"Retegik Eugi zeharo aldatu du: pilotari berri bat da, amorrua kutsatudio"


2007ko otsailaren 21an

Zuk jokatzen zenueneko denboratan ez zen telebistatik pilota erretransmititzen.

Gehienbat prentsa eta kasu berezietan irratiren bat izaten genituen aldamenean. Komunikabideak asko espezializatu dira eta, oro har, pilota gertutik jarraitzen duten kazetariak jarduten dira. Neroni, duela ez urte asko, emankizun batetan aldamenean nuen esatariak botatzen zituen astakeriak lotsatzen ninduten; «Ha abierto la pelota» eta horrelako esaldi desegokiak entzuteak pena eta era berean amorrua ematen zidan. Gaur egun egiten den informazioak, aldiz, pilota kutsua du.

Hilario Azkarate zure garaikidea goizean jaiki eta, finala jokatu behar zuela ahaztuta, batere prestatu gabe joan omen zen. Garzia Ariñoren aurka txapela galdu aukera hartan. Lasai antzean hartzen al zenuten pilota orduan?

Ez dut uste hori egia denik. Are gehiago, Azkarateren kasuan ez nizuke sinetsiko. Sei txapela irabazi zituen eta nire kontra jokatu zuen finalean, nire zoritxarrerako, ez zitzaion partidua zuenik ahaztu inolaz ere. Pilotalekuak, konbinaketa on samarra jarriz gero, jendez gainezka egoten ziren. Bi edo hiru mila lagunen aurrean jokatzea tartean patrikarako esku arinak izaki, ez da txantxa.

Oraingo giroa, baina, ezberdina da?

Horrenbesteko jendetzaren aurrean, pitin bat titiritero edo antzezle bihurtzen ginen pilotariak sarritan; zezen plazatan faena eder bat egiten duen toreroaren modura, tanto edo erremate polita eginez gero, txapelak, jakak eta beste hainbat gauza jaurtikitzen zizkiguten ikusleek. Pilotariak kantxako aulkiak beterik ikusten dituenean _orduan bezala, esaterako_ askoz hobeto jokatzen du.

Salbuespenak salbuespen, txapelketa usaina duten partiduek erakartzen dute orain jendea frontoietara?

Antza, pilotazaleak norgehiagoka nahi du, grina eta odola.

Aurtengo txapelketan, ordea, ez da apenas partidu onik ikusi.

Arrazoi duzu. Eugi eta Belokiren arteko partiduak izugarria zirudien lehenago, baina txapeldunak kale egin zuen.

Materialaren erruz izan zen, ordea, Belokiren ustetan.

Komentario horrek bi alderdi ditu. Oraingo sisteman enpresak hemezortzi pilota jartzen dizkio hautatzaileari berak bigarren aukeraketa bat egin dezan eta ni ez nago batere ados sistema horrekin. Nire ustez, hautatzaileari askatasun osoa eman behar zaio, zuzenean pilotaegilearengana joan eta jokalekuaren arabera, hautatzaileak berak pilota egokienak eska ditzan, hemezortziko aurre-aukeraketarik gabe.
Bestalde, galdetu didazunaren hariari jarraituz, Eugiren aurka Belokik berak bota zuen partidua. Pilotekin izan zuen aztoramendua botileroak burutik kendu eta aurkakoa egurtzen saiatu izan balitz, bestelako ondoriorik izango luke ziurrenik. Aitortu behar dizut ni belokizalea naizela, baina agoiztarraren aurka nahastu egin zen txapelduna. Ziur nago, luzarora, partidua galtzea berarentzat mesedegarri izango dela. Hogeitabi urte besterik ez ditu eta hurrengorako jakin badaki, aldez aurretik taktikak erabakita eman behar direla. Nire irudirako, ez zuen neurketa behar bezala prestatu.

Pilotalekuekin ere arazorik izan da?

Litekeena da margoketa lanak azken momenturarte uzteagatik Ogetako zolua motel samarra egotea, baina azken finean aitzakiak dira horiek. Txapeldun izan nahi duenak oztopo guztiak gainditzen saiatu behar du, are gehiago Belokiren kasuan. Aparteko pilotaria da eta edozein oztopo jarrita ere edozeini irabazteko ahalmena du.

Buruz buruko txapelketa triste honetan beraz, zerbait salbatzekotan, Eugiren jokoa?

Harrituta nauka, buruz arina zirudien norgehiagoka hauetarako, lesioek ere ez diote utzi pilotari gazte baten bidea garatzen, baina gaurko Eugi hau ez da lehen ezagututakoa. Belokiren aurka pilotari ezkerrez nola astintzen zion ikusita une batez, eta alderatzea libre bada behintzat, Julian Retegi ekarri zidan gogora.

Jakina, bere botileroa da eta.

Pilotari onak, txapeldunak, ez du inoren beharrik irabazteko, baina Retegiren kasuan espeziala da. Eugi zeharo aldatu du; pilotari berri bat dela esango nuke. Julianek irabazteko duen amorrua kutsatu dio eta, batipat, kantxan sufritzen erakutsi dio. Maisu berezia egokitu zaio aldamenean eta neurri handi batean Eugik Retegiri zor dizkio garaipenak.

Finala datorrela eta, gorri ala urdinaren alde apustua?

Batek daki; Eugik bere momentu ona erakutsi du, Arretxek aldiz partidu bakarra jokatu zuen Errandonearen aurka eta, egia esateko, ez zuen aparteko jokorik erabili. Luzaidekoak, ordea, egoerarik larrienetan erakusten du bere benetako pilotarako kasta.

Eugik dohain bereziak ditu kirol honetarako: hanka bizkorrak, joaldi latza eta gaztetasuna ere gisa honetako neurketetan garrantzizkoa da. Fernando sekula etsiko ez duen horietakoa da; asko sakrifikatuz, inork baino gehiago entrenatu eta sufritu du dagoen lekura iritsi eta pilotan dakiena ikasteko. Oreka handiko norgehiagoka izango dela iritzi diot.

Nolakoa izango da partidua zure iritziz?

Gogorra, izugarri gogorra. Eugik aldamenean duen aholkularia ezagututa, hamargarren kartoiraino gutxienik, apustu egingo nuke Eugik frontis erditik behera ez duela pilota bakar bat bera ere joko. Jose Louis boxealari estatubatuarrak zioen bezala, «emaiok latz gorputzean, burua galduko dik eta». Kontra izango duen zezenari burua makurtuarazteko gogotik jo beharko dio Eugik. Arretxeren armak anitzak dira buruz buruko norgehiagokatan: joaldi bikaina du, borrokarako gosea eta kantxan kokatzean pilotara joaten inork baino hobeto daki.

Uda partean Asegarce beste txapelketa bat antolatzeko burutaziotan dabil; rankingeko bost onenek, hau da, Eugi, Arretxe, Beloki, Errandonea, Oskar Lasa eta Retegi II.ak parte hartuko lukete.

Txapelketa guztiak dira erakargarriak edozein ikuspegitik begiratuta ere. Retegiren partaidetza aipatu duzu... nik txapelketan botilero lanetan aproposago ikusten dut baina agian bere indarrak enbaterainokoak diren zehazki neurtu nahiko du. Hala ere, adinaren poderioz buruz buruko borroka hauetan ezinbesteko diren baldintzak ezin dira gorde: hanka oso bizkorrak, intentsitate gordineko esfortzuak pairatzeko ahalmena, nerbioa... Zoritxarrez urteak aurrera joan ahala, nekez gordetzen dira ezaugarriok.

Izenak izen, txapelketa giroak pilotazaletasuna pizten duela ez da dudarik. Goñi, Apeztegia, Olaizola, pilotaren sustrai berriak?

Berde samar daude baina edozein lanbideren gisan, ordu asko eta asko sartu behar dira, kirol honek dituen sekretu guztietaz jabetzeko. Presarik gabe helduko dira. Mikel Goñik huts asko egiten dituela diote, esate baterako. Lasai egoteko esango nioke nik, goi mailako pilotari bat izateko berezko gaitasuna baitu. Eta bestei ere berdina azpimarratuko nieke. Nik beti esan ohi dut: Bernabeura jokatzera joaten denak futbolaz dena daki, eta ai ama! ez baleki.

Pala, erremontea, zesta ere bete-betean txapelketetan murgilduta dabiltza baina eskuzkoaren arrakastatik urrun xamar. Eurei arreta gehiago jartzea aldarrikatzen dute.

Nire garaitan, 50eko hamarkadan, Rekoletos izeneko pilotaleku bat zegoen Madrilen. Pala eta zesta jokatzen zen eta hura zen festa hura! Madrilgo jet guztia han biltzen zen. Denak dotore-dotore jantzi eta afal osteko plana pilotalekura joatea zen.

Garai haietan dirua errazago erabiltzen zen eta atzo diru mordoska bat jokuan galtzen zuenak, biharamunean, beste horrenbeste irabaziko zuela bazekien. Madrilgo emakume lirainenak han biltzen ziren eta agian pilotariak zertan ari ziren jakin gabe, txolarte gozoa eginez pasatzen zuten denbora. Eta atzerritarrek, inguruan ikusi beharrekoak agortu ostean, denak pilotalekuan bukatzen zuten.

Zenbat lagun biltzen dira orain pilotalekuetan? Telebista eta komunikabideen menpe dago pilota eta, alde horretatik, baliteke baztertuak egotea.
Bukatzeko, emango al diguzu finalerako pronostiko bat?

Ezetz bada, esanda dago. Egur batean hasiko dira bi pilotariak, tantu gogor eta luzeak eginez, pilotakada asko elkarri gurutzatuz; indarrak akitzen diren heinean, orduantxe emango nizuke benetako pronostikoa.

Kafe bat Arretxe txapeldun baietz?

Hori besterik ez bada, hitza hartzen dizut. Pekatu astunik ez dugu egingo bada horregatik, ez horixe!


MARTIN AGIRRE


Azkenak
Netanyahuk ez dauka “gerra osteko” planik Gazarako

Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak publikoki leporatu dio Netanyahuri “gerra” amaitzerako planik ez izateak Israel behartuko duela Gazan kontrol militar eta zibila inposatzera. Palestinako Aginte Nazionalaren egitekoari buruzko eztabaidak talkak sortu ditu... [+]


2024-05-17 | ARGIA
LGTBIfobiaren aurka egingo dute ostiral arratsaldez manifestazio ugaritan

LGTBIfobiaren aurkako eguna da maiatzaren 17an eta arratsaldez mobilizazio ugari izango dira Euskal Herrian barrena. Albistearen bukaeran ematen dizuegu horietako batzuen berri.


Eguneraketa berriak daude