"EUSKO IKASKUNTZA ARISTOKRATIZATU EGIN DA"


1999ko martxoaren 14an
Iragan hamarkada hasieran Iruñeko euskal kultur munduan murgildu aurretik, Zaragozan eman zenuen denboraldi luzea; apeztu eta berehala joan zinen hara. Zer duzu gogoan garai haietaz?
Hemengo institutuan eta Lekarozen ikasi eta gero Madrila joan nintzen Arkitektura egitera. Hura utzi eta Loiolan sartu nintzen. Jesuiten artean, Misión Obrera deitzen zen esparruan aritu nintzen. Apeztutakoan, apaiz-langile moduan egin nuen lan; Zaragozara joan nintzen (1969an), hango auzo batera, eta han nengoela ikusi nuen Elizaren mezua ez zela aprobetxagarria ematen zen gisan, oinarrietatik hutsune nabarmenak zituela, eta goiko kupulei sobera so egiten zitzaiela. Han bertan ezkondu nintzen (1974an) eta hainbat lantegi txikitan ibili, baina ez zegoen modurik lan egiteko, zerrenda beltzeten baikeunden. Kultur arlora pasa nintzen orduan.
Garai hartan autonomien izpiritua edo mezua berpizten hasi zen. Zaragozaren autonomiaren aldarrikapenak nire ahoan ez zuen inongo funtsik, ez nintzen bertakoa sentitzen; eta hemen berriz, ahots zahar berritu batzuk, Del Burgo eta horiek, aldarrikatzen zuten Nafarroa ez zela euskalduna, ez zela Euskal Herria... Hori ukatzea niretzat astakeria izugarria izan zen, `baina non gaude, zer esaten ari dira hauek?'. Hona etorri eta euskara ikasten hasi nintzen; niretzat izan zen beste kultura bat barrutik ikustea. Txikitandik, Baztanen, Larraunen-eta entzuten nuen euskara, baina konturatu gabe...

Familian ez zenuen euskararen arrastorik jaso?
Gerra ondorengo urteetan hemen ez zen batere entzuten. Hizkuntzarena ez nuke esango debekaturik zegoenik, baina sozialki ez zen inon ikusten; erabiltzen zen denda batzuk izendatzeko, baina bestela... Etxean hitz solteak erabiltzen ziren, baina niretzat harrigarriena izan zen horren aurka, horren beldur edo horren ukapena egitea.

Garai hartan, Zaragozatik itzultzean, hasi zinen euskara ikasten.
Hori baino lehenago, Loiolan adibidez, baserrietara dotrina ematera joateko euskara ikasi behar zen. Nik aipatu nion maisuari nik ere joan nahi nuela eta berak `ez, ez, bada nahikoa jende euskara dakiena'. Bestalde, basilikan beti euskaraz egiten zen, JOCen (Juventud Obrera Cristiana) bileretan ere euskaraz beti, eta ulertzen nuen, bada, ulertzen nuena. Ez nuen ikasi hitz egiteko adina, batetik ez nuelako betarik eta bestetik nire beharretan ez zelako sartzen. Zaragozatik bueltan bai, berehala ikasi nuen. Lehenbiziko klaseak IPESen eman genituen eta handik gutxira Arturo Kanpionen hasi nintzen.

Horrekin batera, Eusko Ikaskuntzan ere hasi zinen lanean.
Euskara ikasten ari nintzela Agustin Zumalaberekin topo egin nuen. Bera atzerrian zebilen eta ekarri zuten Eusko Ikaskuntza antolatzeko. Hemengo bulegorako norbait nahi zuten eta sartu egin nintzen. Del Burgok esan zigun Nafarroako Diputazioak emango zigula pisu bat, baina ez zigun ematen eta azkenean alokatu egin genuen. 1980ko urtarrilan hasi ginen eta 13 urtez izan naiz idazkari (Goio Monreal Euskal Herri mailan lehendakari zen garaian, hemengo lehendakariorde izendatu ninduten eta gero utzi egin nuen. Hasieratik Iruñeko Komunikabideak S.Ako idazkari izan arren, ez nion denborarik ematen praktikan, eta denbora gehiago eskatzen zuenez, irratira itzuli nintzen). Hasi eta berehala Lehenengo Merinaldeen astea antolatu genuen eta urte horietan guztietan pilo bat gauza egin genituen Eusko Ikaskuntzan.

Arturo Kanpion euskaltegiaren inguruan zenbiltzatenak hainbat kultur egitasmotan eskuhartu zenuten. Zaldiko Maldiko elkartea ere orduan sortu zen.
Euskara ikasten ipurtarin samar ginen batzuk geunden eta ikusi genuen ezinbestekoa zela Nafarroan gure kultura berreskuratzea alde guztietatik. Hori baino lehenago izan zen zeozer, baina oso apalki beti ere. Orduan hasi ginen euskaraz bizitzeko behar genituen gauza guztiak antolatzen.
Gogoan dut Zaldiko Maldiko sortzeko bileretan Iñaki Zabaleta, Mikel Bujanda eta besteren batek hitz egiten zutela, eta han geunden beste guztiok ulertzen genuen, baina ez ginen ausartzen hitz egitera. Bertsolaritza ere jorratu genuen. Garai hartan bazeuden bospasei bertsolari zahar eta egiten zen Erramu-egunean Lesakan saio bat, eta besteren batzuk ere bai Gipuzkoatik etorritako bertsolariekin, baina ikusi genuen beharrezkoa zela bertsolaritza zabaldu eta berpiztea: Amuriza astelehenero etortzen zen eskolak ematera, eta berrogei bat bertsozale apuntatu ginen, tartean euskara mailan oraindik oso gordin zebiltzanak. Hasi ginen Iparraldekoekin harremanetan, talde bat osatu genuen (Mikel Taberna, Lontxo Aburuza tartean) eta Nafarroako Bertsolari Txapelketa antolatzen hasi ginen. Gero, beste belaunaldiek hartu dute antolatzeko ardura.

Euskal Kantu Txapelketa ere urte haietan sortu zenuten. Orduko elkarrizketa batean zera zenioen: «Euskal kulturaren eta giroaren pizgarri egokitzat jo dugu eta hala hasi gara».
Bai, kantuarena edo euskal musikarena gure ondarearen esparru berezienetako bat da. Euskaldunon nortasunean badago sen berezi bat kantuarekiko. Galdutako kultura batean tristura gehien ematen duena zera da: azaletik bakarrik ezagutzen duzula eta ez bizirik. Eta euskal kantuekin hori gertatu izan da: erdaraz bakarrik jakin, edo melodia jakin eta hitzak ez, edo hitzak bai baina ulertu ez. Kantu Txapelketa prestatzeko Donibane-Garazira jo genuen Koldo Pastor, Mikel Bujanda eta hiruok, bertan egiten zena ikustera. Nafarroakoarekin hasi ginen eta gero beste probintzietara pasa zen.

Zera zenioen duela 12 urte gisa honetako ekintzak eta Eusko Ikaskuntzaren lana parekatzerakoan: «Uste dut ongarri dela herri mugimendu mailako eta ikerketa mailako kulturek zubi bat izan dezaten». Lortu al da?
Eusko Ikaskuntzan sartzean ikusi nuen Euskal Herriko kulturako alor gehienetan pilo bat gauza ikertuta zeudela dagoeneko, baina kaleko jendeak ez zekiela ezer. Ikusi nuen Eusko Ikaskuntzan bertan bazegoela giza altxor bat (irakasleak, baina baita herriko jendea hainbat gaietan aditua zena), baina ez zegoen transmititzeko zubirik. Ikusten nuen hori premiazkoa zela eta hortan saiatu nintzen. Gauza da hori galdu egin dela. Benetan pena ematen dit Eusko Ikaskuntzaren azken urteetako jarrerak, oso intelektual, administratibo eta artifiziala geratzen ari baita, sariak eta bekak banatzeko soilik, eta jendearen topagune izan gabe. Galdu da aukera edo plataforma on bat. Nik bazkide izaten jarraitzen dut, baina fosilizatu edo aristokratizatu egin da.

Eusko Ikaskuntza utzi ondotik, UEUn Eusko Kultur Gaiak saila landu zenuen, gerora jarraipenik izan ez duen saila. Zein helburu zituen sail hark?
Bi urtetan egin izan zen, ez zuen jarraipenik izan eta izan beharko luke. UEU unibertsitatean ematen ziren gaiek zuten tratamenduak kezkatzen zuen, baina ez ziren ukitzen hemen sortzen diren arloz arloko arazoak. Sail horretan hemengo gaiak ikuspegi zientifiko batetik eman nahi ziren. Gauza da adar bakoitzean kezka hori izatea, baina ez soilik unibertsitate mailan, baita gizarte mailan ere: arkitektoen arteko harremanak lantzea, musikarien artean (orain gutxi izan da euskal musikari irakasleen lehen topaketa)... Arlo guztietan egin behar da eta Eusko Ikaskuntza horretarako oso plataforma egokia da, baina ez du funtzio hori betetzen. Norabideak goitik behera markatzen badira, ez badago entzuteko eta jendearen ideiak bideratzeko nahi handiagoa...

Gaiz aldatuz, eta egungo zure egitekoei helduz, Euskalerria Irratiarekin egiten dugu topo. 80ko hamarkada hasieran hasi zineten proiektua mamitzen, EAEn telebista eta irrati publikoak martxan hasi eta berehala. Nafarroan ETB ikus ahal izateko saiakerak izan ziren eta, irratiaren sorreran bezala, hor ere tartean izan zinen.
Eztabaida batean bakarrik parte hartu nuen. Batzuk zioten eskatu egin behar zela; beste batzuk ordea, eske eta eske indarra galduko zela eta hoberena Iruñerrian ETB ikusteko bitarteko teknikoak jartzea zela. Alde praktikoa nagusitu zen, eta ikastolako jendeak hartu zuen horren ardura. Besteok laguntza eman genuen, baina nik ez nuen hor protagonismorik izan.
Antzeko zerbait gertatu zen irratiarekin. Jarri ginen haiekin harremanetan, orduan zuzendari zen Ignacio Arregirekin. Esan genion guk hasi behar genuela hemen eta `bada, tira, hasi' esan zigun. Pentsatu genuen garrantzitsuena zela, ez era marjinal batean hastea, baizik eta enpresa anonimo bat eratzea. Hilabete batzuk eman genituen, joan ginen Nafarroako Gobernura ikusteko zein asmo zituzten eta esan ziguten agian egingo zutela Nafarrorako irrati bat, non euskarak ordu bat edo bi izango zituen. Ordurako garbi genuen hori ez zela bidea. Lizentzia lehiaketa izugarri luzatu zen eta Nafarroako Gobernukoei esan genien hasi egingo ginela; beraiek `baietz, tira, lehiaketa laster izango da eta lizentzia emango dizuegu'. Jode, eman! Azken astera arte baietz, baina gero nagusitu zen politika eta ez ziguten eman. Paraleloki, Euskalerria Irratia elkartea eratu zen, 900 bazkide sartu ziren eta poliki-poliki irratia aurrera joan da. Orain 8 ordu emititzen dugu, 10 langile dauzkagu eta publizitateak aurrekontuaren zati handi bat estaltzen du.

Euskalerria Irratia, berriro ere erabaki politiko bat dela medio, lizentziarik gabe geratu da. Zein balorazio egiten duzu azken hileetan gertatutakoaz?
Alde batetik zorte txarra izan dugu, Nafarroako Gobernua euskarazko irrati batendako frekuentzia ematekotan zenean, lehiaketarik ez zelako. Eta izan denean, UPNrekin topo egin dugulako, UPNrekin eta PSNren Gestorarekin (PSN UPNren alde jarri baitzen). Egun erdarazko 14 irrati daude Iruñean, beno, orain 16, eta bat bera ere ez euskaraz. UPNk lehiaketa antolatu du bere helburu politikoendako. Bagenekien interes ekonomiko, politiko eta ideologikoak izango zirela, komunikabideen arloa oso estrategikoa baita, baina gure proiektua aurkeztea erabaki genuen. Hiru hilabetez luzatu zen, San Ferminak pasata eman zen erabakia eta puntuazioari so eginda, argi ikusi genuen lapurtu egin zigutela. Salatu egin genuen eta jendea berehala konturatu zen lapurreta izan zela.

Ikerketa Batzordeak azken asteetan egindako ikerketek argi eta garbi adierazi dute esleipena nork erabaki duen. Etorkizuna nola ikusten duzu?
Egoera hau da: ikusi dute guri dagokigula lizentzia, epaimahaiak eman dizkigula, beraiek jarritako irizpideen arabera, merezi ditugun puntuak, eta hori moztu egin dute. Epaimahaikoen akta zuzendariak aldatu egin du, beti gure kalterako. Hori ezin da onartu ez demokrazia batean, ez gizarte zibilizatu batean... Gainera ez da bakarrik Nafarroako Gobernua edo UPN, Lizarrako akordioaren ondoren Espainia osoan sortzen ari den giro bat da. Datuak faltsutzen dituzte espreski eta lasai geratzen dira. Egoera honekin benetan zaila da etorkizunean zer gertatuko den jakitea. Datuak faltsutzen badituzte, jendea konturatuko da edo agian jendeari berdin zaio, ez dakit.

Lizarra aipatu duzu eta badirudi azken boladan euskal munduarekin edo euskararekin zer ikusia duen orori egiten ahal zaiola aurka. Honen ildotik, duela 12 urte zera zenioen: «Frankismoan etsai guttiago zeukan euskarak Nafarroan!». Zer uste duzu orain?
Kopuru aldetik murriztu egin da, baina talde horretan dabiltzanek errealitatea, historia, demokrazia... faltsutzen dute. Euskararen Kontseiluarena, Ermitagañako 17 haurrena, Palacios jaunak erabakia izenpetu baino lehenago lizentzia emandakoari telefonoz berria ematea... Hori da normala; bestea, 10 urtetan martxan egotea eta autofinantziatua izatea, eta beste hainbat gauza... hori ez

Tantoa
Aurrez esana bihoa honako hau inolako objetibotasunik gabeko ebaluazioa dela. Eugenio Arraiza gertuegi dut, kidetasunaren lokarriekin lotua. Halakoetan ezin eska daiteke neutralitaterik, are gutxiago gaizki esaka hasterik. Eugeniorengatik itsuskeriak ez espero, beraz. Nahi izanez gero, aise aurkituko duzue gorputz ariman infernuan ikusi nahi lukeenik. Lubakiaren bestaldean daude horiek. Egoskorra baita Eugenio, onerako eta txarrerako: batzuren onerako, besteren txarrerako.
Tematsu eta setatia da. Gotorra. Hori du bere dohaina. Horixe bere akatsa. Bekozkoan behin, asmoa harturik, jomuga jakin baterantz abiatua denean, ez da aise geldieraztea. Horren frogak ezagutu dituzte, adibidez Eusko Ikaskuntzan, Nafar Ateneoan, UEUn, edo Nafarroako euskalgintzaren atal guztietan, dela bertso txapelketan, kantarienean, eta oroz gain, Irratian.
Egile eta eragile da, antolatzaile eta animatzaile. Gogoan dut Patziku Perurenarekin –artean oraino Patxi izenarekin argitaratzen zirenean honen idazlanak– izandako eztabaida Aingeru Epaltza arduradun zuen Nafarroa Gaur gogoangarri hartan. Ez dakit zein hari muturrek ekarri zuen polemika, baina ezin argiago gelditu zen txinaurri eta papo gorriko txoriaren arteko dialektika zaharraren hartualdi bat izan zela harako hura. Homo faber eta homo ludens-en arteko dema. Eugenio, egun bakoitzeko lanari loturikoa, antolaketa eta azpiegituraren beharraz mintzo zen, hori baita txoriek bazterrak kantuz edertu ahal izateko oinarria. Horrekin koherentziaz, zalapartatan ibili gabe, nahiago du esale baino egile izan. Egin eta egituratu, ildoa marraztu eta eraiki, horixe Eugeniok bere buruari jarritako eginkizuna.
Urte asko dira –Arturo Canpion euskaltegian– elkarren ezagutza egin genuenetik. Geroztik ontzi berean ari gara arraunean. Horretan ari gara, boga eta zia. Arraunik handiena, patroiarena. Eugeniok esku sendoz eutsia du

JOSE MARIA JIMENO JURIO
«Herri gizona, oso argia. Aurkitu du historia eta herria ikertzen Nafarroaren nortasuna, zeinak euskaltasuna ezaugarri nagusi duen»

AINGERU EPALTZA
«Bixitasun berezi bat du nafarreraz idazteko. Oso orekatua. Pertsona interesgarria, beste belaunaldi batekoa, baina laguna»

CARLOS GARAIKOETXEA
«Oso politikari garrantzitsua. Inportantea izan aurretik ezagutu nuen eta bere euskaltasuna eta Nafarroa sakon baten mina kutsatu zidan. Oraindik ere gizon garrantzitsua»

MIKEL BUJANDA
«Euskara ikasteko bide horretan nire sherpa, irakaslea. Gero, Euskalerria Irratiaren ardatz profesionala»

MIGUEL SANZ
«Mamirik gabeko intxaurra. Oso garrantzitsu diren gauzak azaletik tratatzen ditu. Oso kaltegarria»

JOSE IGNACIO PALACIOS
«Sartzen da esparru batzutan eta sartzeko mailarik ez izan arren, hitz egitera ausartzen da»

JOSE MARIA SATRUSTEGI
«Nafarroako euskal kulturaren patriarka. Oso aberatsa hainbat mailatan. Zintzo jokatu du euskal kulturaren eta euskararen alde. Oraindik lanean ari da»

SAGRARIO ALEMAN
«Nafarroan euskarazko klase gehien eman duen emakumea. Euskararen defendatzaile sutsua.»

MANOLO AROZENA
«Bokazio berantiarra bertsolaritzan, baina oso emankorra. Bertso eskoletan beste belaunaldi bat prestatu du»

ANDRES IÑIGO
«Gizon zintzoa eta langile fina. Apala baina efektiboa»


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude