PILULA KOLORETSUEN ERRITMO FRENETIKOA

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Love pill, clarity, hug drug (besarkadaren droga), amphetamine for lovers (maiteminduen anfetamina), PeaCe Pill (bakearen pilula)... honelako izenak hartzen dituzte gaur egun mundu osoan kontsumitzen diren sintesi drogek. Azken urteotan droga hauen kontsumoa estabilizatu bada ere, amaitzear den hamarkadaren hasieran izugarrizko igoera izan zuen. Drogetarako Plangintza Nazionalaren 1996ko txostenaren arabera, 1990ean poliziak 4.512 pilula harrapatu zituen eta 1995ean 739.511. Harrapatutakoa eta kontsumitutakoa ez da kopuru bera ordea. Adierazi kopurua hamar aldiz biderkatzen da errealitatean. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan egindako ikerketa batek adierazi zuenez, 1.793 pertsonako lagina erabiliz, galdetutakoen % 2,3k hartzen zituzten sintesi drogak eta gazteen artean berriz, 3,6k.
Eusko Jaurlaritzako Droga gaietarako alorrak kontsumo kopuru horiek kezkagarriak zirela iritzi zion. Jaurlaritzak aginduta, Jesus Mari Aizpurua eta Jose Javier Grazenea kimika irakasleek aurrez landuta zuten gaia, «Sintesi drogak» liburuan bildu dute. Liburu honek azken urteotan modan jarri den droga honi buruzko informazio ugari dakar, beti ere zehaztasun zientifikoa oinarri dela.


IBIZAKO `VERANO DEL AMOR'.

Sintesi drogek ibilbidea Estatu Batuetan hasten dute. Han pilula bat modan jartzen da eta Europara iristen da. Lehena MDA edo amodioaren pilula izan zen. 1985ean agertu zen Espainian (Estatu Batuetan legez kanpo geratu zen lehena, 1970ean). Hurrengo, estasia agertu zen, 1987an Ibizan. Estatu Batuetan 1985ean legez kanpo geratu zen droga hau. Espainian sintesi drogen aitzindaria Ibiza irla da. 80ko hamarkadan oso ezagunak ziren

rave
(burugaltzea) izeneko festak egiten ziren eta bertan bolumen handiko musika jarri, argi jokoak abian jarri eta dantzari ez uzteko moduko musika erritmoak aukeratzen ziren. Erritmo hori jasateko sintesi drogak erabiltzen ziren. Lagunarteko festak zirenak makro festak bihurtu dira eta hondartzetan eta eraikuntza industrialetan hasitako festek diskoteketan amaitu dute. Garai batean, Hondarribiko fuertea eta Irungo aduanetako eraikuntzak erabili ziren. Sintesi drogak mantenu dira Berlingo

love parade
jaialdian edota Ibizako

verano del amor
makro festan. Sintesi drogek tokia egiten duten beste festa mota bat

ruta del bakalao
ospetsua da. Diskoteka eta pub batetik bestera ostegunetik hasi eta astelehenera arte irauten dute ibilbide hauetan. Taberna giroak ere ezagutu ditu sintesi drogak. Normalean taberna ugariko guneetan eta asteburua pasatzera joaten direnek hartzen dituzte. Droga hauei iraupen drogak ere deitzen zaie.


FIDO-DIDO PANPINA, KOMUNISTEN MAILUA ETA IGITAIA...

Sintesi drogak erreakzio kimiko baten ondorioz sortutako drogak dira eta beraz, konposatu desberdinek osatzen dute pilula. Konposatu nagusi bat izaten da, efektu psikoaktiboen eragilea dena. Konposatu aktibo honetaz gain, diluitzaileak, adulteratzaileak eta beste substantzia psikoaktiboen kantitate txikiak agertzen dira. Pilulen pisuari dagokionez, 0.18 eta 0.6 gramo bitartekoak izaten dira. Sintesi drogen kontsumitzaileak apenas pilularen eduki kimikoari erreparatzen dion, bai ordea duen itxura eta koloreari. Pilulak diseinatu egiten dira eta horrela, zilindrikoak, biribilak, handiak, txikiak eta bihotz formakoak aurkituko ditugu. Koloreari dagokionez, gehien egiten direnak zuriak eta marroiak dira, baina gorriak, berdeak eta urdinak ere ikus daitezke. Pilula hauek duten ezaugarri garrantzitsuenetakoa –kontsumitzailearen ikuspuntutik– marrazkia da. Logotipo eta anagrama ezagunak marrazten dizkiete, hala-nola, fido-dido panpina, snoopy zakurtxoa, play-boy untxia, zisnea, bihotza edo alderdi komunistaren mailua eta igitaia. Irudi jakina duen pilularen atzetik dabil kontsumitzailea, drogaren kalitatea ziurtatzen duenaren ustearekin. Ustea diogu, izan ere, marrazki bereko pilulak anazilatu dira eta konposizio desberdina dutela ikusi da.
Sintesi drogak erreakzio kimiko baten ondorio direla esan berri dugu. Erreakzio kimiko baten emaitza ordea, ez da beti sintesi droga. Medikuntzarako makina bat pilula prestatu dira sintesi droga bihurtu gabe. Substantzia batzuk sintesi droga bihurtzeko, droga "ona" izateko, baldintza batzuk bete behar dira. Lehen baldintza egiteko erraza izatea da, lehengaiak merkeak izatea eta legalki eskuragarriak egotea. Bigarren baldintza, konposatu aktiboen familia ahalik eta zabalena izatea da. Horrela, aldaketa txikiak eginez, metodo berberarekin beste konposatu asko lor daitezke. Hirugarren baldintza, ahal bada legezkoa izatea da. Arraroa badirudi ere, konposatu psikotropiko asko administrazioarentzat droga gisa ez dira susmagarriak.


ESTASIA, SPEED ETA PCP.

MDMA edo estasia Merck konpainiak patentatu zuen lehen aldiz 1912. urtean. MDMA honek kalean hartzen dituen izenetako batzuk honakoak dira: adan, clarity, love pill, love drug, M&M, esence, euphoria, venus, ecstasy edo XTC. 1953 eta 1954. urteetan droga honen toxizitatea eta portaera farmakologikoa ikertzen hasi ziren. MDAM txakur, tximino, Gineako txerri, xagu eta arratoietan probatu zuten. Ondorioen artean; begininien dilatazioa, txistu sorrera eta hipertermia. Bi ikertzaile estatubatuarrek MDMAren efektuak gizakiengan probatu zituzten eta 1976. urtean emaitzak argitara eman zituzten. Bi urte barru, Shulgin eta Nicholson ikerlariek MDMA «kontrol errazeko droga, tilde emozional eta sensualekoa eta efektu aluzinogeno gutxikoa» bezala definitu zuten. Ikerlari guztiak ados dira estasiak dependentzia fisikorik ez duela sortzen adieraztean. Behin hartzeari utziz gero, ez dago abstinentzia sindromerik. Dependentzia fisikorik ez badago ere ezin gauza bera esan dependetzia psikikoaz. Kontsumitzaileak astebururo pilulen beharra sentitzen du.
Estasiaren ondoren, gehien kontsumitzen den sintesi droga metanfetamina da, speed gisa ezagunagoa. Alkoholarekin nahastuta hartzen da askotan, edariaren efektuak denbora gehiagoz luza daitezen. Bien nahasketa oso arriskutsua da, intoxikazio nabariak sortzen baititu. Speed jendeak ez du sintesi drogatzat hartzen estasiarekin alderatuz aspalditik kontsumitzen delako. Metanfetaminaren efektuek 6 eta 24 ordu bitartean irauten dute eta kokainaren antzeko efektuak dira. Takikardia eta hipertentsioa sortzen ditu. Arritmia latzak, konbultsioak eta entzefaloko odoljarioak ere eragin ditzake. Dosi handietan hartuz gero, bihotz, gibel eta giltzurrunak kaltetzen ditu. Metanfetamina injektatzen zuten gazte batzuen autopsietan ikusi denez bihotza, gibela eta giltzurrunak beraien aitonen organu hondatuekin konpara zitezkeen. Speed, esnifatuz edo injektatuz har daiteke, baina kristalduta ere saltzen da. Horregatik, ice edo kristal izenak.
Sintesi droga bitxietako bat aipatzearren fenziklidina edo PCP (PeaCe Pill edo bakearen pilula) familia dugu. Konposatu hau lehen aldiz 1958. urtean sintetizatu zuten eta Parke, Davis & Co industria kimikoak 1963an medikuntzan anestesiko bezala erabiltzeko patentea lortu zuen. 60ko hamarkadan Estatu Batuetako San Frantziskoko kaleetan saltzen hasi zen.
Jada Espainian eta baita Euskal Herrian agertu den sintesi droga berria GHB da. Izen zientifiko hori du, baina droga egileek estasi likidoa izenez bataiatu dute, nahiz eta estasiarekin zerikusirik ez duen. Sintesi droga honek mozkorraldi baten efektuak ditu eta kontsumitzaileen oso gustuko da eta izango da, beste sintesi drogekin gertatzen ez den bezala, hurrengo eguneko ajerik sortzen ez duelako. Baina alkoholarekin nahasteak heriotza eragin dezake.


EZ GOSERIK, EZ NEKERIK.

Sintesi drogek arrakasta handia lortu dute batik bat gazteen artean. Lehen aipatu bezala,

rave, ruta del bakalao
eta gaupasako asteburuetan kontsumitzen dituzte droga hauek. Helburua sinplea da: egunak eta gauak jarraian geratu gabe mantentzea. Nekea saihesteaz gain badute beste funtzio bat sintesi drogek. Pertsona arteko harremanak asko errazten dira. Sexu harremanetan laguntzen dutenaren kontua ordea, ahoz ahoko istorio hutsa da. Droga hauek gizakiaren gorputzak dituen kontrol sistemak ezabatzen dituzte eta horregatik, ez da, ez nekerik, ez goserik, ez beldurrik sentitzen.
Sintesi drogak oso modan jarri badira ere, ikerlariek nahi adinako daturik ez dute berauen efektuak neurtzeko. Droga hauek Substantzia Kontrolatuen I taldean daude eta galerazita dago gizakiekin saioak egitea. Lege honen eragina, nola ez, laborategi animaliek sofritzen dute. Dena den, legea lege, gizakiekin ere egin dira saio batzuk eta nolabaiteko ondorioak atera dira. Droga gorputzera sartzen denean, hau da, droga molekulak errezeptorearekin, bere pareko substantzia kimikoarekin topo egiten duenean, erreakzio kimiko bereziak gertatzen dira. Erreakzio horieak, noski, edozein drogekin gertatzen dira. Sintesi drogek nerbio sistema zentralera eragiten dute eta ondorioetko batzuk hauexek dira: bihotz taupadak azkartzea, gehiago izerditzea, poza, euforia, depresioa, aluzinazioa eta abarreko sentsazioak. Pilulen efektuak kontsumitzailearen gustukoak izaten dira batzuetan eta beste batzuetan ez.
1992an N. Solowij-en ikerketaren emaitzak kaleratu ziren. Ikerketa honetan estasiak sortutako efektu desiragarriak eta ez desiragarriak azaltzen dira. Kontsumitzaileak gustuko dituen efektuen artean dira: hitzjarioa, jasankortasuna, besteekiko hurbilketa, zoriontasuna, lasaitasuna, onarkortasuna, zentzukortasuna, euforia, norberarekiko segurantza eta axolagabekeria. Efektu ez desiragarrien zerrenda ere luzea da: gosearen galera, aho lehortasuna, bihotz taupaden azkartzea, masail tentsioa, insomnioa, bruxismoa, itoaldiak, izerdiketa, kontzentrazio falta, txisa egiteko gogoa. Okerragoko efektuak ere badituzte sintesi drogek; heriotza. Estasia, MDA eta MDEAk eraginda hil ziren gorpuak aztertuta emaitza hauek jaso dira: bihotz nekrosia, gibel nekrosia, zerebroan odol jarioa eta edema.
Droga hauek eragindako heriotzak gaindosiaren edo kontsumo jarraiaren emaitzak direla esan ohi da. Baina estasiaren dosi bakar batek heriotza eragin dezake honelako kasuetan: estasiarekin batera beste substantzia psikoaktibo gehiago irensten badira, substantzia horiekiko hipersentikortasuna izanez gero, alergien kasuan, gibel, bihotz edo giltzurruneko gaitzak izanez gero eta antidepresiboak denbora batez hartu izan badira.
Sintesi drogen efektuak gogorrak dira kasu batzuetan, baina makina batentzat negozio hutsa da merkatu hau. Bi arrazoi nagusi aipa genitzake negozio honen arrakasta aipatzerakoan. Batetik, trafikoaren arrisku eta kosturik ez dago. Kolonbian koka orriak zaindu eta handik Europarako ibilbidea antolatu beharrik ez dago. Substantzia kimikoak laborategian biltzen dira, beraz lehengaiekin batera eta bestera ibili beharrik ez dago. Bestetik, legea "alde" dute sintesi drogak sortzen ari direnek. Substantzia kimikoak arautu behar eta Osasunerako Erakunde Mundialak (OMS) sailkapen bat egitea erabaki zuen. Gaur egun substantzia hauek bost taldetan banatzen dira. Lehen taldean, abusu potentzial handia dutenak eta medikuntzan erabilpenik ez dutenak biltzen dira. Zaku horretan dira heroina, LSD eta kokaina, esate baterako. Sintesi drogak ere, droga gogortzat jotzen dira, ilegalak dira. Baina legea beti atzetik dabil. Administrazioak oso egoera jakinetan bakarrik har dezake parte: droga egileak sintesi drogaren banaketa zabala egin duenean, kalteak gertatu direnenan eta giza taldeak kexatzen direnean.
Orduan, administrazioak legeak egingo ditu droga hau ilegal bihur dadin. Oso zaila da droga egilea prozesuaren aurreko urratsetan harrapatzea, darabiltzan lehengaiak legalak baitira eta sortuko duen droga berria denez ez dago oraindik legedian sartuta.

Sintesi drogak, kamikazeak eta Vietnamgo soldaduak.

Sintesi drogen inguruan legedia nola dagoen azaldu dugu. Legea atzetik dabilela esan dugu eta zaila dela droga egilea edo saltzailea, hasieran bederen, harrapatzea. Sintesi drogen eta legearen arteko harreman hori ikusteko Alexander T. Shulgin ikerlari estatubatuarraren pasadizoa kontatu besterik ez dago. Gizon hau Dow Chemical enpresako langilea zen. Lana utzi eta etxean antolatu zuen substantzia psikodelikoak prestatzeko laborategia. Substantzi berri asko prestatu eta San Frantzisko hirian banatu zituzten; guztiak «legalki» kontsumituak izan ziren. Izan ere, legeak ez zituen jasotzen konposatu haiek, berriak baitziren, ezezagunak.
Gaur egun gazteek festa giroan kontsumitzen badituzte ere, gerretan asko erabili dira sintesi drogak. Bigarren Mundu Gerran soldaduek eta batez ere, hegazkin pilotuek metanfetamina edo speed hartzen zuten. Kamikazeek sarri hartzen zuten eta batzuetan arreta galdu eta aurkariaren aireportuetan lur hartzen zuten. Gobernu japoniarrak esaterako, armagintza industriako langileak behartu egiten zituen speed kontsumitzera lan gehiago egin zezaten. Gerra amaituta, metanfetamina stockak zeuden Japonian eta gobernuak herritarrei sintesi droga hau kontsumitzea gomendatu zien, gerra galduta depresioa, adoregabekeria eta apatia ohikoak baitziren. 1948an 16 eta 20 urte bitarteko gazteen % 5 adiktoa zen.
Vietnamen ere soldaduek sintesi drogen eragina "jasan" behar izan zuten. Droga hauek analgesiko gisa erabili nahi zituzten. Soldaduak zauriren bat eginez gero, berak injektatuko luke bere zaurian. Gero ohartu ziren ordea soldaduengan aluzinazioak sorrarazten zituela.
Bitxikeri tristeagorik ere bada. Estasia kontsumituta izugarrizko egarria sentitu eta 14 litro ur edan zituen batek. Ur kantitate handia zela-eta, likido pilaketa gertatu zitzaion garunean eta hil egin zen

Sintesi drogak: kaltegarriak ala lagungarriak?

Espainiako legediak droga gogorrak eta bigunak banatzen ditu. Banaketa irizpide batzuen arabera egin dute, baina ikerlarien ustez banaketa hau zentzugabea da. Irizpideak behar bezala jarraituko balira tabakoa eta alkohola droga gogorren artean lirateke. Drogen efektuak eta legedia ez datoz bat, eta hori gutxi balitz, gizartean drogek oso konnotazio desberdinak dituzte beraien kalte egiteko gaitasuna kontuan hartu gabe. Tabakoa eta alkohola droga legalak dira, oso kaltegarriak, baina gizartean ez dute horrenbesteko konnotazio txarrik. Droga ilegalen artean desberdintasunak nabariak dira. Esate baterako, kokaina eta heroina estigmatizatuta ditu gizarteak. Ez da hori gertatu sintesi drogekin. Ezaugarri batzuk mantentzen dituzte eta horiek onargarri egiten dute droga mota hau. Asteburuetan kontsumitzen dira, gazteek batik bat, eta pilula moduan hartzen dira. Hautsa esnifatuz edota injekzio bidez ere posible litzateke, baina erabilera modu horrek konnotazio txarrak ditu.
Sintesi drogek gaixotasun kronikoak eragin ditzakete eta zenbait kasutan (oso gutxitan) heriotzean amaitu da abentura. Hala ere, pilula hauek funtzio asko betetzen dituzte eta hori egiaztatzeko Interneteko www.ecstasy.org helbidean begiratu besterik ez. Estasia kontsumitu dutenek beren esperientziak kontatzen dituzte. Bati lesbiana dela adierazten lagundu dio, beste bati senide baten galera jasaten. Beste batzuei depresioa gailentzen lagundu die. Kokainarekiko adikzioa galtzeko ere balio du internauta baten ustez.
Azkenik, Nicholas Saunders, ecstasy.org helbidearen sortzailearen hitzak jasoko ditugu. 1988. urtean kontsumitu zuen lehen aldiz estasia eta honako sentimenduak izan zituen: «Kultur presio usteletatik askatu izan bagina bezala sentitu ginen eta gure benetako izaera agertzen utzi zigun»


Azkenak
Iturengo arotza eta arte birziklatua

Ituren (Nafarroa), 1777. Erramun Joakin Sunbil (1755-1821) arotza Donamariako Joana Mari Ezpondarekin ezkondu zen. Ia 40 urte eman zituzten ezkonduta, Joana Mari 1806an hil zen arte. Eta tarte luze horretan, noizbait, Iturengo arotzak santu baten kobrezko estatua urtu omen zuen... [+]


2025-07-25 | Julen Orbea
Bilbon euskara jira ta Bira

Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]


Honezkero, hemen dago beherakada

Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.

Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]


2025-07-25 | Ana Morales
Esan barik ez doalako

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]


Gizon heterosexualak eta literatura feminista: hausnarketa bat

Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]


Auzolanean ikastola eraiki!

Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]


Amasa-Villabonako EH Bilduri erantzuna

Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]


Irunen eskuin muturreko “auzo patruilak” sortu dituztela salatu dute

Hainbat talde "neonazik" azkenaldian Irunen zabaltzen ari dituzten mezuak salatu dituzte asteazkenean Harrera Sareak eta hainbat kolektibok herrian. Eskuin muturreko "auzo patruilak" antolatzen ari direla salatu dute, eta hauek jendearen jatorriaren arabera... [+]


Udal legearen kontrako epai euskarafoboa
Euskararen aurkako erasoa salatu dute 200 alkate eta udal ordezkarik, eta hizkuntza bultzatzeko konpromisoa berretsi

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]


Alonsotegiko Udalari dirua itzultzeko eskatu dio Bizkaiko Aldundiak, iruzurra egin zenetik hamairu urtera

Egun EH Bilduren esku dagoen udalak ia milioi bat euro itzuli beharko lioke foru erakundeari, duela hamairu urte, EAJ agintean zenean, diru-laguntza bat ez zelako behar bezala erabili, baizik eta iruzurra egiteko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi duenez. Eskaerak erabat... [+]


Ertzaintzaren 300 BMW ibilgailuen erosketan irregulartasun posibleak salatu zituen barne txosten batek

Eusko Jaurlaritzako Ogasuneko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak barne txosten bat egin zuen Ertzaintzak jaso dituen 300 BMWen esleipen kontratuaren hainbat baldintza kritikatzeko. Ezarritako baldintzak zehatzegiak eta murriztaileegiak zirela salatu du ogasunak, eta horrek enpresa... [+]


Txosnetako “beto politikoaren” aurkako GKSren kanpaldiaren kontra oldartu eta lau pertsona atxilotu ditu Poliziak Gasteizen

Bi aste barru hasiko diren hiriko jaietan txosna jartzen utzi ez dietela salatzeko kanpaldia egin nahi zuten Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Andre Maria Zuriaren plazan. 20:30ak aldera, ertzainak oldartu egin dira kanpaldian zeudenen aurka, eta bi... [+]


Lotsa sentitzen dut giza generoko kide izateagatik

Milaka pertsonak modu aktiboan parte hartu dute, eta hala jarraitzen dute, XXI. mendeko holokausto telebisatu handienaren aurka protestatzeko, eta pertsona horiei errespetu eta miresmen handiena zor diet. Baina, gizateriaren zoritxarrerako, askoz gehiago dira, egoerarekin... [+]


2025-07-24 | Nicolas Goñi
Europan, oraingo sinplifikazioaren izenean, biharko bizitzak kaltetuko dira

Jarduera ekonomikoak sinplifikatzeko eta lehiakortasuna indartzeko aitzakiarekin, Europa mailan baita Europar Batasuneko hainbat estatutan ere, klima, ingurunea eta giza osasuna kaltetuko dituzten legeak biderkatzen ari dira 2024tik, askotan interes pribatuen lobbyen eraginpean... [+]


Eguneraketa berriak daude