«Erreboltarik sortuko da Frantzian, horretaz dudarik ez izan»


1996ko martxoaren 31n
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Gilles Perrault idazleari elkarrizketa Frantziako egoera politikoari
«Erreboltarik sortuko da Frantzian, horretaz dudarik ez izan»
Gilles Perrault idazlearen iritziz, Frantziako sektore pribatuan ere lehertuko da haserrea
Euskal Herriarekin lotura bereziak ditu Gilles Perrault idazle frantsesak. Frantziako egoera sozio-politikoaz aparte, hemengo eta Irlandako egoera ere hizpide izan ditu solasaldi honetan.
Laster beste libururen bat argitaratzeko asmorik ba al darabilzu?
«Le secret du Roi»ren («Erregearen sekretua») hirugarren alea ari naiz prestatzen. Frantziako lehen zerbitzu sekretuen historia da, Louis XV.aren aginduetara sortuak. Hainbat hamarkadatako gorabeherak ageri ditu, eta lehenbiziko alea gaztelerara itzuli ondoren Estatu espainiarrean ere argitaratu zuten. Eta horretantxe nabil momentu honetan.
Azalduko al zenieke gure irakurleei zein den bilduma honen mamia?
Frantziako artxiboetako paperak hartu izan ditut oinarritzat historia hau idazteko. Historialaria ez naizen arren, gogoz ekin diot lanari, zeren eta artxiborik egon badago, batetik; bestetik, edonork jo lezake horietara eta behar nuen dokumentazio guztia eskuratu ahal izan dut.
Liburu anitz plazaratu izan duzu lehendik ere...
Hamazazpi guztira, eta horietarik zenbait beste hizkuntza batzuetara itzuli izan dizkidate. Adibidez, «Orkestra gorria» hemeretzi hizkuntzatan argitaratu dute.
Frantziako egoera politikoa gertutik behatu izan duzu beti. Zer deritzozu Chiracen, eskuinaren gestioari?
Nolabait, eta laburki adieraztearren, ezkertiarra naiz. Beraz, ez nuen inongo pozik sentitu eskuinak boterea bereganatu zuenean. Esan dezadan, hala ere, ezkerrak azken urteotan egin duen politikak eraman duela eskuina agintera. Hau da: ez nau batere harritu gertatu denak. Kezkatzen nauena zera da, langabeziaren eta marginazio sozialaren hazkundea, herritar askoren geroz eta bizimodu zailagoa.
Eta egoera hau jasanezina bilakatuko da epe laburrera. Biztanleriaren multzo handi batek matxinadari ekin beharko dio, egungo sistema ekonomikoan jarraitzekotan. Abenduko grebak eta mobilizazioak horren abisua izan ziren, Frantzian ezezik Europa osoan garatuko den mugimenduaren aitzin-urratsa. Herrialde garatu guztietan bezalaxe, sistema sozio-ekonomikoa suntsitzailea da hemen ere, enplegu eta bizitzaren suntsitzailea. Eta erreboltarik sortuko da, dudarik ez izan.
Sektore pribilejiatuenak, funtzionariak, izan ziren hala ere mobilizatu zirenak, ez pobreenak.
Sektore publikoan ari diren langileak matxinatu ziren, egia da hori. Grebara jo zuten garantia bat, gutxienik, badutelako: enpleguarena. Sektore pribatuko langileek, noiznahi kalean geratzeko arriskuan direnek, zalantza gehiago izan ohi dute era horretako borrokari atxikitzeko. Baina helduko da horien garaia ere, langabeziaren mehatxua etengabekoa baitute. Ziur naiz sektore honetan ere badela loditzen ari den saltsarik, eta erreboltaren garaia ez dela urruti. Jendeak ezingo du luzaro onetsi gertatzen ari den guztia.
Frantziako gizartea ezkertiartzat jo izan da orain arte Europan, baina badirudi kontrako joera hartzen ari dela.
Eskuinak irabaztea ez da harritzekoa. Ezkerrak hamalau urteotan egin izan dituen akatsak ikusirik, derrigor heldu behar erreleboa. Eta Espainian ere horixe bera gertatu dela iruditzen zait. Felipe Gonzalezek bere hutsegiteengatik galdu duela boterea, alegia. Aipatzekoa da, bestalde, Frantziako gizartean nabari dela halako erradikalizaziorik, eta hortxe dago adibidetzat Front Nationalen gorako joera nabarmena. Bada, ordea, ezkerraren erradikalizaziorik ere. Geroz eta jende gehiago jabetu da benetako ezkerra eraiki behar dela, eta bereziki, gizarte honi erantzun erradikala eman.
Intelektualek ere progresista famarik bazuten Frantzian. Gaur egun, salbuspenak salbuespen, apenas mintzatzen diren.
Isiltasuna da intelektual frantsesen ezaugarri nagusia gaur egun, kontu berria bada ere. Duela urte gutxi tortura edo edozein injustiziaren aurka mobilizatzeko prest zirenak isilik dira orain. Geroz eta urriagoak dira ordenari hortzak erakusten dizkiotenak, geroz eta bakanagoak botere politiko, ekonomiko eta polizialari aurre egiten diotenak. Tristetu, eta kezkatu egiten nau hori horrela izateak. Lotsa ematen dit intelektualek deusik ez esatea Espainiara euskal herritarrik estraditatzen dutenean, nahiz eta sobera jakin torturatu egingo dituztela. Intelektualen tradizio zahar bati traizio egiten zaiola iruditzen zait.
Ez al zara bakar samar sentitzen basamortuaren erdian oihuka?
Bai noski. Uste dut sozialistek kalte handia egin dutela alor honetan, otzandu egin baitituzte Frantziako intelektualak. Karguak, pribilejioak, kondekorazioak, denetarik eskaini izan dizkiete. Jacques Lang Kultura ministroa aparta zen zeregin horretan. Zoritxarrez, orain hamalau urte borrokalariak ziren hainbat intelektual isilik dabiltza egun, boterean dauden edo egon diren halakoren lagunak direlako. Eta lagunei ez zaie enbarazorik egin behar. Ez dut esango boterearen txotxongilo bihurtu direnik, eufemismo merkea baita.
Ba al dago aukerarik Frantzian Euskal Herriak, Korsikak edo Bretainiak beren kasako garapen kulturalik izan dezaten?
Herrialde guztiz ezberdinak aipatu dizkidazu. Bretainia ez da Korsika, eta Korsika ez da Euskal Herria. Euskal Herrian eta Korsikan gertatzen denak, bretainiarrek erakutsi eta erakusten duten elkartasun izugarriak, horrek guztiak adierazten du zenbait egoerarekin ez direla inondik ere konforme herriotako hainbat sektore.
Neure ustez, tamalgarria da Europaren eraikuntzak aurreko mendeetatik datorkigun zama ilun hori, jakobinismoa, ez ezabatu izana. Askok uste genuen eraikuntza horrek nazioen berpizkundea erraztu egingo zuela, izango zuela bakoitzak bere kultura garatzeko modurik, hizkuntza erabiltzekorik... Zoritxarrez, bazter guztietan berdintsu gertatzen da: subiranotasun politiko eta ekonomikorik nahi badute, borrokari ekin behar.
«Ordu laurden bat gehiago agoantatzen duenak irabaziko du». Ezpeletan esan zenituen hitzok, eta zenbait egunkarik lehenbiziko orrialdeetan argitaratu zituzten. Heldua al zaie irlandarrei azkeneko ordu laurdenaren garaia?
Irlandan eta Euskal Herrian, bietan erakutsi digu historiak indarrak ez direla paretsuak. Britainia Handiko Armadak, Estatu espainiarrak, sekulako ahalmen eta euskarri ekonomikoak dituzte. Borroka desproportzionatua da guztiz. Baina hortxe dago errealitatea ere, eta honek erakusten digu asuntua ez dela, soilik, indar erlazioen kontua. Erabakigarria zera da, eusteko, erresistentziarako borondatea. Aljerian ikasi genuen hori guk geuk, frantsesok. Gure jeneralek zera esaten ziguten: «Irabazten ari gara, errebeldeak sakabanatuta dabiltza, buruzagiak atxilotuta dauzkagu, azken ordu laurdena heldu da». Eta, azkenean, ordu laurdenez ordu laurden, aljeriarrak izan ziren eusteko gai.
Irlandako kasuan, IRAk eutsi dio azkeneko ordu laurdenari, eta horrek behartu du Britainia Handia elkarrizketa bidea jorratzera. Nahiz eta elkarrizketak etenda izan orain, gobernu britainiarraren maltzurkeria medio, negoziazio bideari ekingo diote berriro ere. Eta ziur naiz lortuko duela Irlandak askatasuna eta lurralde batasuna.
Urruti al dago Euskal Herria azkeneko ordu laurden horretatik?
Sarritan esan ohi digute, bai Espainian bai Frantzian, ETArenak egin duela kasik, erakunde honen zuzendaritzak bata bestearen segidan atxilotu dituztela, bururik gabe dabilela. Oker ez banaiz, bada honezkero hamargarren aldia kontu berbera entzun dudana. Eta hara non sortzen den beti zuzendaritza berririk. Hor ere zera diosku indar erlazioak, egoera desesperatuan lebilzkeela euskal ekintzaileak. Baina borrokarako borondateak irauten duen bitartean, azken hitza esateko dago. Eta seguru naiz Espainiako gobernu berriak ere, «ez dugu negoziatuko» esaka ibili arren, Majorrek egin zuena egingo duela: negoziazio mahaira bildu.
Milioi bat lagun mobilizatu ziren Madrilen duela gutxi ETAren aurka. Parisko herritarrek ere egin zuten antzekorik Aljeriako FLNren kontra. Garai eta testuinguru ezberdinak izaki ere, bada parekotasunik bi mobilizazioen artean?
Normala da, erabat gainera, milioi bat espainiar ETAren biolentziaren aurka agertzea. Hamar milioi ez bildu izana da harritzen nauena. Debaldeko autobusik jarri izan baliete, seguru jende kopuru hori ere lortuko zuketela. Arazoa ez da hori. Bakea nahi al dute Espainian? Euskaldunei autodeterminazio eskubidea ematea besterik ez daukate. Horrelaxe erdietsiko dute, ene ustez, bakea.
Inork ez du maite biolentzia. Ezagutzen dut IRAko ekintzailerik, ezagutzen dut ETAkorik, eta ez dut inor ezagutzen bi erakunde horietan biolentzia gustuko duenik. Beste irtenbiderik ez dutelako ari dira gerran, euren herriak burujabe izan daitezen beste biderik ez dagoelako. Harrigarriena, bestalde, honako hau dugu: autodeterminazio eskubidea guztiz onartua dagoela nazioarte mailako zuzenbidean, eta Nazio Batuen Erakundeak onetsia. Euskaldunek eskubide horren ezagutza nahi dute. Zergatik harritu, bada, bide demokratiko guztiak ixten zaizkielarik, biolentziari ekin izanak?
Irlandako azken gertakariak Londresek hasiera-hasieratik zerabilen estrategiak eragindakoak direla uste duzu? Ala John Majorrek izan du etxe barruan ere bestelako presiorik?
Majorren oreka parlamentarioa diputatu protestante-unionisten baitan dago Behe Ganbaran, eta derrigor hartu behar du hori kontuan. Espero zuen, bestalde, elkarrizketak hasi eta tregoa indarrean jarri zutenean, denborarik irabaztea eta bake prozesua basamortuan galduko zela edo. Baina estrategia horrek ez zuen etorkizunik, are gutxiago EEBBek ere esku hartu dutenean. Bada egun nazioarte mailako presiorik: IRArengan batetik, armak utz ditzan. Baita britainiarrengan ere, irlandarren eskaerei amore eman diezaien.
Honenbestez, eta su-etena hautsiz geroztik, izango da berriro ere sufrimendurik, atzerapenik, biolentziarik... Zoritxarrez, horrek ez du bueltarik, oraingoz. Aurkariari, etsaiari zera esaten zaionean, «bazarela aitortzen dut, baduzula legitimotasunik, eta beraz, zurekin eztabaidatzeko prest nago», hortik aurrera ezin da atzera egin. Denok espero dugu Espainiako buruzagiek, eskuin zein ezker aldekoek, Euskal Herriaren borondatea aintzakotzat hartuko duten eguna, herritarren gehiengoak babestua, inongo errepresiok galaraziko ez duena. Egun horretan etorkizunak ateak zabalik izango ditu.
JULEN ARRIOLA
12-14,15

Gaiez\Kultura\Literatura\Idazleak\PERRAULT1
Pertsonaiaz\PERRAULT1
Egileez\ARRIOLA2\Kultura

Azkenak
Iturengo arotza eta arte birziklatua

Ituren (Nafarroa), 1777. Erramun Joakin Sunbil (1755-1821) arotza Donamariako Joana Mari Ezpondarekin ezkondu zen. Ia 40 urte eman zituzten ezkonduta, Joana Mari 1806an hil zen arte. Eta tarte luze horretan, noizbait, Iturengo arotzak santu baten kobrezko estatua urtu omen zuen... [+]


2025-07-25 | Julen Orbea
Bilbon euskara jira ta Bira

Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]


Honezkero, hemen dago beherakada

Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.

Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]


2025-07-25 | Ana Morales
Esan barik ez doalako

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]


Gizon heterosexualak eta literatura feminista: hausnarketa bat

Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]


Auzolanean ikastola eraiki!

Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]


Amasa-Villabonako EH Bilduri erantzuna

Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]


Irunen eskuin muturreko “auzo patruilak” sortu dituztela salatu dute

Hainbat talde "neonazik" azkenaldian Irunen zabaltzen ari dituzten mezuak salatu dituzte asteazkenean Harrera Sareak eta hainbat kolektibok herrian. Eskuin muturreko "auzo patruilak" antolatzen ari direla salatu dute, eta hauek jendearen jatorriaren arabera... [+]


Udal legearen kontrako epai euskarafoboa
Euskararen aurkako erasoa salatu dute 200 alkate eta udal ordezkarik, eta hizkuntza bultzatzeko konpromisoa berretsi

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]


Alonsotegiko Udalari dirua itzultzeko eskatu dio Bizkaiko Aldundiak, iruzurra egin zenetik hamairu urtera

Egun EH Bilduren esku dagoen udalak ia milioi bat euro itzuli beharko lioke foru erakundeari, duela hamairu urte, EAJ agintean zenean, diru-laguntza bat ez zelako behar bezala erabili, baizik eta iruzurra egiteko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi duenez. Eskaerak erabat... [+]


Ertzaintzaren 300 BMW ibilgailuen erosketan irregulartasun posibleak salatu zituen barne txosten batek

Eusko Jaurlaritzako Ogasuneko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak barne txosten bat egin zuen Ertzaintzak jaso dituen 300 BMWen esleipen kontratuaren hainbat baldintza kritikatzeko. Ezarritako baldintzak zehatzegiak eta murriztaileegiak zirela salatu du ogasunak, eta horrek enpresa... [+]


Txosnetako “beto politikoaren” aurkako GKSren kanpaldiaren kontra oldartu eta lau pertsona atxilotu ditu Poliziak Gasteizen

Bi aste barru hasiko diren hiriko jaietan txosna jartzen utzi ez dietela salatzeko kanpaldia egin nahi zuten Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Andre Maria Zuriaren plazan. 20:30ak aldera, ertzainak oldartu egin dira kanpaldian zeudenen aurka, eta bi... [+]


Lotsa sentitzen dut giza generoko kide izateagatik

Milaka pertsonak modu aktiboan parte hartu dute, eta hala jarraitzen dute, XXI. mendeko holokausto telebisatu handienaren aurka protestatzeko, eta pertsona horiei errespetu eta miresmen handiena zor diet. Baina, gizateriaren zoritxarrerako, askoz gehiago dira, egoerarekin... [+]


2025-07-24 | Nicolas Goñi
Europan, oraingo sinplifikazioaren izenean, biharko bizitzak kaltetuko dira

Jarduera ekonomikoak sinplifikatzeko eta lehiakortasuna indartzeko aitzakiarekin, Europa mailan baita Europar Batasuneko hainbat estatutan ere, klima, ingurunea eta giza osasuna kaltetuko dituzten legeak biderkatzen ari dira 2024tik, askotan interes pribatuen lobbyen eraginpean... [+]


Eguneraketa berriak daude