«Konzentrazioak modu lasaian eginda, tolerantziaren adibide bikainak lirateke»


1996ko apirilaren 14an
Talde bakezaleen lanari buruzko elkarrizketa Xabier Askasibarrekin
«Konzentrazioak modu lasaian eginda, tolerantziaren adibide bikainak lirateke»
Xabier Askasibar, Bakearen Aldeko Koordinakundeko Batzorde Iraunkorreko kidea
Bilbotarra, orain 28 urte jaio zen. Lanbidez irakaslea da, matematiketakoa. Bederatzi urte daramatza Bakearen Aldeko Koordinakundean. «Beteranoetako» bat dugu bertan, sortu eta urtebetara ekin baitzion bere ibilbideari BAKen. Egun, Batzorde Iraunkorreko kidea da Xabier Askasibar.
BAK jaio zenetik urte batzuk igaro dira. Euskal gizartea lehen baino urrunago ala hurbilago dago zuen helburuetatik?
Indarkeriarekiko gizarteak eman beharreko erantzun baketsuaren kontzientziazioari dagokionez, hurbilago dago. Hamar urteotan indarkeriarekiko errefusapena erakutsi beharra daukala ohartu da gizartea. Aldiz, indarkeriaren kultura bakearen kulturagatik ordezkatzeari dagokionez, lan asko dugu egiteko. Euskal gizarteak indarkeriagatik hartu duen moral bikoitzaren ondorioz, jendea taldetan banatu da, eta talde batekoa edo bestekoa izan, indarkeriak bati min gehiago edo gutxiago egiten dio, indarkeria salatzen du edo ez du salatzen, justifikatzen du edo ez... Eta horrek BAKen oinarrizko printzipioa hausten du: gizaki ororen duintasuna.
Noiz amaituko da zuen lana?
Orain hamar urte BAK sortu zenean, bakearen aldeko keinuak egitea eta kontzientziazio lana jorratzea zuen helburu. Egia da BAKen mugak zein diren ezin dugula zehaztu. Baina indarkeria egoera amaituko balitz, giza eskubideak errespetatuko balira..., BAKeko kideek ikusi beharko lukete BAKek aldatu beharko lukeen edo ez, bakearen eremuan lanean jarraitu beharko lukeen edo ez _ezen bakea ez baita ETAk hiltzeari uztea edota giza eskubideen egoera hobetzea soilik_ edota beste talde batzuk lanean ari diren eremuetan hasi beharko lukeen jarduten. Baina hori planteatu beharko bagenu seinale ona litzateke.
Iaz urte sasoi honetan, Bilboko Carlton hoteleko Elkarri-ren Bake Konferentziak fruiturik emango zuen esperantzarik bazenuten?
Konferentzia horrek zerbait argi utzi bazuen izan zen alderdien arteko elkarrizketa normalizatzeko beharra dagoela. Eta alderdi batzuk falta baziren ere, indar politikoak foro horretan biltzea garrantzitsua izan zen. Normalean egiten direnarekin alderatuz, gauzak beste modu batera egin daitezkeela erakusten zuen adibide bat izan zen. Dena den, konferentziaren planteamendua ez zen egokiena izan. Bakeaz edo arazoaz hitz egiten hasteko gakoa ez da autodeterminazioa soilik. Gai garrantzitsua izan arren, arazoaren gakoari ildo horretatik soilik aurre egitea gauzak asko murriztea da.
Maroño bilkuren ondoren, zenbait taldek bide amankomun bati heldu diote. Zuek zein alternatiba proposatzen duzue?
Arantzazu-Maroñoko prozesua amaitu zenean, hausnarketa prozesua ireki zen prozesuak berdin jarraitu behar zuen, aldatu behar zuen... zehazteko. Gure proposamena izan zen talde bakoitzak bere intereseko gaiak aurrera ateratzeko beste talde batzuekin harremanetan jarri behar zuela. Hainbeste talderekin alde anitzeko bilerak egitea praktikan ez baitzen eraginkorra.
Altsasuko akordioarekin ezadostasun nabariak izan genituen eta berau ez genuen onartu. Une honetan autodeterminazioari buruz mintzo dira, eta gai horretan ere ez dugu jarrera zehatzik hartuko. Hala ere, BAKek gai zehatzetaz interesaturik jarraitzen du. Baina uneotan eremu horretatik lan egin dezakegun edo ez beste taldeen esku dago. Gauza zehatzetan guztiok aurrera egin dezakegun ikustea baita orain egin beharrekoa.
Elkarri ETAren urpekuntzia da, EAJk kontrolatutako operazioa... zer da?
Elkarri nondik sortu zen alde batera utzita, hasieratik BAKetik errespetua mantendu genuen Elkarri-rekiko. Egin duguna da beraien prozesu propioa errespetatu eta, batik bat, zer diren eta zertan lan egin nahi duten erakus diezaguten denbora eman. Ez dugu pentsatzen ETAren ala EAJren urpekuntzia ote den. Elkarri hor dago, ikuspuntu politiko handia duen ildotik lan bat egiten ari da, elkarrizketa oinarritzat hartuz eta beraiek bitartekaritza prozesutzat jotzen dutena aurrera eramanez. Nahiz eta BAKek zenbait hutsune ikusten dizkion eta gatazkaren mamiaren analisiari dagokionez ezadostasunak ditugun, Elkarri-k ekarpen garrantzitsuak egin ditu.
BAKek zer eskaintzen du Bakea Orain, Denon Artean edo Elkarri-k eskaintzen ez dutena?
Bakea Orain edo Denon Artean taldeek baino aniztasun eta zabalera handiagoa eskaintzen du BAKek. Horretan Elkarri hurbilago dugu. BAKen 155 talde daude, lau probintzietan hedatuak, eta ideologia orotako jendeak osatuak. Aniztasun hori oinarrizkoa da mugimendu sozial baten ekarpenean. BAKek atzean pertsona talde zabala duenez, gizartearen kontzientziazio eta heziketa lana beraien bitartez hedatzen eta hezurmamitzen da. Horrezaz gain, talde horiekin ezberdintasunak ditugu analisi, lan eremu eta lan ildoaren inguruan.
Zenbateraino da positiboa horrenbeste talde egotea?
Gure gizarte anitzaren isla da hori: alderdi asko eta sindikatu asko dauden bezala, gure eremu honetan ere lan egin nahi duen jende asko dago, bakearen kontzeptu ezberdinetatik, eta lan eta ekarpen maila ezberdinetatik: batzuek konponbideak zehazteko egiten dute lan, besteok kontzientziazio eta irizpide etikoak ditugu oinarri lanerako orduan, beste batzuek eraginkorrak izan nahi dute arazoarekin amaitzeko... Bakearen aldeko ahaleginak ez dira inoiz sobera egongo.
Mugimendu bakezaleen mosaikoak alderdi politikoen banaketarekin zerikusirik badu?
Ez dago bata eta bestearen arteko harreman zuzenik. BAKen adibidez, ia alderdi guztietako jendea dago. Ezin dugu esan talde bat alderdi batekoa denik, beste talde hura halako alderdikoa... Alderdien eta mugimendu bakezaleen mosaikoen banaketa gizartearen aniztasunaren isla da.
ETAren eta bere inguruaren kontrako presioa badago, eta handitu egin da. Bide horrek fruiturik ematen al du?
Bi gauza ezberdindu behar dira. Gauza bat da indarkeriaren kontra eta indarkeria babesten dutenen kontra gauzak argi esatea eta zorrotza izatea, eta beste bat enfrentamendu edo tentsioaren gaia. Indarkeriarekin gogorra izan behar da, baina gogorrak ez diren kontzeptuetatik. BAKentzat gogorra izatea da uneoro present egon eta indarkeriaren aurrean axolagabe ez geratzea.
BAKen aldetik ez da tentsiorik bilatu, kalean 15 minutuz isilean eta pankartarekin egoteak ez baitu horrelakorik eragiten. Konzentrazio askotan oihuak eta irainak jasan behar izan ditugu eta BAKek beti tolerantziaz erantzun du, lazo urdina zeramaten batzuek zenbait kasutan berdin erantzun duten arren. Baina BAKek hori gogor salatu izan du. Hasieratik esan genuen kontrakonzentrazioen estrategia ez zela egokia, baina konzentrazioak modu lasaian eginez gero, tolerantziaren adibide bikaina lirateke. Baina badago hori interesatzen ez zaion jenderik. Guztiok dugu tentsioaren areagotzean erantzukizuna: guk gurea dugu, baina oso txikia, Ertzaintzak berea _zenbaitetan handia, bere ekinbideak tentsio egoerak eragin baititu_ eta kontrakonzentrazioetako jendeak ere erantzukizun handia du.
Ezker Abertzaletik indarkeria bakar baten kontra baino ez zaretela mobilizatzen aurpegiratu izan dizuete maiz...
Kritika hutsala da hori. BAKek 10 urte daramatza indarkeriaren ondorioz hildako pertsona bakoitzeko konzentrazio isilak egiten, biktima eta egilea zein diren kontuan hartu gabe: ETAren atentatuengatik konzentrazioak egin ditugu, GALen atentatuengatik, Poliziarekin izandako enfrentamenduetan hildako ETAkideengatik, ETAkideren bati lehergailuak eskuetan eztanda egin izan dionean... Bestetik, presoen sakabanaketaren kontra azaldu izan gara, 60. artikulua indarrean jartzearen alde, torturen kontra... Batzuei gutxi dela irudituko zaie, beste batzuei nahikoa, asko besteei; eta ondo egiten dugula batzuei, gaizki besteei.
ETAren apirileko agirian gauza berriak eta interesgarriak aurkitu dituzte askok.
Agiriaren edukia ez dugu baloratzen. Diogun gauza bakarra da alternatiba ETAk aurkezten badu, onartezina dela. HBk aurkeztuko balu beste edozein alderdik aurkeztutako proposamenak adina legitimitate izango luke. Baina ETAk egiten duen une beretik, txantaia iruditzen zaigu, mehatxua baitu atzetik: «Hemen daukazue hau, eta hau nahi ez baduzue hiltzen jarraituko dugu». ETAk ezin ditu hiltzeari uzteko baldintzak jarri.
Zuen ustez zer ari da gertatzen Jose Mari Aldaiaren bahiketan?
Zantzu guztien arabera, ordaindu beharrekoa ordaindu dute. Beraz, bahiketari eta beronen inguruan sortutako egoerari errentagarritasun politiko eta soziala atera nahian dabiltzala dirudi. Hala bada, gizatasun eza nabarmena uzten du agerian.
Mugimendu bakezaleak bildu al zarete euskal presoen sakabanaketa aztertu eta proposamenen bat bultzatzeko?
Orain urte t'erdi presoen hurbilketaren aldeko jarrera azaldu zuen BAKek, presoen urrunketa etikoki eta politikoki justifikaezina iruditzen baitzaigu. Etikoki, presoei gehitutako zigorra delako, eta era berean, senitartekoak ere zigortuz. Gainera, sakabanaketaren praktikak giza eskubideen haustura ahalbidetzen du. Sakabanaketaren helburu politikoa ere ez da betetzen, ez baitu bergizarteratze prozesurik errazten. Eta bergizarteratzeko eraginkorra balitz ere, justifikaezina litzateke.
Gertatzen dena da behin jarrera hartuta, zaila dela urrats praktikoak ematea. Dena den, horretan jarraitzen dugu, zer egin dezakegun aztertuz presoen hurbilketarako, 60. artikulua indarrean jartzeko, tortura kasuak eman ez daitezen neurriak hartzeko... Hori dela eta, Senideak, AAB, Bakea Orain, Denon Artean eta Elkarri-rekin hitz egin dugu, urratsak eman asmoz.
Presoen hurbilketa bai. Eta bateratzea?
Ez gara bateratzearen aldekoak. Zergatik? Adibidez, bergizarteratze prozesu edo jarrera aldaketa batean eragina izan dezakeelako bateratzeak. Gainera, euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan sartzea ezinezkoa izango litzateke.
Gauzak konpontzeko, zuen ustez zein mugimendu egin beharko luke ETAk?
Hiltzeari utzi. Hortik aurrera, amaiera hori nola burutuko den eta beste zenbait kontu argitzeko elkarrizketa prozesu bat ireki beharko litzateke. Hori egin ezean, badira tarteko urrats interesgarriak ere, borondate onaren seinale litzatekeen su-etena esaterako. Eta hortik aurrerakoa, bakea bilatzeko jarraitu beharreko bide edo prozesuei ekitea litzateke.
Zertan aldatu beharko luke HBk bere jokabidea?
Bere estrategia eta ekinbidea egun ETAk suposatzen duen uztarriarekiko askatu behar du.
Zein gauza berri egin beharko lituzke Ajuria Eneko Mahaiak?
Ajuria Eneko Mahaiak eta alderdiek egiteko asko daukate. Lehenik, Mahaia itunaren gestiorako gune bezala lanabes egokia den ala ez argitu behar dute. Hala bada, itunak suposatu zuena garatzeko balio dezala. Alderdiek elkarrizketa normalizatzeko erantzukizuna hartu behar dute, inor baztertu gabe, HB barne, eta urratsak emateko eremuak bilatu.
MIKEL JAUREGI
8-10,11

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakBakezaleakBakearen al
PertsonaiazASKASIBAR1
EgileezJAUREGI5Politika

Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude