ERRELEBOA, DURANGOTIK DURANGORA


1999ko urtarrilaren 10an
Joan da XX. mendeko Bizkai-Arabako azken bertsolari txapelketa. Herrialdeka egiten direnetan Euskal Herriko mendebalekoa da milurtekoari agur esaten. Gero etorriko dira Nafarroakoa, urtero egiten dena, eta urtebete barru Gipuzkoakoan zein taldek irabazi duen jakingo dugu. Baina amaitu berri den Araba eta Bizkaikoak ezusteko bat baino gehiago ekarri du, pozgarriak gehienak, bizirik ezeze indartsu dagoen bertsogintzaren seinale. Eta gaztetasunean, txapelaren jabetza aldi baterako berea zela ematen bazuen ere, ihes egin dio aurten garaipenak Unai Iturriagari. Ez oso urrun ordea, Igor Elortza bertso kide eta lagun minak Durangora eroan baitu atzera txapela.
Hogeita lau urterekin ez da erraza faborito nagusiaren zama aldean eramatea. Baina zama aldean hartu eta ahal zuen onena emanda lehiatu zen Unai Iturriaga hirugarrenez txapela janzteko. «

Azkenengo biak neuk lortu dodaz eta, milurteko barrian gura dot gordeta»,
erantzun zion Bernardo Mandalunizek jarritako puntuari. Kasualitatea agian, baina orduantxe hasi zitzaion Igor Elortza Unairi honek lehenengo atalean ateratako sei puntuko aldea laburtzen.
Araba eta Bizkaiko Txapelketaren ezaugarri bihurtu da finalaren ikusgarritasuna, azken saioa, ohi denez, zortzi bertsolarik hasten badute ere, saioan zehar punturik gehien lortzen dutenek bakarrik egiten baitute aurrera. Azkenean, ondoen kantatu duten biak bakarrik gelditu arte.
Unai Iturriagak, Igor Elortzak, Aritz Lopategik, Iratxe Ibarrak, Xabier Arriaga «Txiplas»ek, Harkaitz Ugartetxeak, Oihane Enbeitak eta Beñat Gaztelurrutiak ekin zioten bada Bilboko Arriaga antzokian kantuari abenduaren 27an, aipatutako ordenean jesarrita oholtzako aulkietan. Goizeko hamaiketan hasi zen finala, eta atal bakoitzean (zortziko nagusian eta txikian ofiziotan, gaia emanda bakarka eta hamarreko txikian ofiziotan) hiruna bertso kantatuta heldu zen estraineko sailkapena. Jesarlekuen ordenaren arabera gertatu zen hain justu, eta lehenengo laurek aurrera egin zuten.
Ordurako entzundakoek eta azken urteetako ibilbideak zalantza gutxi zekarren aurrera egin behar zuten hiruren artean, durangar biak eta Aritz Lopategi alegia, baina laugarren lekua, eta beraz aurrera egiteko aukera, nork izango zuen ez zegoen argi. Telebista bidez jarraitu zutenek finala lehenago jakin zuten emaitza, txapelduna iragartzean bezalaxe, baina Arriagako pasiloetan eta komuneko ateetan zurrumurruak barra barra zebiltzan. Oihane, fin ibili da, tira, Beñat ere gustatu jat, azken hankaluzea penea izan da, Iratxe Ibarraren alde markinarrak eta Santutxuko Bertso Eskolakoak, «Hogeitabira baietz!» pankartarekin atondu ostean antzokia –markinarraren eta Beñat Gaztelurrutiaren lagunek eraman zituzten animatzeko oihalok–, Harkaitz Ugartetxea ere ez zen oso urrun egongo laugarren postutik... azkenean Iratxe Ibarrak osatu zuen laukotea, Ugartetxeari puntu bi bakarrik ateraz.


AZKEN TXANPA, ERABAKIORRA.

Araba eta Bizkaiko Txapelketan atal honetara erdiesten den lehen emakumea da Iratxe Ibarra beraz, orain lau urte finalera heldutako lehena izan zen bezala. Aurten ere, bi izan dira estreinakoz Arriagako oholtzatik kantatu duten neskak. Eta aren batean, txapela ere izango du honek edo hark seguraski. Baina oraindik nabarmena zen Unai, Igor eta Aritzen nagusitasuna. Hala ere, Unairen erregetzak lehen arraildurak ageri zituen: ordura arte, bai kanporaketa saioetan, bai Zaldibarko finalaurrean ere, argi gailendu zitzaien beste bertsolari guztiei, eta aurrekinek indartu egiten zuten faborito izaera. Aritz Lopategik eta Igor Elortzak itzal egin bai, baina hortik gehixeago lortuko ote zuten zen galdera nagusia. Eta non eta azken txanpan nagusitu zen Igor. 403, 395, 397 eta 371 punturekin egin zuten Unaik, Aritzek, Igorrek eta Iratxek aurrera. Markinarrak bazuen harro egoteko arrazoirik burua laukotean sartu ostean, baina urrunegi zeukan ordurako txapela. Edozelan, emaitza ezin hobea lortu du, bere saioan garaile izan zen finalaurrean punturik gehien lortu zuen bertsoa kantatuz gainera, eta finalean ere txukun ibili zen.
Beste hiruren artean, aldea ez zen gehiegia Unairen alde, eta puntuari oso ondo erantzun zion Igor Elortzak. Aritz Lopategi ere orduantxe gelditu zen beste biak baino atzeraxeago. Beraz, azken saiorako bazetorren erreleboa. Unai Iturriaga-Jon Enbeita duela lau urte, Unai-Aritz Lopategi orain bi, eta Unai-Igor Elortza aurten. Lehenengoz lehiakide gazteagoa zeukan ordura arteko txapeldunak azken txanpan, ordurako aurretik zihoakion gainera, eta ofizioan, bederatzi puntukoan eta kartzelako lanean areagotu egin zuen aldea. 838 puntu lortu zituen Igorrek, Unaik baino hogeita lau gehiago, eta txapeldun berria da Euskal Herriko Mendebalean.
1990ean hasi zen lehenengoz txapelketan, eta estreinakoan heldu zen finalera, artean hamabost urte zituela. Askok daukate oraindik mutiko haren irudia gogoan, Arriaga handi etorri omen zitzaion, baina azkenean zelan altxatu zen harro. Ordutik apurka apurka landu du, eta hogeita hiru urterekin finalean beteranoa izaki –bostgarrena izan du– txapela lehenengoz janztea lortu du. Ohiko txalo zaparradak jaso zituen txapeldun berriaren izendapenak eta bere ingurukoei eta presoei eskaini zien azken agurrak, baina beste zerbaiten seinale ere bazen.
Kanporaketetan zein final aurreetan gelditu ziren faboritoek (Juanjo Respaldiza, Jon Enbeita) argi erakusten zuten ez zegoela aurretiaz ziurtatutakorik, edonork egin zezakeela kale gutxien espero zenean. Baina Unai Iturriaga herrialdea gainditzen duen mailan dago, Euskal Herriko elitean dabilen bospasei bertsolarien ingurunean, eta oso gutxik egiten dute berak adina saio. Beste edozer baliteke, baina aurretiaz erakutsitako nagusitasunak hirugarren txapela berea izango zela pentsarazten zion jende gehienari. Ustekabeen, aurpegi berrien eta aldaketen txapelketa izan da hau ordea, eta gorengo lekuari gogor ekin zion Igorrek. Saio fina egin zuen, eta hogeita lau puntuko aldea zerbaiten erakusle da.


EZUSTE EDERREN GOIZA.

Sari banaketaren txanda heldu aurretik, ustekabeko omenaldia egin zieten Harkaitz Ugartetxeak eta Beñat Gaztelurrutiak Bizkaiko bertsogintza suspertzen lan handia egin duten hiru pertsonari. Saioan zehar esan zieten ezustekoa prestatzeko, eta Igorrek bere kartzelako lana amaituta, Bernardo Mandalunizi konplizitatez mikrofonoa kendu ostean Xabier Amuriza, Jon Lopategi eta Jon Enbeita deitu zituzten oholtzara igotzeko. Egun hartan txapela jantziko ez zuten hiru txapeldunak, Ugartetxeak izendatu bezala, ikuslegoaren artetik irten ziren, eta saioko une hunkigarrienetakoa sortu zen. Bizkaiko bertsogintzaren kimuek sustraiei gorazarre.
Izan ere, oholtzan zeuden zortzirak, era batera edo bestera, hiru haiek hasitako eskolatik baitatoz. Jon Enbeita finaletik kanpo geldituko zela zirudienean, aldaketa handiko txapelketa zela iragarri zuen batek baino gehiagok. Gaztetxoenak oso itxura ona eman zuten kanporaketetan, eta indartsu datoz bultzaka, Arriagara inor heldu ez bazen ere. Oihane Enbeitak aitari hartu zion lekua, oso saio dotorea egin zuen Ibon Ajuria ateetan utziz, eta Beñat Gaztelurrutia ere lehengoz sailkatu zen Bilboko finalerako. Gazteak, baina luzez trebatuak, irakasleekin hasieran, eta plazaz plaza jarraituta. Txiplasek zortzigarren postua lortu zuen, baina finalera sartzea saria da bizpahiru ez beste guztientzat. Kontuan izanda Errigoitikoak behe behetik hasi zela, sailkapen saioetan, espetxetik irten berritan ez baitzuen final erdietarako txartela lortu. Esan bezala, bere maila agerian utzi du Txiplasek, eta ofiziotan sekulako erantzunak entzun ahal izan zaizkio final aurreetan bezala finalean. Bat baino gehiago poztu du Txiplasen kantakerak. Hogeita hamar urtera heldu ez den Aritz Lopategi finaleko beteranoena izatea zerbaiten seinale izateaz gain, bertsogintzaren esparru bat ostenduko litzateke agian, baina aurten behintzat, ederto ibili da Txiplas.
Azken atalera pasatzear izan zen Harkaitz Ugartetxea ere. Puntu bik itxi zioten atea. Edozelan, argi erakutsi du duela urte bi ez zela kasualitatez finaleraino iritsi, ordukoa ezustekoa izan baitzen, eta oso gauza itxurosoak entzun zitzaizkion mallabiarrari. Eta seguru entzun ahal izango dizkiogula oraindik ere. Non ibilia behintzat etxean bertan dauka, anaiari ere gutxi falta izan baitzaio Arriagan egoteko.


ELKARTEA, POZARREN.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak dauka urte birik behin Araba eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketa antolatzeko ardura. Igandeko bertso mozkorraldiaren ostean, Zornotzako egoitzan txapelketa ostekoetan zebiltzan arduradunak, eta poza nabaria zen. Balantzea egin barik izan arren, aurtengo erronka arrakastaz joan dela aipatu zuen Joxin Iturrioz Elkarteko liberatuak. «

Oso polita izan zen atzoko goiza, bertsogintza indartsu dugula Bizkaian argi gelditu zen, eta ez dagoela etenik
». Izan ere, gazteak heltzen hasi zirenetik lehengoz gertatu da erreleboa, eta txapelketaren naturaltasun hori datu positiboa da inondik ere.
Erronka finaletik haratago joan da ordea. Inoizko txapelketa handienari aurre egin behar izan dio Elkarteak, han hemenka saio motak antolatzeko udalekin harreman sarea sortu eta ia urte osoko lanaren fruituak orain ageri dira. Berrogeita hamabi bertsolarietatik zortzik lortu zuten Arriagan kantuan ibiltzea, Igorrek bakarrik txapela, baina atzean dagoen oinarria argi dago sendoa dela.

«Horren txapelketa luzearen
–ekaina amaieran hasi baitzen–

arriskua jendea nekatzea ere bazen, baina finaleko saioan Bilboko Arriaga antzokia gainezka egon zen, giroa ezin hobea izan zen, eta goiza borobiltzeko, bertsolariak ere oso fin ibili ziren, tarteka goi mailako ateraldi ugari entzun genituen
», aipatu zigun Iturriozek. Lehenengoz, Arriaga antzokirako sarrera erostean jesarleku zenbakia ere bazekarren. Kontuan hartzeko zenbait arazo salbu, erabaki ona izan zela gaineratu zuten Elkartekoek, beste urte batzutan antzokiko ateak zabaltzean egoten ziren lasterketak ekiditeko eta ikusle guztiak patxadaz heltzeko final handiraino

«Ez dut entrenamendu berezirik egin»
Finala amaitu ostean Bilboko Kafe Antzokian bazkaldu zuten bertsolari eta antolatzaileek, eta seguru aski luze joko zion ospakizunak Igor Elortza txapeldunari, baina final ostean hasitako elkarrizketa aldi luzeak ez zion barkamenik eman goiz osoan. ARGIAren deia ere orduantxe jaso zuen, eta goiz zoro xamarra zela onartu arren, ezin izan zuen lortutakoagatik poza ezkutatu.
Bai, zelan ez naiz ba pozik egongo. Saio itxurosoa egin nuela uste dut, gustura ibili nintzen kantuan eta begira, txapela.

Saioko zein ataletan sentitu zinen zure buruarekin gusturen?
Finalean gustura kantatu nuen orohar, baina aukeratzekotan, bigarren ataletik aurrera, azken laurak gelditu ginenean, Bernardok emandako puntuei erantzuterakoan adibidez, ondo joan zirela igerri nuen.

Eta egindako ofizioen artean aukeratzekotan?
Ba, Unairekin egin nuena... (barrez, hiru bider egokitu baitzitzaion txapeldun oiharekin kantatzea). Tira, bigarren atalekoan Aizak hi mutil mainontzi neurrian fin ibili ginela uste dut, ideiak eta ekartzen eta saio hura uste dut ondo irten zitzaigula.

Beste urte batzutan Unai eta biok elkarrekin ibili zarete txapelketa prestatzen. Aurten txapela kendu diozu. Batera entrenatu duzue aurten ere?
Ez, asko kantatu dugu elkarrekin baina prestakuntza berezirik egiteko astirik ere ez dut izan. Gainera, saioak-eta eginez gero lanaren zati handi bat hor dago, aritzean, nahiz eta beti egon etxean hobetu eta landu litekeenik, errimak eta ideiak ekartzerakoan batez ere, baina bestelakoan kantakera-eta saioetan egin izan dut, aparteko entrenamendu barik

Amurrio 1998-10-18
Unai Iturriaga
Beñat Gaztelurrutia

LANA:

Ofiziotan, hamarreko txikian.


GAIA:

Zuek aita semeak zaree, zu Unai aita eta Beñat semea. Semeak, Unai, gura izan dituen jostailu guztiak lortu izan ditu beti. Gaur kartoizko kaja bategaz olgetan topau dozu

UNAI
Ume ginela ez ginen izan
Inongo jostailun jabe,
ta semeari ekarri deutsaz
ta berak eskatu bage.
Baina larregi ez dau eskertu
kajaz dabil parez pare
dana emonda gure erara
jolasten amaitu dabe

BEÑAT
Erregaluak etorri dira
behintzat gure etxera maiz,
ta gure aita konturatu da
gertatzen danagaz garaiz.
kaja batekin hor topatu nau
gainera aurpegi alaiz,
nintendo baten kaja zen eta
zer zen begira hasi naiz.

UNAI
Kaja bakarrik gure dau honek
ez dau gura nintendorik,
hainbeste opari ta jostailugaz
semea neuken tontorik,
ta azkenerako hau ikusita
ondo asko ikasi dot nik,
ez dagoela irudimena
baino jostailu hoberik.

BEÑAT
Gure aitatxo argia ez dela
iruditzen zait uneka,
kaxa batekin zure semea.
ezin da egon aseta.
Hainbeste ez dut eskatzen eta
jarri egizu arreta.
horrelako bat gura dot aita
baina barrua beteta.

UNAI
Emon deutsuaz mila opari,
baina igual hiru mosu,
ta ez deustezu ein sekula santan
nire semetxoa kasu.
Oparitu ta albo batera
dana itxi dozu aizu,
zertako dozu kaja betea
burua hutsik badozu.

BEÑAT
Argi ta garbi ikusi dut nik
gure aitaren asmoa,
ez dut pentsatzen erabakia
izan leikenik sanoa.
Barriro ere zapuztu deusta
barruan neukan gogoa,
zuk baino gehiau maite nau ta
amatxorengana noa.

Iker Belaustegi

LANA:

Bakarka lau oinak emanda.
Nafarroak be laguntza
gaur eskatu

deusku
,
Zangotzan hainbeste kanta,
hainbeste

aurresku
.
Gure hizkuntza, egia esan,
dabil nahiko

estu
,
eta jarraipena du
euskaldunon

esku
.

Ibon Ajuria

LANA:

Bakarka, azken puntua emanda.
PSOE eta PP
kontra dagoz

antza
,
gure lorera sartu
nahi hainbat

arantza
.
Abertzaleok egin
daigun gure

dantza
,
oraindik ez da galdu
gure

esperantza
.

Arkaitz Estiballes

LANA:

Bakarka, azken puntua emanda.
Gure ideiak halan ta holan
ezin ditugu eskegi,
Barrionuevo ta Vera ez daude
etxetik hain urrunegi,
ta euskal presoak barreiaturik
behar omen dute segi?

egunokaz guk ikusten dugu
injustizia larregi.
Unai Iturriaga

LANA:

Bakarka


GAIA:

Aurten ehun mila ume gitxiago hasi dira eskolara.
Esaten dabe gure geroa
daukagula hor jokoan,
umerik ez ta zaharrak gehiago,
zer egongo da geroan.
Danak dinoie ez egoteko
zahartzeko esperoan,
mezua danoi heldu jatzue,
gazteontzat zan gaurkoan:
txapela kendu egin behar dala
ogera sartzerakoan.
Lehen munduan gainbehera goaz
hori da askoren pena
ta umeak gosez hiltzen ei dabiz
beste munduan barrena.
Agintariek emon deuskue
espabilatzeko ordena,
saiatzen gara ekarten baina
ahalegina ez da dena,
ekarri eta hezi egin behar da
ekartea da errezena.

Kepa Intxausti

LANA

: Bakarka.


GAIA:

40 urte daukazuz eta ondino ez dozu karrera amaitu.
Nahiz ta berrogei urtegaz
nahi patxada hartzea,
ezin harturik aurrea
ezin hartu atzea.
Bizimoduan guztiok
euki dogu batxea;
hala ta ere erreza
daukagu onartzea,
nahiz ta ezin dodan lortu
karrera amaitzea
ez da hain zaila izango
Guinessean sartzea.

Gatika 1998-10-25
Unai Ormaetxea

LANA:

Bakarka.


GAIA:

Harrijasotzailea zara. Orainartean inoz altxa ez dozun harriaren aurrean zagoz.
Anoetako pistan nagola
ezin orain disimula;
ez badut taila ona ematen
egingo didate burla.
Telebista ere grabatzen dago,
hauxe da hau pelikula,
baina ez naiz sentitzen ahula.(bis)
Argi dago hemen zuk eta biok
erronka gatxa dugula,
oraintxe zoaz gorantza, edo
ez zara joango sekula.
Hilabetetan ez dut egin ez
nik alperrikako lanik,
eta sekula preparatzeko
organizatu ere planik.
Haize guztiak alde dauzkat ta
ez zait faltatzen afanik,
hirurehun kilo izanik.(bis)
Bakarrik entzun nahi dut:" ze ona
zaren!", jendearen ahotik,
nire ohorea dagoelako
errekorraren gainetik.

Xabier Arriaga «Txiplas»

LANA:

Bakarka, azken puntua emanda.
Aspaldi baten gure artean
oztopoa ta abarra;
batzun aldetik oso gogorra
gure kontrako indarra.
Baina emon dan pausua ez da
izan guretzako txarra,

etorkizuna eraikitzeko
aukeratu zan lizarra
Onintza Enbeita
Jon Enbeita

LANA:

Ofiziotan, zortziko txikian.


GAIA:

Zu, Jon, perretxikotan joan zinen eta batutako batzuk Onintzari emon zeuntsozan. Urrengo egunean ospitaletik deitu dautsu.

JON
Perretxikoek egin
dautsuela kalte;
neuk ere jan nebazan
nintzan ase, bete,
eta hemen naukazu
sano eta tente
zerbait jango zenduan
horretaz aparte.

ONINTZA
Kaixo, osaba, hemen
iloba Onintza,
ez da makala izan
ez zure bengantza.
Perretxikoen bila
salto eta dantza,
Gatikarako beldur
izan zinen, antza.

JON
Ene loba badozu
makina bat kemen,
hara gauzak argitzen
zelan hasi diren.
Beneno kontu hori
asmatu zenduen,
Gatikan neure kontra
ez egitearren.

ONINTZA
Horrelakorik niri
ez didazu egin maiz,
ta oraingoan ere
ohartu naiz garaiz
nahiz ta egongo zaren
zu umore alaiz,
lasai egon Gatikan
han agertuko naiz.

JON
Astindu behar dogu
alkarren narrua,
begira izango da
entzule korrua,
baina asetzen ez bada
zerorren barrua,
nire perretxikoei
ez emon errua.

ONINTZA
Afizioa duzu
perretxikotako,
oraingoan izan da
nire kalterako.
Nahiz eta beherazkotan
nagon nahiko txarto,
horren errez ez nozu
alperrik galduko.

Arkaitz Ugartetxea

LANA:

Bakarka.


GAIA:

Gaur hasi zarie eskolara. Ume guztiak egon dira negarrez, zu izan ezik.
Eskolan sartu behar nintzenik
ez nuen uste lehenago;
sehaskatxoan egon izan naiz
ni zorionez luzaro,
baina adinez aurrera noa,
ta kontu hoiek akabo.
Denok negarrez zaudete eta
hain egiten zait arraro,
amaren bronkak entzuten baino
hemen askoz hobe nago.
Lagun hauekin bat ezin leike
ailegatu urrutira,
klase berean hogei bat lagun
egongo gara guztira.
Negarrez dauden nere lagunei
jarrita nago begira,
andereñoan gonapeetan
hara ta hona jira-bira,
astebete bat pasa baino lehen
espabilatuko dira

Peru Aranburu

LANA:

Bakarka, lau oinak emanda.
Etxean zabaldu ta
gaur saio bat

zana,
neu baino urduriago
ibili da

ama.
"Trankil kantaizu Peru",
horra hark

esana,
tente egoten ere
badaukat ba

lana.
Onintza Enbeita

LANA:

Bakarka, lau oinak emanda.
Gure aitak gordeta
dauka kortan

txahala
,
Atze ederrak eta
nabarra

azala
.
Badakit aspaldian
saltzekotan

dala
,
ez dugu kobratuko
tajada

makala
.

Munitibar 1998-11-01
Igor Elortza
Joseba Artza

LANA:

Ofiziotan, zortziko nagusian


GAIA:

Hauteskundeak pasa dira. Zu, Igor, kezkati, dendara zoaz zeure senarra ikusten zara, eta zu, Joseba itxaropentsu...

IGOR
Aurtengo urtean makinatxo bat
mitin entzun doguz ozen,
abertzaleek bere bidea
hartu gura eben zuzen.
Aro barrian gagozanik gu
nik behintzat ez dot pentsatzen,
hauteskundetan esandakoa
sekula ez da betetzen.

JOSEBA
Fede onean oinarritzen da
nire buruko eskema,
bazirudien bageneukala
izugarrizko problema.
Zu penatuta aurkitzen zara
nik ez dakit zeren pena,
indarberritu egin zaigu ta
indargabe uste zena.

IGOR
Aurtengoan be hor euki dogu
propaganda ta mitina
gero eguna heldu ta jaso
dabe euren etekina.
Joseba pixkat pentsau egizu,
aspalditik da jakina,
ilusinoa ereindakoak
batu ohi dau gero mina.

JOSEBA
Zuk esandako azken ideia
ez al da oso gogorra,
ilusioa dugu ,hain zuzen,
gizarte honen altxorra.
Ni pozik nago ta zergaitia
kontatuko dizut horra:
Abertzaleen garaipena da
ondorio orokorra.

Oihane Enbeita
Eñaut Intxaurraga

LANA:

Ofiziotan, zortziko txikia


GAIA:

Zu, Oihane, Eñauten sendabedar gaztetzeko erremedioaren bila.

OIHANE
Senarra gaztetzea
nire guraria,
ea nolakoa den
zure belardia.
polita izan daiten
haren aurpegia,
milagrorik ez dut nahi
baina ia-ia.

EÑAUT
Hor zabiltza eskean
ekin eta ekin,
atera nahi dozu ta
hainbeste etekin.
Baina nik holakorik
zuri emon ezin,
ni gazte nago eta
etorri neurekin.

OIHANE
Senarra etxean daukat,
nahiko zahartuta,
ta eman belar batzuk
enpaketatuta;
zeu ere etorri zaitez
besotik helduta,
biak hartu nahi ditut
bakarra ordainduta.

EÑAUT
Esan dozu ta zagoz
hortxe hatakotzat,
hartu beharko dautsut
dana aintzakotzat.
Ezertxo ez daukat nik
zure senarrantzat,
zure bularrentzako
zeozer badaukat.

OIHANE
Egin nahi dizkidazu
hainbeste mesede;
lotsa galtzeko ere
hainbeste balore.
Bularrak sendatzeko
mila abilidade,
baina nire bularrak
oso ondo daude.

EÑAUT
Gai horren gainean nik
luze dot hausnartu;
bularrak ondo dozuz,
ezin dot ukatu.
Proposamen bat daukat,
mesedez pentsatu,
senarra zaharra dozu
ta erretiratu.

Unai Elorriaga

LANA:

Bakarka


GAIA:

Menditik zatozen ur gardena zara. Bidea amaituta ,ur lohiakaz egin dozu topo.
Txor-txorka noa behera bidean
oso alai, oso ozen,
birginitate purua mendi
tontorrean gelditu zen.
Ikusten denez, argi ta garbi,
galbidera noa zuzen,
baina gaztetan ikasi nuen
anaia ere maitatzen.

Beñat Ugartetxea

LANA:

Bakarka.


GAIA:

1,70 m esijitzen dan lanpostu baterako eskaera egin dozu eta zentimetro bategaitik kanpoan geratu zara.
Gaur gertatu zait itzela
nere ustea ustela,
hori ezin dut nik arrazoitu
laguna bestela.
Esan nahi diet honela,
konponbidea duela,
zentimetroko suelak duten
zapatilak badaudela.
Sortu dit horrenbeste gaitz
jausi da hainbeste ekaitz.
Ai, jaunak, zenbat arazo dauden
gaur sartzeko apaiz.
Horrela egon behar banaiz maiz,
atenditutzeko garaiz,
besterik ezer ez baldin bada
oin puntetan egongo naiz.

Santurtzi 1998-11-08
Ander Olega
Aritz Lopategi

LANA:

Ofiziotan, zortziko txikian.


GAIA:

Kuban zagoze oporrak pasatzen zu, Ander, andreagaz eta Aritz bakarrik.

ANDER
Hartu diot azkenik
Kubari tamaina,
asko dira neskak ta
rona eta kaina.
Hona emazteakin
heldu nintzen baina
igual beste batekin
noa alajaina.

ARITZ
Andreagaz heldu da
hau gibel zabala,
honen istorioa
ez dogu makala.
Hau zelan etorri dan
esango dot hala:
Errioxara ardauaz
joatea bezala.

ANDER
Biok ere gabiltza
Kuba aldean fin,
nahi genduken guztia
ia egin ezin.
Interkanbioak ditut
nik oso atsegin,
zoaz zu Bermiora
neure andreakin.

ARITZ
Entzun behar ditugu
hamaika halako,
nire laguna heldu da
Kubara galako.
Andrea eskaini daust
Bermio alderako,
zeuk ekarri zenduen
eta zeuretzako.

ANDER
Nire andreak badu
pila bat birtute,
baina gauza askotxok
kantsata naukate.
Zerbait lortu behar dut
andra horren truke,
igual Fidelek berak
onartuko luke.

ARITZ
Zure andragaz daukagu
mila gorabehera,
ezin baitozu egin
aurre ez atzera.
Eroaizu andra hori
Fidelen etxera,
eta goazen gu biok
rona edatera.

Leire Bilbao

LANA:

Bakarka, lau oinak emanda.

LEIRE
Pinochet juzgatzeko
bada

ahalegina
justiziak egin du
hortxe lan

bikaina
Oraindik epaitzeke
aurkitzen da

baina
Ezin leike parkatu
inoiz hark

egina
Marta Ortiz

LANA:

Bakarka, hamarreko nagusian.


GAIA:

Pasareletako modelo famatu bat zara. edadean gora zoazela konturatu zara.
Hogei urtekin ia bulego
izan nuen pasarela,
kritiko eta holakoentzat
izan nintzen top modela.
Gaur Europara, bihar Txinara,
bizi guztia horrela,
baina azkenik konturatu naiz
guztia dela krudela,
ta larrosarik ederrena be
zimeldu egiten dela.
Modeloaren bizitza beti
bada nahiko berezia,
dirua askotxo irabazita
baina ondo merezia.
Kiloak galtzen hasi nintzela
galtzear ia bizia.
Eta munduan tamalez nago
denetarik ikusia,
baina inortxok ez dit kenduko
biziak irakatsia.

Iñaki Aurrekoetxea

LANA:

Bakarka, azken puntua emanda.
Gaur Igorrera joango gara,
pasa ostean ehun apuru;
lobatxoaren musu ezti bat
izango dala helburu.
Baten lekuan bi edo hiru
emongo daustaz seguru.

gauza txikiak sarri askotan
zoragarriak ditugu
Asier Otamendi

LANA:

Bakarka, azken puntua emanda.
Paktuko den Gobernuari
esan nahi diot lehenbaitlen,
zeregin frango ta lan ugari
badadukatela hemen.
Langabezian tasak jetsi ta
eraiki ahalik ongien

ezkerraldean euskalerria
danak maitatu dagien.
Aritz Lopategi

LANA:

Bakarka, lau oinak emanda.
Bihar gernikan dago
azoka

beroa
,
gure baserritarren
orain ta

geroa
.
Ugari saltzen dabe
bertan

jeneroa
.
eta dudarik barik
neu ere

banoa
.

Zamudio 1998-11-15
Anertz Muniategi
Mañukorta

LANA:

Ofiziotan, zortziko txikian.


GAIA:

Neguko oporraldia preparetan zagozie. Zuk, Anertz eskiatzera joan gurako zeunke; Mañuk ostera karibera.

ANERTZ
Gaur gure helburuak
nahi ditugu aipa,
mendia ta hondartza,
badaude hamaika.
Zure inbidiz ez naiz
hasiko gaur aika,
mendian ere ondo
eskiatzen baita.

MAÑUKORTA
Elur zuri haunditan
hor mendi tontorrak,
hoietan sortzen dira
ezbehar gogorrak.
Ondo pasatutzeko
neguko oporrak
Karibera joan behar du
euskaldun jatorrak.

ANERTZ
Kariben egin nahiko
luke honek proba
baina ez da helduko
seguru inora.
Han graduek egiten
dute oso gora;
elurretan beroa
nabariago da.

MAÑUKORTA
Elurrean zertako
eski hoiei tira;
nik ez nuke joan nahi
holako mendira.
Kariben jarritzian
neskatxei begira,
baju daudenak ere
altxatutzen dira.

ANARTZ
Kariberaino zoaz
maleta hartuta,
zure gogoa ezin
baituzu izkuta.
Desio hori normala
da ta nola uka,
Jainkomendian nahiko
elur baduzu ta.

MAÑUKORTA
Elurra txarra zala
lehenagotik nekin
Elko-Nevadan zazpi
urte ein nitun fin.
Oporrei emateko
nahi hainbat etekin,
ondo pasatutzera
etorri nerekin.

Ibon Iza

LANA:

Bakarka, azken puntua emanda
Ai familia gelditu jaku
behin betirako zintzilik;
gure arreba etxetik joan da
gauean isil-isilik.
Baina, Aitziber, zuk badakizu
gure etxean oraindik.

gure etxeko atea dozu
lehengo moduan zabalik
Juanjo Respaldiza

LANA:

Bakarka, azken puntua emanda.
Eguraldia hasita dago
sasoi hontako planean,
ta ultzerea hortxe hasi da
musturka bere lanean.
San Martinetan sartu gara ta
ez nago zorionean,

erregimena egin beharra
buskantz sasoia danean.
Etxahun Lekue

LANA:

Bakarka, lau ionak emanda.
Euskalerrian izan
da nondik

ikasi
,
Irlandarrek gauza asko
digute

irakatsi
.
Ta beraien bidean
ia garenez

hasi
inork ezingo digu
nahia

galerazi
.

Iratxe Ibarra

LANA:

Bakarka, hamarreko txikian.


GAIA:

Aulestiko alkatea zara. Gaur, militarrez inguratuta aurkitu dozu herria.
Kalean zehar doaz
ederto jantzirik
eta jende guztia
dago harriturik.
Baina susmo eskasa
hartua diot nik,
aprapos gabiltzala
uste dut jadanik,
herri intsumitua
dela hau jakinik.
Galdera egin didate
herritar xumeek,
baina neuk be ez ditut
holakoak laket;
eta hemendik asko
neuk be egin dezaket,
jakin bezate orain
hau ikusiz denek
zer ein behar ez duten
herriko umeek.

Getxo 1998-11-29 (finalaurrekoa)
Jon Enbeita
Iratxe Ibarra

LANA:

Ofiziotan, zortziko nagusian.


GAIA:

Zu, Iratxe, 55 urteko behargina zara. Fabrikako ugazabak jubilatzeko dinotsu, Jon gazteak zure postua hartu dagian.

IRATXE
Jubilatzeko ere helduko zait
halako baten eguna,
baina oraindik horretarako
ez nago gertu laguna.
Ez zait batere gustatu niri
ugazabaren jarduna,
esperientzia kendu nahi baidu
ta sartu ezjakintasuna.

JON:
Nire ustean zuzenki dautsu
gaur ugazabak gomenda,
begira zazu ingurunera
zeure baitatik irtenda.
Esperientzia ez da dendatan
erosi daiteken prenda,
esperientziaz ez gara sortzen,
aritzeatik heltzen da.

IRATXE:
Baina gabiltza lantegi hontako
teilatuari harrika,
nagusiari egingo diot
behin da berriro kritika.
Zertan zatoz zu gaur niregana
lanpostu honi segika,
gurera gero etorri zaitez
beste nonbaiten hasita.

JON
Ez zara gero portatzen gizon
behar zaunken bezain jator,
inbidi edo zelo kutsu bat
ikusten dot nik hor
Nigaz beherantza joango dala
zetan zatozkit hain gogor
derrigorrezko gizonik ez da
ez zu eta ez beste inor.

IRATXE
Ez nabil zure inbidiz lagun,
soilik lanan afanean;
antza gehiago ez naiz sartuko
nagusiaren planean.
Alargunduta nago atzotik,
gaur ez naute nahi lanean.
Zer egingo dut bakar bakarrik
etxeko isiltasunean.

JON
Zuk ez dakizu jubilatuek
zenbat aukera on daben;
zure problema hori ez dala
hasia nago sinesten.
Zu ere ez zinan gaur egunean
lanean izango hemen
gaur nigaz egin gura dozuna
zeugaz be egin baeben.

Ander Oleaga

LANA:

Bakarka, lau oinak emanda.
Bake prozesua da
gaur egun ORAINA
inortxok ez gaitzala
gerora ENGAINA.
Orainarte zertxobait
egin dogu BAINA,
oraindik ez herriak
merezi dun HAINA.

Anertz Muniategi

LANA:

Bakarka, berbea gaitzat hartuta, hamarreko nagusian.


GAIA:

Euroa.
Europa dela eta ez dela,
askok eduki du kexa;
dirudienez emango digu
europarroi babesa.
Ez dut pentsatzen izango denik
eskuratzea erreza,
bakoitzak bere usteak ditu
ta hola jarraitu beza.
Europarako diru berria
aberastasun amesa.

Gregorio Larrañaga "Mañukorta"

LANA:

Bakarka.


GAIA:

Hamar urte daroazuz etxea pagetan eta ondino erdia daukazu pagetako.
Ondo pentsatzen jarri ezkero
begietara negarra,
hamar orduan lana eginda
hamaika egin beharra.
Hala ta ere nagusi jaunak
jartzen dit arpegi txarra.
Jana ere gutxi jan behar eta
altzen ari naiz indarra.
Kaiola hori ordaindu gabe mundutik joan beharra.

Zaldibar 1998-12-06 (finalaurrekoa)
Unai Iturriaga
Xabier Arriaga

LANA:

Ofiziotan, zortziko txikian.


GAIA:

Zu, Xabier, Urkiolan zagozala Unai zure lagun hau eta ezkondua bera, hango harri famatuari bueltak emoten ikusten dozu.

XABIER
Harri hau dala ta ez dala
hainbeste algara,
batzuk hor jotzen dabe
egun eta gaba,
baina zu ikusita
hauxe da ikara,
bigarrenaren bila
etorri al zara?

UNAI
San Antoniok badeuko
horrenbeste ospe,
baina hain ona danik
nik neuk ez dot uste.
San Antoniori nabil
hemen kontu eske
andrea eskatu ta
sorgina emon deuste.

XABIER
Ondo ikasita dot
aspaldian lana,
eta nik ondo dakit
askon panorama,
hainbestentzat egin dot
tontor hortan plana,
bakotxak eroaten dau
merezi dauana.

UNAI
Honi buruz badago
hainbeste liburu,
eta bat irakurtzen
pasau doaz lau ordu;
hogei buelta emonda
polita seguru,
ta ehun emon ezkero
Ane Igarteburu.

XABIER
Zure zoriona gaur
ez datortzu berez,
nahiz eta nik aukera
ipini hain errez,
San Antonio beti
dabil behar dan legez,
zuk ehun buelta emon dozuz
ta danak aldrebes.

UNAI
Neu konturatu ez ta
hor sartu dot hanka,
ontxe bai egin dot nik
eder ta galanta;
bueltaka ta aldrebes
a zelako lata,
igual kuadrilakon bat
tokatuko jata.

Asier Otamendi

LANA:

Bakarka, hamarreko nagusian.


GAIA:

Hamar urtean egunero egunero joaten iza zara ospitalera, koman egoan zure semea bisitatzera. Gaur seme hau berbetan hasi da.
Hamar urtean bizitza eta
heriotz arteko helmuga,
zenbat unetan eduki dudan
negargura ta tristura.
Aterako zan edo ta ez zan
mediku guztiek duda;
baina azkenik zure koma hori
ez da pasatu puntura,
hamar urtetan nahi izan dudan
une gozoa heldu da.
Tunel iluna pasatu dugu,
baina hortxe irteera,
animoz gaindi aurkitzen naiz ni
ta poza daukat soberan;
gu biok gaurtik aurrera, noski,
pozikan biziko gera.
Aita hartu ta hortik joateko
izango duzu aukera,
bizi berri bat hasten baitzaigu
une hontatik aurrera.

Beñat Ugartetxea

LANA:

Bakarka, berbea gaitzat hartuta, hamarreko nagusian.


GAIA:

Gripea.
Gripearekin asko ta asko
egoten dira penetan,
garraztasuna sentitzen baita
eztarrietan berbetan;
baina ez pentsa horrek ni jartzen
nauenik txarto ta ketan,
gustora asko hartutzen baitut,
jaunak, gripea benetan,
ikastolara ez joateko
azterketa egunetan.

Etxahun Lekue

LANA:

Bakarka, lau oinak emanda.
Abertzaletasuna
ei doa GORANTZA;
gobernu abertzale bat
izango da, ANTZA.
Uxa ditzagun, bada,
hainbeste ZALANTZA,
eta jaso dezagun
gora ESPERANTZA.

Bermeo 1998-12-13 (finalaurrekoa)
Aritz Lopategi
Arkaitz Ugartetxea

LANA:

Ofiziotan, hamarreko txikian.


GAIA:

Aritz kotxeko atea ireki ezinik dagoala, Arkaitz ertzaina urreratu jako.

ARITZ
Kotxeari ezin dautsat
gaur hartu tamaina,
giltza ez da barrura
sartzen alajaina!
Eta begira orain
daukadan ordaina.
Kotxea edegi ezinik
hemen nabil, baina
neure kotxea da ta,
lasaitu ertzaina.

ARKAITZ
Parrandan jardun duzu
gaurkoan jo ta su,
etxerako bidean
hainbeste arazu,
baina laguntzeko prest
hementxe naukazu.
Aziertatu ezinik
txarto zabiltz aizu
alkolemi kontrola
egin beharko zaizu.

ARITZ
Pixkat berotzen ere
hasi da giroa;
kontrola egiteko
ei da motiboa.
Ertzaina jarri jata
orain hain beroa
eta alkolemia
egitera doa.
Putz eiteko prest nago
nun dago tuboa.

ARKAITZ
Horri beharko zaio
ganoraz erantzun,
hortxe juntatu gara
gaurkoan bi lagun;
erdi mozkor zaudela
ez al da ezagun.
Zerbait esango dizut
eta ondo entzun:
ia tuboa behintzat
azertatzen duzun.

ARITZ
Tragutan gelditu naiz
ni nahiko itoa,
zelanik amaituko
ete da gaurkoa,
hasarre xamar jarri
da hemen tipoa.
Ertzaintza beti izan da
nire gogokoa,
koino! zu Arkaitz zara
Mallabiakoa.

ARKAITZ
Zure lagun naizela
eingo dizut uko.
Erabili dituzu
horrenbeste truko.
Hementxe gaude biok
elkarren gertuko,
ze aurpegi daukadan
zeu zara lekuko,
zati batean behintzat
ez zaizu ahaztuko.

Ibon Ajuria

LANA:

Bakarka, lau oinak emanda.
Arriagan guk egon
gura dogu EGIZ,
horri buruz pentsatu
dogu hainbat ALDIZ.
Oso urrun be ez da,
ikusten da BEGIZ,
hobe ametsa egi
bihurtuko BALITZ.

Oihane Enbeita

LANA:

Bakarka, berbea gaitzat hartuta.


GAIA:

Gaztelugatxe.
Badakit oindik zu ikustera
asko joaten direla,
gure ohitura ta arbasoak
alferrik dira bestela.
Iusioa pizten didazu,
hori ez al da itzela,
ikusirikan sinbolo legez
zauden tokian zaudela.
Pentsatu nahi dut izan ginela
eta izango garela.

Kepa Intxausti

LANA:

Bakarka, hamarreko nagusian.


GAIA:

Hiesak jotakoen bizi esperantza gero eta luzeagoa da.
Bermiora be iritsia da
hies gaixoaren trena,
ustegabean murgiltzen zaigu
etxe askotan barrena.
Aurrerantzean beharko dogu
indar, gogo ta kemena,
sendagai bila ibili arren
hortik ia mundu dena,
geure laguntza izango dute
sendagairik hoberena.

Aritz Lopategi

LANA:

Bakarka, hamarreko nagusian.


GAIA:

Gabonetarako euskal preso guztiak Euskal Herrira.
Kartzeletara nork ez ete dau
behin edo behin begiratu,
gure herriko hainbat gudari,
ez da alperrik burrukatu.
Hargaitik hemen ta euren alde
gura neuke oihukatu:
Gabonetako preso guztiak
nahi ditugu herriratu,
legeak hola agintzen dau ta
ezin dauskue ukatu.
Hainbat urtetan jasaten dagoz
horren jarrera zorrotza,
bat baino gehiau ailegatu da
bueltan etxera hilotza,
eta begira Madril aldean
batzuek daukien poza.
Presoen alde altxatu daigun
hemendik geure ahotsa
eurak baitira herri zahar honen
arima eta bihotza.

Bilbo 1998-12-27 (finala)
Arkaitz Ugartetxea
Beñat Gaztelurrutia
Xabier Amuriza
Jon Lopategi
Jon Enbeita

GAIA:

Ekitaldiaren amaieran zortzi finalistek, bertso eskolen izenean, omenalditxoa eskaini eutsen bertso eskoletako aintzindari eta bultzatzaile izan doguzan hiru maisuri: Xabier Amuriza, Jon Lopategi eta Jon Enbeita. Arkaitz Ugartetxea eta Beñat Gaztelurrutia izan ziran denen bozeroale.

ARKAITZ
Jon Lopategi bertso irakasten
pasa ditu hainbat urte,
ta Jon Enbeitak ta Amurizak
berdin berdin egin dute.
Euren gainean, guk eman eta,
badaukate hainbat neke,
Bizkai aldeko bertsolaritza
arnasaz duzue bete,
gaur ez duzue jasoko baina,
hiru txapeldun zarete.

BEÑAT
Aipatzen hasi ta aipatu dozu
hain hirukote galanta,
bertso eskolek ekarri daben
hain belaunaldi aparta.
Gaur ere hemen atara dogu
itzelezko zalaparta,
aintzindariak izan direnak
urten bertora ta kanta,
hemen bertsotan ari bagara
zeuori eskerrak data.

AMURIZA
Hau zan ezuste raroa,
ta erdi aldrebes noa.
Ez dakit berau ez dan txapela
baino askoz ederragoa,
norbere txaloz animatzea
norbere erreleboa.

JON LOPATEGI
Esker onezko ohoreak,
sustrai zaharrentzat gordeak.
Aberastu ta edertzen ditu
gure Bizkaiko loreak,
hargaitik datoz frutuak bere
geroago ta hobeak.

JON ENBEITA
Bitsetan nengoen adi,
geure frutuak kantari.
Barkatu harro sentitzen banaz
ez al jat poza nabari,
indarbarritu nauzue barriz
ekiteko beharrari.

Oihane Enbeita
Beñat Gaztelurrutia

LANA:

Ofiziotan, zortziko nagusian.


GAIA:

Oihanek finala prestatzeko Beñat Azpillaga bertsolari haundia hartu dau botilerotzat..

OIHANE
Holako egun handi batean
milagroa ez dator txarto,
nahiz eta dena ezin den lortu
dena eskatu beharko.
Oraindik gairik ez daukazula
prestatuta niretzako,
ama ta aita nahikoa ditut
laguntza moralerako.

BEÑAT
Nirekin dozuz neurri guztiak
goitik eta behera landu;
milagroen zain baldin bazagoz
ondino ez da berandu.
Zu finalera trankil joan zaitez,
irabazi edo galdu,
hortik aurrera Jainkoak baino
ezingo deutsu lagundu.

OIHANE
Aizu, mutila, laguntzak behintzat
zerutik ez dira jausten,
gure arteko harreman hori
golpera behar dut eten,
ez baitidazu finalerako
laguntza handirik ematen.
Botilero lez hobeto zaude
pelota partidu baten.

BEÑAT
Nik haseratik hartu neutson bai
bertsolari onen traza;
jende aurrean egotekoa
eta barea arnasa.
Nik uste nuen hau ulertzeko
zu bazinala kapaza
zuri pelota egitea ez da,
neska, batere erraza.

Unai Iturriaga

LANA:

Bakarka, gaia emonda.


GAIA:

Baserritarra zara. Zuri 100 pezeta ordaindutako generoa Santotomasetan 1.000 pezetan salgai ikusi dozu.
Lanean emon ondoren
ortuan hainbeste ordu,
etekinak merezi dau,
ez nago horren seguru.
Beti gagoz izerditan,
beti hainbeste apuru;
alperrik jorratu dogu
bai lursail ta bai inguru.
Guri merke pagatuta
gero oso karu saldu,
halako tratulariak
asko jakuz gaur ugaldu.
Folklorearen sinbolo
jada bihurtu gara gu,
Artetan koadroetarako
bakarrik balio dugu.

Igor Elortza
Aritz Lopategi

LANA:

Ofiziotan, zortziko txikian.


GAIA:

Igorrek txakurra eroan dau albaitariarengana. Aritz, albaitariak, txakurra depresioak jota dagoala dinotso.

IGOR
Esan daustazun berba
hartu behar aintzat
txakurra jo daustazu
gaur depresibotzat
beraz albaiteroa
galdera zuretzat:
sikologoik ba al dago
animalientzat?

ARITZ
Txakurragaz badozu
nahikoa arazu
bera sendatu nahian
gabiltza jo ta su
sikologorik badan
galdetu daustazu
zeure bardinagana
eroan egizu.

IGOR
Ni ganbaratik oso
ondo nabil aizu
beraz nik ezin egin
zure berbei kasu
diploma ta guztiko
aitua zara zu
sikoanalisia
egin behar dautsazu.

ARITZ
Sikologoangana
txakurtxo txikia
eroan behar zenduke
ta ez da aitzakia
biok eiten dozue
bikote egokia
ta merkeago urtengo
jatsu terapia.

Igor Elortza

LANA:

Bakarka, puntua emonda.
BATETIK PAGASARI,
BESTETIK ARTXANDA,
asko joaten dira
dinbi eta danba.
Nik bigarrenerako
hartuko dot txanda
errazagoa baita
kotxean joanda.

Unai Iturriaga
X. Arriaga "Txiplas"

LANA:

Ofiziotan, hamarreko txikian.


GAIA:

Ama alabak zarie. Unai hamazortzi urteko alaba Txiplas amarengana doa ginekoloarengana laguntzeko eskatuz.

UNAI
Arazo garbirik ez
nik uste dot hala,
baina otu jatenez
hemen berehala.
Pentsatu dot joateko
sasoia bazala,
hara joateak behar dau
izan gaur normala,
dentistana joatea
bezain naturala.

TXIPLAS
Zer daukazun, neskatxa,
esan gaur mesedez,
nahiz ta nik konpontzea
ez dagon hain errez.
Medikuarengana
goazen lagun legez,
egin dagigun hori
alaba alafedez,
aginak ondo dozuz
beste zeozer ez.

UNAI
Saiatu arren zu gaur
ulertu ezin bape,
ama ezin dautsut esan
ez argi ez fuerte.
Beste famili baten
normala izan leike,
zure mesfidantza hori
gaur normala ete?,
neure barruen barri
jakin gura neuke.

TXIPLAS
Beti izan zara zu
neskatila fina,
arlo asko askotan
oso atsegina.
Sarritan pentsatu dot:
"hau neure berdina",
orain barruan dozu
itxuran zuk mina,
min hori izango da
kanpotik egina.

Igor Elortza
Arkaitz Ugartetxea

LANA:

Ofiziotan, hamarreko txikian.


GAIA:

Igor urte zaharra, eta Arkaitz barria. Lekukoa aldatzeko ordua heldu da.

IGOR
Jomuga garbi dogu
ta bagoaz hegan,
aurtengo notizia
badakizu zein dan;
zeuk be izango dozu
bai esku bete lan,
amaitu behar zenduke
badakizu zelan:
gureak etxean ta
Pinotxet kartzelan.

ARKAITZ
Urte honi jarrita
nago ni begira,
eta nabaria da
dakarren dizdira.
Aseko ote dugu
guztien desira,
falta diren guztiak
ekarriz herrira,
nire esku badago
etorriko dira.

IGOR
Gure eskutan itzita
eman dot abisu,
kontu handi horretan
beraz ez naiz izu;
oin kontu txikitara
noa itsu itsu,
nigaz bigarrena zan,
zuk ondo dakizu,
Athleti lehen postura
eroan egizu.

ARKAITZ
Athletic hor ari da
suabe suabe,
denek jokatzen dute
abilenen pare.
Hori ez dugu hemen,
lagun, nobedade,
futbolean beraiek
dira jaun ta jabe,
eurak helduko dira
nik eroan gabe.


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude