"Nafarroan EAJk mafiosoen jokaera dauka Eusko Alkartasunarekiko"


1996ko maiatzaren 19an

EA, inoiz ez bezala, gobernu-lanetan dabil buru-belarri: bai Eusko Jaurlaritzan eta baita Nafarroako Gobernuan ere. Ezer berezirik esan nahi al du horrek?

Lehenengo ondorioa da EAk gobernutik lan egin nahi duela. Nafarroan abertzaletasunarentzat gobernuan egoteko aukerak beti hutsaren pareko izan dira, eta honako hau entsegua da. Batzuek pentsatuko dute botereak askotxo erakartzen gaituela, baina hori esatea oso sinplea da.

Zer moduz doa entsegua?

Lehenengo hiru hilabeteak politak izan dira. Egia da ideiak paperean jartzea oso erraza dela, eta ideia horiek aurrera eraman edo erabakiak hartzerakoan agertzen direla lehenengo desadostasunak. Dena den, hiru alderdiok konpromezua harturik daukagu eta, batzuetan haserretu arren, konpromezua errespetatu beharra dago.

Gobernuan egoteak kalte edo mesede egin dio EAri?

Politikoki, kalte egiten dio. Gainera, kritikak jasotzea askozaz errazagoa da. Baina gure helburu nagusiena da gizartearentzat lan egitea. Eta jakina, horretarako gure presentzia hirukoan oso garrantzitsua da. Adibidez, euskararen aldeko erabakiak ez ziren hartuko gu hor egon ez bagina.

Nafarroan pentsatzen dute alderdi abertzaleak beti arlo beretan dihardugula: independentzia, euskara, autodeterminazio eskubidea, presoak... Ostera, abertzaleok bestelako arloetan ere lan egiten dugula erakutsi behar dugu: industrian, ekonomian, irakaskuntzan...

Horrelako hiruko gobernu batean egoteak ez du morrontza edo loturarik sortzen gai batzuetan jarduteko?

Jakina. Denbora gutxi daramat politikagintzan, baina tarte honetan izan dudan dezepziorik handiena horixe bera da. Hots, pentsatzen duzu gauzak modu honetara direla, baina konpromezu bat daukazunez... Konpromezuaren muga non dagoen ikasi behar dugu. Alegia, konpromezu bat daukagu, baina iritzia aldatuz gero zergatik ez aldatu konpromezua bera? Izan ere, kasu zehatz batzuetan konpromezua lotura txarra baita: Itoizko gaian, Euskararen Legearen gaian... Oro har, baina, horrelako lotura bat baliagarria da.

Itoitz aipatu duzu. Gauza asko esan eta idatzi da Itoitzekin Elkartasuna taldekoek Aste Santuan egindako sabotajearen ostean...

Sekulako manipulazioa egin dute, argi utziz zein dauden `gogorkeriaren alde' eta zein diren `zintzoak'. Eta horren adibide orain bizpahiru aste Cesar Milanok esandakoa:

«Gizarteari erakutsi behar diogu zein diren zintzoak eta zein gaiztoak, eta guk beti zintzoen alde egin behar dugu». Itoitzekin Elkartasuna taldekoak indarkerizaleak direnik ezin da esan. Horrelakoak entzuteak haserrea eragiten dizu. Baina orduan, lehen aipatutako konpromezua azaltzen da.

Hegoaldeko bi gobernuetan egonik, EAk zein asmo du bi komunitateen arteko harremanak bideratzeko?

Hilabete barru-edo jarriko da behar bezala martxan EAE eta Nafarroaren arteko batzorde iraunkorra, eta berau izango da lotura nagusiena guretzat. Baina bada ahantzirik daukagun beste helburu bat ere: Nafarroa Beherearekiko harremana. Hau ere ezinbestean sustatu beharreko lotura da.

Batzorde iraunkorraren protokoloaren sinadura, Nafarroa Beherearekiko harremanak sustatzeko borondatea... Aurrerapausoak zertan dira, baina?

Uneotan ez dakit zertan diren gaiok praktikan. Nik asmoak ezagutzen ditut. Hain zuzen, ETBrena hortik dator. Eta industriaren arloan ere jarrera bateratua izateko hainbat gauza egin daitezke. Finean, mugak desagertarazteko neurriak dira. Agian fisikoki hor egonen dira, baina gure pentsamolde eta jokaeran desagertzea lortu behar dugu. Pixkanaka joan beharra dago, Nafarroan EAEren aurkako pentsamoldea aski zabaldurik baitago.

Protokoloak nafarren artean ez duela lehentasunik eta haserrea areagotu duela esan zion Miguel Sanzek ARGIAri orain sei hilabete. EAk nola ikusi du nafarren jarrera konpromezu horrekiko?

UPNk horrelakoak esatea normala da. Hala ere, UPNren barruan bestelako iritzirik ere bada. UPNko askok beren seme-alabak ikastolara eramaten dituzte, euskaraz hitz egiten dute... Indar politiko bateko buruzagiak dioenari ez diogu horrenbesteko jaramonik egin behar, bai ordea gizartearen jokaerari. Sanzek horrelakoak esatean ez ditu UPNko botoemaileak ordezkatzen.

Era berean, agian zatiketa gertatzen ari da Nafarroan: Iruñeatik iparraldera dagoena batetik, eta hegoaldera dagoena bestetik. Horren adibide, Erriberan hirukoaren kontra sortzen ari den jarrera. Hor antzematen dira bi Nafarroak.

Zer du esatekorik eta egitekorik EAk Nafarroako Gobernuan PSN eta CDN kide dituela?

Lehenik eta behin, euskal abertzaletasunaren normalizazioa dakar EA gobernuan egoteak. Jendeak ikusten du abertzaleok edozein arlotan egiten dugula lan. Horrezaz gain, gai batzuetan CDN eta PSNren arteko desadostasunak handiak direnez, bitartekari-lanak ere egin behar izaten ditugu: irakaskuntzaren arloan esaterako. Ekonomia eta industrian, berriz, CDN eta PSNren jarrerak antzekoak dira, eta gure bitartekari-lana hutsala da. Beste gai batzuetan, Itoizkoan edo euskararenean adibidez, CDN eta PSNren jarrerak antzekoak dira, eta gurea da ezberdina.

Eta oro har, nafar politikagintzan zer du eskaintzekorik?

Abertzaletasunaren normalizazioa, euskara despolitizatzea _euskara nafarron hizkuntza dela azpimarratuz_, abertzaletasuna eta indarkeriaren artean egiten duten lotura apurtzea, elkarbizitza bultzatzea, abertzaleok `beste' arlo horietan lan egiten ere badakigula erakustea...

Sarritan aipatzen dira EA eta EAJren arteko harremanak eta elkarlanerako deiak. Zer iritzi duzu bien arteko hurbilketa posibleaz?

Hori guztia batik bat EAEn gertatu da. Nafarroan EA eta EAJren arteko ezberdintasunak askozaz handiagoak dira. EAn sartu berri garenok ez dugu gure burua EAJn ikusten. Niretzat, EAJ da eskuineko betiko alderdi bat. Agian EAEn izango da EAJrekiko hurbil egongo denik, azken batean bertatik baitatoz. Baina Nafarroako EAren kontzeptu ideologikoa ezkerralderantz doa, eta horregatik ezinezkoa ikusten dut hemen EAk eta EAJk bat egitea.

Nafarroan EAJk mafiosoen portaera izan ohi du EArekiko. Ez dute helburu Nafarroaren alde lan egitea, baizik eta gure kontra egitea. EAk indar gehien duen eremuetan, `gerra zikin' antzeko bat daramate aurrera, bertakoei sekulako gezurrak esanez. Haserretzekoak baino, barre egiteko moduko gezurrak izan ohi dira. Beraz, argi daukat EAk eta EAJk bat egingo balute nik ezer gutxi daukadala egiteko hemen.

Nola kalifikatuko zenituzke HBrekin Nafarroan dituzuen harremanak?

HB eta EAren arteko ezberdintasun nagusiena indarkeria da. Bestela, ados gaude gauza batzuetan: HBtik eta EAtik Estatuaren kontra egiten diren kritiketan, euskal presoen eskubideen aldarrikapenetan... Bi alderdien aldarrikapenak antzekoak dira, baina ezberdintasuna jokaeran datza. HBk jokarea tragikoa izan ohi du ukitzen dituen alor guztietan: Euskararen Legea dela eta, «hau hutsaren parekoa da» diote.

Baketzeari dagokionez, zer egin daiteke orain arte egin ez denik?

Galderari buelta eman, eta zer egin behar ez den galdetu beharko genuke. Eta horren erantzuna ondokoa litzateke: alde batetik zein bestetik orain egiten ari direnak egin. Gobernuak garatutako jokaerak eta komunikabideetako adierazpenek gatazka bere horretan mantendu baino ez dute egiten. HBren kontrako ahozko indarkeria izugarria da. Azken batean, ez dute ETAk edota HBk soilik aldatu behar euren jokaera, baita euren burua `zintzotzat' dutenek ere. Alde bien errua da uneotan gizartean bi kode moral izatea. Egoera hau alderdi politikoen porrotaren ondorio da, eta horregatik sortu dira Elkarri, BAK eta antzeko giza-mugimenduak.

Hori horrela izanik, zertarako balio dute egun Ajuria Enea, Iruñea eta Madrileko Itunek?

Horiek itun politikoak dira, eta itunak beraiek bakarrik ez dira baliagarriak. Zertarako balio du jarrera bateratua mantendu behar dugula esateak? Jarrera horrek gatazka mantendu eta beste aldearekiko distantzia areagotzea baino ez du egin-eta.

Nabarmena da abertzaletasunak Nafarroan bizi duen gain-behera.

Gain-behera politikan gertatu da. Erantzukizuna? Indarkeriarena, espainolismoak abertzaleon kontra gauzatutako jokaera bizkorrarena, abertzaleon arteko haserrearena... Beste arlo batzuetan, baina, ez da halakorik gertatu: adibidez, sindikalgintzan LAB eta ELAk indar handia dute, euskararen aldeko jarrera gero eta nabarmenagoa da...

Zein izan daitezke abertzaletasunaren mezuak gizarteratzeko bideak?

Batetik, abertzale kontzeptua gutxiago erabili behar dugu. Gu abertzaleak gara, baina baita besteak ere: espainiar abertzaleak. Eta bestetik, gure aldarrikapenak besteek ere ulertzea lortu behar dugu, Nafarroaren aldeko jarrera mantentzen dugula azalduz. Eta zer da guretzat Nafarroa? Nafarroa da Euskal Herria, euskara, Nafarroa Beherea... Paradoxa dirudien arren, horrela abertzaletasunaren normalizazioa lortuko dugu.


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude