35 ORDUEN ALDARRIKAPENA : MAIATZEAN UDAZKENA BEROTU

  • eginiko mobilizazioen ondoren, hainbat euskal sindikatuk, ñabardurak ñabardura, maiatzaren 21eko grebarako deialdia egin dute, asteko 35 lanorduen eta langabetuentzako bidezko gizarte-soldataren alde egiteko asmoz. Sindikatuek erantzun orokorra espero dute; patronala, Eusko Jaurlaritza eta alderdipolitiko batzuk kontra agertu dira eta greba hori udazken istilutsu batenataria izango dela iragarri dute.

2021eko uztailaren 19an
Euskal sindikatuek partaidetza zabala espero dute maiatzaren 21eko greban, 35 lanorduen aldeko eta langabetuentzako gizarte-soldataren aldekoan, hain zuzen. Hego Euskal Herrian eskakizun horiek direla-eta antolatzen den lehenengo greba orokorra dugu. Ñabardurak ñabardura, euskal sindikatu guztiek egin dute deialdia, aurreko bi urteak mobilizazio eta negoziazioak antolatzen aritu ostean patronalak ez baitu negoziatzeko gogo handiegirik azaldu.
ELAk, LABek, ESK-k, STEEk eta HIRUk egindako deialdiari UGT eta CCOO ere atxiki zitzaien azkenean, hasieran kritika gogorrak egin eta grebaren egokitasunaz duda-mudatan ibili ondoren. Alderdi politikoen artean, EH eta IU-EB izan dira erabat alde agertu diren bakarrak, UA eta PSOEren oniritzi ñabartua kontutan hartzekoa bada ere. Kontra berriz, patronala, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, EAJ, EA, PP eta UPN azaldu dira. Sindikatuek langile eta gizarte-sektore guztiek, hala ere, deialdiari erantzunez, antolatuko diren ekintza eta manifestazioetan parte hartuko dutelako itxaropena dute. Antolatzaileek greba geldiezina izango dela adierazi diote patronalari eta, beraz, borrokaren hasiera. Adierazi dutenez, patronalak bere jarrera aldatzen ez badu, mobilizazioak udazkenean zehar ere izango dira. Ondorioz, udazken arazotsu baten atarian egon gintezke.
Behin eta berriro astekari honetan esan dugun bezala, lanaldia murriztea ez da jasaten dugun langabezia estrukturalerako konponbide magikoa. Ordu estrak ezabatzearekin batera, hala ere, Euskal Herrian dugun langabezi tasa handia arintzeko tresnetariko bat izan daiteke. Adituen ustez, 35 lanordu horiek lortzeak 60.000-70.000 lanpostu berri sortzea esan nahiko luke Hego Euskal Herrian. ELAren azterketa batek 70.000 lanpostu berritan neurtzen du 35 lanorduen onura. EHUn irakasle diren zenbait euskal ekonomilarik, bestalde, 64.000 izango liratekeela uste du. Greba orokor hau oso testuinguru zehatzean antolatu da, izan ere, lan egin nahi baina ezin duen 180.000 pertsona dago Hego Euskal Herrian (langabezia % 16,4koa da Eusko Autonomi Erkidegoan eta % 9,6koa Nafarroan).


BOST ARRAZOI.

Orain urtebete, 1998ko apirilean, Euskal Herriko sindikaturik garrantzitsuena den ELAren informazio organoak, «Landeia»k, editorial bat argitaratu zuen, non ordubeteko lanuzterako bost arrazoi aipatzen ziren. Lanuzte hori urte bereko apirilaren 23rako deituta zegoen 35 lanorduen eta gizarte-soldataren alde. Aldarrikapen horiek lortu ez zirenez gero, urtebete beranduago greba orokorra antolatu da. Bost arrazoi haiek indarrean jarraitzen dute eta euskal sindikalismoak bere egin ditu oso-osorik. Hori dela-eta, eta greba orokorrerako benetako arrazoiak direlako ustean, hona hemen bost arrazoiak:
Lehen arrazoia: «Enplegua gure beharretan lehena delako. Lanik izan ezean ezer ematen ez dizun gizarte honetan, lan egin nahi duten 5etik bat langabezian dago (emakumeen herena eta gazteriaren erdia). Zein familiak ez du nola edo hala ezagutu sozialki txikitzen gaituen arazo hau? Eskandaluzko egoera da hauxe, inola ere normaltzat ezin hartzekoa».
Bigarren arrazoia: «35 lanorduetako asteak ezin duelako itxaron. Aurrerakuntza teknologikoak produktibitatea handitzen ari dira etengabe. Gutxiago lan eginez ongizate hobea ahalbidetu beharko luke horrek. Guztiz kontrakoa gertatzen ari da, ordea. Enpresen etekinak handitu ahala gero eta lanpostu gutxiago dago. Prozesu horri buelta eman eta jendeak lanpostua izatea nahi badugu, beharrezkoa da lanaldia murriztea. 35 orduetako astea (32koa administrazioan) itxaron ezin dezakeen lehen urratsa da. Ordu estrak ezabatzeak ere ezin du itxaron, hori gauzatu ezean ez baitu ezertarako balio lanaldia murrizteak».
Hirugarren arrazoia: «Laneguna murriztea aberastasunak hainbanatzea esan nahi duelako. Ateratzen diren etekinek gora egiten dute urterik urtera; pobreziak ere bai. Lanordu gutxiago / lanpostu gehiago formulak etekin horiek enplegu bihurtzea ahalbidetzen du. Gizarte osoak du sortzen den aberastasunean parte hartzeko eskubidea».
Laugarren arrazoia: «Bai patronalari eta bai gobernuei presio egin behar zaielako. Patronalak ez du lanorduak murrizteaz ezertxo ere jakin nahi eta gobernu desberdinek lagundu egiten diote jarrera horretan. Gure ekonomiaren lehiakortasunaren kaltetan izango litzatekeela diote, baina benetan esan nahi dutena da beren etekinak zertxobait gutxituko liratekeela».
Bosgarren arrazoia: «Ezin zaiolako gutxieneko diru-sarrerarik inori ukatu. Guztiok lan egin ahal izateko formularik asmatzen ez den bitartean, gizarte honek gutxieneko diru-sarreraren bat bermatuko beharko lieke langabetuei. Onartezina da lau langabetutik hiruk INEMetik inolako diru-laguntzarik ez jasotzea. Hori dela-eta, gizarte-soldataren ezarpena aldarrikatzen dugu, langabetuek gutxieneko diru-sarrera izan dezaten».
Dagoeneko, 35 orduen inguruan sindikatuek daramaten borrokaren dekalogo gisakoa bihurtu dira aipatututako bost arrazoiak.


CCOO ETA PSE-EE KRITIKO.

UGT grebari era garbiz atxiki zaion bitartean (berau EAEra mugatuz), CCOO eta PSE-EE izan dira deialdiarekiko kritikoenak, azkenean deialdiaren alde agertu badira ere.
CCOOk bere deialdi propioa egin du eta PSE-EEk bat egin du UGTrekin. PSE-EEren arduradunen ustez, euskal sindikatuen deialdia oportunista eta ñabardura politikoz betea izan da. Grebaren alde ez egiteak, bere nazionalizazioa ekarriko zukeela adierazi zuten, 35 lanorduen aldarrikapena sindikatu abertzaleen esku utziz.
Beraien iritziz, 35 lanordu formula guztiz bateragarria da enpresen bideragarritasun eta lehiakortasunarekin. Ezin zaio lehiakortasunari soldata txikiaren eta lanegun luzearen bidez eutsi. Hobekuntza teknologikoek eta antolaketa sistema berriek ekintzarako aukera eskaintzen digute.
CCOOk ere EAEra mugatu du greba, diotenez Nafarroan estatu mailako bi sindikatuen eta gobernu eta patronalaren arteko akordiorik badelako. CCOOk gogor ekin zion Jaurlaritza eta sindikatu abertzaleak kritikatzeari, EHren laguntzaz administraziorako 35 lanorduen kontra egiteagatik. Hala ere, beste sindikatuekin akordioak lortzeko nahia azaldu dute, negoziazio kolektiboaren, Legebiltzarraren eta elkarlana jorratzeko egutegi baten bidez lanorduen murrizketa erdietsi ahal izateko

35 orduak Europako Batasunean

Nola dabil Europa 35 lanorduen kontuari dagokionez? Orain aurkeztuko dizkizuegun datuen arabera, badirudi onartuta dagoela, teorian behintzat gero ez baitago islatuta herrialde guztietako legerietan. Guk Frantzia, Alemania, Italia eta Erresuma Batuko kasuak azalduko ditugu.

Lionel Jospinen Gobernu sozialistaren eskutik, Frantzia izango da Europako Batasunean aitzindari, legez ezarriko baititu 35 lanorduak 2002. urterako. Helburua 400.000 lanpostu garbi sortzea da baina 1998ko ekainean abian jarritako neurrien emaitzak ez dira oso itxaropentsuak izan. Orain arte adostutako akordioek 6.000 lanpostu berri sortzeko aurreikuspena baino ez dute lortu. Hori dela eta, orain arte hartutako azken akordioak Elektrizitatea eta Gasa enpresa publikoarekin (140.000 langile) eta Peugeotekin (92.000 langile) oso laguntza baliotsua izan dira Jospinentzat. Lanorduak murriztea derrigorrezkoa izango da 2002tik aurrera.

35 lanorduak errealitate bilakatu dira alemaniar askorentzat eta horregatik, ordu estren aurka dihardute orain sindikatuek langabezi tasari aurre egiteko. Gainera, laneguna moldatzeko aukera asko daude, 1988tik aurrera industria osora hedatutako Volkswagenen Lan kontuen (1985) antzekoak, esate baterako. Enpresa horietan guztietan, langile bakoitzak lanordu kontu bat du eta egindako ordu estrak txanda libreen bidez orekatzen zaizkio.

Italia dugu, Frantziarekin batera, laneguna murrizteko legeak onartu dituen Europako Batasuneko bi herrialdeetariko bat. Frantzian ez bezala, ordea, legea ez dago indarrean oraindik, parlamentuan izoztua dagoelako. Oraingo Gobernuak ez du lege hori begi onez ikusten, batez ere, Birfundazio Komunista ez dagoelako Gobernuan eta bai, ordea, Batasun Demokratikoa. Baina harrigarriena sindikatuek lege hori nahi ez izatea da. Beraien iritziz, hitzarmen kolektiboen bidez eztabaidatu behar da lanegunaren murrizketa, horrelako lege batek beraien negoziazio ahalmena ahulduko bailieke enpresariei begira.

Lan-merkatuari dagokion beste edozer gauza bezain malgua da lanegunaren erregulazioa Erresuma Batuan. Gobernu laboristak sinaturiko Maastrichteko Akordioak ezartzen duen legezko muga bakarra da: 48 lanordu astean. Legeria britainiarrak lan egindako ordu kopurua 17 astetan zehar zenbatu behar dela ezartzen du eta beraz, lanorduen banaketa astero alda daiteke muga zertan gainditu gabe. Enpresariek lanegun bereziei buruz negozia dezakete sindikatuekin edota langile bakoitzarekin. Epe jakin batez lanorduak handitu edo murrizteko aukera dago produkzioaren beharrei erantzun ahal izateko. Erresuma Batuko batez besteko laneguna 36 lanordu ingurukoa da. Dagoeneko duten malgutasuna dela-eta, gobernuak eta sindikatuek ez dute inolako aldaketarik mahaigaineratu. Oraingoz estatu askoren aurretik dira

Bi urteko negoziazio antzuak

Euskal sindikatuek 35 lanorduen alde deituriko greba orokorra ez da erabaki arin, ero edota neurrigabea izan, iritzi publikoaren aurrean patrolanalak eta Ibarretxe lehendakariak agertarazi nahi izan duten moduan. Hurrengo ostiraleko greba orokorra (maiatzak 21) negoziazio eta mobilizazioz jositako bi urteren ondoren etorriko da, patronalak ez baitu bere hasierako jarrerarik aldatu. Borroka ordu asko izan dira beraz, negoziazio eta mobilizazioei dagokienez, greba orokorra deitu baino lehen, apirileko ordubeteko lanuztea barne.
Lanegunaren murrizketa aldarrikatzea orain urte asko hasitako kontua da. Lanarekin batera hasitako dantza da. 1997ko uztailaren 3an hasi zen, ordea, benetako eskakizuna, ELA eta LABek Lan Harremanetarako Kontseiluan (LHK) proposamena bideratu zutenean. Beranduago UGT eta CCOOk ere beraien proposamena aurkeztu zuten eta hasiera eman zitzaion 35 lanorduen gaineko barne-eztabaidari LHK-ko Enplegu Mahainguruan.
Negoziazioa bi urtez luzatu da dagoeneko eta sindikatuen esanetan, patronalak ez du urratsik txikiena ere eman gai horren inguruan akordioa lortzeko asmoz. Hain ziren kontrajarriak jarrerak Enplegu Mahaian, ezen negoziazioa etetea erabaki zuten, ABLEak (Aldi Baterako Lan Enpresen), ordu estrak ezabatzea eta ordezkatze kontratuaren gaineko akordioa lortu arte bederen. Akordio hori 1999ko urtarrilaren 14an lortu zen. Aurtengo otsailaren 3an, negoziazio mahai berria eratu da lanorduen inguruko akordioa lortzeko asmo hutsaz.
Enpleguaren Aldeko Euskal Akordioa izenpetu ondoren, eta inolako emaitzarik gabe Confebaskekin izandako bilera ugariren ondoren, ELA, LAB, ESK eta STEE sindikatu abertzaleek maiatzaren 21erako greba orokorra deitu zuten apirilaren 14an. Patronalak bere jarrera aldatuko balu bertan behera utziko lukete deialdia, baina artikulu hau amaitzerakoan ez da inolako aldaketarik gertatu.
Prozesu hau guztia 35 lanorduen eta gizarte-soldataren aldeko mobilizazio ugariz beteta egon da. Mobilizazio prozesu honetan aipagarri diren ekimenen artean, 1998ko martxoaren 28an Iruñean eginiko enpleguaren aldeko manifestazio nazionala, aurtengo apirilaren 23ko ordubeteko lanuztea eta euskal udaletxeetan aurkezturiko 35 lanorduen aldeko mozioak daude. Azkenik, otsailaren 16an sindikatu abertzaleek kanpainaren bigarren urrats biziagoa iragarri zuten, patronalari greba orokorraren arriskuaz ohartarazten zioten bitartean. CCOO eta UGTk ere 35 lanorduen aldeko kanpaina propioak garatu dituzte, ordezkari batzar, kontzentrazio eta manifestazioen bidez bereziki. Ez da batere serioa patronalak eta EAEko lehendakariak greba orokorra neurrigabea eta lekuz kanpokoa dela adierazi izana. Gezurretan ibiltzea eta iritzi publikoa txontxongilotzea litzateke hori

Patronala eta Ibarretxe grebaren aurka

Greba orokorra deitzeak Ibarretxe lehendakariaren inguruan batu ditu EAEko eta Nafarroako patronala. Hauen jarrera erabat aurkakoa da eta negoziatzeko gaitasunik eza leporatzen diete sindikatuei. Txosten honetako beste atal batean ikus daitekeenez, bi urte luzez aritu dira sindikatuak negoziatu nahian eta patronalaren ezezko biribila baino ez dute jaso.
EAEko patronalak, Confebaskek, kritikatu egin du gaur egun bizi dugun egoera politiko zailean mobilizazioa mobilizazioagatik egitea, gizarte borroka eta amorrua areagotzeko asmoz. Deialdi honekin, Confebasken iritziz, sindikatuek oso jarrera ulergaitza hartu dute eta ez dute negoziatzeko asmo izpirik. Greba deialdi artifizial, demagogiko eta kaltegarri baten aurrean gaudela esan ondoren, EAEko patronalaren esanetan enpleguarekiko benetako konpromisoa, hain zuzen, enplegua sortzen betetzen da eta ez greba, irain eta lanordu murrizketa bezalako konponbide magikoen bitartez.
Patronalaren arabera, bereziki zentzugabea da deialdia egiteko hautatu zen eguna, Lan Harremanetarako Kontseiluan (LHK), Confebaskek sindikatuei akordio bat proposatu eta ondorengo egunean. Confebaskek elkarrizketa txanda proposatu zuen. Era horretan, sindikatu bakoitzak esateko zeukan guztia jaso eta guztiok ados jartzeko ahalik eta aukerarik gehienak zituen banan-banako akordio batera iristeko. Patronalaren balorazio hori sindikatuek ematen duten balorazioari kontrajartzen zaio.
Nafarroako patronala gogorrago azaldu zen sindikatuen aurrean, eta Nafarroako Enpresari Elkarteko (NEE) buruaren ahotan, 35 orduetako laneguna ez da sekula greba orokorraren bidez inposatuko. Ildo berean, patronalak ez epe laburrean ez epe luzean, 40 orduetako astean ez duela inolako murrizketarik onartuko esan zuen NEEko buruak. Azkenik, enpresa eta sektore bidezko negoziazio kolektiboen alde egin zuen, lanorduak murriztea posible eta onuragarri den lekuetan hala egin ahal izateko.
EAE-KO Lehendakari Juan Jose Ibarretxek, bestalde, une hauetan greba orokorra deitzeko funtsezko arrazoi objektiborik ez dela adierazi zuen eta neurrigabetzat jo zuen.

«Ulergaitza da
–esan zuen–

sindikatuek 35 lanorduen eta gizarte-soldataren aldeko borrokan topatzen duten lehen oztopoaren aurrean, greba orokorra deitzea, egoera larrietarako erantzun larria baita».
Era honetako adierazpen instituzionalaren aurrean, ez da harritzekoa euskal sindikatuek Ibarretxe lehendakari jeltzalearen kontra gogor egin izana, Lehendakariak ez baitaki, antza, bi urte daramatela negoziazio eta mobilizazio betean patronalak bere jarrera apurrik ere aldatzea lortu gabe


Azkenak
Nazio Batuen Erakundeko 193 kide hil ditu Israelek urritik, inoizko gehien

Palestinar errefuxiatuei laguntzeko UNRW agentziako kideak dira hildakoak. NBEko langileen heriotza tasa altuena dela jakinarazi du agentziak. Israelek momentu oro jakin du non zeuden laguntzaile humanitarioak, eta “berariaz” egin die eraso, salatu duenez. 122... [+]


Dozenaka senideko familia ugari desagerrarazi dituzte sionistek

Gutxienez 60 familiak galdu dituzte 25 kide baino gehiago, Associated Press agentziaren ikerketa baten arabera. “Inoiz ikusi gabeko mailan” ari dira sionistak familia osoak hiltzen.


Israelgo Kan irrati publikoaren informazioa
Israelek “zehaztasun handiz” ezagutzen zuen Hamasen plana urriaren 7a baino hiru aste lehenago

Erasoa baino hiru aste lehenago banatutako txostenean agertzen da Hamasek “200 eta 250” pertsona artean bahitzeko asmoa zuela. Aldi baterako bertan behera utzi du urriaren 7ko segurtasun akatsei buruzko ikerketa Israelgo Auzitegi Gorenak.


“Bilboko eskola-inguru asko kutsaduraz eta zarataz betetako eremuak dira”

Porlanezko patio txikiegiak batetik, errepidez eta autoz jositako eskola-inguruak bestetik, Bilbon ikastetxe askok jasaten duen panorama salatu eta esku hartzeko eskatuz udalera jo du hiriko guraso elkarte andanak, indarrak batuta: “Gurasoak jo eta su ari gara eskoletan... [+]


Eguneraketa berriak daude