«Eguneroko gertakari eta bitxikerien berriketari xumea naiz»


1996ko apirilaren 21an
Mariano Izeta baztandarrari elkarrizketa
«Eguneroko gertakari eta bitxikerien berriketari xumea naiz»
MARIANO IZETA
Elizondoko erlojulari ezagunak ttipi-ttipitandik atxiki dio Baztani eta euskal kulturari bere maitasuna. Herrikoia eta apala. Berriketari galanta. Borondate onekoa. Arlo anitzetan lanean aritutako gizona dugu: bertsolaritza, kazetaritza, politika, irakaskuntza, musika, literatura, dantza eta kirola, bertzeak bertze. Hain maite duen Antxitonea trinketean mintzatu zaigu luze eta zabal bere bizitzaren joan-etorrietaz, solas eder eta alaiean, minutu bat ere galdu ez duen erlojulari xarmangarria.
Zure herrian profeta izatea lortu duzula ematen du.
Ez dakit profeta ote naizen. Aurten 81 urte beteko ditut. Baztango zoko guzietan ezagutzen naute, denak nirekin ongi datoz. Jendeak maite nauela aitortu behar dut. Zortzi omenaldi jaso arren betikoa izaten jarraitzen dut. Ahal duten hobekiena egiten ditut gauzak, denekin adiskidantzan, ez dut uste etsairik badutenik. Nik herria, hizkuntza eta ohiturak maite ditut, herrikoia naiz, Baztango lurrak eta jendeek erakutsitakoarekin ornitu naiz. Nahiz eta egunero arakatu beti gauza berriren bat ikasten dut.
Noiz hasi zinen euskal kulturaren inguruko lanetan?
Familia euskaltzale eta abertzale batetan hazi eta hezi nintzen. Gerra aitzinean, hamabortz urterekin aitarekin hasi nintzen erlojuak konpontzen. Geroago EAJn bazkidetu nintzen 18 urte bete bezain fite. Era berean, 1.935. urtean lehenengo ikastola sortu genuen Elizondon. Urte bat geroago Nafarroako lehen Bertsolari Txapelketa hurbiletik segitu nuen. Bapatean, zoritxarreko gerra etorri zen.
Frankismoak etena eragingo zuen euskalgintzaren alorrean.
Gerra osoan zehar eta diktaduraren hasieran gure sustraiekin harremana eduki zezakeen guztia zapalduta eta debekatuta zegoen. Euskara etxe zokoetara, familietara bazterturik gelditu zen. 20 urtetako etena izan zen. Pixkanaka bada ere, libertate pixka bat somatzen hasi ginen ea euskal kulturaberriro ere pizten hasi zen, 1.955. urtean ezar dezakegularik benetako berpizkundea, zenbait argitalpen eta ekitaldi direla medio.
Zu ere urte horietan hasi zinen idazten, ezta?
Gerra etortzean, akabo. Ez zegoen hitzik paratzerik paperetan. 1.955 urtean hasi ziren kaleratzen Zeruko Argia eta Principe de Viana bezalako zenbait aldizkari eta egunkari batzuetan ere irakur zitezkeen euskaraz eginiko artikuluak. Giro honetan hasi nintzen ni ere idazten euskaraz aipatu aldizkarietarako, 42 urte beteak nituelarik, beraz ez oso gazterik. Bertan, herrietako berriak, gertakariak, bitxikeriak, ospakizunak eta kronikak argitaratzen nituen. Inoiz ez dut goi mailako artikulu sakonegirik egiteko asmoa izan. Ni berriketari bat besterik ez naiz. Honela aritu naiz ordutik gaurdaino azken 40 urteotan, hainbat komunikabidetan: «Herria», «Principe de Viana», «Zeruko Argia», «Diario de Navarra», «Navarra Hoy», «Deia», «Diario de Noticias»...
Irratietan ere zure boza entzuteko aukerarik egon badago.
Egunero aritzen naiz Xorroxin Irratian eta asteoro Irulegi Irratian. Hemen mundu guztiak entzuten du Xorroxin egunero. COPE jarri badute ere ez du inongo oiartzunik. Eguneroko gora-beherak hartzen ditut hizpide nire saiotxoa osatzeko, herrietako eta bertakoen berriak jaso eta aireratzen ditut. Bitartekari lanetan aritzea oso gustokoa dut. Nekazari asko datozkit erlojutegira zerbait salmentan dutela edo honelako hau gertatu dela erratera, nik ondoren irratitik aipatzeko. Jendearekin zuzen zuzeneko harremana eta saltsa oso gustokoa dut.
Literaturari dagokionez ere zenbait ekarpen egin dituzu.
Aurreneko eleberria,«Dirua galgarri», 1.960. urtean idatzi nuen. Hurrengoa, «Nigarrez sortu nintzan», 1.982an kaleratu zen. Bi lan hauek egiteko Baztango gertaera hunkigarrietan oinarritu nintzen. Sentimendua behar beharrezkoa da idazterako orduan. Azkenik, 1.985. urtean, «Sorgiñak infernuko errekan» argitaratu zen. Baditut gehiago ere eginak baino argitaratu gabe dauzkat. Irakurri ordea, ez dut apenas egiten, adina dela eta nekatu egiten naiz eta ez dut jarraitzen gaur egungo literatura.
Hiztegigintza izan da landu duzun bertze alorretako bat.
Zletasun izugarri dut hitzen bilketa lanetan aritzeko. 1.985. urtean «Baztango Hiztegi Ttipia» kaleratu nuen. Laister, «Erranairuak» deituko den hiztegi berri osatua kaleratzekotan da, Baztango 3.000 hitz inguru eta 350 esaera zahar bilduko dituena. Laguntzaile talde zabalari esker osatu dut lana, herri guzietatik ibili bait naiz galdezka eta askotan ere erlojutegira etortzen zaizkit paperean hitz zerrenda dakartela. Izugarri aberatsak gara. Ikusi bertzerik ez dago euskara nola aldatzen den leku batetik bertzera, Aniztik Erratzura, herri guzietan badira berezitasunak. Gainera, nere ustez herrietan dugun euskara jator hau ez da galduko, haurrak gurasoekin beren etxetan baztandarreraz mintzo baitira.
Bertzalde, Nafarroako bertsolaritzaren sustatzaile nagusienetakoa zara.
Bertsolaritza nire zaletasunik handienetakoa izan da beti. Gerra aitzinean, Elizondon ospatu zen Nafarroako lehenengo txapelketan, antolatzaile lanetan aritu nintzen. 1.962. urtetik berriz ere han-hemenka ekitaldiak antolatzen hasi ginen, Principe de Viana erakundearen bidez. Garai hartako bertsolari guztiak ezagutzeko parada izan nuen: Uztapide, Lasarte, Xalbador, Mattin, Agirre, Azpillaga, Lazkao... Era guzietako lanetan aritu naiz. Epaile moduan egon naiz. Gai jartzaile bezala ere handik hona ibilia nago. Gaur egun, Nafarroako Bertsolari Elkarteko lehendakaria izatea ohore handia da niretzat. Ordutik hona, nire ustez bertsolaritza ez da funtsean hainbertze aldatu. Dena dela, aipatzekoa da egun bertso eskolek betetzen duten lan polita.
Baitere, azpimarragarria da emakumearen sarrera bertso munduan. Nafarroan Estitxu Fernandez eta Estitxu Arozena bezalako puntako bertsolariak izatea itxaropen handikoa da. Emakumezkoek beste dohai bat dute bertsotan, gizonezkoak baino garbiago, bixiagoeta sakonago mintzatzen dira. Bertzalde, Nafarroako eta Gipuzkoako bertsolaritzaren artean, aldea egonik ere pixkanaka bagoaz parekatzen.
Irakaskuntzan ere zenbait urtez aritu omen zara.
Elizondo erdal girotu hartan,euskara erakusteko beharra ikusi genuen. Horrela, 1.969-70 urteetan eskoletako haurrei hizkuntza irakasten aritu nintzen, beti ere Baztango ukitu batekin, noski. Geroago, 1.974 eta 1.977 urteen bitarte horretan sortu berria zen Elizondoko Gau Eskolan irakasle moduan aritu nintzen. Hitzaldi aunitz ere emanak ditut, Baztanen eta hemendik kanpo ere.
Elizondoko abesbatzako partaidea izan zara urte batzuetan.
1.950. inguruko kontuak dira hoiek. Atzerrian ibili ginen, baita Gales aldetik saridun bueltatu ere. Orain, nire anaiek jarraitzen dute. Hoiek gustu handia eta kalitatea badute. Ni, ordea, kantari arrunta naiz, kategori guttikoa. Aspaldian utzia dut, gustokoa badut ere.
Ezagunak dira ere zure mutil dantzari ibilerak Santiotan.
15 urtetatik orain arte,inoiz hutsik egin gabe, ator zuria eta galtza ilunak jantzita plazara atera naiz urteoro, Elizondoko bestetan, Santio egunez. Niri dagokit, gainera, dantza hasteko ohorea. Haurrei urtez urte ere irakasten aritu naiz. Baztandik kanpo ere ibili naiz dantza berezi hau erakusten, Maurizio Elizalde txistularia eta Felix Iriarte atabalaria lagun nituelarik.
Aipagarria da dantza izan dela urtetan zehar debekatu ez duten euskal kulturaren adierazle bakarra. Bertan, gainera, kolore guzietakoak elkartzen ginen dantzan aritzeko.
Kirola ez duzu alde batera utzi inoiz.
Ez horixe. Beti ibili naiz Baztan osoan zehar pilota partiduak antolatzen, kross lasterketak, txirrindularitza probak... Inoiz ez parte hartzaile moduan. Bertzalde oso gustokoa izan dut beti mendietan barrena ibiltzea. Baztango kaskota txoko gehienak ezagunak ditut, hainbertze aldiz ibili naiz hortik bueltaka!.
Politikak ere erakarri zaitu zure bizitzan zehar.
Aipatu dudanez, familia abertzale eta euskaltzale batetan hazi eta hezitakoanaiz. 18 urterekin EAJn bazkidetu nintzen. 1.936ean ederki asko altxatu nuen karneta kaxoiean ezkutaturik.
1.957-58 urteetan Elizondoko alkatea izan nintzen. 1.977ko hauteskundetan Baztango Bailarako Etxeko zinegotzia aukeratua izan nintzen EAJren zerrendetan, bertan kultura batzordeko ardura hartu nuelarik. Lan gehiena itzulpenak eta beste egitarauak antolatzen egin nuen. Alderdiak Nafarroan izandako zatiketaren ondotik ez dut politika aktiboan jarraitu.
Ni abertzalea naiz politika guzien gainetik, hemengo herria, ohiturak, hizkuntza, jendea eta bizimodua arras maite ditudalako. Herri honen zorigaitz nagusia elkarren arteko borroka da eta izan da historian zehar: agramondarrak eta beamondarrak, ganboatarrak eta oñaztiarrak, Gerra Karlistak, Gerra zibila, gaur egungo egoera korapilotsua... Espero dezagun, baina, egoera honek konponbide azkarra izatea.
Euskararen geroaz zer duzu erratekorik?
Gureak iraunen du. Zaletasun handia dago jende gaztearen artean hizkuntzarekiko. Euskara denena da eta ez batzuena bakarrik. Nirekin batekoak eta bestekoak euskaraz egiten dute. Askotan, erdera nagusi bada ere, okerrago egon da. Alde handia egon da beti Elizondotik inguruko herrietara. Elizondo orain dagoena baino erdaldunduagoa egon da, gainera azken urteotan herrietako euskaldun anitz hona etortzen ari dira bizitzera. Ikastola ere hortxe dugu, bere 25 urteak beteak dituelarik.
Baztanera etortzeko gonbitea luzatuko al zenieke irakurleei?
Gauza aunitz dago Baztanen gozatzeko. Paisaia aski polita da. Herri dotoreak, mendiak... Herri baketsua gara. Hemengo jendea xumea, espantu handirik gabekoa, ixila eta langilea da. Hemen ez da nahasmendurik. Ongi etorria emanen diegu datozen guziei. Batez ere mugaz bertzaldekoak ditut buruan. Mugak, bizimodu eta mintzo berbera duten euskaldunen arteko elkarganatzea eragozten du.
Zer eskatuko zenioke etorkizunari?
Ba goaz aitzina pixkanaka, hondarreko urteetan gara, gu hemen izanen gara beti. Dena den, nire izpiritua gazterik dago eta horrek asko laguntzen dit.
Irratian, idazten, jubilatuen elkartean, erlojutegian, handik hona ibiliko naiz betiko moduan.
Bukatzeko, Bittor Elizagoien bertsolari baztandarrak Mariano Izetari eginiko bertsoaren berri eman iezaguzu.
«Udaberriko lore artean jaio zaigun Baztandarra ogi bizitzaz erlojerua, mutil dantzari edarra, hainbeste ipuin idatzi ditun idazle jator azkarra, bertsolaritza eta euskararen garatzeko enbor zaharra, gau beltzenean goibel artetik argitzen duen izarra».
PELLO ARGIÑARENA
27-31

GaiezKulturaKulturgintz
PertsonaiazIZETA1
EgileezARGIÑARENA1Kultura

Azkenak
Analisia
Negu gorri, hondamendia iragarri

Apirilaren 30ean, Espainiako patronala den CEOEk argazki horixe zintzilikatu zuen sareetan: ezkerrean dago Antonio Garamendi, CEOEko presidente den Getxoko semea; eta eskuinean Alfonso Santiago bilbotarra, musika festibalen munduan dabilen Last Tour promotorako burua, Eusko... [+]


Genozidioa gelditzeko eskatu du Gasteizko hezkuntza komunitateak Palestinaren aldeko ekimen jendetsuan

Ehunka herritarrek egin dute bat hainbat hezkuntza zentrok, guraso elkartek eta sindikatuk antolatutako deialdiarekin, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Sarea Euskal Herri osora zabaldu nahi dute sustatzaileek.


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Eguneraketa berriak daude