«Langabezia tasa, benetakoa, % 12 ingurukoa da Espainian»


1996ko martxoaren 24an
Mario Gaviria soziologoari elkarrizketa langabeziari buruz
«Langabezia tasa, benetakoa, % 12 ingurukoa da Espainian»
Mario Gaviriaren iritziz, munduko zortzigarren potentzia ekonomikoa da Estatu espainiarra
Mario Gaviria soziologo eta ekologista ezagunak laster plazaratuko duen «El goce merecido» liburuak ekarriko du zer esanik, batez ere langabezia tasa eta gure ekonomiaren inguruko zenbait datuk.
Langabezia tasa Estatu espainiarrean % 12,8koa dela diozu, eta ez % 22,7koa, laster argitaratzekoa duzun «El goce merecido» liburuan. Nondik nora eskuratu dituzu datuok?
Aspalditik ari naiz zera esaka, EPAk (Biztanleria Aktiboaren Inkestak) ez duela garbiro adierazten ez zenbat jende ari den lanean, ez zenbat lan bila, ezta zenbat lanezean ere. Nire teoria hauxe da: langabezia tasak Espainian eta Europako Batasunean oso paretsuak dira. Beharbada puntu bat goragotik lebilke Estatu espainiarrekoa, % 11-12 inguruan, baina ez hortik gora. Bada halako obsesio bat langabeziaren inguruan. Eta obsesionatuta ibiltzeko arrazoia dutenak 700.000 familia inguru dira, senide guztiak lanezean dituztenak.
Zein sistema erabili dudan datuok eskuratzeko? Hasteko, EPAk Espainian 3 milioi t'erdi langabetu daudela dio; INEMek, berriz, bi milioi t'erdi. Milioi bat langabeturen diferentzia. Harrigarria. EPAk inkesta egiten du, hiru hilabetez behin, 64.000 familiatan. Nahi duena erantzuten du bakoitzak. Eta hortik estrapolazioa egiten da, galdeketaren emaitzak 40 milioi herritarrentzat. Emaitzak sinestezinak dira. Ikusi besterik ez dago zer gertatu zen azken hauteskundeetan, martxoaren 3an, inkestak zirela eta.
Zeure datuen arabera, biztanleria aktiboa ez da 15 milioi lagunekoa, 18 milioikoa baizik. Hiru milioi gehiago.
Hiru milioi, bai. Nik ezin dut sinetsi EPAk dioena, hau da, gaur egungo biztanleria aktiboaren kopurua eta 1960koa berbera direnik. Ez da posible 35 urtetan langile kopuruak gora egin ez izana. Eta datu zehatz batzuk eskainiko dizkizut, espektakularrak: 12 milioi lagun ari direla lanean dio Biztanleria Aktiboaren Inkestak, EPAk. Baina INSSn (Espainiako Gizarte Segurntzako Institutu Nazionala) 12.300.000 lagunek kotizatzen dute.
Beste milioi bat lagun ere ageri dira, ordea, INSSn kotizatzen ez dutenak. Mufacen, estatu mailan: 357.000. Elkarte autonomoetako Mufacen: 200 mila. ISFAS edo Instituto Social de las Fuerzas Armadas (militarrak eta goardia zibilak): 186 mila. Epaileak eta epaitegietako langileak: 36.000. Abokatuak: 53.000. Arkitektoak: 20.000. Aparejadoreak: 25.000. Medikuak eta bestelako zenbait mutualitate, 93.000 inguru. Gutxi asko, EPAk dioena baino milioi bat lagun gehiago lanean, eta kotizatzen. Beraz, EPA ez da ez serioa ez zientifikoa.
Langabetuen benetako kopurua nahita handitzen dutenik esaten ausartuko al zinateke?
Hori ere pentsatu izan dut noiz edo noiz. Badirudi langabezia tasa handia nahi dutela denek: sindikatuek, egoera salatzeko; enpresariek, soldatak jaisteko; eta estatuak, Europako Fondo Sozialei dirutzak kentzeko. Estatu espainiarrak sekulako etekinak eskuratu izan ditu fondo horretatik. Gobernuaren estrategia izatea baliteke langabeen kopurua nahita handitzearena, baina ez dut uste. Inertzia estatitiskoa litzateke erruduna.
Ezinezkoa da guztiz Espainiak Europako Batasuneko gainerako estatuen antzeko adierazle ekonomikoak izatea alor guztietan, langabeziarenean salbu. Sistemen teoriaren arabera, hori ez da posible. Sistemek koherenteak izan behar dute elkarren artean, zeren eta, bestela, gerra zibilen bat izango genuke, edota kaleak eskalez beteta. Sinetsi al lezake inork Errepublika garaietan baino langabezia tasa handiagoa izatea gaur egun, edo Estatu Batuetako Depresio Handiaren sasoian baino handiagoa?
Lana egin bai baina inon kotizatzen ez duten bi milioi lagun ere badirela Espainian, diozu zeure liburuan.
«Ezkutuko emakumeak» deitura jarri diet nik, emakumezkoak baitira gehienak. Etxetik kanpo haurrak, agureak edo gaixoak zaintzen dituztenak, edo etxeko lanak egiten. Horretaz ikerlanik egin nuen Nafarroan, Aragoin eta Madrilen, eta horko emaitzak estatu osoan lirateke baliagarriak. Laburki adierazita, hauxe da ikerlanaren mamia: 13 milioi familia daude, batez beste, Espainian. Horietarik %12-15ek (edo gehiagok, baina zuhurtziaz aritu nahi izan dut) badu etxeko lanetarako, edo haur-agure-gaixo zainketarako emakumerik. Lan klandestinoa, legez kanpokoa da hori, bi milioi emakume horietarik gehienei ez baitzaie ezer kotizatzen gizarte segurantzan. Europan, oro har, langiletzat jo ohi dira emakumeok, nahiz eta astean ordu bakan batzuk lan egin. Espainian, aldiz, langabetutzat. Eta horrela ageri zaizkigu Maroko edo Errepublika Dominikarraren pareko langabezia tasak emakumezkoen artean. Eta hori gezurra da.
Hego Euskal Herriko, eta Espainiako, langileak lehiakorrak, finak, lana ongi eta ugari egiten dutenak... lanean amorratuak direla dio Mario Gaviriak. Edozein enpresarik bere lantegian nahi lituzkeenak, beraz?
«Korearrak» dira euskal langileak. Are gehiago esango nuke, «japoniarrak». Baita horiek baino finagoak ere, zeren eta japoniarrek, normalean, bizi osorako ziurtatua izaten dute lanpostua, hemen ez bezala. Euskal langilearen -eta hor kokatu nahi nituzke etorkin andaluziar, extremadurar eta gainerakoak- produktibitatea, seriotasuna, ardura, lana ongi egiteko arreta... miresgarriak dira. Eta horixe du Euskal Herriak kapital nagusiena: jendea, langileak.
Euskal beharginak Japoniakoak baino konpetitiboagoak diren galdetzen didazu? Batere dudarik gabe, baietz diot. Jendeak ez du sinesten Euskal Herriko ekonomia bere historia osoko momenturik hoberenean dabilenik. Iaz puntu bat gehiago hazi zen estatukoaren batez bestekoa baino. Eta kontuan izan Espainiako hazkundea OCDE osoko handiena izan zela.
Baina lehengora gatoz berriro ere: langabezia goitik oso.
EAEko datuak ez ditut oso zehazki ezagutzen, baina ziur naiz Biztanleria Aktiboaren Inkestak dioena baino gutxiago direla langabetuak. Eta Nafarroan, berriz, «erabateko enplegua» dugula ere esango nuke kasik. Momentu honetan arotzak, igeltseroak, iturginak, aldizkako nekazaritza lanak egiteko jendea... behar da Nafarroan, eta sarritan ezin da langilerik aurkitu.
Gertatzen ari den fenomenoa zera dugu: ikasketak amaitu eta bere alorrean lanik aurkitzen ez duenak langabetzat jotzen duela bere burua. Eta ezin ditugu horretara ohitu gazteak. Ni neu sei lanbidetan aritutakoa naiz nire alorrean, soziologian, lanik aurkitu aurretik. «Halako ikasketak egin nituen eta sail horretan lanposturik izan arte, ezta pausorik ere», filosofia horrekin ezin gintezke urruti abiatu.
Honenbestez, estatistikek eta iritzi publikoek diotena baino askoz hobeto dabil ekonomia inguruotan, zeure ustez?
Diagnostiko okerrak ari dira egiten. Eta hauxe da neurea: Estatu espainiarra da munduko zazpigarren-zortzigarren potentzia handiena, azken 35 urteotan (Japonia eta Italiarekin batera) hobekuntza ekonomiko-sozial garrantzitsuena izan duena. Ez dago, ordea, arrakasta kontzientziarik herritarren artean, porrot sentsazioa baizik. Nik neuk, ikuspegi analitiko batetik abiatuta, bestelako diagnostikoa egin dut. Zenbaiten gustukoa ez dela izango? Jar ditzagun datuak mahai gainean, prest nago eztabaidarako.
Ezker aldetik ibili izan zara beti, baina lerrook irakurri ondoren ultra-liberal bihurtu zarela pentsatuko du norbaitek.
Utraliberalismoa ote da klandestinitatean lanean ari diren bi milioi emakume horiei gizarte segurantzan alta eman behar zaiela esatea? Ezkerreko ikuspegitik egina da nire ikerlana. Aurrera egin ahal izateko errealitatearen diagnostiko ahalik eta zehatzena egin behar da lehenbizi. Leninek esan ohi zuen «ikerkuntza soziala errealitate zehatzaren analisi zehatza» dela. Eta niri analisi zehatzak datuok erakusten dizkit. Eskuindarra ote naiz horregatik? Mesedez!
Nire hezkuntza marxista izan da, eta analisi sistema bezala baliagarria da egun ere marxismoa. Teoriaren gauzatzea, Sobiet Batasunean, hori beste kontu bat da, erabateko hondamendia. Marxismoaren arazoa zera izan zen: dogma bihurtu zela, analisiak egiteko gaitasuna kendu. Gure inguruneko marxisten artean ere nabari izan da hori. Esate baterako: duela gutxira arte ongizatearen estatua kapitalismoaren maltzurkeriatzat jotzen zuen hemengo ezkerrak. Orain, aldiz, hori nola defendatuko dabiltza denak, buru-belarri.
Iraungo al du ongizate estatuak 30 urte barru?
Beharko, zeren eta bestela kapitalismoarenak egin baitu. Hiru bilakaera mota izan ditu kapitalismoak: Japoniakoa, enpresa familiarretan oinarritua, langilea bertara integratzen duena; Europakoa, welfare state asmatu zuena, langileria eta enpresarien arteko paktu bidez ia gizarte osoari gutxieneko ongizate mailarik ekarri diona; eta neo-liberalismoa, EEBBetan eta Britainia Handian indarrean dagoena. Europan, batez beste, herritarren % 1-2 geratzen da gizartetik baztertua, baina EEBBetan eta Britainia Handian % 10-12. Horrek sistemaren porrota dakar, edo bestela, etxetik arma eskutan duzula irten beharra.
Mugimendu ekologistan buru-belarri aritua zara. Ahaztu samarrak garai horiek?
Ez, ez. Hor segitzen dut, baina selektiboagoa bihurtu naiz. Urtetan ere aurrera egin dut, 57 baditut, eta lehengo martxari ezin diot eutsi. Lurraldea erakundean aritu nintzen duela 12-13 urte, eta biolentzia hasi zenean aldegin nuen. Agian nire bizitzako akatsik handiena horixe izan zen, ez garbiro adieraztea horregatik aldegin nuela, biolentziaren aurka nengoelako, eta nagoelako. Asanbleari kalterik ez egitearren urrundu nintzen deusik esan gabe.
Eta biolentzia aipatu dudanez, zera esan nahi nuke: Euskal Herrian, oro har, ez dago biolentziaren kulturarik. Herri gozoa, afektiboa, malenkoniatsua, erlijiosoa da, zorionez. Eta zoritxarrez, baliteke Euskal Herriko biztanleen zati baten nortasuna aldatzen aritzea, biolentziaren erabilera medio.
XABIER ARANBURU
18-20,21

GaiezGizarteaSektore bazLangabezia
PertsonaiazGAVIRIA1
EgileezARANBURU6Politika

Azkenak
PSCk irabazi ditu hauteskundeak Katalunian, eta independentismoak kolpe latza hartu du

Itxura guztien arabera, PSCko Salvador Illa izango da Generalitateko hurrengo presidentea, norbait izatekotan. Bestela, hauteskundeak errepikatzeko aukera dago. Egungo presidente Pere Aragonés eta ERCk jaitsiera handia izan dute. Abstentzioa %41ekoa izan da.


Hiru itun zail Kataluniako Generalitateko presidente izateko

Kataluniako Parlamentuko gehiengo independentistaren galerak eta hemizikloa eskuinerantz eta espainolismorantz biratzeak gobernagarritasuna zailtzen dute. Maiatzaren 30eko Espainiako Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak, Amnistiaren Legea bozkatu behar duenak, eta ekainaren 9ko... [+]


Materialismo histerikoa
Isilean


Eguneraketa berriak daude