit, ondo jakin ere, egunen batean taldea hartu beharko dudala eta prest egon beharko dudala, baina ez dut inongo presarik. Prest nago horretarako, badakidalako taldea hartzen duzun unetik maleta prest izan behar duzula. Egun batean Realean zaude eta hori izugarria da, baina beste egun batean beste edonon.

Toshack, Salva Iriarte, Irureta eta orain Kraussen alboan zaude. Nola ari zara garatzen zure estilo berariazkoa?
Gogoratzen dut zuzendaritzako kide batek esaten zuena: `hemen ez dago egi absoluturik, etortzen da entrenatzaile bat eta gauza bat esaten dizu, beste bat etortzen da eta kontrakoa'. Niretzat garrantzitsuena aldagelan giro on bat sortzea da, talde gidari ona izatea. Talde gidari ona bazara, eta emaitzek laguntzen badute... Laguntzen ez badute, munduko entrenatzaile onena izan zaitezke, baina berdin-berdin botako zaituzte. Toshackek lehiatzeko modu bat zuen, zirikatzen; Salva gauzak ahalik eta ondoen eramaten saiatzen zen, ordena eta disziplina handiz; Irureta, errepikakorra zen, berriro, berriro eta berriro gauza bera; eta Krauss familiarragoa, baina era berean exijentea, alemaniarra izaki. Nik Kraussekin oso harreman ona dut. Ez diot hau oraingo entrenatzailea delako, ziuraski 3-4 urte pasatzean eta bera hemen ez dagoenean, gauza bera esango dut. Berarekin, egia da, parte hartzeko aukera gehiago izan dut, alderdi guztietan.

Egungo Realaren egoerara etorriz, badirudi gazteak pixkanaka igotzen ari direla eta indar berezia egin nahi duela horretan Realak. Afizioarentzat hau pozgarria da.
Guk izugarrizko konfiantza dugu harrobiarengan. Baina beti zabiltza taldea indartu nahian. Nola indartzen duzu taldea? Atzerritarrez gain, harrobiko jendearekin. Eta hor Aranburu eta Barkeroz gain, nik badauzkat beste hiru izen, esango ez ditudanak, baina badakigunak hauen bien oso gertu daudela. Harrobiari lasaitasuna eta segurtasuna ematen badiozu, badago jendea, eta ez da ahaztu behar publikoa asko identifikatzen dela hauekin. Harrobia guretzat sakratua da.

Entrenatuz jokatuz beste gozatzen al duzu? Lehen, entrenamenduan, jokalariekin batera ikusi zaitugu jokatzen...
Gero eta gogo gutxiago dut hor jokatzeko. Gaur bat falta zen, eta jokatu beharra nuen. Baina jada barregarri geratzen zarela konturatzen zara. Gaur hiru ukitutara zenez, eta nik beti jokatu dudanez oso azkar, ukitu batetara-eta, bada ez neukan arazorik, baina zuk imajina ezazu Fuentesi aurre egin behar diozula, bada ez diozu inoiz iskin egingo. Gauza bat esango dizut, eta askotan eztabaidatu dut hori Jesus Zamorarekin: orain lehen baino maila altuagoa dago bai fisikoki, bai teknikoki. Berak dio, `ez, lehen ginen...', ez, ez, orain maila tekniko eta fisiko gehiago dago. Gertatzen dena da askoz azkarrago jokatzen dela, eta ez dagoela ezertarako espaziorik. Di Stefano, adibidez: nire aitarentzat eta askorentzat izan da munduko jokalaririk onena. Bada, Di Stefano bezala, nik ez dut esango asko dagoenik, baina lehen beste jokalarien eta Di Stefanoren arteko aldea halakoa bazen (eskuekin tarte zabala adieraziz), orain onenen eta erdi mailakoen artekoa oso gertu dago. Eta gainera izugarriak dira fisikoki.

Reala UEFAn sartzeko lehian dago. Nola ikusten duzu etorkizuneko Reala, harrobiko jokalari gehiagorekin, atzerriko gutxiagorekin, Ligaren bat edo Koparen bat eskuratzeko aukerekin...
Epe laburrean Liga bat irabaztea oso zail ikusten dut. Gure helburua hemendik aurrera UEFAn sartzea da. Kopa bai, kapaz sentitzen gara baten bat irabazteko. Guztiz konbentzituta nago harrobia gero eta gehiago baliatuko dugula, hori da etorkizuna, horiek egingo dute futbola herriari iristea.

Anoetan askotan entzuten dira Athleticen aurkako nahiz aldeko goletan txaloak eta txistuak, hurrenez hurren. Zer sentitzen duzu hori ikustean?
Gure garaian guk irabazten ez bagenuen, Athleticek irabaztea desio genuen. Denek, jokalariek eta afizioak. Gero gertakari batzuk izan dira, zeinak eragin duten harreman hori galtzen joatea. Aurtenetxe edo ez dakit zein Athleticeko lehendakarik esan zuen Euskadin talde bat baino ez zela egon behar eta hori Athletic zela. Bilbokoek bere egin zuten esaldi hori. Eta gero, ahal izan dutenean, eta batez ere Etxeberriaren kasuan, jokalariak kendu dizkigute. Nik Etxeberria kadete txikitan eduki nuen eta, txikiena izanik ere (niri beti txikiak gustatu izan zaizkit), onena zen. Iruditzen zitzaidan inoiz izan dudan jokalaririk onena. Izugarrizko klausula jartzen diozu, bi taldeen artean hitzarmen bat dago, zeinaren arabera ez dagoen erasorik ondoko taldearenganako, lagunak garela, alegia... Hori guztia ez bada betetzen, jendeak guk lehen genuen adiskidetasuna galtzen du. Hala ere harreman horiek berbideratzen ari dira. Nik uste elkar lagundu behar dugula. Biak harrobiko taldeak izanik, elkar borrokatu behar dugu harrobikoak ez diren taldeen aurka, diruarekin beren legea inposatzen saiatzen direnen aurka.

Euskal selekzioak urtero partida bat jokatzen du eta maila txukuna ematen du. Uste duzu lehiakorra izan daitekeela mundu mailan?
Argi dago baietz. Real eta Athletic bezalako talde lehiakorrak izanda eta talde handietara joan diren eta mantentzea ezinezkoa egin zaigun zenbait jokalari gehituta, ni konbentzituta nago selekzio oso indartsua genukeela, edozeinekin lehiatzeko gai

INAXIO KORTABARRIA
«Niretzat kasik aita bat izan zen taldean. Oso harreman ona nuen, eta gero ere mantendu dugu»

LUIS ARCONADA
«Lider bat, agintzen zekien, eta paradoxikoki (esaten zen arazoak zituela zenbait jokalarirekin) nirekin ez zuen inoiz arazo bat bera ere izan»

JESUS MARI ZAMORA
«Inoiz ahazterik ezin izango dudan ezker hegala. Memoriz ezagutzen genuen elkar. Eta orain, Realean dagoenez, izugarri pozten naiz»

JOXE MARI BAKERO
«Belaunaldi berria, horiekin ere oso ondo moldatu naiz. Bakero, Txiki... taldearen onerako egiten zuten lan. Jende legala»

ALBERTO ORMAETXEA
«Izan dudan entrenatzailerik onena»

JOHN BENJAMIN TOSHACK
«Ideia berriak ekarri zituen, ezagutzen genituenen oso desberdinak»

BERND KRAUSS
«Familiarra, gertukoa. Askatasun asko ematen dit eta hori oso polita da»

JAVI DE PEDRO
«Ezker-oin aparta». Zurearen modukoa? (kazetariak) «Hobea. Desberdinduko dizut: nik baino ukitu gehiago du (ez naiz batere apala izango), baina nik baino talentu gutxiago. Talentuarekin esan nahi dut beti aukeretan onena hautatzea eta berak ez du beti aukerarik onena egiten. Izugarrizko pasea egin diezazuke (urrutira seinalatzen du), baina ez da konturatzen hemen alboan hura baino pase hobea duela gola egiteko»

LUIS FERNANDEZ
«Berarekin hitz egitean oso normala, baina zenbait gauza entzuten dizkiodanean harritu egiten naiz»

ORBEGOZO
«Presidente handi bat»


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude