"HB-AZNAR ELKARRIZKETA BIDEA IZOZTUTA DAGO"

  • izatetik potentzialtasun handikoa izatera iragan da. HBko Mahai Nazionalkidea da, Irlandan ibili da HBren izenean, eta Aznarren ordezkariekin aritu den EHko laukotean izan da.

1999ko urtarrilaren 17an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Une honetan zein puntutan dago PPren gobernuarekiko elkarrizketa, Euskal Herritarrok-i dagokionez?
Elkarrizketa ere ezin zaio deitu. Bilera bakar bat izan da eta mahai gainean egon zena nagusiki mintzakidetzaren karakterizazioa izan zen; bilerak iraun zuen hiru orduetatik bi eta erdi eman genuen horrekin. Orain bide hori nahiko izoztuta dago eta komunikabideetan atera diren filtrazioek gobernuan seriotasunik ez dagoela adierazten dute. Mahai Nazionalean komentatu izan dugu jada ez dirudiela bide horrek, orain karakterizatuta dagoen bezala, funtsezko gauzarik eman dezakeenik.

Heldu al zineten nolabaiteko akordiora elkarrizketen ezaugarriei buruz?
«Biolentziarekin amaitzeko zegoen jarrera egiaztatzera» zetozela esan ziguten; ez dira beraiek esandako berba zehatzak baina esanahia bai. Guk argi esan genien hori beste batzuei galdetu behar zietela eta ez HBri. Azkenean konklusio batera iritsi ginen: euskal politikan azkenotan gertatutakoei buruz zeuzkaten analisiak kontrastatzeko erabili nahi zutela bilera hura. Ikusi genuen ETAren su-etenak ustekabean harrapatu dituela.

Bide hori izoztuta baldin badago, elkarrizketei dagokienez, zer egingo du HBk, zain egon, ekimenen bat hartu...
Su-eten honekin guk esan genuen abantaila bat bagenuela oraingoan, hots, badakigula zer gertatu zen Aljerreko negoziazioetan, han zer egin zen ongi eta zer gaizki eta, beste hainbat gauzaren artean, ez ginela prest eskema zaharrak errepikatzeko. Orain argi dago gobernuarekiko elkarrizketak argazki handi baten zatitxo bat besterik ez direla. Ez diogu inoiz muzin egingo edozeinekin hitz egiteari eta beharrezkoa izango da elkarrizketa mahai bat, baina orain arte ez da horrelakorik izan.

Zuekin egon zena zer zen, Aznarren edo Gobernuaren ordezkaria.
Gurekin egondakoek argi utzi zuten ez zirela gobernuaren ordezkariak Aznarrenak baizik. Aznarrek neurtu nahi zuela zein punturaino zegoen urik pizinan.

Prozesu honetan nazioarteko presioa oso garrantzitsutzat jo da beti. Izan dira zenbait ekimen atzerrian –EEBBetan esate batera–. Zertan da orain?
EEBBetara EAJ, HB eta EAko ordezkariak joan ziren, baina orain hilaren bukaeran izango den osoko bilkuraren ondoren Lizarra-Garaziko akordioaren nazioarte mailako aurkezpena egingo da. Orain arte izan dira zenbait ekimen nazioarte mailari begira, batetik EAJ eta EArekin batera eta bestetik HBk egin dituen bidaiak, batez ere hemen bizi den egoera azaltzeko. Nazioartean Espainiako Gobernua irtenbide politikoaren aldeko jarrera positibo bat hartzen lagundu behar dutela zabaldu nahi dugu. Oraingoz egin den lana batez ere informazioaren aldekoa izan da. Prozesua aurreratuagoa denean beharrezkoak izango dira bitartekariak –ez harremanak izateko, guk gaur egun edozeinekin dauzkagu harremanak eta– edozein bake prozesutan beti egon baita `gizon edo emakume on' gisa diharduena.

Zein formulak balio dezake HBko Mahai Nazional ohia aske uzteko?
Espainiako Epaitegi Konstituzionalak 97ko abenduan egindako epaiketa eta emandako epaia bertan behera uztea. Hori litzateke garbiena eta justuena. Azkenengo gertakarien ondoren, Espainiako Gobernuari oso deseroso egin zaio Mahai Nazionala kartzelan edukitzea. 3. graduarenak ez luke ezer konponduko, beraiek esana baitute ez dutela onartuko.

Aurreikusten al da indulto eskaerarik-edo?
Ezker abertzalearen aldetik ez behintzat. Mahai Nazionalkideak euskal presoen kolektiboko partaide dira eta erabakia dute ez direla sartzen indulto, graduen sailkatze eta horrelakoetan.

Jaurlaritza berria abian da, oraingo urtarrileko EHrekiko elkarrizketak eta datozen hilabeteak ondo joanez gero, egoki ikusiko al zenuke EHk Jaurlaritzan partehartzea?
Aukera guztiak zabalik daude, bai EAEri, baita Nafarroari dagokionez ere. Ibarretxeren inbestidura saioan argi adierazi genuen EHren apustua ez zela ez pertsonala ezta alderdi batzuen aldekoa ere, badago egoera orokorraren aldeko apustu bat eta EA eta EAJ bereziki dinamika horretan sartzen diren heinean aukera guztiak gero eta zabalago egongo dira. Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarrak Hego Euskal Herriaren zatiketaren tresna izaten jarraitzen dute eta, beraz, gaur egun pentsatzea EHk Gasteizko Gobernuan parte har dezakeela, begirune osoz esanda, nahiko ameslari izatea da. Hala ere, herri honetan gauzak oso azkar aldatzen dira eta aukera guztiak zabalik daude.

Ameslari izatetik errealitatera tarte txikia egon daitekeela, alegia.
Oso txikia edo oso handia, egoeraren bilakaeraren arabera. Frogatzen denean Gasteizko gobernuak dituen tresna guztiak marko politiko berri baten aldeko apustuan jartzen direla, ezker abertzaleak ez luke arazorik izan behar gainontzeko abertzaleekin edozein tokitan kudeaketa eta marko berriranzko bidea batera egiteko.

Datozen ekaineko hauteskundeetara Nafarroan EH aurkeztuko da. Zer izango da eta nor izango da hor barruan?
EHren errezeta sinplea eta konplexua da aldi berean. EH Nafarroako ezker abertzalea izango da eta ez dira ENAMen baitan kokatu diren mugimendu klasikoak bakarrik. Argi dago % 70 edo % 80an HBren betiko indarra izango dela hor baina Nafarroan ezkerreko sektore oso zabalak izan dira beti eta hortik ere elikatuko da EH. Nafarroa berri eta eraldatu baten apustua egiten duten guztiak bildu nahi ditu EHk, filosofia guztiz zabalez, nafar nortasunean apustu gogor bat eginez eta, batez ere, ezkerreko ikuspegi batetik. Horien guztien aldeko apustua izango da EH. Egunero inposatzen diguten Nafarroa birtual horren aurrean Nafarroa erreala azaleratuko dugu ekainean.

Egunotan plataforma abertzale baten inguruko ekimen batzuk ere izan dira hauteskundeei begira. Zer iritzi diozu plataforma horri?
Nafarroako abertzaleen plataforma hori EH izango dela uste dut. Jarrera guztiz zabal batetik, hori da gure apustua. Fronte abertzalea ongi dago Nafarroan baina abertzalea eta ezkerrekoa.

Baina hori ez da fronte abertzale osoa, ezkerreko fronte abertzalea baizik.
Bai, baina une honetan egoera politikoak hori eskatzen du herrialde honetan. Bestea, inor mindu nahi izan barik, jarrera erromantikoa eta defentsiboa da. Nafarroan abertzaleok, ezker abertzalekook behintzat, ez gaude gutxiengo konplexurik izateko moduan. Abertzaleok Nafarroan oso eskaintza politiko erakargarria egin dezakegula frogatzeko ez dut uste horrelako formularen beharrik dugunik. Ekainean EHk erakutsiko du abertzalegoa Nafarroan politikoki erasoan dagoen indarra dela.

Botere alternatiboa izan behar du, irizpide emalea, eztabaida eta proposamenerako gune bat... Zein izaera izan beharko luke HBren ustez Udalerrien Biltzarrak?
Hilabete honetan aurkeztuko da guk nola ikusten dugun. Politika zatikatzaileak ahaztu behar ditugu eta nazio mailako izaera izango duten gune berrien sorreraren alde apustu egin behar dugu. AEK-k, Euskaltzaindiak, Eusko Ikaskuntzak edo beste erakunde askok eman duten ereduari jarraiki, herri honetako agente sozial, politiko eta sindikal guztiei nazio mailako egituretan aritzeko dei egin behar zaie, inposatu dizkiguten mugak eguneroko jardunaren indarrez gainditzeko. Sei herrialdeetako euskaldunok ez dugu foro instituzional amankomunik gure arazoez hitz egiteko eta hori eratu egin behar da, etorkizunean zer eratako Euskal Herria behar dugun aztertzeko besteak beste.

Eraketa nola egingo da, udaletxeka, hautetsika...
Diseinua ez dago itxita baina dauden ideien arabera nahiko antolaketa mistoa egongo da, udalek, alkateek eta hautetsiek ere modu bakarrean partehartzeko aukera izango dute. Irekitasuna izango da proposamen horren ezaugarri nagusia, ikusmolde zein eraketari dagokienez. Prozesu luzea izango da, ez dut esango ehun urte baina bai batzuk, eta tarte horretan bi instituzio mota izango dira, oraingoak eta sortu berriak, hauetako lehena Udalerrien Biltzarra.

Irlandako prozesua gertutik jarraitu izan duzu. Irlandako Ipar-Hego Kontseiluaren tankerako batek balioko al luke EAE eta Nafarroarentzat?
Ez dut uste halakorik kaltegarria litzatekeenik baina ez da ezertarako abiapuntu izan behar. Lagungarriak izan daitezke baina ez da benetako apustua, apustua sujeto nazionalaren eraikuntza dinamikan nazio mailako gune berriak sortzean dago.

Sujeto nazional hori erabat lotuta dago euskal erabaki esparru ospetsu horrekin. Zein formula egon daiteke hiru zatitan banatuta dagoen euskal esparruak batera erabaki dezan?
Galderen galdera da hori. Horren atzean euskal izaera nazionala dago eta horretan datza Espainia eta Frantziako gobernuekiko daukagun lehia. Lizarra-Garaziko akordioa lehenbiziko inflexio puntua izan bazen, prozesuko bigarrena bi gobernu horiek euskal izaera nazionala onartzen dutenean etorriko da, herri honi erabakitzeko gaitasuna onartuko zaionean. Hemen prozesu subiranista bat ireki da eta bai Udalerrien Biltzarra moduko ekimenak, bai gaur egun zatiketaren berma diren egungo instituzioak prozesu hori aurrera eramateko tresna egokiak dira.

Erabakitzearen bi pentsamoldek txoke egiten dute. Abertzaleek diote, "eskubidea dagokigu, aitortu eta erabakiko dugu nahi dugunean", sozialistek eta PPk "hauteskundero erabakitzen da, lortu gehiengoa eta erabaki". Nola atera dualtasun horretatik?
Oso erraz, bigarren planteamendu hori gezur biribila da eta. Lau urtez behin egiten diren hauteskundeen bidez herriak ez dira autodeterminatzen eta horren paradoxarik argiena gure Nafarroa hau da: 1931ko Estatutuarekin iruzur historikoa egin zuten –ongi frogatua dagoen bezala–, Foruaren Hobekuntza Estatu Espainiarrean bozkatu ez den autonomi estatutu bakarra da, NATOko erreferendumeko emaitzak ere hor daude eta duela urte eta erdi Nafarroako Legebiltzarrak EAErekiko topagune iraunkorra (OPE) onartu zuen eta Nafarroako Gobernuak Madrilen blokeatu zuen.

Nafar Gobernuaren lehendakariaren hautaketan HBren botoa erabakiorra izan liteke. Izango al da jarrera aldaketarik gai horretan?
Nafarroako Herri Batasunan ez dugu hau eztabaidatu, baina nire ustez inolako konplexurik gabe jokatu behar dugu. Gasteizko Gobernua osatzeko mantendu den jarrera berdina mantenduko nuke, EHk eraikuntza nazional klabean arituko den gobernua laguntzea. Konplexuak ahaztu eta apustu gogorra egiteko garaia da, abaniko zabala dugu aurrez aurre eta guztia hartu behar da kontuan.

Zazpiak bat, Seiak bat... Argituko al dugu noizbait zenbat lurralde dituen Euskal Herriak?
Batzutan itxuran indar gehiegi egiten dugu eta ahazten dugu errealitatea. Sarritan sinbologia hutsezko debateak dira hauek. Argi dago Pirinioen bi aldetan dagoela bere burua nafartzat jotzen duen populazio zabala. Nahiz eta Nafarroa Garaiko hainbat nafarri oso arraroa egin Pirinioaz bestalde badagoela zenbait mila pertsona bere burua nafartzat duena, historikoki lotura handiak izan dira eta kontuan hartu behar da elkarrekin izandako ondare guztia. Bestetik, egia da urte asko pasatu direla zatiketa hartatik eta bi errealitate gorpuztu direla bi erreferentzialtasun desberdinekin, espainiarra eta frantziarra, hasierako komunitate bakarra bitan zatituz. Nahi diren erritmo guztiekin baina etorkizuneko proiektu batez mintzatuz gero, sei herrialdetako Euskal Herriaz arituko nintzateke

BITSA MODUAN, GORAKA
BITSA MODUAN, GORAKA
Berriozarreko 33 urteko mutil hau ezkondua da eta egun Txalaparta argitaletxeko euskal argitalpenen arduraduna. 15 urterekin hasi zen HBn, 14 urtez da zinegotzi Berriozarren eta azken hiruetan alkateorde. Batzarreko alkatea du; lehen PSNkoa izana du, bere aita, gaur egun PSNtik kanporatutako zinegotzia. Nafar Legebiltzarrerako EHren zerrendaburua otsailean ezagutuko da; izenen dantzan dago.


Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude