Tregua garaian gerra giroan

  • Imanol Murua Uria eta Humberto Unzueta, «Suetena Belfasten»en egileak


1996ko ekainaren 09an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

TENNENTS garagardoa irakur daitekeen nikia darama Imanolek; Belfasteko abuztuko Festibalekoa Humbertok. Hogeita hamar urte inguruko bi kazetari euskaldun. Irlandan, Belfasten, su-etenaren azken hilabeteak bizi eta jasotakoak. Irribarretsu ekin diote, eskuarki galdetzailea den kazetari galdekatuaren herabeaz, liburuaren sorrera aipatzeari. Aise hartu dute biek, ostera, solasaren haria eta gerra giroko su-eten baten kronikaren labirintora sartu gara.

Susa argitaletxearekin kaleratu dute «Suetena Belfasten» liburua. 1995eko udaberria eta uda Belfasteko Falls auzune errepublikarrean eman zituzten. «Euskaldunon Egunkaria»rako kazetari lanak egiten, han ezagututakoek liburua osatzeko eman diete. «Ez da Ipar Irlandako gatazkaren azterketa, ez da hango egoera politikoaren esplikazioa», argitu digu Imanolek. Eurak ikusi dutena, eta han ezagututako eta elkarrizketatutakoek kontatu dietena baizik. «Batez ere gatazkarekin lotuta dauden bizipenak, baina horren haritik hango errealitate soziala eta beste hainbat errealitateren zertzelada batzuk zirriborratzen dira. Gatazka, horren guztiaren markoa da», osatu du Humbertok.

Liburuak osagai politiko handia du, present dago kapitulu guztietan, baina ez hori beraien jomuga nagusiena izan delako. Imanolek azaldu digu: «Giro politikotik aterata ere, segituan topo egiten duzu han komunitateen artean dagoen zatiketarekin; azken batean gatazkaren oinarrian komunitate historikoen zatiketa dago eta eguneroko bizimoduko edozein arlotan banaketa hori ikusten da». Humbertok presentzia horretan sakondu du. «Ezinezkoa litzateke han bizi eta hori saihestea; bertako arazo politiko eta nazionalari ezin zaio ihes egin, ezta horretan arretarik jartzen ez duenak ere».

Lehen liburua bientzat, burutzeak emandako lana azpimarratu dute. «Hango lanak baino, gero idazteak, landu gabe neukan jenero horrek eman dit lana. Hango beharra ez zitzaidan gaitza egin», nabarmendu du Humbertok.


Lana eman die kronikak. Ordea, maldak bazuen gustuko aldaparik. «Konturatu naiz Irlandari buruz nuen ikuspegia nahiko okerra zela. Eta gustatuko litzaidake hau leitzen duenari ere eskemak hausteko balio badu», dio Imanolek. Eta asmo horretara errealitatea erabili dute, egunerokoa eta Irlandaren iragan hurbilekoa.

Beraien liburua ez dela literatura esaten dute _hitza handiegia bailitzan_, eta kontatzen den guztia gertatua dela. Humbertok askatu du mataza: «Gure asmoa ez da bereziki literarioa izan; gure lanaren oinarria eta lana bera periodistikoa izan da, horixe menperatzen dugulako». Ez da, baina, horretara mugatu. «Errekurtso literario batzuk erabili behar izan dira, eta hein horretan fikzionatu dira pasarte batzuk».
Irakurtzeko klabeak

IRAKURLEARI utziko diote, beraz, liburua zer jenerok osatzen duen erabakitzea. Ez da irakurlearekiko nahi duten gauza bakarra. Liburuak eraginik izan dezan ere bilatu dute. Onartzen dute, ordea, beraiek idatzia den klabetik ulertzekoa dela.

«Saiatu gara kronika objetiboa egiten, baina irakurleak jasoko du euskaldun baten ikuspegitik Belfasteko auzo katoliko eta giro errepublikar batetik su-etenaren garaian Belfasteko komunitatearen egunero bizimodua. Gauza gehienak, dena den, hemen ditugun ikuspegi eta bizipenetatik kontatuta daude». Ez dute uste, haatik, liburua errepublikarren gorespena denik. «Ez ditugu geure aurreiritziak ezkutatu. Gure ikuspuntutik bertako giroa eta errealitatea zelan ikusten den eta zelan pentsatzen dugun, halaxe ekarri dugu. Gainera, Euskal Herrian bizi izanda, ezinezkoa da bertako errealitatearen aurrean insensiblea izatea; alderdikotasun batez jokatzen da». Alde bat nagusituagatik ere, ez dute bestea alboratu. «Saiatu gara eta lortu dugu giro protestanteetan sartzea, eta hori ere ispilatu dugu». Areago, Belfasteko errepublikar askok ezagutzen ez duten giro protestantea ezagutu dute. Imanolek esandakoa Humbertok biribildu du: «Gure aurreiritzi batzuk bertan behera geratu ziren mundu hori ezagutu ahala. Alde horretatik ez gara joan jarrera hertsi batekin, eta ideiak inolako lotsa barik bota ditugu».

Irlandako kronika den liburuan nabigatzen, ezinbestekoa da labanaren bigarren ahoa ere zapaltzea. Irlanda eta Irlandako gatazka ere izan ditugu mintzagai, beti ere tregua bizi izan duten bi lagunen esperientziatik, eta han hauteman ahal izan zuten giroari erreparatuta. Jendea etsituta sumatu zuten, batez ere giro errepublikarrean. Hala ere, hamabi hilabetez bizi izandakoak _«ez bakea, gerrarik eza baizik»_, izan zuen eraginik gerra oso present den herri bateko bizilagunengan. «Arlo guztiak gerrak mediatizatuta daude: arkitektura, kaleen diseinua, norberaren esperientziak... Hori, arazo hau konponduko balitz ere, luzerako izango litzateke». Horrek ez du erran nahi, baina, aukera galtzeko daudenik. «Jendea etsituta bai, baina ahal den presioa egiteko prest dago lehengo egoerara ez itzultzeko, su-etenaren garaian han jende guztiaren bizimodua onera aldatu delako».

Eukal Herriaz berba egitea derrigorrezkoa suertatu zaigu. Hango prozesua hona ekar daitekeen. Eszeptiko ageri dira biak. «Oso desberdina da. Ikas daiteke han ikusitakoetatik, jarreretan, zer egiten ari diren... baina hango eredua hona ekar daitekeela gehiegizkoa iruditzen zait», azaldu digu Imanolek. Nolanahi ere, azpimarratu nahi izan du «hartu duten arriskua. Aurrerapauso asko eman ditu mugimendu nazionalistak, arrisku handiak hartuz».

Belfasteko gizarteko arlo asko jaso dituzte liburuan: tabernetako giroa, kirola, kultura... Gaelikoaren harira jo dugu, Belfasten duen presentzia txikia estakuru. Egoera kaskarra dela aitortuta, zehaztu nahi izan dute irakurleak topatuko duena. «Guk Belfasten ikusi dugunaren flash batzuk eman ditugu, baina horrekin ezin da Irlandakoaz gogoeta egin. Belfasten oso gutxik hitz egiten du gaelikoz, askok berba bakarra ere ez daki. Hala eta guztiz ere, nahiz eta ikusten den egoera txarra dela irla osoan, hobera egiteko zutabe batzuk ipintzen ari dira, batez ere Hegoaldean. Kultur eremuaren garrantziaz asko ari dira konturatzen».

Belfasteko pub batean bageunde bezala, luze joan zaigu solasaldia, agian eztarria lehortuko zigukeen Guinnessa beharretsiz. Haren faltan, «Suetena Belfasten» kronikako orrietan edatera jo dugu, jakin-egarria asetuko digulakoan.

 

MIKEL ELORZA


Azkenak
11 urteko mutil bat hil da, igandean Bilboko igerileku batean bero kolpea jasan eta gero

Bilboko Errekalde auzoko igerileku batean gertatu zen ezbeharra. Larrialdi zerbitzuek erreanimazio lanak egin zizkioten adin txikikoari, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten; hiru egunetara hil egin da.


Ostiraleko bileran Putinek su-etena onartu ezean, Trumpek dio “ondorio larriak” izango direla Errusiarentzat

Ostiralean Alaskan izango duten bileraren bezperan heldu da mehatxua. Friedrich Merz Alemaniako kantzillerrak deituta, gailur birtual bat egin dute asteazkenean Zelenskik, Trumpek eta Europako hainbat agintarik. Ukrainako presidenteak adierazi du Trumpen eta Putinen arteko... [+]


50 maliar inguru ari dira kale egoeran bizitzen Gasteizen asilo eskaera ebazten duten bitartean

Ostegunean eman dituzte asilo eskaera tramitatzeko lehen txandak: bederatzik lortu dute, irailerako. Eusko Jaurlaritzak ebazpena arintzea, eta migiratzaileak ostatzeko zentroetara mugitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.


Alberto Alonso (Gogora): “Txiki eta Otaegi ez dira erreferente; indarkeria, beldurra eta terrorea erabili zuten”

Aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urteko beteko direnean, Alonsok adierazi du ETAko bi kideek ez zutela nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin".


Jai eredua neurodibergentziatik aztertzen

Bilboko Aste Nagusia pertsona autistentzat irisgarriagoa izateko zenbait gako dakartzate Oihan Iriarte Eletxigerrak eta Iker Boveda Martinek, euren esperientziatik.


Ostiraletik aurrera berriz debekatuko dituzte nekazaritza jarduerak Nafarroan

Tenperatura igoera dago aurreikusita datozen egunetarako, eta, sute arriskuak ekiditeko, ostegun iluntzeko 20:00etatik aurrera debekatuta egongo da uzta lanak egitea. Aurretiaz ere neurriak hartuta zituen gobernuak, baina Zarrakazteluko sutea kontrolpean izanda, neurriak malgutu... [+]


Auzo ibilbideak
Atzoko eta gaurko borrokak gogoan

Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]


Ipar Euskal Herriko 158 herritan ur murrizketak ezarriko dituzte, alerta egoeraren ondorioz

Ostiraletik aurrera ur murrizketak ezarriko dituzte Euskal Hirigune Elkargoak barne hartzen dituen eta alerta egoeran dauden 158 herritan, eta metereologia zerbitzuek abisu horia ezarri dute trumoien arriskuagatik. Hego Euskal Herrian, berriz, leku ugaritako termometroek 40... [+]


Jaurlaritzak Bailen Energia enpresari Oionen bi parke fotovoltaiko eraikitzeko baimena eman dio

Bakoitzak 1.680 eguzki panel izango ditu, eta megawatt bateko potentzia. Enpresak hiru urteko epea izango du Muga eta Val izeneko instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko. 


Delitugile migratzaileak zuzenean deportatzea proposatuko du Erresuma Batuko Gobernuak

Erresuma Batuko gobernuak proposatu du delituak dituzten migratzaileak berehalakotasunez deportatzea, ekainean onartutako legearen bide beretik. Lege horrek baimentzen du sententzien %30 beteta dutenak deportatzea; igandeko proposamenarekin ez dute zigorrik bete beharko... [+]


7 urteko ume bizkaitar bat hil da Errioxako kanpin batean, zehaztu gabeko arrazoiengatik

7 urteko umea oporretan zegoen Fuenmayorren (Errioxa). Logroñoko San Pedro ospitaletik Nafarroako ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen. 


Israelek gutxienez ehun palestinar hil ditu azken bi egunetan, eta Gaza hiriaren aurkako erasoak gogortzen ari da

Astelehenetik asteazkenera bitarte eginiko aire erasoetan gutxienez ehun palestinar hil ditu Israelek, horietatik gehienak Gaza hirian, hura osorik okupatzeko asmotan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik 227 lagun hil dira elikagai eskasiagatik... [+]


Txikik eta Otaegik Zarauzko Udalaren aitortza behar dutela aldarrikatu du Sortuk

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira jarritako olana kendu du Zarauzko Udalak. Sortuk salatu du udalak, EAJ eta PSE-EEk osatuta, "zaborra izango balitz bezala" tratatu zuela olana. Zenbait herritarrek berreskuratu eta Azken Portuko plazan ireki dute.


Piano bikaina, Biarritzen

Zer: Biarritz Piano Festival. Amaierako errezitaldia. Benjamin Grosvenor, pianoa. 

Egitaraua: Schumann eta Moussorgskyren lanak

Lekua: Biarritzeko ‘Espace Bellevue’.

Data: abuztuaren 8a.

-------------------------

Biarritz Piano Festival... [+]


2025-08-13 | Nagore Legarreta
Ibaiak begirada itzuli zigunekoa

Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]


Eguneraketa berriak daude